artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Desizoztear dauden artelanak

Dario Urzaik azken 25 urteetan egindako piezen sorta bat jarri dute ikusgai Donostiako Kubo Kutxa aretoan. Pinturaren eta argazkigintzaren arteko loturak ezaugarritzen du obra

desizoztear-dauden-artelanak
Dario Urzai artistaren Frakzio batean [Itzulgarria] erakusketa jarri dute ikusgai Donostiako Kubo Kutxa aretoan. Arg/ GORKA RUBIO - FOKU

Jone Bastida Alzuru [BERRIA.eus]
| 2023ko Azaroaren 12a

"Beti diot ezezagun handi bat naizela hemen". Dario Urzai artistaren (Bilbo, 1958) hitzak dira, eta, aitortu duenez, azken 22 urteetan ez du erakusketa indibidualik eduki Euskal Herrian. Luze egin zaio bidea, baina arantza kentzeko aukera izango du orain: Frakzio batean [Itzulgarria] izenburupean, artistak azken 25 urteetan egindako obren sorta bat erakutsiko du Donostiako Kubo Kutxa aretoan. Gaur zabaldu dute erakusketa, eta 2024ko martxoaren 31ra arte egongo da ikusgai.

Margolanek, argazkiek, marrazkiek, inprimatzeek eta bideoek osatzen dute erakusketa. Urzairen arabera, baina, aretoan dagoena "icebergaren punta" baino ez da. Obren arteko gurutzatzeetan eta horien arteko harremanetan jarri du fokua, eta azaldu du erakusketa ez dagoela kronologikoki antolatuta: "Inoiz ez zait interesatu era kronologikoa, baizik gauzak denboran nola harremantzen diren. Egin dudan guztia jarraipen bat da. Objektuak gutxi inporta zaizkit, baina asko horien artean sortzen diren erlazioak. Gauzak artikulatu nahi nituen, harreman batzuk egin". Hala, obren arteko elkarrizketa bat proposatzen du. "Forma askoko erakusketa bat da".

Besteak beste, pinturaren eta argazkigintzaren arteko loturak ezaugarritzen du Urzairen obra. Onandiaren esanetan, horien arteko "harreman konplexuak" lantzen dira erakusketan, eta "modu erabat naturalean, sinbiosi forman" heltzen die egileak. Urzaik, halaber, azpimarratu du "pinturan egoteko modu bat" dela argazkigintza.

Lurraldearen irudikapen kartografikoan eta geologiaren urtzean ere ardazten da erakusketa. "Camera strokeak —artistak, kamera eskuan, ausazko ekintza performatibo eta espresibo gisa hartutako irudiak—, negatiboak, lurraldearen airetiko irudiak eta materiaren urtzea dira erakusketako alderdi nagusiak", azaldu du komisarioak.

Hain zuzen, Urzairen praktika artistikoak bi ezaugarri nagusi ditu: sofistikazio teknikoa eta "prozedura tradizionalen mugak gainditzen dituen" askotariko erregistroa. "Ezezagunaren bila" aritzen da artista, eta, Onandiaren arabera, "begiradaren eta pertzepzioaren inguruko espekulazio etengabearen emaitza" da haren lana.

50 obra baino gehiago

Urzaik 1997tik 2023ra bitartean egindako 50 obra baino gehiago biltzen ditu erakusketak, eta sei ataletan banatuta daude horiek: Sedimentu urtuak; Fotografikoa abiapuntu; Airetiko irudiak; Erretinako topografiak; Denbora hedatu bat; eta Camerastrokeak. "Aro digital batean erabat murgilduta gauden honetan, Urzairen lanean negatibo fotografikoa izango da abiapuntua, prozedura, eta baita obraren emaitza ere. Ez da ezinbestean errealitatearen negatibo literala, sorkuntza puntu bat ere badago", adierazi du Onandiak.

Geologiaren edo sedimentuen nolabaiteko urtzeari dagokionez, Urzaik harrizko moldeen bidez egindako buztin izoztuko gorputzak hartzen ditu, eta horiek euskarri batean utzi, egoera likidora iritsi arte. Artistak ehunka argazkiren bidez erregistratzen du desizozte hori, eta hainbat obraren oinarri dira gorputz horiek.

Airetiko irudiak ere prozedura inportante bat dira Urzairen obran eta Kubo Kutxa aretoko erakusketan. Horien artean, Errioxan (Espainia) egindako argazki batzuk nabarmentzen dira: "Lurrak, mendiak, basoak, bidexkak eta belardiak izaera piktorikoko eremu bihurtuko dira. Irudi horiek erakusketa osoa biltzen dute".

Camera stroke da nabarmentzen den beste prozedura bat. 1991n Urzaik hainbat argazki egin zituen Burgosko (Espainia) katedralaren barruan, airean ausazko mugimendu adierazkorrak eginez. Artistak gerora garatu dituen obra askoren oinarri izan dira irudiok. Burgosko katedralean egindako argazkitik sortutako El ausente obra da erakusketako zaharrena, eta han egin du, hain zuzen, azken pieza ere, ekintza performatiboa errepikatuta. "Erakusketa muntatzen ari ginenean, azken argazkia egitera Burgosera joateko beharra izan nuen". Orain gutxi egin dituen beste lan batzuk ere badaude ikusgai.

Urzaik esan duenez, haren obra ugari "izoztuta" egon dira urteetan, eta ikusleak horiek desizoztea nahiko luke. Erakusketan dauden obretatik bi soilik egon dira ikusgai Euskal Herrian. "Beste guztiak ez dira inoiz ikusi".

Horrez gainera, artistaren lana testuinguruan jartzeko, Mikel Onandia komisarioak hitzaldi bat emango du hilaren 23an, gazteleraz: Denbora hedatu bat. Dario Urzairen (ez) pintura; eta urtarrilaren 25ean solasaldi bat ere izango da Txomin Badiolaren eta Dario Urzairen artean. Margolaria, argazkilaria eta artista plastikoa da Urzai, eta berrogei urteko ibilbide oparoa du. Hainbat erakusketa egin ditu nazioartean, eta haren lana museo ugaritan dago jasota.


generation-volta

Generation Volta

Sanlé Sory

Sakana (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Agorrilaren 01etik
2026ko Urriaren 01era

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.