artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Guggenheim Bilbao Museoak D.Daskalopoulos Collection-etik etorritako gaur egungo sei artelan gehitu dizkio bere Bildumari

Guggenheim Bilbao Museoak jakinarazi du nazioarteko artista garaikideek sortutako sei artelan gehituko dituela bere Bilduman, D.Daskalopoulos Collectionek egindako dohaintzari esker.

guggenheim-bilbao-museoak-d-daskalopoulos-collection-etik-etorritako-gaur-egungo-sei-artelan-gehitu-dizkio-bere-bildumari

| 29 Mars 2025

Matthew Barney, John Bock, Kendell Geers, Guyton/Walker, Martin Kippenberger eta Kiki Smith dira Museoaren funtsak aberastuko dituzten sei eskultura, instalazio eta margolanen egileen izenak. Dohaintzan jasoko diren obra horiek nazioarteko arte-erakunde ugaritan erakutsi izan dira, tartean D.Daskalopoulos Collectionen inguruan Guggenheim Bilbao Museoak 2011n egindako erakusketan. Bitarte argitsua izenburua hartu zuen erakusketa haren komisarioak Nancy Spector eta Katherine Brinson izan ziren (azken hori Arte Garaikideko Daskalopoulos arte-arduraduna da New Yorkeko Guggenheim Museoan 2017az geroztik).

Sei artelan horiek dohaintzan jasotzeak sendotu egiten du Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma; batetik, baliabide anitzak eta eskala handiak uztartzen dituzten lan berriak gehituko direlako, eta bestetik, nazioartean ospea zabaldua duten artisten zerrenda handitzen delako.

Bereziki, Kendell Geers eta Kiki Smithen lanek Museoak indartu nahi dituen bi arlotan ekarpen esanguratsua egingo dute: ikuspegi dekoloniala, Geersek botere-sistemei egiten dien kritikaren bidez aztergai duena; eta emakume artisten presentzia indartzea, Smithen kasuan, generoan eta identitatean sakontzen duen obrarekin.

Bestetik, dohaintza horri esker, Guyton/Walker kolektiboa Guggenheim erakundeen funts globaletan ordezkatuko duen aurreneko lana gehitu ahal izango da. Martin Kippenbergerrek, bere aldetik, bat egingo du gerraosteko artista alemaniarrek lehendik osatutako taldearekin (besteak beste, Sigmar Polke, Gerhard Richter, Georg Baselitz eta Anselm Kiefer) belaunaldien arteko elkarrizketa sortuz identitatearen, historiaren eta kritika sozialaren gaiak ardatz hartuta. Gainera, Museoaren ondareari ekarpen handia egiten dio Kippenbergerren eta John Bocken arteko loturak: bi artista horien praktikei halako ikuspegi lotsagabe eta performatiboa darie, absurdoa modu ludiko batean baliatuta artean ezarritako arauei desafio egiteko helburuz.

Azkenik, Matthew Barneyren lana dohaintzen artean sartzeak ere bere praktikaren eta Kippenberger eta Bockenaren artean dauden kidetasunak azpimarratzen ditu ere: hirurek erakusten dute interesa apropiazioan, muntaketan eta baliabideen fusioan. Artista horien lanek, teknika eta gaiei dagokienez Bilduma aberasteaz gain, gaur egungo artearekiko duen konpromisoa berresten dute, gizartea kuestionatzeko eta publikoarekin elkarrizketa kritikoa sustatzeko bitartekotzat hartuta.

Dohaintzan emandako obrak

John Bock (Gribbohm, 1965) eskultore, zinemagile, idazle eta marrazkilaria bere belaunaldiko artista gailenetakoa da. Bockek egungo gizarteari eta tabu sozialei buruzko hausnarketa egin eta ikuspegi kaotiko eta ezohiko batetik islatzen du bere lanean.

Palms (2007) piezan film batek bi hiltzaile alemaniarren abenturak kontatzen ditu, Kaliforniako hegoaldetik Lincoln deskapotable batean egiten ari diren bidaia batean. Filmari laguntzen dion instalazio handian Lincoln bat nabarmentzen da, kapota irekita duela; bertatik kolore gorriko garro handi eta bihurritu batzuk irteten dira, bidea egin ahala aurrean duten guztia suntsitzen.

Matthew Barneyk (San Frantzisko, 1967) gorputzaren mugei buruzko hausnarketa egiten du, giza existentziaren oso ikuspegi berezia erabilita. KREMASTER (CREMASTER, 1994 – 2002) bost ataleko multimedia sailak transformazio-prozesua du aztergai, alegiazko pertsonaiez jositako mundu bitxi baten bidez.

Titulua gizonezkoek duten kremaster muskulutik dator; testikuluen uzkurdura kontrolatzen du honek, kanpoko estimuluei erantzunez. Barneyk metafora hori erabiltzen du igoeraren eta jaitsieraren gaiak aztertzeko, baita sexualitatearena ere, bereizketa biologikoaren prozesuak ardatz hartuta. Prozesu enbrionarioan, bereizketa sexualik handiena gertatzen den egoerari aipamen egiten dio KREMASTER 5ek.

