artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Santos Iñurrietaren margolanik intimoenak: paisaiak

Artistak aurrez sekula erakutsi gabeko paisaiak bildu dituzte Bilboko Lumbreras galeriako erakusketan. Langintza horri eskainitako liburu bat ere kaleratu dute, eta dokumental labur bat ere egin diote.

santos-inurrietaren-margolanik-intimoenak-paisaiak
Bilbon ikusgai dagoen Santos Iñurrietaren izenbururik gabeko paisaia bat, 2010ekoa. Arg/ LUMBRERAS GALERIA

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 25a

Pintatzen saiatzen hasterako, benetan pintatzen saiatzen hasterako, garbiketa lan bat egin behar izaten zuela esan zuen Santos Iñurrieta margolariak (Gasteiz, 1950 - Mallorca, Herrialde Katalanak, 2023). "Mundu gris eta faxista" baten hezkuntzaren eraginez, barruan sartua zuen guztia "desegitea" izan zen pintatu ahal izateko egin behar izan zituen lehen lanetako bat, bertan ziren "gurutzeak eta mirariak, deabruak eta sua" garbitzeko. Eta, hain zuzen ere, paisaiak margotzeak laguntzen omen zuen askatasun bilaketa horretan. "Paisaiak pintatzeak lagundu egiten zidan horrekin guztiarekin. Askatasunez margotzen nituen, kritikarien, ona edo txarra izatearen eta galerien gustukoa izatearen edo ez izatearen presiotik aske. Niretzat ez beste inorentzat ziren, eta nik neure buruarentzat egiten nituen judizioak, asmatzeak eta epaiak". Eta, bizi zen artean beretzat bakarrik gorde zituen lan horiek dira, hain justu ere, orain Bilboko Lumbreras galerian ikusi daitezkeenak.

Bizitzaren azken urteetan izan zuen gaixotasunak eraman zuen iritziz aldatzera. Azken urteak izan zitezkeela igarri, eta orduan hasi zen berez inori ez erakusteko sortutako lan horiek erakusketa batean biltzeko ideiari bueltaka. Idatzita ere utzi zuen hori, baina hil egin zen amestutako erakusketa hura muntatuta ikusteko aukerarik izan aurretik. Horregatik, hain zuzen ere artistaren asmo haren emaitza da orain Bilbon ikusi daitekeena. Paisajes para paseos personalesdeitu dute erakusketa (Paseo pertsonaletarako paisaiak), eta, guztira, artistak 2009 eta 2016 bitartean margotutako hainbat formatutako 54 paisaia biltzen ditu.

Gasteizen jaio arren, eta 1970eko hamarkadaz geroztik euskal artearen bilakaeran eragin nabarmena izan arren, Mallorcan bizi izan zen artista 1992az geroztik, eta, ondorioz, han oinarritutakoak dira erakusketan ikus daitezkeen paisaiak. Eta naturarena da ia-ia erabateko protagonismoa. Arbolak, sastrakak, eguzki argiak lurrean uzten dituen arrasto ikaratiak, elkarrekin txirikordatzen diren adaxka anabasak, han eta hemen sakabanatutako lore gorriak… Bildumako bi koadrotan soilik ikus daitezke giza figura batzuk, eta, halere, batez ere koadrorik handienetan, ia margolanaren parte sentitu daiteke bisitaria, galeriako horman zintzilikatuta, kasik, zoruraino zabaltzen baita koadroetara sartzeko gonbidapena egiten duela dirudien bidexka.

Erakusketan badira hainbat koadro handi, baina badira lan txikiagoak ere. Hamabi zentimetro garai da, adibidez, areto sarreran dagoen arbola berari eskainitako hamar irudiko sekuentzia. Eta metro bete pasa da haren ondoan dagoen beste lan bat, esaterako. Bi oihal batuz osatutako margolana da hori, eta bertan ageri dira kolore biziko zelaiak, herrixka baten irudikapen ia infantila, eta koadroan sakabanatutako hainbat tximeleta gorri. Eta haren aurrean dago noranzko oso argirik gabe bisitaria koadroko sastrakadietan murgiltzera gonbidatzen duen bidea irudikatzen duten koadro erraldoietako bat. Ia bi metro garai, eta ia lau metro zabal.

Paisaia liburua

Erakusketa aretoaren sarreran dago artistaren paisaiagintzari eskainitako katalogo oparoa ere. Ekainaren 22an aurkeztu zuten argitalpena, Gasteizko Artiumen, eta artistak bere ibilbide artistikoari buruz bere eskuz idatzitako hainbat gogoeta ere biltzen ditu. "Ikusten dudana kopiatuz, konplexurik gabe, maisurik gabe, nik bakarrik. Erretratuekin, saiatzen naiz, baina ezin, ez dut lortzen egiten dudan horri ikusten dudanaren antzik ematea. Bederatzi urte ditut".

