artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Arantzazuko argiztatzailea

Xavier Alvarez de Eulatek Arantzazuko santutegian jarritako beirateek 70 urte izango dituzte aurten. Urteurrena kari, erakusketa bat jarri dute frantziskotarren komentuan: ‘Lux Vitae'. Argi egin diote fraide artistaren ibilbideari.

arantzazuko-argiztatzailea
Xavier Alvarez de Eulateren beirateetako bat, Arantzazuko santutegian. JON URBE / FOKU

Enekoitz Telleria Sarriegi [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 18a

Zeru apurtuak, eta haien urdina. Alboetatik dator argia, iluntasun soil horretan. Oteizaren apostoluen azpitik igaro, eta Txillidaren ateetan barrena egin. Epela da han ospela. Muñozen absideari egun-argi zuri bat dario. Baina bristada urdinxka hori? Nondik dator? Gurutzerian daude foku zartatuak ezkutatuta. Tximeleta formadun beirateak dira, Alvarez de Eulaterenak. 70 urte daramatzate Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) santutegiari argi egiten.

Eta horiengatik da ezaguna Xavier Alvarez de Eulate fraide eta artista frantziskotarra (Donostia, 1919-Bermeo, Bizkaia, 2012), baina hori baino askoz ere gehiago zelako jarri dute hari buruzko erakusketa bat Arantzazuko frantziskotarren komentuko klaustroan: Lux Vitae. "Gizon horrek beti argiarekin eta kolorearekin egin zuen lan. Zentzu erlijiosoan, betiere. Baina kolorearen maisua zen, eta hori transmititu nahi izan dut erakusketan. Sekulako sentsibilitatea zeukan degradazioekiko, testurekiko... Eta lux hitzak ongi biltzen du guztia", azaldu du Juan Aiestak, erakusketaren komisario eta Eulateren dizipulu eta lagunak. "Kariño handia nion, eta banuen zor emozional bat harekiko".

Beraz, "herentzia baten modura" jaso du zeregina Aiestak. Iaz deitu zioten Alvarez de Eulateren obra ordenatzeko. "Haren legatua da, haren frantziskotar komunitatearena". Baliabide eta jende faltarengatik zegoen ordenatu gabe. Urtebete baino gehiago eman dute haren lana sailkatzen. Haren obraren seiehun erreferentzia inguru daude Gipuzkoan. Zergatik orain? "Eulateren obra ez da batere ezaguna. Arrazoi asko daude tartean, baina horietako bat da berari bost axola zitzaiola ezaguna izatea. Bakean uztea nahi zuten. Asko kostatzen zitzaion jendaurrean aritu behar hori. Jainkoari esker —etxe honetan horrela esaten da—, Eulate artearen munduan gauza batengatik zen ezaguna: ‘A, bai! Arantzazuko beirateak egin zituena!'. Baina oso jende gutxik ezagutzen ditu haren margolanak. Beraz, bere obra katalogatzen ari ginenez, zerbait egitea erabaki genuen: ‘Aizue! 1956an jarri zituen beirateak, eta 70 urte egingo dituzte aurten. Bada urteurren esanguratsua'. Eta areto hau ireki genuen komentuko klaustroan". Fraideak siestan dauden bitartean hasi da bisita gidatua.

Komentuan hasi da Aiesta pasieran. "Ikertzen hasi nintzen, eta beirateei buruz horren ezagunak ez diren gauza batzuk ere agertu ziren: beirateak egiteko erabili zituen kartoiak, esaterako. Eta pentsatu nuen nire baitarako: ‘Badago zer kontatua'. Eta hori da helburua: gizon honek egin zuen guztiari balioa ematea, eta dibulgatzea". Izan ere, Alvarez de Eulateren pintura lana "oso ezezaguna" dela dio Aiestak. "Adibidez, ez zegoen haren argazkirik bere estudioan margotzen. Hemen dagoen hau nik ateratakoa da, 1990ean". Erakusketaren hasieran dago jarrita. Maiatzaren 2an ireki zuten, eta ekainaren 28ra arte egongo da zabalik. Asteburuetan ikus daiteke, eta sarrera doakoa da. Larunbatetan (11:00), bisita gidatuak egingo ditu Aiestak. Hamabi laguneko taldeetan, gehienez. Eta aurrez eman behar da izena, helbide honetan: eulate@arantzazu.org. Arantzazuko Frantziskotar Probintziak eta Arantzazuko Adiskideak elkarteak antolatu dute, eta hitzaldi bat ere emango du Aiestak, ekainaren 20an.

