artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Iraganeko arrastoei lotzea

Maite Velazen erakusketa berria ikusgai dago Oteiza museoan: ‘Gu edo gorputzak zeharkatzea'. Testuz jositako argitalpen bat ere eman dute, proiektua osatzeko. Eskulturagintzaz, memoriaz eta "ase ezinaz" gogoetatu da artista.

iraganeko-arrastoei-lotzea
Maite Velaz artista, bere obretako bati so —'Bilera' (2024)—, Altzuzako Oteiza museoan. Arg/ IDOIA ZABALETA - FOKU

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2024ko Martxoaren 30a

Reset egin ezinaren sentipena ezagun zaio Maite Velaz artistari (Iruñea, 1976), eta jada ez da tematzen disimulatzen. Inoiz aitortu du noizean behin guztiz husten duela tailerra, hilabeteetan landutako piezez libratu eta beste batzuei tokia uzteko; mihise zuri baten antzeko zerbait izateko parez pare berriz. Ezin, baina, hutsetik hasi. Azkenerako, gogoz eusten die iraganeko arrastoei: plazerez itzultzen du burua atzera, oraindik ere baleko izan dakiokeena jaso, moldatu, eta, akaso, artelan bihurtzeko. Funtsean, iraganarekin "negoziatu" du Velazek azkenaldian, "asko esperimentatuz", eta Gu edo gorputzak zeharkatzea izeneko proiektua ondu du hala. 24 pieza egin ditu: eskulturak, soinu obrak, ikus-entzunezkoak, marrazkiak eta beste. Altzuzako (Nafarroa) Oteiza museoan daude ikusgai, ekainaren 2ra arte.

Oteiza museoak eta Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak elkarlanean antolatzen duten Hazitegia programaren seigarren proiektua da Velazena. Artistak egonaldia egin zuen 2023ko urrian Uharten (Nafarroa), erakusketa proposamen bat garatu etaemaitza Altzuzan paratzeko, propio. Prozesuan, artistak sakon hausnartu du eskulturagintzari heltzeko moduei buruz, besteak beste.

Velaz lehendik zen hausnarketari lotua, ordea. "Gorputzarekin, ahotsarekin eta zenbait materialekin esperimentatzen ari nintzelarik ailegatu zitzaidan programan parte hartzeko gonbidapena", oroitu du erakusketaren aurkezpenean. "Ezustean" hartu zuen notizia, eta, kontatu duenez, berehala erabaki zuen beste proiektu bat hutsetik abiatu ez, baizik eta ordurako hasia zuen ariketari loturiko proposamen bat eginen zuela. "Hain nintzen gustura ikasketa prozesu betean, boladaka material bat edo beste erabiltzen, gustuko nuena biltzen". Azaldu duenez, "sentsazioek" gidatu dute bidean.

Hain zuzen, neurri handi batean, sentsazio jakin baten bilaketan jardun du Velazek: atseginaren bila. "Arrotza abegikor bilakatu nahi izan dut, eta, horretarako, material bigunak, suabeak bilatu ditut". Eta aipatzen dituen asmo horiek aise antzematen dira erakusketako piezetan. Eskulturetako asko eguneroko materialez eginda daude —papera, kartulina, plastikoa, oihal ziratua…—, eta Velazentzat "arrotz" izan zitezkeen figura horietan sumatzen da haiek "leuntzeko" eginiko ahalegina. Hori bereziki nabarmena da Laztana obran, adibidez. Egurrezko hiru zaldi dira, gimnastikan jauzi egiteko baliatzen diren horietakoak, baina berezitasun bat dute: koloretako belusez tapizatuta daude. "Eta, hala, salto egitekoa bainoago, gainean gustura etzateko gogoa pizten du; horra ailegatu nahi nuen".

Egurrezko egongela bat

Txoko abegikor bat sortu nahiak izanen du ikustekoa Velazen pieza handienek sortzen duten efektuarekin. Etxe bateko egongela baten antza du museoko geletako batek: egurrezko apalategi handi bat horman iltzatua —Amodio artean (2021-2024)—, eta zurezko lauza batzuk zolan —Ertza (2024)—; tapizatuak horietako bi. Eta, inoren bizitoki den egongela bat balitz bezala, askotariko objektuz bete ditu Velazek apalak: hala nola buztinezko eta kartulinazko piezaz, paperezko figuraz, kaktusez. Norabide berean jarri ditu horiek denak, nahita. "Ongi ikusteko, aurrez aurre begiratu behar zaie", zehaztu du Velazek, baina argitu "deserosotasun puntu bat" ere erantsi nahi izan duela. "Bi apaletako bakar bat ere ez dago begien altueran, eta horrek tentsio txiki bat eragiten du".

Ispiluek presentzia nabarmena dute erakusketan, Bilera obra sortan —hiru figura dira— eta Bilduma lanean batik bat. Eta horietan ere bada "deserosotasunik". Bietan, "asetzeko ezintasuna" irudikatzen du Velazek. Adibidez, pieza horietara gerturatuz gero, bisitariak egiaztatuko du ispilu horietan nekez islatu daitekeela bere irudia osorik. Bilduma-n, pieza hamalau ispilu txikiz osatua egoteagatik. Bilera-n, ispiluak jarriak diren maneragatik. Azken horretarako, txikitan etxeko komunean zituen ispiluak erabili ditu Velazek oinarri gisa —"1970eko hamarkadako ispilutzarrak"—.

