artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Igshaan Adams: "Apartheid garaian eman ziguten hondartzaren baztertxoan jarraitzen du nire komunitateak gaur egun"

Dantza oinarri duten hamar tapiz erraldoi eta sabaitik eskegitako 11 eskultura bildu ditu Adams artista hegoafrikarrak Bilboko Guggenheimen. 'Hautsa harrotzen: Gorputzen artxiboa' deitu du bilduma, eta historia kolektiboa zein intimoa uztartu ditu.

igshaan-adams-apartheid-garaian-eman-ziguten-hondartzaren-baztertxoan-jarraitzen-du-nire-komunitateak-gaur-egun
Igshaan Adams artista, Bilboko Guggenheim museoan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 10a

"Nire lanari buruzko zehaztapen batzuk eman nahiko nizkizueke, baina horretarako atzera jo behar dut". Igshaan Adams artistak abiapuntu ezin umilago horrekin abiatu du Bilboko Guggenheim museoan jarri berri duen Hautsa harrotzen: Gorputzaren artxiboaerakusketari buruzko aurkezpena, baina, ohartzerako, erakusketa osatzen duten tapiz erraldoietan hari, plastikozko apaingarri eta oihal puskak elkarrekin harilkatzen diren bezain era trinko eta organikoan hasi dira haren azalpenetan ere elkarrekin ehuntzen eta nahasten Hegoafrikako apartheid sistemaren historia, bere homosexualitatearen onarpena, erlijio erritu sufiei buruzko oharrak, arte garaikideari buruzko gogoetaketa barne bakea lortzeko egindako bilaketa intimoaren kontakizunak. Azaldu duenez, zintzotasun osoz jardunez baizik ezin baita lortu ikusleak ere lan horietan bere burua identifikatzea.

Adams 1982an jaio zen, Lurmutur Hirian, eta artista ezaguna da egun. Museoko arduradunekduela bi urte egin zioten Frank Gehry arkitektoaren eraikineko aretorik bihurri eta berezienetako batean esku hartzeko proposamena, In Situ programaren barruan, eta sortzaileak berehala igarri zuen jarraitu beharreko bidea. Guztira, hamar tapiz erraldoi eta sabaitik zintzilikatutako 11 eskultura kiribildu etaarin bildu ditu lehen solairuko gune horretan, eta mugimendua dute denek oinarrian. Batetik, Atenasen egindako dantza saio batzuen tapizerako itzulpen moduko bat dira oihal erraldoiak. Eta, bestetik, nama herriko dantzariek lurra joz harrotutako hauts hodeien oroitzapena biltzen dute eskulturek. Azaroaren 1era arte egongo dira ikusgai artelanak, eta obra horiei buruz hitzez hitz emandakoazalpenenlekukotza da ondorengoa.

Performanceak

"Beti esaten dut apartheidaren egitura oso argi ikus zitekeela gure etxean bertan, oso jende ezberdina bizi ginelako bertan. Nire aita, esaterako, pixka bat ilunagoa zen, eta beti pentsatu dut horren araberako tratua jasotzen zuela. Nire anaia, berriz, pixka bat argiagoa zen, eta tratu hobea jasotzen zuen. Denborarekin, homosexuala nintzela jakin nuen, eta musulmana ere banintzen, eta horrek barne gatazka handiak sortu zizkidan. Horregatik, gazte nintzela, 20 urte bete berritan, astuntasun moduko bat sentitzen nuen.

Sentitzen nuen ez nengoela bizitzarako prest. Ez nuen sentitzen bizimodu ona eduki ahal izateko azpiegiturarik nuenik. Jendeabakean sentitzeaz aritzen da, baina nola izan nintekeen ni bakean, bizi izan nituenekin? Baina, orduan, halako batean, bake sentsazio hori lortzeko esfortzua egingo nuela erabaki nuen, eta hainbat gauza egin nituen, konpondu edo berrantolatu beharrekoa iruditzen zitzaidan nire baitako gune horretara heltzeko. Han baziren ezabatu beharreko gauza batzuk. Hustu egin behar nuen zaborrez bete zitzaidan gune hura. Txukundu egin behar nuen.

Aita gonbidatu nuen elkarrekin performance bat egitera. Performance hartan, islamiar errituetan hildakoen gorpuak ehorzketarako garbitzen eta prestatzen diren bezala garbitu eta prestatu ninduen ni ere. Noski, ni ez nengoen hilda, baina nire bertsio gazteago bat hiltzen ari nintzen: bere aita munstro bat balitz bezala ikusten zuen, eta harekin harremanik eduki ezin zuen ume hura ari nintzen hiltzen. Ikaragarri eraginkorra izan zen erritual hura, eta argi ikusi nuen jarraitu egin behar nuela.

