artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Museo guztiak klik batean

‘Museotik' plataforma museoen museo bat da. Euskal Autonomia Erkidegoko 35 museoren piezak ikus daitezke atari digitalean, ia 85.000 obra. Kultur ondarea ezagutarazteko asmoz ari da bidea egiten.

museo-guztiak-klik-batean
Yves Klein, Antropometria urdin handia. Guggenheimen dagoen lana. MUSEOTIK

Kristina Berasain Tristan [BERRIA.eus]
| 24 Septembre 2024

Kaikuak, margolanak, txirulak, argazkiak, hilarriak, txotxongiloak, mapak... Euskal Autonomia Erkidegoko 35 museoren obrak biltzen ditu Museotik atariak. Museoen Ataria plataforma digital bat da, museoen museo bat, eta bertan askotariko piezak topatu daitezke, artelan preziatuak denak, apartekoak zein apalagoak. Orotara, 84.702 obra daude ikusgai orain. Egunotan, atarian sartzean, burdinazko su txapa bat ikus daiteke nabarmenduta. "Zerain Paisaia Kulturala museoan dagoen etxe tresna bat da; astero pieza bat nabarmentzen dugu. Museo guztien bildumei erreparatzen diegu, handienari, baina baita txikiagoei ere. Astelehenero obra bat nabarmentzen dugu".

Ainhoa Bernabe Aranberri da plataformaren koordinatzailea. Arte historialariaren hitzetan, lan asko dago proiektuaren atzean, ezen, ikusgai dauden obrez gain, atariak 240.000 artelanen inbentarioa dauka: "Digitalizatuta eta katalogatuta daude obrak. Museo bakoitzak erabakitzen du zein pieza jarri eta zein ez. Horretarako, fitxa bat egin behar da, argazki eta guzti, eta, publikoarentzat ikusgai dauden obrez gain, beste asko daude atarian, barne informaziorako baliatzen ditugunak. Ikertzaileentzat sekulako potentziala du webguneak, museo eta bilduma askoren informazioa aurki baitezakete hor".

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak aurtengo otsailean jarri zuen martxan ataria, eta orduz geroztik 62.000 bisita izan ditu. Bernaberentzat, "kultur ondarea ezagutaraztea" da helburua: "Museoen katalogo kolektiboa edo inbentario orokorra herritarren eskura jartzea da asmoa, batetik, eta, bestetik, ondarea interpretatzeko eta hedatzeko topagune izatea, museoen arteko zein museoen eta publikoaren arteko elkargunea".

Artelanak klik batean daude atarian. Bilboko Guggenheimeko, Gasteizko Artiumeko eta Donostiako San Telmo museoko obrak daude eskura, baina baita museo xumeagoetakoak ere, publikoenak zein pribatuenak. Eusko Jaurlaritzaren Arte Bilduma ere ikus daiteke atarian. Bilaketa ere egin daiteke, garaiaren, izenburuaren, egilearen, teknikaren edo materialaren araberakoa, eta bilduma propioa eta kutuna sortzeko aukera ere ematen du atariak. "Funtsak askotarikoak dira, eta edonork topa dezake bere intereseko piezaren bat. Ikertzaileak, kultur eragileak, hezkuntza zentroak edo museoetako bisitariak aipatuko nituzke, baina, oro har, gizarte osoarentzat da".

Katalogaziorako tresna

Ataria ez da ezerezetik sortu. Emsime izan zen oinarria. 2011n sortu zuten aplikazio hori, katalogaziorako tresna izan zena, eta, hamahiru urteko ibilbidearen ostean, garatzea erabaki zuten: "Museo guztiak integratzeko modua izan zen, eta orain eraldatu egin da: aukera berriak eskaintzen ditu, eta izena eta itxura aldatu dira. Atari berriari esker, erabilera areagotu egin da, eta espero dugu eduki digital berriekin jende gehiagorengana iristea eta museoen arteko lankidetza proiektuak garatzea narratiba berriak sortzeko".

