artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Firenzek Fra Angelicoren birbalorazioa proposatzen du

Italiako azken hirurogeita hamar urteetan egin den lehen atzera begirako erakusketak baieztatzen du fraide margolariari Berpizkundeko iraultza artistikoan egotzitako rola.

firenzek-fra-angelicoren-birbalorazioa-proposatzen-du
Fra Angelico, Gurutze jaitsiera. Arg/ Fransceco Bini - wikipedia

Olivier Tosseriren artikulutik itzulia [JdA]
| 2025eko Azaroaren 12a

Italian azken 70 urteetan ikusi gabekoa da. 1955etik ez zen posible izan Fra' Giovanni da Fiesole (~1395–1455) dominikar margolariaren hainbeste obra batera ikustea —Italiako penintsulan Fra Angelico edo Beato Angelico izenez ezagunagoa, 1982an Joan Paulo II.ak dohatsu izendatu zuenez geroztik, eta bi urte geroago artisten zaindari santutzat aldarrikatu zuena. Firenzen antolatu zaion atzera begirako erakusketa mugarri bihurtuko da.

Orain dela zazpi hamarkada antolatu zenaren antzera, erakusketa hau bi lekutan banatzen da: orduan bezala, Vatikanoan eta San Markoko Museoan (Fra Angelicok bizi eta lan egin zuen komentu ohian). Artistari buruz hitz egiteko saihestezina den toki hartatik hasten da ibilbidea, eta gero Palazzo Strozzira hedatzen da, metro gutxira.

1955eko erakusketak Fra Angelicoren balioa berreskuratu zuen, Giulio Carlo Argan arte-historialariaren lanari esker. 2025eko ekitaldiak, berriz, 1990eko hamarkadaz geroztik zehaztu zen artistaren rolaren berdefinizioa sendotu nahi du: margolari fraidea ez da soilik arte gotikoaren amaierako "margolari aingerutsua", baizik eta Berpizkundeko egunsentiaren protagonista nagusietako bat.

1970ean, Elsa Morante idazleak, hari eskainitako saiakera batean, Fra Angelicok Quattrocentoko iraultza humanistan parte hartu ote zuen galdetzen zuen. "Guk baieztatu nahi dugu", dio Carl Brandon Strehlkek, Philadelphia Museum of Art-eko kontserbatzaile emerituak eta erakusketaren antolatzaileetakoak, Stefano Casciu (Toskanako Museo Nazionalen zuzendaria) eta Angelo Tartuferi (San Marcoko Museoko zuzendari ohia)rekin batera.

Erakusketa, beraz, San Markoko Museoan hasten da, Fra Angelicoren lan bildumarik handiena gordetzen duen lekuan. Horietako asko Palazzo Strozzira eraman dira ekitaldirako, baina lekuz aldatzen ez diren 43 gelatako freskoak bertan ikus daitezke, margolari dominikarrak 1438 eta 1443 artean margotu zituenak. Monjeen meditaziorako pentsatuak, dekorazio horiek gailentzen dira "Aingeru-hitzaren iragarpena" izeneko fresko ospetsuan, artistaren lanik adierazgarrienatzat jotzen denean.

San Markoko erretaularen berrosaketa

Beste 140 artelan baino gehiago bildu dira Palazzo Strozzin, 70 museo eta bilduma nazional eta nazioartekotatik ekarriak: Uffizi galeria, Vatikanoaren museoak edo Britainiako errege-bildumak, besteak beste. Erakusketa prestatzeak lau urte baino gehiago behar izan ditu, eta balentria tekniko bat lortu da: San Markoko erretaula handia (Pala di San Marco) berrosatzea. Erretaula hau Cosme Medicik agindu zuen Firenzeko komentuko elizarako, baina Napoleonen garaian erlijio-ordenen desegitearen ondorioz desegin eta sakabanatu zen. Orain, bi mende baino gehiago igaro ondoren, bere 18 paneletatik 17 berriz elkartu dira, Pariseko Louvre, Washington National Gallery, Municheko Alte Pinakothek eta Dublingo National Gallery of Irelanden mailegu bereziei esker.

Zortzi atal kronologiko eta tematiko

Erakusketa zortzi atal kronologiko eta tematikotan egituratua dago, artistaren bilakaera estetikoa jarraituz: Firenzeko hasieretatik bere erromatar garaia arte (1445–1455). Atzera begirakoaren muina, hala ere, Fra Angelicoren lanaren funtsezkoak diren erretaula nagusien enkarguak dira. Eszenografia xume eta dotore batek erretaularen berritasun estetikoa azpimarratzen du Fiesolekoa izan, nola Bosco ai Fratikoa eta bereziki Lorenzo Monacorekin (1370–1425) elkarlanean egindako Santa Trinitaren erretaularen taula nagusia den "Gurutzetik jaitsiera", Strozzikoa deiturikoa izan.

Beste 30 artelan bezala zaharberritze eta kontserbazio-lan xehea jaso duen obra horrek Fra Angelico parte izan den berrikuntza artistikoaren haustura ongi erakusten dio bisitariari. Espazioaren antolamendurako erabilitako perspektiba lineal berritzailea, pertsonaien errealismoa, eta argi-ilunaren erabilera margolanari pisu eskultorikoa ematen diote, gotiko berantiarreko forma luzetatik urrunduz. Artistak garaiko berrikuntza estilistikoei berezko izaera eman zien, eta aldi berean gotikoaren urrearen eta kolore distiratsuen erabilera mantendu zuen, bere "umiltasuneko Madonetan" eta predela txikietan ikus daitekeen bezala. Panel txiki horiek erakusten dute Fra Angelicoren narratiba gaitasuna: perspektibaren eta argiaren aurkikuntza berriak eguneroko bizitzako xehetasunez betetako eszenetan aplikatzen zituen.

Vatikanoan dauden Kapera Nikolinako freskoak ezin izan dira lekuz aldatu, baina erakusketak arreta berezia eskaintzen dio bere 1445–1455eko garaia erromatarrari, Eugenio IV.a eta Nicolas V.a Aita Santuentzat egindako lanen marrazki eta prestaketa-azterketen bidez, humanismo kristauaren adierazgarri.

Erakusketa hau ikusita, zaila izango da Fra Angelico ez sartzea dagoeneko Masacciok okupatzen duen Errenazimentuko maisu sortzaileen zirkuluan.


circus

Circus

Alejandra Icaza

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 30etik
2027ko Otsailaren 28ra

ever-is-over-all

Ever is Over All

Pipilotti Rist

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 01etik
2027ko Urtarrilaren 17ra

landabarrenako-dama

Landabarrenako Dama

Pilar De Zubiaurre

Durangoko Arte eta Historia Museoa (Durango, Bizkaia)

2026ko Irailaren 08tik
2026ko Azaroaren 29ra

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

diferituan-bizitzea

Diferituan bizitzea

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

Japonian lanean nagoenez, tenplu bateko udazkeneko ekinokzioaren inguruko ospakizun batera hurbildu nintzen aurrekoan. Ez nintzen plan hura egiten bakarra: tenplu txiki samarra zen, eta, iritsi nintzenerako, jendez gainezka zegoen; anitz turistak, ni bezala.

korapiloek-dakitena

Korapiloek dakitena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

'Gerezi Hori' | Artista: Maider Aldasoro. | Non: Rekalde aretoa, Bilbo. | Noiz arte: Azaroaren 22ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.