Hazitegia programaren helburu nagusietako bat da Jorge Oteizaren obraren inguruko gogoetarako agertoki gehiago sortzea. Erakusketa ixten duen bideoan da agerikoena hori: Ñabardurak dira (2016-2024). Gurasoek urteetan edukitako tabernan grabatutako irudiak Oteizaren obrak erakusteko bideoekin tartekatu ditu artistak, eta, bitartean, Velaz bera aditu daiteke biolina jotzen, guztiz desafinaturik. "Ez dakit jotzen, baina hain justu horretan aurkitu dut guztiz txoratua naukan efektua".

Harremanei lotzea

Velazen esanetan, sormen prozesua "aldebikoa" izan da. "Barrenerakoa bai, horretan dudarik ez dut, baina kanpotik egina ere izan da hein batean". Besteak beste, beste artista batzuekin izandako harremanek eta haiek eginiko ekarpenek asko eragin diote. Batik bat Uharte zentroan eginiko egonaldian, hainbat lagunen bisitak izan ditu. "Sartu-atera asko izan dira; konpainia onen berotasuna sumatu dut".

Hain zuzen ere, Gu edo gorputzak zeharkatzea erakusketa Altzuzan ikusgai den bitartean, proiektuari bestela loturik dauden zenbait artistak ekintzak eginen dituzte museoan; zeharkatzea kontzeptuaren bueltan garatu dituzte denek proposamenak. Hauek dira partaideak: Taxio Ardanaz, Nerea de Diego, Idoia Leatxeeta Daniel Resano. Sarrera librea da bisitarientzat, baina premiazkoa da izena ematea.

Proiektua osatzeko, argitalpen bat ere prestatu dute: Eskultura hori laztana deitzen zen izenekoMaite Velazen testu poetikoen sorta bildu dute, bai etaerakusketan ikusgai diren pieza gehien-gehienen irudi eta datuak ere. Gainera, Peio Agirreren idazki kritiko bat ere badago jasota: Zatitxoak.


amaia-molinet

Amaia Molinet

Barriek zikloa

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Ekainaren 23tik
2026ko Irailaren 06ra

barreiatutako-paisaiak

Barreiatutako paisaiak

Gerardo D'Abraira

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 10etik
2026ko Irailaren 06ra

ciga-bilduma

Ciga Bilduma

Javier Ciga

Pompelo Civivox (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Otsailaren 14tik
2026ko Abenduaren 31era

bizi-min-bizi

Bizi-min-bizi

Miren Gonzalez Goikoetxea

Arteztu (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Maiatzaren 29tik
2026ko Uztailaren 18ra

louvre

Louvre

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 11a

Louvre museoko langileak greban omen daude. Xalbat Alzugarai [Berria egunkariko] kazetariak argitaratutako erreportaje luzean ondo baino hobeto deskribatu zuen munduko museo handienetako baten egoera penagarria.

denbora-besarkatzeko-ahalegin-bat

Denbora besarkatzeko ahalegin bat

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 10a

'MIRARI BAT EGUNEAN' | Artista: Nagore Txibite. | Non: NUPeko Sario eraikinean, Iruñean. | Noiz arte: ekainaren 13ra arte.

uharte-zentroak-9-proiektu-hautatu-ditu-2026ko-laguntza-programarako

Uharte Zentroak 9 proiektu hautatu ditu 2026ko Laguntza Programarako

| 2026ko Ekainaren 9a

Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntza Programak arte plastikoen eta Ikusizkoetarako arloan ikerketa artistikoko proiektu argitaragabeak egiten laguntzea du helburu. Egitasmoak bi modalitatetan banatuta daude: ekoizpenekoak alde batetik eta argitalpenekoak bestetik.

artea-mugitzearen-artea

Artea mugitzearen artea

Amaia Igartua Aristondo [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 8a

Artelanak erakusteaz ez ezik, haiek lekualdatzeaz ere arduratzen dira museoak: adibidez, maileguan uzten dituztenean. Zaharberritzaile batek gainbegiratzen du prozesua pieza biltzen dutenetik helmugan ipintzen duten arte, eta aseguratuta joaten dira.

elkarri-eutsiz

Elkarri eutsiz

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 4a

MAR DE DIOS | Non: Rekalde aretoan, Bilbon. | Noiz arte: Ekainaren 21era arte.

utopiaz-mozorrotutako-distopia

Utopiaz mozorrotutako distopia

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 4a

Orain dela egun batzuk gurutzaontzietan bizi den bikote bati buruzko berri bat irakurri nuen. Ontzi batean ezagutu zuten elkar; ordurako emakumeak bere etxebizitza saldua zuen eta jasotako diruarekin gurutzaontziz gurutzaontzi zebilen.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.