artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Saretzeak emandako indarra

Gero eta sendoagoa da Nafarroako irudigintza. Sektore horretaz mintzatu dira Concha Pasamar, Andrea Ganuza eta Mikel Santos 'Belatz' artistak, Iruñean.

saretzeak-emandako-indarra
Concha Pasamar, Mikel Santos eta Andrea Ganuza irudigileak, martxo bukaeran, Iruñeko Ziudadelan. Arg/ IÑIGO URIZ - FOKU

Edurne Elizondo [BERRIA.eus]
| 2024ko Apirilaren 15a

Sendotuz doa. Horixe nabarmendu dute Concha Pasamar, Andrea Ganuza e ta Mikel Santoz Belatz artistek Nafarroako irudigintzari buruz. Iruñeko Ziudadelan egindako mahai inguru batean parte hartu dute, Euskal Irudigileak elkartearen hogeigarren urteurrena ospatzeko. Hiru marrazkilariok, hain zuzen, irudigileen arteko sarea ehuntzeko azken urteotan egindako lana aipatu dute sektoreak egun herrialdean duen osasun ona azaltzeko. Irudigileen elkartean egin dute bat artista anitzek, eta bertze hainbat kolektibo sortu dituzte, gainera.

Variopintas izenekoa da horietako bat, herrialdeko hainbat emakume marrazkilarik osatua. Bat egite horrek eragin du artistek indar handiagoa izatea beren lana aitor diezaieten, prekaritatea atzean uztea baita asmoetako bat. Kolektibo horretako kide da Concha Pasamar. "Garai ona da oraingoa komikientzat eta ilustrazioaren barruko gainerako generoentzat", erran du. Bere lanaz aritu da Ziudadelan, Belatzekin eta Ganuzarekin batera.

Concha Pasamar: "Ez dut sentitzen mundu guztiaren gustuko izateko beharrik"

Behin eta berriz erran du: "Ailegatu berri bat naiz". Filologia ikasi zuen Concha Pasamarrek (Iruñea, 1967), eta gaztelaniazko irakasle aritu da 30 urtez. Azken hamarretan, haurtzarotik gustuko dituen arkatzak eta margoak hartu ditu berriz, eta irudigintzaren arloan murgildu da. 2016an argitaratu zuen lehen lana, eta gutxienez zortzi ditu kalean jada. Pasamar ailegatu "berri" da, baina urrats sendoak ematen ari da ilustrazioaren esparruan.

Bookoliak argitaratu zuen Pasamarren 2016ko lehen lan hura. Patricia Garcia Sanchezen Arrecife y la fábrica de melodías haurrentzako eleberria ilustratu zuen artista nafarrak. Handik bi urtera, Amak txirikordak zeramatzanean izenburuko liburua kaleratu zuen (Bookolia, 2018). Lan berezi bat izan zen artistarentzat: "Nirea da liburu osoa, marrazkiak eta testua; istorio hagitz pertsonala da; finean, marrazkietan ateratzen diren txirikordak nire txirikordak dira. Uste dut zintzoki egiten denak baduela izaera unibertsal bat. Nire haurtzaroaren inguruko lan bat da hau", kontatu du artistak.

Lan horrekin, Cuatro Gatos fundazioaren saria jaso zuen Pasamarrek. Gisa horretako aitortza batek eragin dezakeen presioari buruz, artistak garbi erran du kanpoko begirada baino garrantzitsuagoa dela barrukoa, nolabait erranda: "Nik nire buruari ezartzen diodan presioak kezkatzen nau. Presio hori sentitzen dut nire lana ongi egin nahi dudalako, baina ez dut sentitzen mundu guztiaren gustuko izateko inolako beharrik".

Bere marrazteko erari buruz, Pasamarrek nabarmendu du helburu duela liburuaren edukiarekin "koherente" izatea. Eta edukiari erreparatuz, era anitzetako lanak ilustratu ditu irudigileak. Lan horien bidez, hain zuzen, Pasamarrek emakumeen ahotsa berreskuratu nahi izan du, bertzeak bertze: Liburuzainak zaldi gainean libururako marrazkiek AEBetako 1930eko hamarkadako emakume liburuzainen bidea jorratu zuten; Voz y letra de mujer proiektuaren bidez, berriz, Nafarroako Artxibo Nagusian eta bertze batzuetan aritu da artista, bertze ikerlari batzuekin, emakumeen arteko liskarren berri ematen zuten testu zaharren bila, hitz horiek eta bere irudiak uztartzeko.

