artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Picassoren alderdi ezezagunena

Mende erdi bete da aurten Pablo Picasso hil zenetik, eta, haren omenez, 'Picasso eskultore. Materia eta gorputza' erakusketa zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak

picassoren-alderdi-ezezagunena
Arg/ MONIKA DEL VALLE - FOKU

Olatz Enzunza Mallona [BERRIA.eus]
| 2023ko Irailaren 30a

Orain arte nahiko ezkutuan mantendu izan bada ere, ibilbide artistiko osoan zehar landu zuen eskultura Pablo Picassok (Malaga, Espainia, 1881-Mougins, Frantzia, 1973). Haren arabera, diziplina bat gehiago zen eskultura, eta pinturaren, marrazketaren, grabatuaren eta zeramikaren parean jartzen zuen: "Ez dago gainerakoak baino garrantzitsuagoa den arterik". Oraingo honetan, Picassoren eskulturei eskaini die arreta osoa Bilboko Guggenheim museoak: artistak 1909tik 1962ra bitarte egindako 50 eskultura inguru bildu dituzte Picasso eskultore. Materia eta gorputza erakusketan. Giza figura eta materia dira erakusketaren ardatza, eta formatu, material eta estilo ugari tartekatzen dira. Carmen Gimenez aritu da komisario lanetan, Lucia Agirreren laguntzarekin, eta urtarrilaren 14ra arte bisitatu ahal izango da museoaren bigarren solairuan.

Zehazki, Dama eskaintzailea obrak zabaltzen du erakusketa, 205. gelan. Horixe da aretoan dagoen pieza bakarra. "Itzela da, ezta?", esan du Gimenezek aretora sartu bezain laster. 220 x 122 x 110 zentimetro hartzen ditu, eta aretoaren erdi-erdian dago kokatuta. Hasieran, igeltsuz modelatutako emakume bat egin zuen Picassok. Eta, 1933. urtean, jatorrizko pieza hartatik abiatuta, brontzezko bi pieza eta zementuzko beste bat sortu zituen. Brontzezko piezetako bat Picassoren hilobian dago egun, eta bestea museoan dago ikusgai. "Pieza honen desproportzioek antzinako ugalkortasunaren jainkosak ekartzen dizkigu gogora. Besteak beste, Willendorfeko Venus txikia edo Lespugueko Venusa", gehitu du komisarioak.

Erakusketako gainerako pieza guztiak kronologikoki antolatuta daude. Komisarioak, gainera, horietako bakoitza osorik inguratzeko gomendioa egin du behin eta berriro: "Ertz guztietatik begiratu behar dira Picassoren obrak; izan ere, pieza bakoitza asko aldatzen da ikuslearen ikuspuntuaren arabera".

Picasso 1909. urtean hasi zen lan kubistak egiten, eta, hain zuzen, garai hartako obretako batzuk bildu dituzte 206. aretoan. Emakume burua deiturikoa izan zen mugimendu horren barruan landu zituen aurreneko piezetako bat, eta, horrexek pizten du arretarik handiena aretoan: Fernande Olivier Picassoren bikotekidearen busto bat da. "Olivierren anatomia eta ezaugarri bereizgarrienak fazeta geometriko eta organiko bihurtu zituen artistak", azaldu du Gimenezek.

Bi dimentsioetatik harago joateko beharraren ondorioz, material eta teknika industrialekin esperimentatzen hasi zen Picasso. Horren erakusgarri da Guillaume Apollinaire lagun mina hil ostean sortu zuen Guillaume Apollinaireren omenezko monumentu baterako proiektua pieza: "Picassok lagunaren hilobian jarri nahi izan zuen eskultura hori, baina Apollinaireren senideek ez zuten onartu". Garai hartan, silueta geometrikoz osatutako giza figuraren hainbat zirriborro egin zituen artistak, eta horiek eskulturara eramateko, Julio Gonzalez eskultorearen laguntza izan zuen.

Materialen nahasketa

1930. urtean, Picassok Chateau de Boisgeloup lantegia erosi zuen Normandian (Frantzia), eta orduan ekin zion igeltsuarekin lan egiteari. Komisarioak azaldu duenez, Maria Therese Walter gaztearen fisionomia hartu zuen garai hartan inspirazio iturri gisa, eta haren hiru pieza daude ikusgai 207. aretoan.

Gimenezen arabera, "eskultura laborategi bat" izan zen Normandiako tailer hori artistarentzat, eta, igeltsua lantzeaz gainera, bestelako elementu batzuk nahasten ere hasi zen. 209. aretoan ikusgai dagoen Buru kaskoduna obran, esaterako, teniseko pilotak erabili zituen artistak begiak irudikatzeko. "Eskultura bitxia da: sudurra etengabe aldatzen da ikuslearen ikuspuntuaren arabera", esan du komisarioak. Bestalde, Emakume hostoduna pieza egiteko, adreiluak eta kartoia erabili zituen Picassok, besteak beste. Bernard Ruiz-Picasso artistaren ilobak gogoan ditu aitonaren oroitzapen batzuk: "Askatasun osoz lan egiten zuen, eta beste zerbait bihur zitekeen edozein material erabiltzen zuen obrak sortzeko".

Lehen Mundu Gerra Frantzian igaro zuen artistak. Materialaren urritasunak eta erakusketarik egin ezin izanak izugarri mugatu zuen Picassoren lana. Hala ere, aldi horretakoak dira haren ibilbideko obrarik nabarmenetako batzuk. Horren erakusgarri da Dora Maar argazkilariaren omenez egindako Emakume burua pieza. 203. aretoan dago ikusgai: brontzezko busto bat da, eta antzinaroko erreferentzia nabarmenak ditu, komisarioaren iritziz. Burezurra (hildako baten burua) piezak, bere aldetik, deskonposatzen ari den buru bat irudikatzen du. Areto horretan Francoise Gilot emaztearen haurdunaldia irudikatzen duen eskultura bat ere badago: Emakumea haurdun. "Ur pitxerrak erabili zituen Picassok obra horretan sabelaldea eta bularrak irudikatzeko. Piezaren gainerakoa modelatu egin zuen".

