Tina Barneyren lan kartsu eta bereziari omenaldia Kutxa Fundazioaren Artegunean
Barney artista nabarmena da estatubatuar argazkilaritzaren barruan, eta haren lana familiarteko harremanetan oinarrituta dago nagusiki. Tina Barney. Familia-loturak erakusketak artistaren 40 urteko ibilbidea hartzen du, eta, hortaz, Europan hari buruz egin den atzerabegirako handiena da.

| 21 Juillet 2025
1945ean jaio zen, eta 70eko hamarkadaren amaieraz geroztik erretratugile gisa lan egin du bereziki, formatu handiko lanetan eta koloretan gehienbat. Hasieran, laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan, Estatu Batuetako Ekialdeko Kostako goi-klaseko bere senide eta lagunengan zentratu zen, baina, gerora, bere lana zabaldu egin zen, bereziki Europako aristokraziarantz eta burgesiarantz, eta beste banaketa bideetara: 2000. urteaz geroztik, Tina Barneyk agindu bidezko irudiak egin zituen, prentsarako, modarako eta publizitaterako.
Tina Barneyren belaunaldiak argazkilaritza birpentsatu egin nahi izan du, hainbat arte-formatatik hartutako ekarpen bisualez hornitu du hura –modu gutxi-asko esplizituan eta kontzientean–, eta, horrela, argazki-hizkuntza berezia osatu du, zorroztasunaren eta inprobisazioaren erdibidean. Azken hogei urteetan, dimentsio narratiboa eta eszenaratzea indar handiagoz landu du, bereziki bere lan editorialetan, non jardun artistikoan adierazten duen konplexutasun, sentiberatasun eta, zenbaitetan, umore beraren lekukotasuna eman duen.
Tina Barneyren irudiek tradizioaren eta errituen gaiak lantzen dituzte, askotan, eta belaunaldi arteko transmisioaren, elkarrizketaren, gaia; baina baita inkomunikazioaren gaia ere, oparotasunaren ikuspegi antropologikotik, eta ez ikuspegi hain kritikotik. Bai hurbileko pertsonen bai ezezagunen kasuan, Tina Barneyk argi utzi izan du, beti, saiatzen dela inpartzialtasunetik jotzen, ahal beste, bere inspirazio-iturri izan den argazkilari handiaren ereduari jarraituz: August Sander argazkilari alemana.
Erakusketa hau Barneyren obra eta lan-modua zeharkatzen duten zenbait gai nagusiren inguruan antolatu da, serieen edo sekuentzia kronologikoen marko zorrotzetik harago.
Erakusketa honetan, Jeu de Paumek ekoitzia, formatu handiko 54 inpresio aurkezten dira, non tartekatzen diren koloretako lanak eta zuri-beltzekoak, hasierako argazkiak eta lan ezezagunak, aginduz egindako lanak eta lan pertsonalak, modelo ezagunak edo anonimoak eta artistaren hurbilekoak.
Tina Barney
Tina Barney New Yorken jaio zen, 1945ean. Ama, Lillian Fox, modeloa zen eta, gerora, dekoratzaile egin zen. Aita, Philip Henry Isles, inbertsioen alorreko bankari familia batean sortua zen, eta arte bildumagilea. Haurra zela ezagutu zuen Tinak argazkilaritza, amaren aldeko aitonaren eskutik. 1973an familiarekin Sun Valleyra (Idaho) aldatu bezain pronto hasi zen diziplina horretan esperimentatzen. Barneyren lana mundu osoko museoetan erakutsi da, besteak beste New Yorkeko Arte Modernoko museoan eta Whitneyko Biurtekoan (1987). New York eta Rhode Island artean bizi eta lan egiten du.