Teknikak, gaitegia, abstrakzioa, kolorearen erabilera... koadroz koadro joan da Aiesta. "Aroztegiko oholen gainean marrazten zuen, eta pintura industriala erabiltzen zuen. Oso frantziskotarra zen horretan". Serieak eta haren "obsesioak". Diagonalen seriea —"espazio kosmikoak deitzen zien berak"—, zerumugen seriea, sutan dagoen sasiari buruzko seriea —"irudi bibliko bat da"—, agerkunderako espazioaren seriea... 93 urte zituela hil zen Alvarez de Eulate, eta Erriberriko komentuan (Nafarroa) egin zituen urte gehien. "Ez zen artearen merkatuan egon. Eta haren obra asko truke bidez emanak dira. Horregatik daude haren obrak dituzten dentistak eta medikuak. Eta oholak eta egurrak eramaten zizkiotenek ere haren obrak jasotzen zituzten trukean. Ordaindu ere egin zizkioten batzuk, baina bera ez zen horren bila inoiz joan".

Argi ederra sartzen da klaustroan. Kolore berdeko udaberria hautematen da leihoetan, eta enara azpizuriak ikusten dira olgetan harkaitz zuloetan. Lehen solairukoak ikusita, eskaileretan behera egin behar da bigarrenera. Koadro txikiagoak ikus daitezke ibilian: natura hilak, Miroren eraginak, eta artistaren Errukiñe. Ate sekretuak eta pasadizoak. Eta, azkenean, barru-barruraino: sukalderaino. Fraideen otorduaren usain ona eta Alvarez de Eulateren gustu ona nahasian. Antigoaleko klaustro moderno bat, kolorez jantzia. "Laurehun bat obra daude hemen. Eta horietatik hirurehun Erriberriko komentuan zeuden. Itxi egin zuten, baina haren tailerretik hona ekarri zituzten".

Beirateei begira, korutik

Lehen solairura berriz, eskaileretan gora. Beste sorpresa bat dago han: "Ezetz asmatu ate honetatik nora iritsiko garen?". Ez dago erraza asmatzen. "Korura goaz hemendik. Hortik atera kontuak, zer-nolako sakoneran dagoen eliza eraikita: komentuaren goiko solairua koruaren parean dago". Eta korridorean aurrera eginda, argi urdinxkaren bristada hori berriz. Tximeleta formadun foku zartatu horiek berriz: Alvarez de Eulateren beirateak. Haiei begira jarrita Aiestaren lehen esplikazioak: "1919an jaio zen Eulate, eta 1942an ordenatu zen apaiz. 1950-1955 bitartean hasi ziren Arantzazuko arkitektura eraikitzen. 1952an, eskultoreak aukeratu eta lanak banatu zituzten. 1954an erabaki zuten beirateak hor jarriko zirela [tokia seinalatu du]. Eulate ongi posizionatuta zegoen absidea egiteko ere, baina uste dut ez zutela gai ikusten halako lan bat egiteko. Beirateak agindu zizkioten, eta bete-betean asmatu zuten. Haren obra osoa aintzat hartuta, beirateak baitira haren lanik onenak. Ez dago bat txarra".

Goratu ditu Aiestak Arantzazuko beirate horiek, baina artistaren garaiko egoera eta ibilia nabarmendu ditu gehienbat. "Santutegia inauguratu zutenean, beirateak iritsi gabe zeuden oraindik. 1956an jarri zituzten, baina hark 1954an diseinatu zituen, eskatu zizkiotenean. Metzera joan zen. Beirateetan maisuak zirenak zeuden han. Ez dakigu oraindik nolatan joan zen hara, baina 1953an han zegoen, hango komentu bateko kapera bateko beirateak egiten. Orain jakin dugu hori".

