artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Historia ala mitologia

Aurreko astean oihartzun handia izan zuen Hedoi Etxartek Txillidaren iragan frankistaren inguruan idatzitako artikuluak. Poztu ninduen norbaitek idatzi izanak, Picasso urtea pairatu ostean, kontatzen bainabil zenbat egun geratzen diren Txillidaren etengabeko laudorioa amaitu dadin (artikulu hau argitaratzerako, 350).

historia-ala-mitologia

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2024ko Urtarrilaren 19a

Historialariok ezaguna dugu Txillidaren iragan hori, ikertuta dago; ez dut uste Etxartek dark web-era jo behar izan duenik datuok aurkitzeko. Baina ez da Euskal Mitologian ondo txertatzen den informazioa, eta, hortaz, hobe argitara ateratzen ez bada.

Izan ere, harrigarria dirudi, historia modu kritikoan irakurria izan dadin eskatzen dugun herri honetan, gatazka gogor batean egon diren sentiberatasun desberdinak kudeatzeko gai den historia konplexu bati beldurra ez diogun herri honetan, zelako joera dugun artearen historia beharrean, artearen mitologiak eraikitzeko.

Jatorrizko jeinu sortzaile multzo batek bereganatzen du mitologia. Kristautasunean bezala, hirukote batek hartzen du gailurra: Jainko on abegikor eta lasaia (Txillida), umore aldagarriagoa duen Jainko sutsu harrigarria (Oteiza), eta naturarekin zein bestelako jeinu mitologikoekin hitz egiteko ahalmena duen Jainko jakintsua (Basterretxea). Horien pean multzokatzen dira bigarren mailako jeinutxoak: mundu onirikoan dabiltzan Ameztoi eta Amable Arias, pasioen lurraldeetan Zumeta eta Sistiaga, baso artean Mendiburu eta Ibarrola... Kondairetako pertsonaiek bezala, historia aldaezina dute, zalantzaezina eta denbora mitiko batean kokatutakoa. Onartzen den eztabaida bakarra zera da: behe mailako jeinutxoren batek Hirutasunera igotzeko Kalitate nahikoa ote duen.

Erlijio guztietan bezala, errituak egiten zaizkie jainko hauei: gurtzako erakusketak festa nagusietan (inoiz ez nahikoak, beti behar da beste bat), mugiezinak diren aldareak museoetan (behin betiko instalazioak) eta kaleetan eskaintzen zaizkien ermitak (eskultura publikoak). Eta kondaira behin eta berriz errepikatzen da, aldaketarik gabe.

Euskal Herriko artearen historia trantsizioan idatzi zen. Ia berrogeita hamar urte pasatu dira, garai historiko hura guztia eta hurbilago duguna ere berrikusteko gai izan gara, baina arteak ez du narrazioaren garapenik izan: Parnaso ukiezin horretan dirau. Historia idatzi nahi dugunoi gaizki begiratzen zaigu askotan (mitologian behintzat Mari eta laminak zirela iradokitzen dugunoi, esaterako), inkisidoreek ustezko herejeei begiratzen zieten bezala.

Okerrena da Done Txillidaren Urtea amaitzen denean, Done Zumetaren erromeria etorriko dela, eta ondoren Done Ibarrolaren festa nagusia, eta gero Done Sistiagaren gau magikoa, eta mitologiak historia baztertzen jarraituko duela, menderen mendetan, amen.


gorputz-geometrikoak

Gorputz geometrikoak

Eduardo Txillida

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 25etik
2026ko Urriaren 26ra

landabarrenako-dama

Landabarrenako Dama

Pilar De Zubiaurre

Durangoko Arte eta Historia Museoa (Durango, Bizkaia)

2026ko Irailaren 08tik
2026ko Azaroaren 29ra

foragers

Foragers

Jumana Manna

Artium (Gasteiz, Araba)

2026ko Irailaren 17tik
2026ko Azaroaren 15era

macula-et-materia

Macula et Materia

Sally Mann

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Uztailaren 17tik
2026ko Urriaren 18ra

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.