About Family [Familiari buruz]
"Klase altuaz edo jende aberatsaz [aritzen naizela lanean] pentsatuko du jendeak ziur aski, eta horrek desengainua sortzen dit aldiro. Argazkiak, izan ere, familiari buruzkoak dira, familia berekoak diren pertsonen arteko gurutzaketari buruzkoak, eta normalean beren etxean ageri dira. Ez dakit jendea ohartzen den nire familiaz ari naizela". — Tina Barney, BOMB Magazine, 1995
Familia kontzeptua —Barneyren obraren ardatza— artistaren familia-zirkulutik askoz harago doa, baina hura dago artistaren praktikaren jatorrian, bai hasierakoan, bai gaur egungoan. Atal hau familia-harreman horietan zentratzen da, modeloen begiradek eta keinuek erakusten dutenez. Elkarrekintza horretan, Tina Barney bera alderdi interesatua da batzuetan, objektiboaren atzean zein aurrean egonda. Hauek dira lantzen dituen gaietako batzuk: familiako kideek bete behar dituzten rol sozialak, filiazioa, senidetasuna eta sororitatea, agintea eta transmisioa.
Argazkilariak, tentu handiz, ez du sekula kritika sozial esplizituaren arrastorik sartu bere ingurunearen argazkietan. Nahiz eta argazkietan halako tentsio, desoreka eta hoztasun bat dagoela onartu, artistak nabarmendu izan du proiektu intimoa zela berea oroz gain, lekukotasunari lotua: helburua, hain zuzen, aztarnak gordetzea zen.
Every single thing [Gauza bakoitza]
"Irudira hurbildu ahal izateko bidea eman nahi dut. Nahi dut gauza bakoitza izan dadila ahal bezain argia eta zehatza, hartara ikusleak hori miatzeko aukera izan dezan eta senti dezan gelara sar daitekeela. Nahi dut nire irudiek esan dezaten: "Sar zaitezke hemen. Leku hau ez dago debekatuta". Nahi dut gurekin egon zaitezen eta existentzia hau gurekin eman dezazun. Nahi dut gauza bakoitza ikus dadin, guztiaren edertasuna: testura, ehunak, koloreak, zeramika, altzariak, arkitektura". — Tina Barney, BOMB Magazine, 1995
1980ko hamarraldiaren hasieratik, Tina Barneyk 20 × 25 cm-ko hauspo-kamera bat erabili izan du, tripode baten gainean, bere argazkiak egiteko, eta, bestalde, kopietan 120 × 150 cm formatua hobetsi du: bere iritziz, neurri horiei esker ikuslea irudian sar daiteke, eta bertako xehetasunak aurki ditzake, asko dira eta. Formatu hori ezagutza-tresna bihurtzen da argazki bakoitzean, izan ere, argazkilaritzari datxekion deskribapen-elementua azpimarratzen du: erakutsi, hautatu gabe. Aurrealdeei dagokienez, zeinak lehen planoan ageri baitira, eta, ondorioz, pixka bat edo erabat lausotuta, badirudi ikusmen naturala erreproduzitzen dutela, eta, ikuslearen kasuan, irudiaren barruan egoteko sentipena areagotzen dute.
Creating spaces [Espazioak sortzen]
"Honetara ezkero, Italiako Errenazimenduko margolariez eta XVII. mendeko pintura herbeheretarraz pentsatzen hasi nintzen, zeren frustrazio handia eragiten baitzidan argazkitarako erabiltzen den orrialde lauak; espazio sortzeko ahaleginetan ari nintzen, eta pila bat irakurri nuen artearen egituraz; nola sortzen den espazioa". — Tina Barney, New York Studio School, 2013
Nahiz eta bere irudien gehiengoan jendea agertzen den, eta horrek esan nahi du Tina Barney erretratugile gisa deskribatu ohi dutela, espazioaren sorkuntza, terminoaren adiera piktorikoan, artistaren kezka nagusietako bat da orobat. Barney, izan ere, barnealdeen argazkilaria da. Luzaroan, paisaiek ez zioten batere interesik piztu. Sakontasunaren eta perspektibaren arteko jokoaren adibide ugari daude bere obran.
Argazkilariak maiz erabiltzen du espazioa intimitate- edo babes-efektu bat areagotzeko; batzuetan, are, halako itxitura-sentipen bat sortzeraino.
