artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Phos

Julia Spínolaren erakusketa Artiumen. Erakusketa-aretora sartzen gara artista baten estudiora sartuko bagina bezala, sortze-espazio kuttun baten hesi ikusezinak hautsita. Hanka puntetan sartzen gara, gure arropekin zaratarik egin gabe, eta isil-isilik, leku horretara sartzeko baimenik ote dugun geure buruari galdegiten.

phos
Arg/ Nuria Gonzalez

Jone Alaitz Uriarte [ARGIA.eus]
| 2023ko Urriaren 17a

Ilunpetan, gure begiak iluntasunera ohitzen diren neurrira, forma eskultoriko handiak antzematen ditugu, espazioan sakabanatuta, tente eta tinko. Julia Spínolaren Persona, foto, kopia erakusketara sartu berri gara.

Spínolaren gorputz eskultorikoek —guztira hamar bat— han hemenka zipriztintzen dute espazioa, aretoan nagusitzen den grisari pintzelada marroixkak gehituta. Beraien artetik igarota eta puntu ezberdinetatik ikusita, koreografia entseatu baten parte diren piezak dirudite: sendoak, irmoak, erabatekoak. Lehen begirada batean kolore marroixka nabarmentzen zait, eta piezen materialari dagokionez pista bat ematen dit horrek. Eskulturen forma ezezagunak eta horien azalera zimurtsu distiratsuak, eskultura horiek zer ote diren eta nola eginak dauden galdetzera naramate. Erakusketa honetan hutsetik hasten naizen sentsazioa daukat, lengoaia berri horretara egokitu beharrean ikusten dut neure burua.

Julia Spínola (Madril, 1978) eskulturan aritzen da batik bat, marrazkia eta serigrafia bezalako teknikak lantzen baditu ere. Gure testuinguruan artista ezaguna da, sortzaile askoren erreferentea eta bere lan metodologiaren oihartzunak gure gertuko artistengan soma ditzakegu. 2020ko uztailean, Artiatx espazioak Spínolaren Rojamente erakusketarekin ireki zituen ateak, eta Eremuakeko jardunaldietan ere parte hartu zuen Madrilgo artistak. Oraingo honetan, Gasteizko Artium-ek bakarkako erakusketa eskaini dio, non azken hamarkadako hainbat lan dauden ikusgai, ekoizpen berriko beste zenbait piezekin batera. Gerta liteke museora gerturatzen denak hainbat pieza lehenagotik errekonozitzea, baina egia da piezen instalazioak, horien artean sortzen diren erlazioak eta elkarrizketak, irakurketa berriak sortarazten dizkiola bisitariari.

Literalki ilunpetan ikusten den erakusketa da, hau da, ez dago argi artifizialik artelanak argiztatzen, eta piezei ez zaie egozten museoek eska ohi duten homogeneotasuna. Aitzitik, sabaian kokatzen diren lauzpabost idi-begietatik sartzen den argi naturala da espazioa argiztatzen duen argi-iturri bakarra, urtaroaren, eguneko orduaren eta eguraldiaren arabera guztiz aldakorra, jakina. Faktore horrek ematen dio espazioari eta bertan dauden piezei ezohiko geruza bat, eta gure begiradari ere esfortzu bat exijitzen dio. Argi ezaren eraginez, hasieran obrak itxuragabeak eta lausotuak ikusten dira, forma bihurritu identifikaezinak. Artelanetara nabarmen gerturatu beharra dago azaleko ñabarduren jabe izateko eta zuntz begetalez egindako formen akaberari erreparatzeko. Orduan konturatuko gara tonalitate marroi, gris eta arroseko hostopilak diruditela aurrean ditugun eskulturak.

2018. urtean, Spínolak Madrilgo CA2M zentroan egin zuen erakusketari Lubricán izena eman zion; termino horrek, zehazki, egunak gauari paso ematen dioenean, eta alderantziz, gauak egunari paso ematen dioenean sortzen den argi atmosferari egiten dio erreferentzia. Argitasun horrek objektuekiko dugun pertzepzioa guztiz eraldatzen digu, eta hor dago artistaren ikerketaren interesguneetako bat, Artiumeko erakusketan ere presente dagoena.