Beraz, 1954an hasi zen beirateak diseinatzen, baina 1952ra arte "autodidakta" izan zen; eszena erlijiosoak bakarrik marrazten zituen, eta ez zeukan zerikusirik arte abstraktuarekin. 1951n, haren goikoek Madrilera joatera gonbidatu zuten, Arte Ederren Akademiara, San Fernandora. "Ikasturte bakarra egin zuen, arratsalde guztiak Oteizarekin ematen zituelako haren tailerrean. Oteiza orduan Madrilen zegoen. Eta ordurako jasoa zuen Arantzazuko eskulturen enkargua". Harreman handia egin zuten. "Eulatek behin esan zidan akademia utzi egin zuela arratsalde guztiak Oteizarekin egiten zituelako". Ciudad Linealen zeukan estudioa. Erakusketaren hasieran, bien argazki bat dago, han ateratakoa. "Oteizarekin egoteak, eta akademian beste joera artistiko batzuk ezagutzeak, beste ikuskera bat eman zioten. Ordura arte pintatu zuenak eta handik aurrera pintatu zuenak ez dute zerikusirik".

Eta jarri da Aiesta santutegiko korutik beirateei begira: "Ikusten dira sasiak, ikusten da sugarren bat, ilargi bat, eta goiko parte hori zerua litzateke; zeru apurtu bat. Baina inportanteena ez da alderdi figuratibo hori; niretzat inportanteena urdin horiek modu masiboan erabiltzea da". Etengabe argiaren bila ibili baitzen Alvarez de Eulate: "Haraindiko argia; betiereko argia". Eta korutik jaisterakoan, Oteizaren hausnarketa bat: "Oteizak galdetzen zuen: ‘Nola adierazten da espiritualtasuna artean? Abstrakzioaren bidez'. Abstraktuak ez zaitu mugatzen, eta mundu espiritual batera eramaten zaitu. Begiratu kolore urdin horiei, eta absidearen argitasunari. Ematen du bataren koloreak ados jarri direla bestearenarekin. Argiak ikusten dituzu, eta ez dakizu nondik datozen". Eulate argiztatzaileak jarri zituen han.


behin-eta-berriz-hasi

Behin eta Berriz hasi

Oaia Peruarena

Ekain (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Uztailaren 09tik
2026ko Irailaren 05era

get-me-a-stone

Get me a stone

Rosalind Nashashibi

Artium (Gasteiz, Araba)

2026ko Ekainaren 12tik
2026ko Azaroaren 01era

erretratu-intimoa

Erretratu intimoa

Pilar Belzunce

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2025eko Ekainaren 05etik
2026ko Abenduaren 26ra

barreiatutako-paisaiak

Barreiatutako paisaiak

Gerardo D'Abraira

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 10etik
2026ko Irailaren 06ra

mitologiak

Mitologiak

Bonnat Museoa (Baiona, Lapurdi)

2026ko Uztailaren 08tik
2026ko Azaroaren 09ra

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

testigantza-liburu-bat-oteizaz-oteizarengatik-eta-oteizari

Testigantza liburu bat Oteizaz, Oteizarengatik eta Oteizari

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 27a

Jorge Oteiza "ezagutzeko" liburu bat ondu du Jose Julian Bakedanok, Pamielarekin. Eskultorearekin izandako "harremana" inportantetzat daukaten 36 lagunen ahotsak jaso ditu, Atxagarena eta Moneorena tartean, eta dozenaka argazkirekin osatu du lana.

roberto-chartamek-geometria-mundu-naturalera-darama-cristina-enean

Roberto Chartamek geometria mundu naturalera darama Cristina Enean

| 2026ko Ekainaren 26a

Cristina Enea Fundazioak uda honetarako egin duen erakusketa-proposamenak, Ura Besterik Ez, herritarrak gonbidatzen ditu mugarik ezagutzen ez duten espazioak eta bolumenak okupatzen dituzten geometrietan murgiltzera. Horren karietara, Roberto Chartamek naturaren hizkuntza berarekin lan egiten du. Bere erreminta airean eta aluminioan tenkatutako hariak dira, eta horiekin Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxeko hiru aretoak marrazki bizigarri handi bihurtzen ditu.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.