artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Eraldatzearen immanentzia

Azalak eraldatu, urratu, higatu edota desagertzen dira denboraren poderioz. Ildo horretan, objektuen materialtasuna iragankorra dela esan genezake. Artearen historia zeharkatzen duten sorkuntza eskultoriko kanonikoei so egitean, haien materialtasunak zurruna, higiezina izatea helburu duela ondorioztatzen dugu: harria, burdina, egurra... Irmoa, eraldaezina, gogorra...

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2022ko Maiatzaren 24a

  • 'Azaleratu'
  • Artista: David Bestue.
  • Non: Altzuzan, Oteiza museoan (Nafarroa).
  • Noiz arte: Urriaren 15era arte.

Bada, tradizio eta logika horietatik aldentzen da David Bestue artista, Oteiza museoan mustu berri duen Azaleratu erakusketan aurkezten duen lanean. Irmotasun horretatik aldendurik, objektuen, materialen, gainazalen eraldatze gaitasunak bereganatzen baititu.

Uharte zentroak eta Oteiza museoak elkarrekin garatu duten Hazitegia programaren parte da proiektua; egin duten bosgarrena da. Haren bitartez, Jorge Oteizaren lanaren inguruko hausnarketak bideratzen dituzten erakusketa proiektuak garatzea da helburua. Halatan, Bestueren proposamenak artistaren lanarekiko loturak eta hausturak ikusarazten ditu. Prozesu garaikideen bitartez, Oteizaren produkzioko eta idatzietako hausnarketak eta birformulazioak ikusarazten baitira.

Aurkezten diren piezen nortasuna etengabeko eraldaketan murgiltzen da, eta, prozesu horretan barrena, denboraren menpe geratzen dira. Halatan, Oteizaren lanarekiko loturak eta hausturak arnasten dira espazioetan barneratzen garen heinean. Betiere, modernitateko eskulturen ildoekiko perspektiba kritiko bat zabalduz.

Materialak birplanteatzea du oinarri proposamenak, eta, beraz, aurkeztuko zaizkigunek azukrea, gantza, gatza, fruituak, arrosak eta beste izanen dituzte osagai nagusi. Horietatik abiaturik, artistak forma irmo eta zurruneko eskultura iragankorrak sortzen ditu.

Erakusketa, ibilbide lineal batean oinarriturik, hainbat espaziotan egituratzen da. Alabaina, artelanen antolaerari dagokionez, bi espazio uztartzen dira: Trastelekua eta Arasa. Lehenak kontserbazio espazio bati egiten dio erreferentzia, zeinetan piezak gorde eta mantentzen diren, iraganetik orainera. Arasa, kontrara, elikagaiak gordetzeko espazioa izanik, etengabeko aldaketan dagoen gune bat izanen da. Bada, piezak konposatzen dituzten materialak daude bereizketa horren erroetan; batzuk orainaren itzal eraldagarriak baldintzaturik daude, eta besteak irmotasunaren nolabaiteko aldarri bihurtzen dira.

Materialen iragankortasunak erakusketaren pisua bereganatzen duela kontuan izanik, eta hari loturik, Bestuek Samuel Luiz gaztearen hilketa eta memoria hartzen ditu prozesuaren aldarritzat. Nolabait ere, gertatukoaren oroitzapena bizirik mantentzeko saiakerak proposatzen dituzte hainbat piezak.

Loreak, gantza, gatza, fruituak... espazioak zeharkatzen ditugun heinean, eskulturaren alor formalaren eta poetikoaren arteko tentsioak sumatzen dira. Forma, edo edukia, mezua edo materiala, istorioa edo irudia...

Eta, aldi berean, galerari, desagerpenari egiten diote erreferentzia; horietako batzuk denborak aurrera egin ahala desagertuko baitira. Izan ere, artistak azaltzen duen eran, eskultura errealitatearen filtro bihurtzen da. Horrela, artistak eskulturaren galeraren eta heriotzaren arteko zubi bat eraikitzen du, eta espazio guztiak blaitzen ditu ikuspuntu horrek.

Azkenean, moldearen barneko edukiak moldea bera gainditzen du, eta materialaren nortasunean zentratzera bideratzen gaitu. Prozesu horretan murgiltzen garenean, zentzumen guztiak pizten zaizkigu, eta piezen gaitasunak areagotzen direla sumatzen dugu: usaina, zaporea, testurak... Begietatik sartzen zaigun hura barrenetan aztertu, ulertu eta konposatzen baitugu.

Denbora da ezaugarri horien guztien biziraupenaren arduradun nagusia, eta orain ikusi, dastatu eta aztertu dugun hau eraldatu, mugitu, higitu eta urratuko da. Amaieran, inguratzen gaituen guztia desagertzen den arte.


farocki-efektua

Farocki efektua

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 19tik
2026ko Irailaren 27ra

fantasia-eta-arrazoia

Fantasia eta arrazoia

Goya

Arabako Arte Ederren Museoa (Gasteiz, Araba)

2026ko Maiatzaren 18tik
2027ko Otsailaren 28ra

nicolas-deshayes

Nicolas Deshayes

Champ Lacombe galeria (Biarritz, Lapurdi)

2026ko Uztailaren 18tik
2026ko Irailaren 05era

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 15a

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 2026ko Uztailaren 13a

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.