Orain urte asko joan dira, eta gauza asko egin ditut. Amarekin ere egin ditut performanceak, baita nire familiako eta inguruko beste hainbat kide esanguratsurekin ere. Bakean sentitzen naiz orain, edo behintzat baditut bake eta zoriontasun uneak ere nire bizitzan. Azken urteetan artea eta joskintza baliatu ditut nire baitako mundua lantzeko, eta, emaitza ona izan den arren, oraindik ere badaude gauzak".

Joskintza

"Emakume artean hazi nintzen. Ni, aitona eta nire anaia bat ginen gizonezko figura bakarrak emakumez betetako etxe hartan, eta guri ere neskei emandako hezkuntza bera eman ziguten, eta, beraz, josten ikasi genuen. Gerora, pintatzen hasi nintzen, eta kostataonartu nuen ez nuela pintatzea hainbeste maite. Alternatibak bilatzen hasi behar izan nuen, ordea, finantzaketa arazoak zirela eta, eta, josteko makina bat banuenez, orduan egin nuen aldaketa. Orduan ohartu nintzen zenbat maite nuen oihalen eta harien sentsualtasuna eta ukigarritasuna. Orduan maitemindu nintzen lehenengoz materialekin".

Dantza

"Denbora batez irakasle sufi bat izan nuen, zeinak mugimendua erabiltzen baitzuen geure baitako alderdi espiritualik sakonenetara heltzeko. Orduan jakin nuen mugimendua zela gakoa. Mugimendua da gorputzaren lengoaia, eta banekien horrek ateak irekiko zizkidala. Koreografoa den eta Hegoafrikan dantza konpainia bat duen osaba batekin hitz egin nuen, hemen bildutakoen moduko dantzen irudibatzuk sortzeko. Eta duela bi urte inguru Atenasen erakusketa batean parte hartzeko deia jaso genuen.

Dantza konpainia harekin joan ginen, eta dantzarako gunea prestatzea izan zen lehen lana. Lehenik, linoleuma jartzen genuen lurrean, eta pintura eta tinta botatzen nituen gero haren gainean. Oihal zuri bat jartzen genuen gero pintura horren gainean, eta dantzariei oihal horren gainean dantzatzeko eskatzen genien. Monotipo moduko bat sortzen zuen horrek, eta, amaitutakoan, oihala jaso eta azpian zer gertatu zen ikusten genuen. Eta geruzak ere sortu ahal izan genituen, bost edo sei egunen buruan, berriz ere oihal horien gainean jartzen genituelako dantzan dantzariak.

Irudi horiek estudiora eraman nituen, eta nire material propioak eta oroitzapenak baliatu nituen dantzaldi haietan bizi izandako bizitasun hura harrapatzen saiatzeko. [Eta, hain zuzen ere, erakusketaren atal didaktikoan elkarren ondoan ikus daitezke dantzariek margotutako oihal horietako bat eta hura oinarri hartuta Adamsek sortutako tapiza ere]".

Eskulturak

"Nire amaren senideak nama herrikoak dira. Hegoafrikako iparraldean bizi denherri indigena dira namak. Gazte ginela, tarteka, hara eramaten gintuzten. Gauez, sua pizten zuten, animaliaren bat hiltzen zuten, eta dantzan aritzen zireneuren ospakizunetan. Lurra ostikoka jotzen zuten dantza haietan, eta hauts hodeiak sortzen zituen horrek. Lurretik altxatzen ziren hondar hodei haien atzean ikusten ziren dantzarien figurak. Ikaragarri ederra zen. Oroitzapen hori itsatsita geratu zitzaidan, eta erakusketan ikus daitezkeen eskulturak sortzeko erabili ditudan erreferentzietako bat izan dira. Hodeiak direla esaten dugu, baina, noski, alanbreak eta apaingarriak baino ez dira eskultura horiek. Baina, era berean, niretzat, gainetik kendu behar ditugun gauzak ere irudikatzen dituzte".

Apartheidaren lorratza

"COVID garaian lehen aipatutako astuntasun hori bera sentitu nuen Hegoafrikari buruz, ez nuelako sentitzen herrialdea aurrera egiten ari zenik. Oraindik ere indartsua da segregazioa. Nire tailerrean ere ikusten dut hori, jende asko biltzen baita han. Baina, era berean, ez dut uste inoiz aurrera egingo dugunik. Minak eta zauriek harrapatuta gauzkate. Gainera, egitura ere ez da aldatu. Egungo Hegoafrika duela 30 urteko Hegoafrikaren oso antzekoa da, nahiz eta izan diren mugimendu txiki batzuk ere.

