artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Guggenheim Urdaibai proiektua "behin betiko" lurperatu dute museoko patronatukideek

Murueta ontziolako lurzorua erabiltzeko modua emango lukeen korapilo legalak eragin du behin betiko erabakia. Patronatukideek adierazi dute aho batez harturiko erabakia izan dela eta ez zela bideragarria mueseoa epe laburrean egitea.

guggenheim-urdaibai-proiektua-behin-betiko-lurperatu-dute-museoko-patronatukideek
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Miren Arzalluz Guggenheim museoko zuzendaria eta Ibone Bengoetxea Kultura sailburua. M.M.T. / FOKU

Imanol Margo Eizmendi [BERRIA.eus]
| 2025eko Abenduaren 18a

Guggenheim museoa Urdaibain (Bizkaia) handitzearen egitasmoa bertan behera gelditu da "behin betiko". Zurrumurru ozen zena berretsi dute museoko patronatukideek. Azaldu dute arrazoi askoren ondorio dela, baina Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak bat nabarmendu du: Murueta ontziolaren lurzorua erabili ahal izateko korapilo juridikoa. Zehaztu duenez, gutxienez hamar urte beharko lirateke bertan egitasmoa garatzen hasi ahal izateko, eta, baldintza horiek kontuan izanda, atzera egitea erabaki arduratsua dela esan du, "arrakasta" ez baitzegoen bermatuta.

Patronatukideen urteko bileraren ondoren eman dute erabakiaren berri. Ikusmin handia sortu du agerraldiak, eszenifikazioa bera ezohikoa zelako. Orain artean, museoko komunikazio taldeak ohar bidez eman izan du patronatuak hartutako erabakien berri. Oraingoan, ordea, lehen mailako ordezkaritza bildu du museoak hedabideen aurrean. Bertan izan dira Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Lehenengo Lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua eta Miren Arzalluz Guggenheim Bilbao Museoko zuzendaria.

Hiruek azpimarratu dute ez dela erabaki erraza izan, eta azken bi urteetako hausnarketa prozesuak azaleratu dituen arrazoi askoren fruitu dela. Hori bai, Etxanobek arrazoi bakarra azaldu du: Murueta ontziolaren orubea erabili ahal izatearen zailtasuna, eta hark dituen "muga zorrotzak". Onartu du "asmo handiko" proiektua zela, eta hasieratik sumatu zutela haren konplexutasuna: "Arlo juridikoari eta hirigintzakoari zegokionez, eta baita gizartean sortu zuen eztabaida biziari zegokionez ere". Hori izan da ahaldun nagusiak aurkako iritziei eginiko erreferentzia bakarra.

Gehiago sakondu du Muruetako orubearen baldintzetan. Zehaztu du museoaren eraikin bat han kokatzeak tramitazio luze, konplexu eta "hala ere berme osorik gabekoa" eskatuko lukeela, eta eraikin hori gabe proiektuak ez lukeela zentzurik. Bi arrazoi nagusi aletu ditu, orubearen "zortasun administratiboaren" inguruko zalantzak —hiru auzibide daude irekita gaiaren inguruan— eta ontziolaren beraren kontzesioa.

Etxanoberenkalkuluen arabera, korapilo administratibo hori, gutxienez, 2031. urtean askatuko litzateke, eta ebazpen guztiak proiektuaren aldekoak izanda ere, hamar urte behintzat beharko lirateke eraikuntza lanei ekiteko. "Epe horri egitasmoaren lehen oihartzunak entzun zirenetik iragandako hamazazpi urteak gehitu beharko litzaizkioke", gaineratu du.

Ez dago atzera-bueltarik

Etxanobek argi esan du erabakia behin betikoa dela, eta patronatuko hiru kideek —Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Guggenheim museoak— aho batez hartu dutela. Espresuki galdetu diote ea azken urteetan patronatukideren batek proiektuaren bideragarritasunaren inguruko zalantzak izan dituen, eta ezetz esan du. Galderaren oinarrian Iñigo Urkullu lehendakari ohiak goizean ulertzera emanikoa zegoen, haren hitzetan interpreta zitekeelako Jaurlaritzak bazituelazalantzak hausnarketa prozesua hasi aurretik.