Variopintas kolektiboarekin ere egin du emakumeek historian utzitako arrastoa zabaltzeko lanik: Iruñeko Lezkairu auzoko Aitzindarien bidea izenburuko murala, bertzeak bertze. Pasamarrek "biziki" eskertu du bertze artistekin batera lan egiteko aukera hori.

Andrea Ganuzak (Iruñea, 1988) garbi du komikia arte garaikidearen arlo bat dela, eta hori aldarrikatzen du aukera duen bakoitzean. Arte Ederrak ikasi zituen Bilbon, eta Bartzelonara mugitu zen gero, arte sorkuntzari eta ikerketari buruzko master bat egitera. "Komikia lantzeko hautua justifikatzen aritu behar nuen beti", oroitu du.

Bartzelonan, 2013. urte inguruan, Ganuzak autoedizioaren goraldi batekin egin zuen bat, eta Iruñera itzuli zenean, Pumpk izeneko jaialdia antolatu zuen, lagun batzuekin batera, Jazarren. "Lau urtez egin genuen. Anitz gozatu nuen".

Ganuza ez zen Iruñean gelditu: Kolonbiarako bidea hartu zuen, eta zenbait urte eman zituen Medellinen. Koloreak hartu zuen han haren lana. Pandemiak ekarri zuen artista Iruñera bueltan, eta hemen zegoela osatu eta argitaratu zuen, bere kabuz, Atraviésame izeneko lana: Kolonbiako bidaiari buruzko nolabaiteko egunerokoa ondu zuen Ganuzak.

Esperimentatzeko grinak lagundu du, hasieratik, Ganuzaren bidea, komikia zer den zehazten duten mugetatik hurbil garatu baitu beti bere lana, muga horiek ezbaian jartzeko asmoz, hain zuzen. Nafarroako irudigintza goraldian dela garbi du artistak: "Gero eta komiki irakurle gehiago dago, eta komikiari gero eta toki gehiago egiten diote, bertzeak bertze, liburutegietan. Gero eta eleberri grafiko gehiago dago. Ni gazteagoa nintzenean, liburutegietan ez zegoen komikirik".

Euskal Irudigileak elkarteko Kike Infamek irudigintzaren "noranahiko bat" dela erran du Mikel Santos Belatz artistari buruz, Iruñeko Ziudadelan martxo bukaeran egindako mahai ingurua aurkeztu duenean. Ez zaio definizio txarra iruditu Santosi (Iruñea, 1974). Enkarguz aritzen da, gehienetan, ilustrazioa baitu ogibide. Ene Kantak proiekturako marrazkiak dira lan horren adibide, bai eta garai batean Kukuxumusu etxean egin zituenak ere.

Iruñeko mahai inguruan, Nafarroako Gobernuarentzat egindako liburu bat aipatu nahi izan du bereziki, eta lan hura egiteko prozesuan gertatu zitzaiona kontatu: "Nafarroako konkistari buruzko liburu bat zen, haurrentzat. Lana bukatuta, erabat aldarazi nahi izan zidaten. Ezetz erran nuen. Azkenean, bere horretan utzi zuten, baina hitzaurre bat gehitu zioten. Proiektu gazi-gozo bat izan zen".

Enkarguz egiten dituen lanez harago, hasi eta buka egileak osatutako eleberri grafikoak maite ditu Santosek gehien. 2018an Lucio Urtubia militante anarkista nafarrari buruz egin zuenak "bizitza aldatu" ziola aitortu du, hain zuzen. Txalapartak eskatuta egin zuen, baina "biziki" eskertu du Urtubiaren istorioa kontatzeko izan zuen aukera. Euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta galizieraz argitaratu zuten, hasieran, eta frantsesez ere eman dute gero, bertzeak bertze. "Txalapartak eskatutako lan bat izan zen. Berriak jasotzeko deitzen zidatenean, beti gauza bera erantzuten nien, gustura ari nintzela sufritzen".

Bertze eleberri grafiko bat osatzeko "denboraren bila" dabil Santos orain. Genero horrek gero eta irakurle gehiago dituela nabarmendu du artistak, hain zuzen, eta eleberri grafikoek asmatu dutela adin bateko irakurleak erakartzen: "Gazte anitzek manga irakurtzen dute, baina jende helduagoak eleberri grafikoen aldeko apustua egin du. Horietako anitz helduaroan hasi dira komikiak irakurtzen".

