artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Memoria lausoei begira

Juana cima. BEGIRADA DISIDENTE BAT | Non: Artiumen, Gasteizen. | Noiz arte: Abuztuaren 30era arte.

memoria-lausoei-begira
Juana Cimaren erakusketa, Artiumen. NURIA GONZALEZ

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Apirilaren 16a

Urte asko igaro dira Artiumeko erakusketa iraunkorrean ikusgai zegoen Juana Cimaren Amets egoera loak hartuta pintura ikusi nuenetik. Gogoan dut obra hark, sentiarazten zuen intimitatearen bidez, helarazi zidan lasaitasuna eta xamurtasuna: bi emakume ohe batean, batak bestearen gorputza besarkatzen zuen bitartean.

Ordutik, Cimaren lana berriz ere ikusteko aukerak urriak izan dira; iaz Bilboko La Taller espazioan artistaren La isla nos soñó erakusketa ikusi ahal izan genuen arren —aurten iritsi denaren aurrekari gisa—. Hain zuzen ere, erakusketarik gabeko 30 urteko etenaren ostean, sormen lanari eutsi dion arren, Artium museoak artistaren atzera begirakoa aurkeztu du aurten. Mostraren izena Juana Cima. Begirada disidente bat da, eta Garazi Ansak komisariatu du.

Cimak haurtzaroa Kuban igaro ostean, Oviedora lekualdatu zen familiarekin, eta 1975ean iritsi zen Bilbora. Bertan, Oviedon abiatutako prestakuntza artistikoan sakontzeko asmoz, Arte Ederren Goi Eskolan ekin zion ikasketei. Hots, formakuntza akademikoak bere prestakuntza artistikoan eragina izan bazuen ere, kontuan hartu beharra dago garaiko giro sozial eta nahasiak ere haren sorkuntza prozesuan eragina izan zuela.

Etahori agerian geratzen da erakusketa espazioan sartu baino lehen dagoen bitrinak erakusten dizkigun artxiboko materialetan. Izan ere, artistak paper aktiboa izan zuen Bizkaiko esparru feministan, eta 1977ko Euskadiko Lehenengo Jardunaldi Feministetara gerturatu zen milaka emakumeetako bat izan zen. Halaber, erakusketan ikusgai dagoen material grafikoak agerian uzten du Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren identitate bisuala eraikitzen ere lagundu zuela; besteak beste, abortuaren aldeko kartelak eta afixak diseinatuz.

Bada, Cimaren lanean begirada feministak izan duen papera ezaguna den arren, ondorengo urteetan jarraitu zuen ibilbideari lotutako informazioak lausoa izaten jarraitzen du. Eta, erakusketak lausoa izaten jarraitzen duen memoria hori sendotzeko lana egin du.

Horretarako komisarioak artistaren ibilbidea definitzen duten bost etapa proposatzen ditu; honako hauek: Bilbo. Desioaren eta aldarrikapenaren lehen lurraldea;Lurralde mitikoak eta kontzientzia ekofeminista;Uharte-nortasuna eta mediterraneoko ezagutzak;Bide espirituala Indiaren eta budismoaren eskutik; eta Erretiroa mendira.

Gauzak horrela, atalez atal aurrera egin ahala, euskarrien eta gaien aniztasunaz jabetuko gara. Izan ere, Cimaren ibilbidean pinturak presentzia nabarmena izan badu ere, artistak beste hainbat diziplina ere jorratu ditu, hala nola instalazioa, assemblage-a, eskultura eta bideoa.

Hasierako pinturek Bilboko bizimodua eta artistak bere egin zuen disidentzia sexuala dituzte ardatz. Hurrengo espazioetan, ordea, bizitza urbanoa atzean utzi eta naturarekin lotura estua duten eszenek hartzen dute lekua. Bigarren atalean, adibidez, euskal mitologiako pertsonaiak ageri dira, irizpide ekofeministen bidez interpretatuak eta euskal matriarkatuari erreferentzia zuzena eginez. Horrekin batera, artistak espiritualtasun budistarekin lotutako irudiak osatzen ditu, naturak betiere garrantzi handia baitu bere lanketan.

Ildo horretan, erakusketako instalazioak ere oso interesgarriak dira; izan ere, komisarioak azpimarratzen duenez, artista aitzindaria izan zen euskal testuinguruan teknika hori lantzen. Horren erakusgarri da ibilbidearen amaieran, ia ezkutuan, aurkitzen dugun instalazioa. Bertara hurbiltzean, dimentsio paralelo batean sartuko bagina bezala, ur-soinuak espazio osoa inguratzen du; sabaitik harriak zintzilik ageri dira eta lurreko harritxoek erreka baten egitura iradokitzen dute.

Erakusketak artistaren bilakaera jartzen du fokuan, artelan bakar batek bere identitate artistikoa definitzen dueneko ideia erosoa alde batera utzita. Horren ordez, Cimak izandako eraldaketa faseen berri ematen digu erakusketak. Halaber, agerian uzten du Euskal Herriko Artearen Historian, bide nagusiaz gain, ibilbide alternatiboak ere egon direla; azken hamarkadetan ikusezintasunetik argitara ateratzen hasi diren bideak.


fond-de-bain

Fond de bain

Hermann-Paul

Baionako Euskal Museoa (Baiona, Lapurdi)

2026ko Irailaren 18tik
2027ko Urtarrilaren 10era

esentzia

Esentzia

Erakusketa kolektiboa

Virginie Bario Galeria (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Irailaren 12tik
2026ko Azaroaren 04ra

debt

Debt

Nooshin Askari

Cibrían (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 21era

itzalek-diotena

Itzalek diotena

Ihintza-Chole Hargous Aranburu

Posta aretoa (Urruña, Lapurdi)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Urriaren 16ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.