artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Bilboko Guggenheim museoak Lynette Yiadom-Boakye artistaren obra sorta bat jarri du ikusgai

Artistak itxialdi garaian sortutako 70 artelan batu, eta hiru aretotan antolatu dituzte. Irailaren 10era arte egongo da zabalik.

bilboko-guggenheim-museoak-lynette-yiadom-boakye-artistaren-obra-sorta-bat-jarri-du-ikusgai
Lekha Hileman komisarioa eta Lynette Yiadom-Boakye artista, Bilboko Guggenheim museoko 'Halako ilunabar bizirik' erakusketan, gaur goizean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Olatz Enzunza Mallona [BERRIA.eus]
| 2023ko Apirilaren 4a

Zoriontasun, adiskidetasun zein bakardade uneetan irudikatutako pertsonaien erretratuak egiteagatik egin zen ezagun Lynette Yiadom-Boakye artista eta idazle britainiarra (Londres, 1977). Eta, hain zuzen, horixe islatzen dute Halako ilunabar bizirik erakusketako lanek. Artistak 2020 eta 2023 bitartean egindako 70 pintura eta marrazki baino gehiago bildu ditu Bilboko Guggenheim museoak, eta Lekha Hileman aritu da komisario lanetan. Irailaren 10era arte egongo da ikusgai bilduma, eta jarduera osagarriak ere izango dira.

Erakusketa bera hiru aretotan banatuta dago. "Ez dago segida jakin bat jarraitu beharrik, obrak ez daude kronologikoki antolatuta: bisitaria edozein aretotatik sar daiteke", aurreratu du artistak, erakusketara sartu aurretik. Hala ere, nabarmendu du "zailtasunak" izan dituela obrak kokatzeko orduan: "Sabaia oso altu dago, eta, espazioa antolatzeko orduan ere, zenbait kezka izan nituen". Artelanek baino gehiago, ordea, bi aretotako horma berdeek deitzen dute arretarik handiena. "Oso galeria konplexuak izan dira, eta kolore berdeak nolabaiteko zentzua eman die artelanei", kontatu du.

Erretratu guztietan fikziozko pertsonaiak erakusten ditu artistak: "Edonor izan daitezke; ez dira pertsona errealak, ez dute generorik". Hala ere, guztiek dute ezaugarri amankomun bat: pertsona beltzak bakarrik marrazten ditu artistak, nahita: "Hautu politiko bat da, zalantzarik gabe". Areto horietako batean sartzean, adibidez, The Raven In Rapture artelanarekin egingo du topo bisitariak. Gizabanako bat ageri da bertan, eta koloreen garrantzia azpimarratu du Hilemanek: "Morea da nagusi margolanean, baina gainerako kolore biziek ere laguntzen dute obrari dimentsioa ematen". Artistak hainbat teknika "trebezia handiz" lantzen dituela nabarmendu du komisarioak.

Hala ere, areto guztietan daude arreta ematen duten obra gehiago. Esate baterako, elkarren alboan ageri diren Seven Acres Up eta 8 am April artelanak. "Bi obra izan arren, bakarra dirudite. Elkarren artean konektatuta daude", azaldu du artistak. Obra bakoitzeko protagonistak etzanda ageri dira, eta elkarri begira daudela dirudi. Hala ere, erabilitako teknikak desberdinak dira bi kasuetan: "Lehenengoan, oihal gaineko olio pintura erabili dut; bigarrena, berriz, lihoaren gainean eginda dago".

Zenbait kasutan, animaliak ere azaltzen dira pertsonaiekin batera. Tartean, txoriak, azeriak eta katuak. "Pertsonez gainera, gustatzen zait bestelako izaki bizidunak ere agertzea", adierazi du artistak. A Nocturnal Intensity artelanean, adibidez, gizabanako bat ageri da katu bati muxu ematen.

Artista eta idazlea

Erakusketako obra guztiak itxialdi garaian egin zituen Yiadom-Boakyek: "Garai hartan bizi izan nuen bakardadeak eta ziurgabetasunak bide berriak esploratzeko aukera eman zidaten". Horren erakusgarri dira ikatz ziriz egindako marrazkiak: "Berehalakotasun sentsazioa ematen dute", artistaren esanetan. Nagusiki, mihisea eta lihoa erabili ditu euskarri gisa.

Era berean, artelan bakoitzari lasai begiratzeko gonbita egin die artistak ikusleei, eta izenburuak irakurtzeko eta horien inguruan hausnartzeko eskatu die: "Irudimena askatzeko aukera zabala da". Izan ere, artista ez ezik, idazlea ere bada Yiadom-Boakye, eta hori antzeman egiten da: izenburuak, artelanen azalpenak baino gehiago, horien lagungarri dira. "Margotu ezin dudanari buruz idazten dut, eta idatzi ezin dudana margotzen dut", azaldu du.

Besteak beste, literatura, poesia eta musika erabiltzen ditu artistak sortze lana errazteko. Kasurako, James Baldwin, Okwui Enwezor eta Toni Morrison dira haren erreferenteetako batzuk. Erakusketaren alboko irakurketa gelan egongo da horietako batzuen testuak irakurtzeko aukera. Horrekin batera, artistak berak idatzitako katalogo bat ere egongo da eskuragarri: Hegoaldera arraunean laguntzaren bila. Erakusketako esperientzia aberaste aldera, berriz, artistak propio bildutako erreprodukzio zerrenda bat jarri dute entzungai Spotify plataforman.

halako-ilunabar-bizirik

Halako ilunabar bizirik

Lynette Yiadom-Boakye

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

2023ko Martxoaren 31etik
2023ko Irailaren 10era


macula-et-materia

Macula et Materia

Sally Mann

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Uztailaren 17tik
2026ko Urriaren 18ra

kooperatiba

Kooperatiba

Taxio Ardanaz eta Carla Filipe

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Uztailaren 03tik
2027ko Urtarrilaren 10era

kliskada-bat

Kliskada bat

Ivan Gomez

Montehermoso Kulturunea (Gasteiz, Araba)

2026ko Uztailaren 10etik
2026ko Irailaren 20era

fig-bilbao

FIG Bilbao

Paper Arte eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdia

Euskalduna Jauregia (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Azaroaren 26tik
2026ko Azaroaren 29ra

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.