1956. urtean, aurkitutako objektuetara jo zuen berriro ere Picassok. Orduan sortu zituen Emakumea zutik eta Bainulariak eskultura multzoak. Zurez eta brontzez egin zituen, hurrenez hurren. 202. aretoan daude ikusgai pieza guztiak, eta nortasun propioa du horietako bakoitzak.

204. aretoan ere obra bakarra ikus daiteke: Neska sokasaltoan. Francoise Gilotek honako hau idatzi zuen pieza horren inguruan Vivre avec Picasso liburuan: "Pablok lurra ukitzen ez zuen eskultura bat egitea amesten zuen, eta neska bat sokasaltoan ikustean, arazoaren irtenbidea aurkitu zuen".

Handik metro gutxira amaitzen da erakusketa, 208. aretoan. "Areto honetan bildu dugu Picassoren azken aldia", adierazi du komisarioak. Haren ibilbideko azken eskulturetan metalezko xaflekin lan egin zuen, eta horietako batzuk margotu ere egiten zituen. Joseph-Marius Tiolaren laguntza izan zuen garai hartan; hark lagundu zion Picassori bere marrazkietako batzuk eskultura bihurtzen. Emakume burua da Picassoren ibilbideko azken obra: Jacqueline Roqueren albora begirako erretratu bat da.

50. urteurrena

Aurten bete dira 50 urte Pablo Picasso hil zenetik, eta, haren omenez, dozenaka erakusketa eta ekinbide antolatu dira han eta hemen. Guggenheim museoak Malagako Picasso museoarekin elkarlanean antolatu du Picasso eskultore. Materia eta gorputza erakusketa. Malagan izan da ikusgai lehenik, eta urtarrilera bitarte bisitatu ahal izango da Bilbon.

Erakusketarekin batera, artistari eskainitako monografiko bat ere argitaratu dute Gimenezek, Diana Widmaier-Ruiz Picassok eta Pepe Karmelek elkarlanean. Picassoren eskultura lanari buruz egindako saiakerak biltzen ditu, erakusketako obren irudiekin nahastuta. Bestalde, didaktika proiektu bat ere jarri du martxan museoak, erakusketaren osagarri gisa. Hitzaldiak, bisita bereziak, askotariko tailerrak eta dantza saioak egingo dituzte, besteak beste.


fig-bilbao

FIG Bilbao

Paper Arte eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdia

Euskalduna Jauregia (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Azaroaren 26tik
2026ko Azaroaren 29ra

maitia-begira-nazazu

Maitia, begira nazazu

Ritha Thende Komba Mingomba

Marzana aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Apirilaren 30etik
2026ko Ekainaren 12ra

azkenean-hondartza

Azkenean hondartza!

Claude Nori

L'Angle (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Ekainaren 12tik
2026ko Uztailaren 19ra

prezioa-eta-balioa

Prezioa eta balioa

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 22a

Igandean Museoen Nazioarteko Eguna izan zen eta, ohikoa den bezala, gure inguruko museoek ekintza ugari eskaini zituzten. Horrez gain, lurraldeko museo guztien sarrera doakoa izan zen. Eta urtero bezala, Bilbo aldean bizi eta artea gogoko duten nire lagun eta ezagun gehienak Guggenheim museora joan ziren.

metalezko-basoan-barrena

Metalezko basoan barrena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 22a

RUTH ASAWA: ATZERA BEGIRAKOA. | Artista: Ruth Asawa. | Non: Bilboko Guggenheim museoan. | Noiz arte: Irailaren 13ra arte.

gernika-k-mugitzen-duen-guztia

'Gernika'-k mugitzen duen guztia

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 21a

Pablo Picassoren lana Bilboko Guggenheim museora eramateko eskaria egin dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, eta, ezezkoa erantzun dioten arren, kolpean piztu da berriz ere koadroaren kokapenari buruzko debatea. Lur mugikorrak ditu oinarrian.

esther-ferrerrek-jasoko-du-eusko-ikaskuntza-laboral-kutxa-saria

Esther Ferrerrek jasoko du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 20a

Artistak arte garaikidearen berrikuntzan eginiko "ekarpen erabakigarria" nabarmendu du epaimahaiak, bai eta haren obrak nazioartean erdietsitako proiekzioan azpimarra egin ere. Uztailean emanen diote garaikurra.

veneziako-biurtekoa-giro-gatazkatsuan-ireki-da

Veneziako Biurtekoa giro gatazkatsuan ireki da

| 2026ko Maiatzaren 19a

Veneziako 61. Biurtekoaren maiatzaren 6ko aurre-irekieraren egunetik hasita, protesta eta ekintza ugari egin dira Arsenalen eta Giardinian, Errusiaren eta Israelen parte-hartzea salatzeko.

arantzazuko-argiztatzailea

Arantzazuko argiztatzailea

Enekoitz Telleria Sarriegi [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 18a

Xavier Alvarez de Eulatek Arantzazuko santutegian jarritako beirateek 70 urte izango dituzte aurten. Urteurrena kari, erakusketa bat jarri dute frantziskotarren komentuan: ‘Lux Vitae'. Argi egin diote fraide artistaren ibilbideari.

erronkariko-borlen-arrastoak

Erronkariko borlen arrastoak

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 15a

'Muskoko' | Artista: Leyre Arraiza. | Non: Iruñeko Ziudadelan. | Noiz arte: Maiatzaren 24ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.