artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Minotauroarekin jolasean

'LABiRINTO' | Artista: Juan Carlos Egillor. | Non: Rekalde aretoan, Bilbon. | Noiz arte: Irailaren 28ra arte.

minotauroarekin-jolasean
Juan Carlos Egillor artistaren mila artelan inguru jarri dituzte ikusgai Bilboko Rekalde aretoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Enara Herranz [BERRIA.eus]
| 13 de Marzo 2025

Umorea arriskutsua dela idatzi zuen Lizar Begoñak duela gutxi egunkari honetan bertan argitaratutako artikuluU batean: "Tabuak deskonposatu eta desmitifikatzen ditu. Esajerazioak, sarkasmoak eta ironiak, botere-figuren, erakundeen edo are herri-kulturaren normak hankaz gora eta biluzik utz ditzake". Juan Carlos Egillor umoretik hurbildu zen azken hamarkadetako euskal gizartea zeharkatu duten auzietara, eta ezin konta ahala iruditan kondentsatu zuen oraindik inguratzen gaituen paisaia politiko-existentzial kafkiarra. Handitze lanen ondorioz hainbat hilabetetan itxita egon ostean, Rekalde aretoak Egillorri eskainitako erakusketa batekin ireki ditu berriz ateak, eta marrazkiak, komikiak, kartelak eta bideogintza lanak bildu ditu artistaren orain arteko atzera begirako erakusketarik osoena den honetan.

Egillorrek usu jo zuen labirintoaren metaforara, "bizirauteko" eta sortzeko, eta labirinto horri keinu egin nahi izan dio mostrak. Erakusketa honetarako espresuki kokatu diren behin-behineko hormek bihurgunez bete dute aretoa, eta artistaren unibertso obsesibo-konpultsiboan barneratzen gaituzten elementuekin apaindu da espazioa. Alde batetik, Egillorren alderdi herrikoiena aurkeztu da, haren obra grafikoa, haurrentzako ilustrazioak, prentsan argitaratutako komiki binetak eta Bilbori eskainitako amodiozko eta gorrotozko konposizioak tartean. Aurrera egin ahala, hauek bezain ezagunak ez diren beste obra batzuk aurkituko ditu ikusleak, hala nola estatu mailan aitzindari izan ziren net art lanak eta ordenagailuz egindako animazioak, indarkeriak mehatxatutako Bilboko barnealde intimoak, edo argitaratu gabeko collage erotiko surrealistak. Ahalik eta Egillor gehien jasotzeko ahalegina egin dela agerian da, ekoizpen popular atsegin zein garratzetatik hasita, norabide eta jomuga anitzeko satira politikotik igaro, eta kutsu iluneko poetika bisual malenkoniatsu bateraino.

Lan askotan txistea da protagonista, eta umorea kolore gabeko marrazki azkar, aske, soilari gailentzen zaio. Ameztoiren maneratik oso hurbil zenbait. Beste obra batzuetan, berriz, xehetasunez eta kolorez betetako collageetan kasurako, jarrera estetiko landuago bat nabari da, erreferentzia surrealistak, hemeretzigarren mendeko ilustrazioak eta pop estetika nahastuta. Eszena asko kolore plano homogeneoek definitutako denborarik gabeko agertoki batean kokatzen dira; orainera garamatzan arkitektura moderno geometriko baten eta paisaia industrial nahasiaren testuinguruan berriz beste hainbat. Ezinezkoaren eta egunerokoaren artean, ezinegon konpartitu bat azaltzen dute gehienek: denok gara Max Bilbao Hirian galduta, Minotauroarekin aldi berean jolasean eta borrokan.

Kopuru aldetik, itzela da Egillorren ekoizpena, eta itzela ere erakusketan bildu den objektuen kantitatea: mila lan baino gehiago. Mostra sei urteko ikerketa lanaren emaitza dela azaldu du Garikoitz Fraga erakusketaren komisarioak, eta ez da erronka txikia horrelako lan bolumena ondo lurreratzea. Izan ere, ikerketa prozesu luzeekin lotutako erakusketek arrisku bat dute: hain da zabala maneiatu eta jasotako materiala, ezen zaila izan daitekeen gero ikertzailearentzat informazioa laburtu eta ondo kimatzea. Alde horretatik, muntaketa eta erakusketaren antolaketa bat datoz Egillorren lanaren izaerarekin: aretoa beteta dago erabat, objektu batzuk pilatuta kokatu dira, eta testua, irudia eta soinua gainjarri egiten dira. Erakusketak artistaren unibertso kaotikoan barneratzen gaitu eta haren sormen agorrezinaren berri ematen du. Erabaki honen atzean dagoen ideia interesgarria da, baina, amaierara heldu ahala, betekada sentsazioa ere agertuz doa pixkanaka. Kontuan hartu behar da, gainera, Egillorren ekoizpenaren gehiengoak testua eta irudia uztartzen dituela. Horrek ahalegin bikoitza eskatzen dio ikusleari, eta, faktore hori erakusketan ondo zaintzen ez bada, nekatuta iritsi daiteke bat amaierara.

