artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

'Zumetaren Usurbil' erakusketak itxiko ditu muralaren 50. urtemugako ospakizunak

Zumetaren eta haren jaioterriaren arteko "lotura artistikoak" ardaztuko du erakusketa, eta, batik bat, Zumetaren lan figuratiboa erakutsiko du. Atzo ireki zituen ateak eta hilaren 28ra bitartean egongo da ikusgai, Usurbilgo Sutegi aretoan.

zumetaren-usurbil-erakusketak-itxiko-ditu-muralaren-50-urtemugako-ospakizunak
Usoa Zumeta eta Agurtzane Solabarrieta, Sutegi aretoan, erakusketaren inaugurazioan. Arg/ JON URBE - FOKU

Itziar Ugarte Irizar [BERRIA.eus]
| 2024ko Apirilaren 15a

"Askotan esan dut ezin dugula ulertu Usurbil Zumetarik gabe, eta seguru, alderantziz ere, ezingo litzatekeela ulertu Zumeta Usurbilik gabe". Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo (Gipuzkoa) alkatearen ustetan, "binomio banaezin bat" sortzen dute artistak eta herriak —"sinbiosi sakon bat"—, eta erlazio hori ekarri nahi du arretagunera orain Zumetaren Usurbil erakusketak. Artistak herrian duen mural ezagunaren 50. urtemugaren karietara prestatu dute, eta apirilaren 28ra bisitatu ahalko da, Usurbilgo Sutegi aretoan.

Usoa Zumeta artista eta Jose Luis Zumetaren (Usurbil, Gipuzkoa, 1939-Donostia, 2020) alaba ere badenak kontatu duenez, aita zendu zenean ekin zion haren obraren artxiboa osatzeari, eta hasieratik izan zuen buruan muralaren urtemugarekin erakusketa bat atontzea. Abiapuntuan, muralaren inguruko lanak eta Usurbilekin lotutakoak, denak proposamen bakarrean biltzea zen ideia, baina, aurrera egin ahala, muralaren sormen prozesuaren ingurukoak "dimentsio handia" hartu zuen, eta Usurbili erreferentzia egiten dioten Zumetaren bestelako piezak aparte lantzea erabaki zuten azkenean. Horiek dira, orain, erakusketa berrian bildu dituztenak eta, guztiak herriaren ardatzak lotzen dituen arren, edukia "askotarikoa" dela nabarmendu du Usoa Zumetak.

Bada nabarmentzen den alderdi bat, ordea: Zumetaren obra figuratiboa jasotzen du gehienbat erakusketak. Hala azaldu du alor hark artistaren ibilbidean izan zuen tokia Zumetak: "Figuraziotik hasi zen, gero eduki zuen ia hogei urteko epe bat abstrakzioan mugitu zena, figurazio minimoa ere erabat baztertzeko ahaleginean, gainera; eta, ondoren, 1978an egin zuen aldaketa izugarri bat, figurazio errealistara. Beti jarri da gehiago jomugan haren abstrakzioa, baina lan hauek aukera bat ematen digute figurazioan egin zuen ibilbidea lantzeko".

Zumetaren etapa askotatik egiten baitu zeharkaldia erakusketak. Lehen lana 1960koa da, Joxan Artzeren erretratu bat, biak 21 urte zituztenekoa, eta 2018koak dira erakutsi dituzten lan berrienak. "Badaude, adibidez, bi eskulturaren maketak, txorienak. Bere ibilbidean motibo ohiko bat izan zen txoriena, hasiera-hasieratik, eta aitzakia ematen digute horren inguruan hausnartzeko", Usoa Zumetaren esanetan.

Eta ikusgai jarri dituzten kartelei ere egin die azpimarra. "Nahiz eta jakin kartelgintza asko landu zuela, Usurbilekin lotutako sei kartel daude, eta hori sorpresa bat izan da. Hor bada lotura bat Baga, Biga, Higa sentikariarekin: Usurbil 1970eko herri abangoardistetako bat izanik, Ez Dok Amairukoek presentzia handia eduki zuten hemen. Hori ekarri dut, baina badira beste hainbat sorpresa, festen inguruan egindako kartelak, adibidez. Gauza horiek bidean topatutakoak izan dira, eta berdin beste hainbat gauza".

Artelanez gain, horien inguruko dokumentazioarekin eta artxiboko materialarekin osatu dute erakusketa, eta katalogo batean ere bildu dute guztia.

Bisitak hiru egunez

Duela urtebete inguru hasi ziren muralaren urtemugaren inguruko jarduera programarekin, eta zaharberritze lana izan zen egin zuten lehen gauza. Ondotik heldu ziren haren sormen prozesuaren inguruko erakusketa, hari lotutako argitalpena, Oskar Alegriaren Zumeta 23 filma eta Xumetik herri jaialdia. Zumetaren Usurbil erakusketak itxiko du orain programa, eta hiru bisita gidatu berezi antolatu dituzte, 659 Usurbil Bizitik. Bihar, hilaren 20an eta 28an izango dira, eguerdiko hamabietan hasita, Sutegitik.

Bi urrats izango ditu bisitak: Museo Irekia izeneko bisita gidatua izango da lehena — Zumetaren muralaz gain, herriko kaleetan dauden beste artista batzuen lanei erreparatzeko; Remigio Mendiburu, Judas Arrieta, Irantzu Lekue eta besterenak—; eta horren ondotik Zumetaren Usurbil erakusketara heldu, eta Usoa Zumetak emango ditu azalpenak han. Gehienez, hamalau laguneko taldeak izango dira, eta 650 Usurbil Bizi atarian eman ahalko da izena.

zumetaren-usurbil

Zumetaren Usurbil

Zumeta

Sutegi aretoa (Usurbil, Gipuzkoa)

2024ko Apirilaren 12tik
2024ko Apirilaren 28ra


ahotsak

Ahotsak

Erakusketa kolektiboa

La Central (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 04tik
2026ko Urriaren 02ra

hirugarren-paisaia

Hirugarren paisaia

Maria Azkarate

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Maiatzaren 15etik
2027ko Apirilaren 04ra

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.