Hori ere bai baita Museotik. Azken batean, katalogo moduko bat da, baina harago ere badoa. Istorioak atalean, artelanen inguruko informazio sakonagoa ere aurki daiteke. Hilabetero eguneratzen dute atal hori, betiere bilduma guztiarekin narratiba bat osatzeko. Linum izenekoa da hilabete honetako istorioa. Lihoaren laborantza euskal baserriaren historian errotuta dago. Landare horren laborantzak eta haren eraldaketak lotura estua du emakumeen lanarekin. Aitak alabari lursail bat uzten zion, gutxi gorabehera 11 urtez landu eta ustiatzeko. Denbora luze horretan hainbat pauso egiten zituzten baserriko emakumeek. Landarea lehortu ondoren, bildu, eta metalezko orrazi batekin hazia eta zurtoina banantzen ziren. Zurtoina hamabost bat egunez busti eta gero, lehortu egiten zen; ondoren, mazoarekin jotzen zen, edo zurtoina eta zuntza bereizteko garba erabiltzen zen; azkenik, goruarekin iruten zen, oihalak, alkandorak, galtzerdiak eta jantzi erritualak egiteko. Istorioa irakurri bitartean, lihoa ardatz duten artelanak, argazkiak eta objektuak ikus daitezke.

"Arkeologia, arte ederrak, natur zientziak, antropologia... Funts tipologia horiek guztiak ataria osatzen duten museo eta bildumen aniztasunaren isla dira". Bernabek uste du museoak elkarren osagarri direla, eta guztien artean euskal historia, artea, natura eta gizartea interpretatzeko narratibak osatzen dituztela: "Horregatik sortu genuen Istorioak atala, guztion artean osatzen ditugun istorioak kontatzeko eta ondarearen beste interpretazio bat egin ahal izateko".

Agenda ere bai

Atariaren muina bilduma bera da, eta zenbait modutan ikus daitezke obrak, baita bideoen eta audioen bidez ere, eta, kasu batzuetan, baita hiru dimentsiotan ere. Multimedia atala sakatu behar da horretarako, baina atariaren enborra bildumena da. Jarraian museo guztiek antolatzen dituzten jardueren agenda ikusteko aukera ere ematen du Museotik-ek. Bernaberen hitzetan, oso atal inportantea da hori: "Agenda oso garrantzitsua da museoetan gertatzen dena helarazteko. Ezinbestekoa iruditzen zaigu museoek eskaintzen dituzten jarduera guztiak agenda bateratu batean erakustea".

Atariaren proiektua EAEra mugatzen da, baina museo gehiago integratzeko helburua dute. Oraingoz, beste lurralde batzuetako museoetako jarduera eta bildumen berri izateko, museo bakoitzaren ataria kontsultatu behar da. Atariak, hortaz, museoetara joan ezin direnei ondareaz gozatzeko aukera ematen die, baina helburua, noski, ez da herritarrek museoetara joateari uztea. Museoetako obrak bertatik bertara ikustea, aurrez aurre ikustea, beti dazirraragarriagoa, izan zeramikazko pitxer zahar bat, izan egurrezko karraka bat, sufre puska txiki bat, behinolako dokumentu bat, koadro abstraktu bat edo eskultura bat.


gorputz-geometrikoak

Gorputz geometrikoak

Eduardo Txillida

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

Du 25 Juin 2026
Au 26 Octobre 2026

ciga-bilduma

Ciga Bilduma

Javier Ciga

Pompelo Civivox (Iruñea, Nafarroa)

Du 14 Février 2026
Au 31 Décembre 2026

essence

Essence

Exposition collective

Virginie Bario Galeria (Hendaia, Lapurdi)

Du 12 Septembre 2026
Au 04 Novembre 2026

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 10 Octobre 2026

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 8 Octobre 2026

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 8 Octobre 2026

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 6 Octobre 2026

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 6 Octobre 2026

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).