artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Euskara bat norberarena

Ederrak iruditzen zaizkion euskal hitzak bildu ditu Sonia Rueda artistak erakusketa batean. Etimologiari baino gehiago, hitzek eragindako sentsazioari erreparatu dio.

euskara-bat-norberarena
Sonia Rueda Bilboko Foru Liburutegiko areto nagusian, bozetoen bitrina baten aurrean. Arg/ MONIKA DEL VALLE / FOKU

Amaia Igartua Aristondo [Berria.eus]
| 2023ko Irailaren 25a

Hitz bat izan zen aurrena, haren soinuak eta egiturak liluratu egin baitzuten Sonia Rueda artista: eskuzabal, zabalik dagoen eskua. "Oso ederra iruditu zitzaidan". Zirrara bera eragiten dio ezbai-k. "Zalantza adierazteko, batzen dira ez eta bai. Ezin da hobeto azaldu!". Berba batean, esanahien mundu bat: hura osatzen duten zatiena, elkarketak sortzen duena, eta hartzaileari iradokitzen diona. Sintetikoa, eta aberatsa. "Poema bat", Ruedaren irudiko. Halakoen aukeraketa batekin bete du artistak Bilboko Foru Liburutegia, areto nagusia eta hainbat solairu hartzen dituen erakusketa batean: Hitz politen soinuak eta zeinuak. Ageri dira berbak, esanahiak, eta horiek inspiratutako marrazkiak. Azaroaren 18ra arte ikus daitezke.

Hitz politak liburua du oinarri mostrak (autopublikazioa, 2022), eta bigarren edizioa kaleratu du berriki, Miren Agur Meaberen kondaira batekin jantzita. Euskara ikasteko prozesuan, ederrak iruditzen zaizkion hitzak apuntatu zituen artistak, pintura ikasleek aipatzen zizkiotenak, tabernan entzuten zituenak... Laurehun bat bildu zituen, eta 160 aukeratu libururako. Areto nagusian, bilketa lan hori jaso dute hainbat bitrinatan: ageri dira boligrafoz eta arkatzez idatzitako hitz zerrenda luzeak, paper zikinduagoak, garbira pasatutakoak, edozein txatal eta libretatan gordetakoak, horiek gogora ekarritako bozeto azkarrak, irudi osatuagoak... Zorroztasun etimologikotik aldenduta, nolanahi ere. "Definizioak zuzenak dira; esanahi asko daude, eta nik batzuk aukeratu ditut. Baina, batez ere, hitzok nigan eragiten duten sentsazioen bilketa bat da".

Musikak biribiltzen du bilduma, eta dolua da bizkarrezurra, oharkabean. 2015ean, Ruedaren bikotekide eta artearen inguruko ikerlari eta dibulgatzaile Xabier Saenz de Gorbea hil zen. "Artetik eta bizitzatik baztertu nintzen", oroitu du artistak. "Bizitzarekin nuen kontaktu bakarra Armintzan [Bizkaia] ematen ditudan pintura eskolak ziren, eta nire lagun Esther Simon, zeinak esan baitzidan euskararekin jarraitu behar nuela". Orduan hasi zen hitzak pilatzen eta irudiak egiten, "proiekturik gabe, kontziente izan gabe. Gerora konturatu nintzen marrazkietan oinazea zegoela, igarotzea eta etorkizuna". Musika pieza banarekin lotu du etapa bakoitza: arima ematea-z mintzo da Luis de Pablo eta Iñaki Alberdiren Capricho (1984-2019) piezaren bidez; zaharberritu da Zuriñe F. Gerenabarrenaren Gautu-rekin (2018); eta berpiztu, proiekturako propio ondutako lan batekin, Carlos Nuñez Medina eta Raul Jimenez del Rioren Ber konposizioarekin (2023) —Kepa Junkeraren ibilbide pertsonalean eta profesionalean oinarrituta dago—.

Artea da, artearen ohiko erakustokietatik kanpo komunikatua. Eta komunikazioa da, artea bihurtuta. "Lengoaiari egindako kantu bat da; batez ere, menperatzaileak ez diren horiei". Izan ere, euskararekin uztartu ditu zeinu hizkuntza, braillea eta morsea. "Euskara ikasten hasi nintzenean, uste nuen ez nuela inoiz hitz egingo; orain, hitz egiten dut, baita lehenagotik ere, okerrago hitz egiten nuenetik. Euskaraz komunikatzeko gai izatea bataioa izan zen. Eta, komunikazioaz gain, topatu dut plastika bat, eta edertasuna". Beste horrenbeste gertatu zaio keinu hizkuntzarekin, kasurako. "Kontua ez da beste hizkuntzak ikastea; sortu egin behar ditugu, haiekin komunikatu behar dugu ahal dugun bezala".

Jakintzara egokitua

Erakusketan, hitzak eta irudiak liburutegira moldatu ditu. Solairu bakoitzean, lamina handi bat ipini du, eta bestelako irudi batzuk kokatu ditu binilo gardenetan, irekitzen den leihoaren sinbolismoa txertatzeko. Lehenengo solairuan, Argitalpen Orokorretan, begi luze bat pintatu du. "Begiluze: ezin da kuriositatea hobeto deskribatu". Buruz behera dagoen giza figura batean mamitu du, ostera, helburu kontzeptua. "Jasotzen dugun jakintza nola edo hala iragazi behar da, helburuak izan behar ditugu, asmoak".

Bigarren solairuan, Argitalpen Periodikoetan, ufa berbaren inguruan sortutako ilustrazioak ematen du ongietorria: lagun bat ageri da putz egiten. "Irudikatzen du bakoitzak jasotzen duena, eta hori helarazteko duen gaitasuna". Eta, gertu, iturbegi, ura jariatzen duen begi batean gorpuztua. "Liburutegia da jakintza sortzen den leku bat, eta uraren etengabeko jarioak argitalpenen maiztasuna erakusten du". Ura ageri da, halaber, hirugarren solairuan, gai eta baliabide mordoa biltzen dituen horretan, non, besteak beste, ikusmen urritua dutenentzako gela bat dagoen. Hitz arabiar bat hautatu du: gurfa, esku ahurrean kabitzen den ur kopurua. Euskaraz, jakintzarekin lotu du orobat sorgin, sortu eta -gin partikulak eratua. "Sortzen duen hori", hain zuzen. Eta ipurtargi-rekin, ukitu "dibertigarria" gehitu dio mostrari. "Oroitzeko erraza da".

Laugarren solairuan, ikerlarien txokoan, Saenz de Gorbearen erretratu bat pintatu du, eta hari ere hitz bat esleitu dio: ezinbesteko; ezin eta beste: "Ezinezkoa da beste bat egitea". Ruedak berak azalduko ditu proiektuaren ertzok bisita gidatuetan, asteazkenero, 19:00etatik aurrera.


macula-et-materia

Macula et Materia

Sally Mann

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Uztailaren 17tik
2026ko Urriaren 18ra

ipar-baltza

Ipar Baltza

Erlea Maneros Zabala

CarrerasMugica (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Azaroaren 08ra

uhinak

Uhinak

Ra Asensi

Bilboko Euskal Museoa - Kukula (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Uztailaren 08tik
2026ko Abenduaren 28ra

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.