Santosek Ganuzarekin eta Pasamarrekin parte hartu du Iruñeko mahai inguruan, eta artisten arteko saretze horrek sektoreari indarra eman diola berretsi du. Poztu du sarea ehuntzeko ahalegin horrek, hain zuzen: "Lehen, bakoitza berera aritzen ginen; orain badira kolektiboak, badugu elkarren berri, eta hori polita da".

Jakin-mina piztu du Iruñeko Ziudadelan Nafarroako irudigintzari buruz egindako ekinaldiak, eta artisten arteko sare gero eta handiago horretako kide diren bertze egile anitzek ere parte hartu dute, entzule gisa. Zalerik amorratuenek aukera aprobetxatu dute artistei euren liburuak sinatzeko eskatzeko. Pasamarrek, boligrafoa hartu, eta marrazkitxo bat eskaini dio haietako bati. Kontent joan da zalea; kontent gelditu da egilea.


zentinelen-oihartzuna

Zentinelen oihartzuna

Patxi Laskarai

L'Angle (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Maiatzaren 01etik
2026ko Ekainaren 07ra

fantasia-eta-arrazoia

Fantasia eta arrazoia

Goya

Arabako Arte Ederren Museoa (Gasteiz, Araba)

2026ko Maiatzaren 18tik
2027ko Otsailaren 28ra

espazioaren-hustura

Espazioaren Hustura

Jorge Oteiza

Durangoko Arte eta Historia Museoa (Durango, Bizkaia)

2026ko Maiatzaren 07tik
2026ko Agorrilaren 30era

prezioa-eta-balioa

Prezioa eta balioa

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 22a

Igandean Museoen Nazioarteko Eguna izan zen eta, ohikoa den bezala, gure inguruko museoek ekintza ugari eskaini zituzten. Horrez gain, lurraldeko museo guztien sarrera doakoa izan zen. Eta urtero bezala, Bilbo aldean bizi eta artea gogoko duten nire lagun eta ezagun gehienak Guggenheim museora joan ziren.

metalezko-basoan-barrena

Metalezko basoan barrena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 22a

RUTH ASAWA: ATZERA BEGIRAKOA. | Artista: Ruth Asawa. | Non: Bilboko Guggenheim museoan. | Noiz arte: Irailaren 13ra arte.

gernika-k-mugitzen-duen-guztia

'Gernika'-k mugitzen duen guztia

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 21a

Pablo Picassoren lana Bilboko Guggenheim museora eramateko eskaria egin dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, eta, ezezkoa erantzun dioten arren, kolpean piztu da berriz ere koadroaren kokapenari buruzko debatea. Lur mugikorrak ditu oinarrian.

esther-ferrerrek-jasoko-du-eusko-ikaskuntza-laboral-kutxa-saria

Esther Ferrerrek jasoko du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 20a

Artistak arte garaikidearen berrikuntzan eginiko "ekarpen erabakigarria" nabarmendu du epaimahaiak, bai eta haren obrak nazioartean erdietsitako proiekzioan azpimarra egin ere. Uztailean emanen diote garaikurra.

veneziako-biurtekoa-giro-gatazkatsuan-ireki-da

Veneziako Biurtekoa giro gatazkatsuan ireki da

| 2026ko Maiatzaren 19a

Veneziako 61. Biurtekoaren maiatzaren 6ko aurre-irekieraren egunetik hasita, protesta eta ekintza ugari egin dira Arsenalen eta Giardinian, Errusiaren eta Israelen parte-hartzea salatzeko.

arantzazuko-argiztatzailea

Arantzazuko argiztatzailea

Enekoitz Telleria Sarriegi [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 18a

Xavier Alvarez de Eulatek Arantzazuko santutegian jarritako beirateek 70 urte izango dituzte aurten. Urteurrena kari, erakusketa bat jarri dute frantziskotarren komentuan: ‘Lux Vitae'. Argi egin diote fraide artistaren ibilbideari.

erronkariko-borlen-arrastoak

Erronkariko borlen arrastoak

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 15a

'Muskoko' | Artista: Leyre Arraiza. | Non: Iruñeko Ziudadelan. | Noiz arte: Maiatzaren 24ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.