artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Irudiz irudi eraikitako bidaia

Isabel Herguerak 'El sueño de la sultana' filmaren sortze prozesua jarri du ikusgai izen bereko erakusketan, Tabakaleran. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialeko lehian izango da pelikula

irudiz-irudi-eraikitako-bidaia
El sueño de la sultana filmaren oinarrian dauden hainbat irudi daude ikusgai Donostian, Tabakaleran. Arg/ Gorka Rubio / FOKU

Ainhoa Sarasola [BERRIA.eus]
| 2023ko Irailaren 18a

"New Delhin hasi zen dena". Euria ari zuen, eta arte galeria batean babestu zen Isabel Herguera. Areto barruan topatu zuen azal gorriko liburu batek arreta eman zion artistari: Begum Rokeya Hossain idazle, hezitzaile eta ekintzaile bengalarrak 1905. urtean idatzitako Sultana's Dream (Sultanaren ametsa) utopia feministak. Liburuan, emakumeek gobernatutako herrialde bat deskribatzen du idazleak. "Leku hartan, jakintza, botere politikoa eta finantzen ardura andreek dute, eta gizonak etxean itxita bizi dira, emakumeen mundurako sarbiderik gabe", azaldu du Herguerak. "Segituan, amonarekin, amarekin, ahizpekin... andre guztiekin oroitu nintzen; une hartan bertan erabaki nuen lan bat egin nahi nuela".

Hamar urte igaro direnean iritsi da emaitza: El sueño de la sultana animaziozko filma, Hergueraren lehen lan luzea. Donostiako 71. Zinemaldiko Sail Ofizialean lehian izango da pelikula, eta haren izen bereko erakusketa ireki dute orain Donostiako Tabakaleran. Hain zuzen, lanaren zati handi bat zentroko Artisten Gunean landu zuen zinemagileak, bera eta bere lantaldea hainbat alditan aritu baitira bertan 2016az geroztik. Marrazki, akuarela, koaderno eta bestelako artelanen bidez, filma sortzeko bidaia luzea islatzen du bildumak, baita Hergueraren lan egiteko moldea eta animaziozko lanen faseak erakutsi ere. Gaurtik urtarrilaren 7ra arte egongo dira guztiak ikusgai, jarduera programa zabal batez lagunduta.

India aspalditik ezagutzen du Herguerak. National Institute of Design zentroan animazio eskolak ematen aritu zen, eta, egunero, goizean goiz, kalera marraztera ateratzen zen ikasleekin. "Arte Ederrak amaituz geroztik ez nintzen berezko modu horretan marrazten jarria, eta niretzat berreskuratze ariketa erabatekoa izan zen, unean uneko memoria lantzekoa eta trazuan konfiantza izatekoa, zeina berebizikoa den animatzaileentzat, ezinbestekoa baita mugimenduari erreparatzea". Garai hartan, elefanteak zaintzen dituzten zentro bat ezagutu zuen artistak, eta tailerrak egin zituen bertako familiekin. 2005etik 2017ra akuarelaz eginiko irudi horietako batzuk filmera eraman ditu, eta horiekin abiatzen da erakusketaren ibilbidea. Hain zuzen, garai bertsuan hasi zen artista filma irudikatzen eta Indiako hiri handietako soinuen eta jendetzen bitartez "giroa eta bizitza mugimenduan atzematen". Hala, irudiekin batera, soinu instalazio bat ere jarri dute aretoan, filmeko eszenak gertatzen diren lekuak gogora ekartzen dituena —Kalkuta, New Delhi eta Ahmedabad—.

2013an, filmaren proiektua garatzen eta nondik abiatu pentsatzen hasi zenean, lehenik emakume artisten kooperatiba batekin harremanetan jarri zen Herguera, zeinak adituak diren mehndi teknikan —milaka urte ditu arte horrek, eta marrazkiak hennarekin lantzean datza—. Tailerrak egin zituzten elkarrekin, eta emakumeen herrialde hori nola irudikatzen zuten ere aztertu zuten. Azkenean, pasarte horri lotutako filmeko hainbat eszena eta pertsonaia irudikatzeko eskatu zien Herguerak. Jatorrizko marrazki horietako batzuk ikusgai daude erakusketan, baita filmean nola txertatu dituzten erakusten duten zenbait ere. "Badago diseinu eta animazio programekin eginiko lan bat, baina irudi guztiak tailer horietan sortutakoak dira", zehaztu du. Halako lanekin bost minutu inguruko tartea osatu dute filmean.

Izan ere, istorioaren hari nagusia edo parterik handiena akuarelaz sortu du zinemagileak. "Animazio tradizionala da, 2D esaten zaiona". Lehen gidoi bisualak edo storyboard-ak beti pintzelez sortzen dituela azaldu du, eta, horietatik abiatuta, tableta grafikoetan lantzen dituztela ondoren, azken irudia osatu arte. Hain zuzen, istorioaren hitzak eta irudiak aldi berean lantzen ditu berak. "Gidoia eta irudia beti sortzen dira paraleloan; bakoitzak bere erara egiten ditu filmak, eta gure kasuan horrela da; batzuetan hitza gailentzen da, eta beste batzuetan, irudia. Ez da eraginkorrena, baina hala da". Lan egiteko bere moduaren xehetasun gehiago ere eman ditu. "Ez dugu gidoi erabat itxia izaten animazioa hasi baino lehen. Ekoizleak asko kezkatzen dituen zerbait da, baina hori da lan egiteko gure modua: hari batetik zintzilik egotea azken ordura arte. Horrek erne egotera behartzen zaitu, eta niretzat halako prozesu luzeetan beharrezkoa da segurtasunik eza azkenera arte mantentzea, ez erlaxatzeko, adi egoteko".

Pauso bat, 29 urrats

Erakusketaren ibilbidean aurrera eginda, gamelu baten 29 marrazki ageri dira, ia igualak baina aldaera txikiekin, animazio batean haren pauso bat irudikatzeko behar direnak, hain zuzen. Halako film batek atzean duen lan eskergaren adibide bat baino ez da. 85 minutuko filma ondu du Herguerak; 2012an abiatu zuen proiektua, eta 2020an sartu zen ekoizpen prozesuan. Adibiderako, sei hilabete eman zituzten eszenetako 800 atzealde marrazten, leku askotako adartxoak baliatuta.

Pertsonaiak sortzeko prozesua, kartoi beltzean eta landare paperean egindako ebakigarriak, multiplanoaren teknika eta artistaren bidaia koadernoak ere ikusi ahal dira erakusketan. Baita filmetik baztertutako eszenak eta frogak biltzen dituen bideo bat ere.


uhinak

Uhinak

Ra Asensi

Bilboko Euskal Museoa - Kukula (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Uztailaren 08tik
2026ko Abenduaren 28ra

the-new-ink

The New Ink.

Matias Ofizialdegi (SMOF)

La Fabrica De Gomas (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Urriaren 25era

isiltasun-lurraldeak

Isiltasun lurraldeak

Evelyne Herisson

DIDAM (Baiona, Lapurdi)

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 22ra

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.