artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Veneziako Biurtekoa giro gatazkatsuan ireki da

Veneziako 61. Biurtekoaren maiatzaren 6ko aurre-irekieraren egunetik hasita, protesta eta ekintza ugari egin dira Arsenalen eta Giardinian, Errusiaren eta Israelen parte-hartzea salatzeko.

veneziako-biurtekoa-giro-gatazkatsuan-ireki-da
Manifestazio bat Isralego eta AEBetako pabiloien aurrean. Arg/ Avedis Hadjan. Hyperallergic.

| 2026ko Maiatzaren 19a

Arte garaikideko erakusketa ospetsuaren antolatzaileek azken unean emandako norabide-aldaketak ez du balio izan duela hainbat aste Duxen hiria asaldatzen ari zen sua itzaltzeko. Gogoratu behar da Pietrangelo Buttafuocok, Biurtekoaren presidenteak, artearen munduko eta nazioarteko esfera politikoko sektore baten haserrea piztu zuela 2026ko martxoaren 4an errusiar pabiloiaren itzulera iragarri zuenean. Herrialde horrek ez zuen Venezian ordezkaritzarik Ukrainako gerra hasi zenetik —2022ko 59. edizioan, pabiloiko artista eta komisarioek uko egin zioten parte hartzeari protesta gisa, eta 2024an Errusia ez zuten gonbidatu—.

Europako Batzordearen presiopean —apirilaren 23an iragarri baitzuen 2028ko ediziorako 2 milioi euroko laguntza bertan behera uztea—, eta Biurteko epaimahai osoaren dimisio historikoak ahulduta (apirilaren 30ean gertatua, aurre-irekiera baino egun batzuk lehenago), Buttafuocok azkenean Biurtekoa iraun bitartean errusiar pabiloia jendearentzat itxita egongo dela adierazi zuen.

Bestalde, Israelgo pabiloia —61. edizio honetan itzuli dena, bere ordezkariek 2024an Gazako zerrendan gertatzen ari den genozidioagatik pabiloia itxi ondoren— zabalik egongo da Arsenaleko gunean, Giardiniko pabiloi nazionala lanetan baitago. Hori horrela izango da, Biurtekoarekin lotutako ia 200 artista eta komisariok martxoaren 31n Israel kanporatzeko eskatuz gutun ireki bat sinatu bazuten ere.

Pussy Riot eta Femen taldeen ekintzak

Nahiz eta errusiar pabiloia itxiko zela iragarri, protesta ekintzen olatu batek hartu zituen Arsenal eta Giardini aurre-irekierako hiru egunetan (maiatzak 6, 7 eta 8), artearen eta komunikabideen munduko 28.000 profesional inguru bildu zirenean.

Maiatzaren 6ko goizean (asteazkena), Pussy Riot taldeko hogei bat kide (tartean Nadya Tolokonnikova, kolektibo feminista errusiarraren sortzailea bera), beltzez jantzita eta aurpegi-estalki [txano] arrosekin, ke-poteak piztu eta punk kantuak abestu zituzten errusiar pabiloiaren aurrean.

Une berean, Femen taldeko kideak ere bertan ziren, Inna Shevchenko aktibista ukrainarra barne, "Odola da Errusiaren artea" bezalako leloak zituzten pankartekin.

Errusiar mugimendu separatistak

Giardiniko sarreran, beste kolektibo batek jarri zuen hitzordua egun bereko goizean: Free Nations League (Nazio Askeen Liga), Ukrainako gerra hasi eta gutxira sortutako Errusiako 15 mugimendu separatistaren aliantza. Errusiak kolonizatutako herrien eskubideak defendatzen dituzten preso politikoen izenez betetako stand baten aurrean, aktibistek Simon Skrepetski artistaren margolanak jarri zituzten, tartean Vladimir Putin gorpu mendi baten gailurrean ageri zela.

Aldi berean, Shalva Nikvashvili jatorri georgiarreko artistak performance bat egin zuen beste sarrera baten aurrean. Higitu gabe, mutur baten antzeko aurpegi-estalki beltz bat jantzita, pankarta bati eusten zion, honako esaldi honekin: "La Biennale di Venezia loves violence" (Veneziako Biurtekoak indarkeria maite du).

Letoniako pabiloiko artista, komisario eta antolatzaileek, berriz, "Death in Venice" ("Heriotza Venezian", Thomas Mannen izen bereko liburuari [1912] erreferentzia eginez) izeneko protesta kanpaina koordinatu zuten. Logoaren diseinua Krišs Salmanis artistak sortu zuen Rigako Letoniako Arte Garaikideko Zentroan (LLCA) egindako workshop batean. Maiatzaren 6an ere, herrialde baltikoetako pabiloietako komisarioek Ukrainaren aldeko martxa bat antolatu zuten: protesta Letoniako pabiloiaren aurretik hasi zen, Lituaniako pabiloia dagoen Arsenaletik jarraitu eta Estoniako pabiloian amaitu zen.

Elkartasunez, 30 pabiloi itxita egun batez

Palestinaren aldeko jende ugarik ere mobilizazioak egin zituzten aurre-irekieratik bertatik, Israelek Biurtekoan duen presentzia salatzeko. Art Not Genocide Alliance (ANGA) kolektiboak lehen manifestazioa egin zuen Arsenalen maiatzaren 6an, 12:30ean. Bertan, ehun bat parte-hartzailek Israelgo pabiloiaren sarrera blokeatu zuten 30 bat minutuz, eta Arsenal zein Giardini osoan zehar esku-orriak zabaldu zituzten, "Onar dezakezue hau? Pabiloi genozidari ez" bezalako mezuekin.

ANGAdik 24 orduko greba deialdia ere zabaldu zieten Biurteko langile eta parte-hartzaileei maiatzaren 8rako (ostirala). Egun berean manifestazio bat antolatu zuten Veneziako kaleetan zehar, eta 1.000 pertsona baino gehiago bildu ziren. Pankartetan irakur zitezkeen leloen artean, "No Artwashing Genocide" (Genozidioaren zuriketarik ez artearen bidez) zegoen.

Mugimenduarekiko elkartasunez, ia 30 pabiloi nazionalek —Frantzia, Belgika, Austria, Erresuma Batua eta Finlandia barne— ez zituzten ateak ireki egun horretan.

—JdA-tik ekarria


hirugarren-paisaia

Hirugarren paisaia

Maria Azkarate

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Maiatzaren 15etik
2027ko Apirilaren 04ra

fond-de-bain

Fond de bain

Hermann-Paul

Baionako Euskal Museoa (Baiona, Lapurdi)

2026ko Irailaren 18tik
2027ko Urtarrilaren 10era

uhinak

Uhinak

Ra Asensi

Bilboko Euskal Museoa - Kukula (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Uztailaren 08tik
2026ko Abenduaren 28ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.