artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Juan Luis Goenaga artista hil da, 74 urterekin

Donostiako artistak bost hamarkada pasako ibilbide emankorra egin du artean, eta bere sasoiko sortzaile nabarmenetako bat izan da.

juan-luis-goenaga-artista-hil-da-74-urterekin
Juan Luis Goenaga artista, bere lanetako baten aurrean, Donostiako Kubo aretoan, 'Bidaideak' erakusketan. GARI GARAIALDE / FOKU

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2024ko Agorrilaren 20a

Hezkuntza formal gehiegi jaso gabe, Juan Luis Goenaga artistari (Donostia, 1950- 2024, Madril) pinturak berak erakutsi dio nola pintatu. Oso umetan hasi zen pintatzen, eta, artistak berak onartua duenez, gazte-gaztetatik izan zuen argi pintore izan nahi zuela. Inguruko museoetara egindako etengabeko bisitak eta Madrilera, Parisera eta Erromara egindako bidaiak izan zituen lehen eskolak, eta 1969an joan zen Alkizako (Gipuzkoa) baserri batera bizitzera. Artistaren beraren hitzetan, egunak paseoan eman ostean, gauez aritzen zen pintatzen, inguruan zuen naturaren eta sasoi hartan lilura handia pizten zuen Jose Miguel Barandiaran ikerlariak azaleratutako mundu mitologiko eta sinbolikoaren eraginpean, eta bost hamarkada pasatxoko jardun etengabe horrek egin du euskal artista garaikide esanguratsuetako bat. Euskal artean arrasto ezin pertsonalagoa utzita hil da, 74 urterekin, azken urteetan bizitoki izan duen hirian, Madrilen.

"Inoiz ez naiz hasten aurretiazko ideia batekin: hori ez da pintura. Nik mantxa dut beti abiapuntua, eta gero azalduz joaten da margolana". Atzera begirako zabala eskaini zion 2020an Donostiako Kubo-Kutxak; pasioz azaldu zuen bertan bere lan egiteko metodoa, eta kexu moduko bat azaldu zion pintorearen lana pintorearen biografiaren arabera aurkezteko joerari. "Pintorearen animoak ez du zerikusirik pintatutakoarekin. Jendeak pentsatzen du beltza pintatzen duzunean ez dakit nola sentitzen zarela, edo ez dakit zer gauza arraro sentitzen duzula, baina ez. Pinturak bere bidea du; autonomoa da. Gainontzekoa literatura da, eta pintura literarioa oso txarra da; ezin duzu transmititu zure bizitza pinturan. Goyari hau edo hura pasatu zitzaionean ere berdin pintatzen jarraitu zuen, eta Tizianok ere bai".

Lerro zuzenik gabe

Izan ere, artistaren motiboek kiribil moduko bat osatu dute ibilbide osoan, eta, artistak berak onartutakoaren arabera, "lauzpabost gai" izan ditu beti sorkuntzarako bultzada. Pintore gisa egin da ezagun, nagusiki, baina argazkigintza lan interesgarriak ere egin zituen lehen urteetan, bai eta land art kontsidera daitezkeen hainbat esku hartze ere. Aitzindari izan zen esparru horretan, baina pinturak hartu du haren jardun nagusia.

Egunero margotzen zuela aitortu zion artistak BERRIAri 2020an, Alkizan bertan, estudioan eskainitako elkarrizketan. "Egun bakoitza ezberdina da; behin ere ez dakizu nondik joango den. Sorpresa izan behar du niretzat; ni aspertzen banaiz... Malo". Eta berak ere onartu zuen bere lanaren kiribilerako joera. "Nire ibilbidea ez da lineala: atzera eta aurrera ibiltzen naiz. Ez da eboluzio bat; zirkularra da, nire ustez. Lauzpabost gai ditut, beti gauza berberekin nabil; lau gauza dira, eta horiekin, mundu bat".

Gertu izan zituen garaikide zituen artistak, eta, aitortu izan zuenez, laguntzat ere bazeuzkan haietako asko. Sekula ez zuen taldean batzeko joerarik izan, ordea.