Santiago Arcediano Salazar arte historialariak artistari buruz idatzitako testu bat ere badakar liburuak. Sortzailearen askatasuna eta konpromiso soziala nabarmentzen ditu adituak bertan. Paisaiak harentzat zuen garrantzia ere aipatzen du, eta 1975ean, artean 25 urte baino ez zituela, Javier Angulo kazetariari emandako elkarrizketa baten pasartea ere berreskuratzen du horretarako. "Paisaia da pintatzen dudanaren %80. Interes erabatekoa pizten dit, nire munduan hura baita sentsazio, argi iradokizun, kolore eta forma berriak harrapatzeko aukera gehien ematen dizkidana, bai eta hori oihal batean adierazi ahal izateko indarra ematen didana ere".

Araceli Iranzo artisauarena da liburuko beste testuetako bat. Mallorcan bizi da Iranzo, eta gertukoa zuen Iñurrieta. Haren hitzetan, paisaiek "oreka" eskaintzen zioten artistari, eta, haren hitzetan, hain zuzen ere horregatik ez zituen sekula erakutsi nahi izan. "Bere lan pertsonalaren parte ziren. Kanpoko epaietatik babestu zituen, haietan bere kasa paseatzen jarraitu ahal izan zezan; bertan, beretzat ere ezkutukoak ziren eta oraindik askatzeko zeuden txokoak topatu ahal izateko". Bere bizitzako azken urtean, ordea, gaixotasunak aurrera egiten zuela ikusi, eta orduan hasi zen paisaia horiekin guztiekin erakusketa bat osatzeko ideiarekin. "Seguruenik haren obrarik intimoena izan dena konpartituz esan nahi izan zigun agur".

Gazteleraz, euskaraz eta ingelesez daude argitalpeneko testu guztiak, hala artistaren beraren hitzak, nola hari buruz idatzitakoak ere. Horrez gainera, liburuaren eta erakusketaren harira, artistari eskainitako hamabost minutuko dokumental bat ere osatu dute aurten. Hil baino hilabete batzuk lehenago bere estudioan egindako solasaldi bat biltzen du lanak.


generation-volta

Generation Volta

Sanlé Sory

Sakana (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Agorrilaren 01etik
2026ko Urriaren 01era

argiari-bidea-eman

Argiari bidea eman

Naia del Castillo

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Uztailaren 24tik
2026ko Irailaren 20era

ura-besterik-ez

Ura besterik ez

Roberto Chartam

Cristina Enea fundazioa (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 26tik
2026ko Irailaren 13ra

museo-bat-eraikitzea-erakusketetatik-harago

Museo bat eraikitzea erakusketetatik harago

Edurne Begiristain [BERRIA.eus]
| 2026ko Agorrilaren 24a

Zazpi urte eta erdi daramatza Beatriz Herraezek Artium museoaren zuzendari. Bilduma artistikoa erdigunean jarri, dokumentazio eta artxibo lana indartu, eta arte garaikidearen kontakizun kritiko bat osatu du.

alvaro-ledesma-artista-hil-da-51-urte-zituela

Alvaro Ledesma artista hil da, 51 urte zituela

Odile Bourguignon Goñi [BERRIA.eus]
| 2026ko Agorrilaren 14a

Eskultore lanetan aritu zen bereziki, baina, besteak beste, argazkilari, margolari, musikagile, bideogile eta idazle ere izan zen.

olioz-eta-esperientziaz-margotutako-gainazalak

Olioz eta esperientziaz margotutako gainazalak

Malen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Agorrilaren 14a

Kur galeria berriro zabaldu dute, Hondarribian, 2023an Donostiakoa itxi ondoren. Jose Antonio Sistiagaren erakusketa bat jarrita inauguratu dute erakustokia.

cm2-konspiratzeko-metro-koadro-gutxi-batzuk

CM2: konspiratzeko metro koadro gutxi batzuk

Edurne Begiristain [BERRIA.eus]
| 2026ko Agorrilaren 14a

Gasteizko CM2 aretoa arte garaikiderako gune independente bat izan zen. 1992tik 1996ra bitarte ia 30 erakusketa antolatu zituen, eta ideiak partekatzeko eta eztabaidarako erreferentziazko gune bilakatu zen artista askorentzat, batez ere hasiberrientzat.

azalaren-atzean-ezkutatzen-den-hori

Azalaren atzean ezkutatzen den hori

Malen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Agorrilaren 2a

Kutxa fundazioak Sally Mann argazkilari estatubatuarraren hamahiru seriez osatutako erakusketa bat ondu du Tabakalerako Artegunea aretoan. Urriaren 18ra arte bisitatu ahal izango da.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.