Edonola ere, COVIDaren garaian Google Earth erabiltzen hasi nintzen, eta gazte nintzela ezagutu nituen auzoei erreparatu nien. Lurmutur Hirian, apartheidaren urteetan, hesi altuak eta errepideak eraikitzen zituzten komunitateak bereizteko, baina Google Earthi esker, desio bideakdeitutakoak ere deskubritu nituen. Jendeak ibiliaren ibiliz sortzen dituen aurreikusi gabeko bidezidorrei esaten zaie horrela, eta bide horiek gurutzatu egiten zituzten garai bateko muga horiek. Esperantzarako sinbolo bilakatu ziren niretzat, eta haiekin obsesionatzen hasi nintzen.

Dantzari heldu aurretik, urteak eman nituen desio bide horiei begira. Dokumentatu egin nituen, eta zerbait mugitzen ari zela adierazten dutela uste dut, bide horiek ez liratekeelako existituko baldin eta jendea beste komunitateetara joango ez balitz.

Lurmutur Hirian, apartheida indarrean zegoenean, hondartzak ere bereizita egoten ziren udan. Hondartzaren parte txiki batean biltzen ginen bigarren mailako herritartzat jotzen gintuztenak, eta zurientzat edo lehen klaseko herritarrentzat izaten zen gainerako hondartza guztia. Baina orain joaten bazara, 30 urte geroago, ikusiko duzu nire komunitatea izandakoak eman zitzaigun hondartzaren baztertxoan jarraitzen duela oraindik ere. Interesgarria da muga fisikoak nola bilakatzen diren muga mental, eta halakoak askoz ere zailagoak dira gainditzeko, batzuetan ez baitzara ohartu ere egiten hor daudela. Horregatik, desio bide horiek esperantza pixka bat eman zidaten esperantza beharrean nintzen garai hartan".


amaia-molinet

Amaia Molinet

Barriek zikloa

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Ekainaren 23tik
2026ko Irailaren 06ra

fragmentua-lotura

Fragmentua & lotura

Francesca Poza, Tatiana Blanqué

Ormulu (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Ekainaren 04tik
2026ko Uztailaren 03ra

bilboko-arte-ederren-museoak-bihotz-berria-du

Bilboko Arte Ederren Museoak bihotz berria du

Mikel Garcia Martikorena [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 23a

Museoaren handitze planaren barruan egindako ataria aurkeztu dute: Arriaga ataria. Egungo bi eraikinak lotzen ditu, eta haren gainean egongo da hirugarrena. Etzi egingo dituzte ate irekiak.

zeharkako-estetikak-2026-egonaldia-abian-da-dagoeneko

Zeharkako Estetikak 2026 egonaldia abian da dagoeneko

| 2026ko Ekainaren 22a

Idensitat-en hilabetez lanean aritu ondoren, hautatutako proiektuak, AzkonaTolazaren 'Ibaiko irakurketa kluba' eta Raquel Meyers-en 'Munstroen garaia', Uharte Zentrora iritsi dira bertako testuingurutik ekainean zehar euren garapenarekin jarraitzeko.

marrazkia-san-telmo-museoko-erakusketa-berriaren-protagonista

Marrazkia, San Telmo Museoko erakusketa berriaren protagonista

| 2026ko Ekainaren 19a

San Telmo Museoak eta Fundación Mapfre-k Modernitatea marraztu (1864-1968). Marrazkiak Fundación Mapfre eta San Telmo Museoaren bildumetan erakusketa aurkezten dute, Leyre Bozal Chamorrok komisariatua. 160 artelan inguru biltzen ditu eta aurretik beste egoitza batzuetan aurkeztu zen La mano con lápiz erakusketaren egokitzapena da, San Telmo bildumako piezak gehituz. 2026ko ekainaren 20tik irailaren 27ra bisita daiteke.

guggenheim-bilbao-museoak-florence-ostende-izendatu-du-programa-eta-eduki-artistikoen-zuzendari

Guggenheim Bilbao Museoak Florence Ostende izendatu du Programa eta Eduki Artistikoen Zuzendari

| 2026ko Ekainaren 19a

Nazioarteko hautaketa-prozesua amaitu ondoren, Florence Ostende artearen historialari eta komisarioa Museoko lantaldeari batuko zaio erakundearen ikuspegi artistikoa eta edukien garapen estrategikoa indartzeko xedez. Aurrerantzean Ostende izango da Erakusketak eta Kontserbazioa, Arte-ardura, eta Hezkuntza eta Interpretazio sailen arduradun eta buru, eta Zuzendaritza Batzordeko kide ere izango da.

gudak-gelditu-ez-duena

Gudak gelditu ez duena

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 18a

Orain dela egun batzuk Yasmine Nachabe Taan-en mezu bat jaso nuen, komisariatu duen azken erakusketarako gonbidapenarekin.

monumentuen-gramatika-hedatua

Monumentuen gramatika hedatua

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 18a

'GRAMATIKA' | Artista: Mawa Orduñez. | Non: Montehermoso kulturunean, Gasteizen. | Noiz arte: ekainaren 21era arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.