Sentsazio horrekin heldu naiz ni gutxienez azken gelako bitrinetara. Egillorren inguruko material dokumentala eta pertsonala biltzen da bertan: elkarrizketak, eskuorriak, prentsako artikuluak, argazkiak, zirriborroak, askotariko testuak... Baina horrekin batera familia argazkiak, interes gutxiko apunteak eta umetako marrazki traketsak ere bai, agian ekarpen estetiko edo biografiko handirik egiten ez dutenak. Asmoa seguruenik Egillorren alde humanoena helaraztea edo omentzea izan da, baina emaitza nahasi samarra eta pertsonalistegia iruditu zait. Erakusketa zintzoa eta eskuzabala da, eta artistaren ideietan sakontzeko eta haren irudimenaren labirintoan galtzeko aukera ezin hobea eskaintzen du. Dena den, erakusketak gainezka egiten duelako sentsazioa izan dut maiz, eta paper artean galduta geratzen dira artistaren burutazio interesgarri asko.



inurri-bideak

Inurri bideak

Andrea Canepa

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

Desde el 26 de Marzo 2026
Al 19 de Julio 2026

hirugarren-paisaia

Hirugarren paisaia

Maria Azkarate

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

Desde el 15 de Mayo 2026
Al 04 de Abril 2027

maitia-begira-nazazu

Maitia, begira nazazu

Ritha Thende Komba Mingomba

Marzana aretoa (Bilbo, Bizkaia)

Desde el 30 de Abril 2026
Al 12 de Junio 2026

get-me-a-stone

Get me a stone

Rosalind Nashashibi

Artium (Gasteiz, Araba)

Desde el 12 de Junio 2026
Al 01 de Noviembre 2026

denbora-besarkatzeko-ahalegin-bat

Denbora besarkatzeko ahalegin bat

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 10 de Junio 2026

'MIRARI BAT EGUNEAN' | Artista: Nagore Txibite. | Non: NUPeko Sario eraikinean, Iruñean. | Noiz arte: ekainaren 13ra arte.

uharte-zentroak-9-proiektu-hautatu-ditu-2026ko-laguntza-programarako

Uharte Zentroak 9 proiektu hautatu ditu 2026ko Laguntza Programarako

| 9 de Junio 2026

Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntza Programak arte plastikoen eta Ikusizkoetarako arloan ikerketa artistikoko proiektu argitaragabeak egiten laguntzea du helburu. Egitasmoak bi modalitatetan banatuta daude: ekoizpenekoak alde batetik eta argitalpenekoak bestetik.

artea-mugitzearen-artea

Artea mugitzearen artea

Amaia Igartua Aristondo [BERRIA.eus]
| 8 de Junio 2026

Artelanak erakusteaz ez ezik, haiek lekualdatzeaz ere arduratzen dira museoak: adibidez, maileguan uzten dituztenean. Zaharberritzaile batek gainbegiratzen du prozesua pieza biltzen dutenetik helmugan ipintzen duten arte, eta aseguratuta joaten dira.

elkarri-eutsiz

Elkarri eutsiz

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 4 de Junio 2026

MAR DE DIOS | Non: Rekalde aretoan, Bilbon. | Noiz arte: Ekainaren 21era arte.

utopiaz-mozorrotutako-distopia

Utopiaz mozorrotutako distopia

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 4 de Junio 2026

Orain dela egun batzuk gurutzaontzietan bizi den bikote bati buruzko berri bat irakurri nuen. Ontzi batean ezagutu zuten elkar; ordurako emakumeak bere etxebizitza saldua zuen eta jasotako diruarekin gurutzaontziz gurutzaontzi zebilen.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).