Le Corbusier arkitektoak bere eraikuntzetarako, espazioen antolaketarako eta altzarien diseinurako Modulor izeneko neurketa sistema bat asmatu zuen: gizonaren neurri eta proportzioetara moldatuta zegoen neurgailua. Spínolaren erakusketan pertsonaren presentzialtasun bat nabari da, pertsonen tamainara egindako eskulturak baitaude. Silex itxura duen landare fibrazko eskultura batek piztu dit atentzioa, tamaina handikoa da eta puztua dirudi. Orain 4.000 urte aurkitu zuten harrizko silex baten transferentzia bolumetrikoa egin du artistak. Operazio bera antzeman daiteke Rizo (2023) artelanean, ile kizkur bat abiapuntu hartuta, tamaina handitu eta hiru dimentsioetara ekarri duen eskultura. Azken hori espazio zentraletik kanporatuago dagoen gelatxoan dago zintzilik, tentsioan, iluntasunak janda, apenas da forma lausotu bat. Gerora irakurri dudanez, 1,27m eta 1,55m tarteko eskulturak egin ditu artistak, pertsonen altueraren parekoak, hots, gorputzek errekonozitzen dituen formak eta tamainak dira.

Artistaren lan metodologiari dagokionez, testu eta erreferentzia pusketez jositako bilduma batetik abiatzen da sarri, bere irakurraldietan, idatzietan edo hitzaldietan, han eta hemen, jasotzen dituen aipu eta ideien bilduma da. Pasarte horien erantzunak, hausnarketak edo deribak dira bere eskulturetan islatzen dituenak, koaderno batean hartzen diren apunteak bailiran. Beraz, erakusketa hau pusketez osatutako koreografia bezala irakurri daiteke, hortik izenburua bera, zatikatua, ideien segida bati jarraika: Persona, foto, kopia. Ideia horri eutsita heldu naiz Frase (objeto). BOCA (2013-2018) instalazioa ikustera. Zoruan, kafe baten isurian kokatzen diren objektuak aurkitzen ditugu (zapata bat, arroz aleak, loreontzi huts bat…), hasierarik eta bukaerarik ez duen ibilbidea da, bukatzen ez den esaldi horren formalizazioa edo hasita dagoen partitura baten musika zatia. Badaude continium batean gertatzen diren bizipenak, akumulazioaz, pilakatez, pusketez.. Hor koka dezakegu erakusketa hau.


hirugarren-paisaia

Hirugarren paisaia

Maria Azkarate

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Maiatzaren 15etik
2027ko Apirilaren 04ra

ciga-bilduma

Ciga Bilduma

Javier Ciga

Pompelo Civivox (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Otsailaren 14tik
2026ko Abenduaren 31era

gorputz-geometrikoak

Gorputz geometrikoak

Eduardo Txillida

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 25etik
2026ko Urriaren 26ra

museoa-urtu

Museoa Urtu

Nader Koochaki

Ondarearen etxea (Maule-Lextarre, Zuberoa)

2026ko Urtarrilaren 26tik
2026ko Irailaren 06ra

josturak

Josturak

Arrese Elena

Torre Luzea (Zarautz, Gipuzkoa)

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

testigantza-liburu-bat-oteizaz-oteizarengatik-eta-oteizari

Testigantza liburu bat Oteizaz, Oteizarengatik eta Oteizari

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 27a

Jorge Oteiza "ezagutzeko" liburu bat ondu du Jose Julian Bakedanok, Pamielarekin. Eskultorearekin izandako "harremana" inportantetzat daukaten 36 lagunen ahotsak jaso ditu, Atxagarena eta Moneorena tartean, eta dozenaka argazkirekin osatu du lana.

roberto-chartamek-geometria-mundu-naturalera-darama-cristina-enean

Roberto Chartamek geometria mundu naturalera darama Cristina Enean

| 2026ko Ekainaren 26a

Cristina Enea Fundazioak uda honetarako egin duen erakusketa-proposamenak, Ura Besterik Ez, herritarrak gonbidatzen ditu mugarik ezagutzen ez duten espazioak eta bolumenak okupatzen dituzten geometrietan murgiltzera. Horren karietara, Roberto Chartamek naturaren hizkuntza berarekin lan egiten du. Bere erreminta airean eta aluminioan tenkatutako hariak dira, eta horiekin Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxeko hiru aretoak marrazki bizigarri handi bihurtzen ditu.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.