Kiki Smith (Nurenberg, 1954) artistaren lanek generoa, feminismoa eta sexualitatea dituzte aztergai. Horretarako, zientziara eta teknologiara hurbiltzen gaituen iruditeria berritzailea baliatzen du, baina betiere ikuspegi gogoetatsu eta poetikoa eskainita.

Landa-lana (Field Operation, 1994) pieza elementu organiko txikiak gainean dituzten miniaturazko mahaiek osatua da. Hauen tamaina hain da txikia ezen aldarazi egiten duen behatzaileak bere gorputzarekiko duen pertzepzioa. Aldi berean, mahaien gainean ageri diren elementu organikoek heriotza eta bizitzaren iragankortasuna aditzera ematen dituzte.

Kendell Geersen (Johannesburgo, 1968) lana artistak bizitako esperientzia baten emaitza da, apartheid garaian Hegoafrikako hiritar zuri gisa bizi izan zuena. Aktibista politiko eta sozialki konprometitua denez, bere lanek zalantzan jartzen dituzte egungo gizartearen politika eta arraza- eta erlijio-estereotipoak.

Akropolia orain (Akropolis Now, 2004) piezarekin, Geersek erakarpenaren eta gaitzespenaren arteko dikotomia aditzera ematen du. Lanaren izenburuak gogora ekartzen dizkigu bai Atenasko Akropolia eta bertako Partenoia, gerraren eta justiziaren jainkosa greziar Ateneari eskainia, bai Francis Ford Coppolaren Apocalypse Now filma, gu guztiok barruan dugun indarkeria- eta krudelkeria-potentzial iluna esploratzen duena.

Lehen begiratuan edertasunez beteriko pieza dirudi, baina, aktiboki behatzean, arriskutsu bihurtzen da: xafla zorrotzez beteriko alanbrezko sare distiratsuak sinbolismo handia du.

Guyton/Walker (New York, 2004) kolektiboa Wade Guyton (1972) eta Kelley Walker (1969) artistek osatua da, eta bien praktika artistikoetan esploratzen dute artearen eta teknologiaren intersekzioa.

Titulurik gabea (2008) lanean, kolore biziko etiketak dituzten pintura-pote batzuk bazter batean pilatuta daude, inprimatutako mihiseen artean. Irudi eta motibo kontsumistak digitalki ekoitzi dira, eta horiek eguneroko objektuetan aplikatzeak irudiak eraldatzen ditu, erliebea eta dimentsio espaziala emanez.

Martin Kippenbergerrek (Dortmund, 1953 – Viena, 1997) lan artistiko oparoa garatu zuen 44 urteko bere bizialdian. Artista polemiko eta sarkastiko honen lana arte kontzeptualaren eta polemikoaren artean kokatzen da.

Kippenbergerrentzat txisterik onenak ziren testuingurua baino ez zutenak, graziarik gabeak; eta horrek ematen dio zentzua Titulurik gabea (Txiste baten asmaketa) [Ohne Titel (Erfindung eines Witzes, 1993)] lanari. Margolan honek narratibarik gabeko eszena bat islatzen du, eta ikuslearen irizpideen arabera uzten du izenburuak aipatzen duen txantxa. Izan ere, hark sortu behar du esanahia obra osatzeko.


genesis

Genesis

Nisa Goiburu

Sakana (Donostia, Gipuzkoa)

Du 03 Octobre 2025
Au 27 Novembre 2025

ornamento-y-capricho

Ornamento y Capricho

Aitana Rodríguez Albalejo

Desio Artspace (Bilbo, Bizkaia)

Du 31 Octobre 2025 | 19:00
Au 12 Décembre 2025

topaketen-dardara-artistikoa-iraunaraztea

Topaketen dardara artistikoa iraunaraztea

16 Nov. | Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]

Iazko Iruñeko Topaketetan plazaratutako gogoeta artistikoetan inspiratutako sei obra jarri dituzte ikusgai Baluarten, gune hori pentsamendurako eta sorkuntzarako "erresonantzia kaxa" bihurtzeko asmoz. Erakusketa azaroaren 29ra arte izanen da ikusgai.

erakusketa-integratzailea

Erakusketa integratzailea

14 Nov. | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Gutxien espero duzun erakusketak generoaren parekidetasun aldetik egokia izateagatik harritzen zaitu. Ezusteko polita izan nuen Bartzelonako Miró Fundazioan ikusgai dagoen Miró eta Estatu Batuak erakusketa bisitatzerakoan.

ez-dakizuna-egitea-ez-dakizunarekin

Ez dakizuna egitea, ez dakizunarekin

14 Nov. | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Azken bost urteetan sortutako eskulturak bildu ditu Angel Bados artistak Bilboko Carreras Mugica galerian. Jorge Oteizaren oihartzuna eta Europako artea ez ezik, arabiar kultura ere izan du sorkuntzarako solaskide.

firenzek-fra-angelicoren-birbalorazioa-proposatzen-du

Firenzek Fra Angelicoren birbalorazioa proposatzen du

12 Nov. | Olivier Tosseriren artikulutik itzulia [JdA]

Italiako azken hirurogeita hamar urteetan egin den lehen atzera begirako erakusketak baieztatzen du fraide margolariari Berpizkundeko iraultza artistikoan egotzitako rola.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).