Rituals & traditions [Errituak eta tradizioak]
"Gertakari batzuk behin eta berriro, urterik urte, errepikatzearen ekintza komuna, zeinaren bidez garatzen baitira tradizioak: horixe izan da, antza, nire irudien erakarmen-puntu nagusia, argazkiak edozeri ateratzen dizkiodala ere." — Tina Barney, The New Yorker, 2011
Hasi zenean, Tina Barneyk, batzuetan, bere modeloen buruak mozten zituen, edo maskarekin estaltzen bestela, zera azpimarratu nahian bezala: norbanakoak erakustea baino gehiago, bere helburua zela motak, ohiturak eta elkar eragin sozialak aztertzea. Auzi horien inguruko interesak etengabe elikatu du bere jarduna. Bere irudi askotan belaunaldiz belaunaldi igaro diren tradizioak eta errituak islatzen dira. Esate baterako, zeremoniek eta familia-bilkurek leku nabarmena dute bere lanean. Gogoko du komunitate batekiko atxikimendua erakusten duten keinuak, gorputz-jarrerak eta jantzi-estiloak harrapatzea; hala, motibo tradizionalak eta ezaugarri garaikideagoak nahasten dira. Atal honetan lantzen da Barneyk gizarte-tradizio eta -erritu horiei zien mirespena.
Fewer people [Jende gutxiago]
"Argazkietan jende gutxiago erakusteko interesa izan ahala, bai bainekien aspertu arte egina nuela margolan koreografiatuaren kontua, jendea kentzen hasi nintzen 90eko hamarraldiaren bukaeran. Erretratugintzara hurbildu nintzen pixka bat, eta zaila izan arren, erronka bat izan arren, interesa pizten dit oraindik: pertsona bat kameraren aurrean, eta zer egin berarekin". — Tina Barney, The Brooklyn Rail, 2018
Atal honetan taldeko iruditik erretratura Barneyk egindako trantsizioa lantzen da. Erretratuak (aurrez aurrekoak, jarrera hartuta) gizabanakoak erakusten dizkigute, banan-banan, eta horixe da, 90eko hamarkadaren erdialdeaz geroztik, Barneyk landutako gaietako bat da.
Tina Barneyk erabiltzen duen tresna —kamera bat tripode gainean, eta argi artifiziala—, estudioko erretratuetan baliatzen denaren antzekoa da. Hala ere, artistak bidea zabalik uzten dio argazkiek berezkoa ei duten espontaneotasunari. Nahiz eta, luzaro, taldeko eszenak eta bilkura sozialak hobetsi dituen, 1990eko hamarraldian erretratu indibidualekin probatzen hasi zen. Teknika posatuago eta aurrez aurrekoago horren haritik, zenbait kritikarik adierazi zuten bere hurbilketa soziologikoa utzia zuela Barneyk, eta, orain, erretratugile hutsa zela.
Short stories [Istorio laburrak]
"Poliki-poliki hasi nintzen zuzentzen, eta argazkiak zuzendaritza- konbinazio batean hartzen dira. Zuzentzea, hau da, esatea "etorri hona", "segi hara", eta hori egiten duzun bitartean gertatzen dena, beren artean hizketan ari direnean gertatzen dena. Marra fin bat dago inprobisazioaren eta zuzentzearen artean, dena batera". — Tina Barney, Ken Weingart
1990eko hamarraldian, prentsari emandako lehen elkarrizketetako batean, Tina Barneyk zera adierazi zuen: bere lanean "etengabe jartzen direla zalantzan egiaren eta fikzioaren nozioak". Jarraian, hauxe esan zuen: "Ez dut uste termino bata ez bestea egokiak direnik". Tina Barneyren zenbait irudiren eta izenbururen izaera narratiboari dagokionez, azpimarratu beharra dago bere argazkiek, batzuetan, etenik dauden istorioen itxura dutela, eta batzuetan hala dela: hotsa falta duten istorioak, existitzen ez den film baten argazkiak.
Argiki, bere lanaren ardatz dokumental eta deskriptiboaren gainetik eta harago, Tina Barney ez da narrazioaren edo zuzendaritzaren etsaia. 1990ean, The Wooster Group antzerki-talde esperimentalarekin —New Yorken sortua— topo egin zuen, eta haien emanaldien argazkiak egin zituen urte luzetan; horrek, bada, bere lanaren alderdi narratiboa indartu zuen. 2000ko hamarraldian, prentsan, modan eta publizitatean egindako lanetan, argazkilariak eszenaratze narratiboaren estetika aztertzeari ekin zion.
2010ean kaleratu zituen argazki horiek, Players [Jokalariak] izenburu programatikoaren pean.