Bengoetxea mintzatu da Jaurlaritzaren izenean, eta beste tonu bat erabili du. Bi urteko prozesuaren ondorioak azaldu ditu, eta atzera egin izana "ebidentzian" eta "konpromiso publikoan" oinarritzen dela zehaztu: "Epe labur eta ertainera bideragarria izateko baldintzak betetzen ez direlako hartu dugu erabakia".

Kultura sailburuak hausnarketa prozesu horretan Busturialdeko herritarren artean eginiko "entzuketa prozesua" ere aipatu du atzera egiteko argudioen artean: "Prozesu hori ez da amaitu oraindik, baina jabetu gara Guggenheim museoaren aurkako arbuioa mahai gainean dagoela". Hala ere, etorkizunera begira mezu baikorra bidali nahi izan du: "Entzuketa prozesu horrek ezinegon ugari azaleratu ditu. Ezezkoaz haratago, eskualdearen garapenari emaniko baiezkoa dago".

Eta museoak zer dio? Urtebete baino gutxiago da Miren Arzalluz Guggenheim museoko zuzendari izendatu zutenetik, eta kargura heltzerako mahai gainean zuen Urdaibaiko proiektuaren buruhaustea. Agerraldian agerikoa izan da ez duela ur handitan sartu nahi izan. Hori bai, aurreratu du egunotan 2027-2030 plan estrategikoa garatzen ari direla, eta museoa nola hedatu aztertzen. Nahiko argi iradoki du ez zela ari hedatze fisiko baten inguruan: "Ez dugu metro koadrotan zenbatu behar, proiektuetan baizik, eta ikusi behar dugu zein forma hartzen duten".

40 miloi euro airean

Eskualdeari lotuta, Etxanoberi galdetu diote ea zer gertatuko den Espainiako Gobernuak museoa garatzen hasteko jarritako 40 milioi euroekin. Ahaldun nagusiak iragarri du negoziazioak hasiko dituztela diru hori Busturialdean gelditu dadin. Izan ere, zehaztu duenez, ez ziren bakarrik museoarekin zerikusia zuten egitasmoetarako, baizik eta Urdaibai inguruko hainbat lurzoru garbitu eta lehengoratzeko.

Esperotako erabakia izan arren, erreakzio ugari eragin ditu, gehienak alderdi politikoenak. Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak ospatu egin du; izan ere, haren hitzetan, "zentzua gailendu" da, eta nabarmendu du "errealitatea EAJren gainetik igaro" dela. Halaber, gaineratu du entzuketa prozesuak gehiagotan erabili beharreko lanabesa direla: "Gauzak ezin dira nola edo hala egin. Horrelako egitasmo handiak jendearekin egin behar dira eta erabakietan parte hartzeko modua eman behar zaie".

Alba Garcia Sumar Mugimenduko koordinatzaile nagusiak ere albiste ona dela esan du, eta gizarte zibilaren garaipentzat jo du erabakia. "Gehiengoaren nahia" gailendu izana ospatu du, eta mezu bat bidali die proiektuaren bultzatzaileei: "Sarraskia zela jakin eta hala ere herritarrei jaramonik egin ez zietenek ozen eta argi entzun beharko lukete".


forma-egin-eta-pentsatu

Forma egin eta pentsatu

Izaskun Alonso Saratxaga

ZAS kultur aretoa (Gasteiz, Araba)

2026ko Uztailaren 09tik
2026ko Urriaren 03ra

argiari-bidea-eman

Argiari bidea eman

Naia del Castillo

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Uztailaren 24tik
2026ko Irailaren 20era

66-urtez-ikasten

66 urtez ikasten

Javier Sueskun

Muñoz Sola (Tutera, Nafarroa)

2026ko Ekainaren 11etik
2026ko Irailaren 06ra

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 15a

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 2026ko Uztailaren 13a

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.