2018an artistaren bizitzari eta obrari eskainitako lan mardula idatzi zuen Mikel Lertxundi Galiana arte historialariak. Sei ataletan banatu zuen bertan margolariaren ibilbidea, kronologikoki. Artistaren hastapenak azaltzen dira lehenik, Erroma, Madril eta Bartzelonara egindako lehen bidaia haiekin, eta zeintzuetan akademiek baino pisu handiagoa izan zuten bisitatu zituen erakusketek, ikerlariaren arabera. Gero, 1969tik aurrera, artistak Alkizan (Gipuzkoa) naturarekin harremanetan bizi izan zuen "murgiltze hamarkada" agertzen du lanak. 70eko lehen urteetakoak dira Belarrak, Itzalak, Sustraiak, Marroiak eta beste serie batzuk. Gero, historialariaren hitzetan, 80ko lehen urteetan, "pop munduan, mundu urbanoan" murgildu zen artista, espresionismo alemaniarraren eragina onartuz. Eta azken urteetan Goenagaren lanetan "kolore leherketa" bat gertatu zela azaldua du Lertxundi Galianak.

Bartzelonan bizi izan zen aldian hasi zituen grabatugintza ikasketak, eta San Jorgeko Arte Ederren Eskolan ere aritu zen denbora tarte labur batez. Pintoreak berak esandakoaren arabera, ordea, bateko zein besteko museoetan egindako bisitak eta bere kasa egindako azterketak izan zituen formakuntza bide nagusi.

70 urterekin, pintatzen hasi berri

Paper gainean egindako lanei eskainitako gela bat ere bazuen Donostian 2020an zabaldutako erakusketa erraldoiak, eta artistak bere buruari egindako hainbat autorretratu ere baziren ikusgai. 1966koa zen zaharrena, eta 2018koa berriena. "Pintoreek 70 urteak bete ondoren ikasten du pintatzen", azaldu zuen orduan. "Picassoren azken koadroak begiratzea besterik ez dago horretaz ohartzeko, edo Goyarenak. Orduan hasten zara ulertzen pintura zer den benetan".

Parisen erakutsi zituen lehenengoz bere lanak, 1971n antolatutako erakusketa kolektibo batean, eta, handik bi urtera, Durangon (Bizkaia) zabaldu zuen lehen bakarkakoa. Donostiako San Telmo museoan, Bilboko Arte Ederren Museoan eta Kubo-Kutxa gunean jarri dituzte ikusgai haren lanak geroztik, bai eta nazioarteko hainbat erakusketatan ere.

Hark sortu zuen 2018ko Donostiako Musika Hamabostaldiaren kartela ere, eta, 2022an Xabier Saenz de Gorbea saria eman zion Bilboko Arte Ederren Museoak. Miguel Zugaza Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendariak, Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak, Frantxis Lopez de Landatxe Koldo Mitxelena kulturuneko zuzendari ohiak eta Sonia Rueda artistak osatutako epaimahaiak hautatu zuen Goenaga orduko hartan, eta egindako "ibilbide berezia" aipatu zuten horretarako motiboen artean. 1970eko hamarkadan hasita, land art izeneko esparruan egindako ekarpen aitzindariak izan zituzten gogoan, bai eta geroztik pinturan egindako ekarpena ere.


maitia-begira-nazazu

Maitia, begira nazazu

Ritha Thende Komba Mingomba

Marzana aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Apirilaren 30etik
2026ko Ekainaren 12ra

nicholas-nixon

Nicholas Nixon

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Martxoaren 02tik
2026ko Ekainaren 28ra

paraleloak-eta-meridianoak

Paraleloak eta meridianoak

Iberdrola bilduma

Arte Ederren Bilboko Museoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Apirilaren 29tik
2026ko Agorrilaren 30era

muskoko

Muskoko

Leyre Arraiza

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Apirilaren 01etik
2026ko Ekainaren 28ra

prezioa-eta-balioa

Prezioa eta balioa

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 22a

Igandean Museoen Nazioarteko Eguna izan zen eta, ohikoa den bezala, gure inguruko museoek ekintza ugari eskaini zituzten. Horrez gain, lurraldeko museo guztien sarrera doakoa izan zen. Eta urtero bezala, Bilbo aldean bizi eta artea gogoko duten nire lagun eta ezagun gehienak Guggenheim museora joan ziren.

metalezko-basoan-barrena

Metalezko basoan barrena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 22a

RUTH ASAWA: ATZERA BEGIRAKOA. | Artista: Ruth Asawa. | Non: Bilboko Guggenheim museoan. | Noiz arte: Irailaren 13ra arte.

gernika-k-mugitzen-duen-guztia

'Gernika'-k mugitzen duen guztia

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 21a

Pablo Picassoren lana Bilboko Guggenheim museora eramateko eskaria egin dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, eta, ezezkoa erantzun dioten arren, kolpean piztu da berriz ere koadroaren kokapenari buruzko debatea. Lur mugikorrak ditu oinarrian.

esther-ferrerrek-jasoko-du-eusko-ikaskuntza-laboral-kutxa-saria

Esther Ferrerrek jasoko du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 20a

Artistak arte garaikidearen berrikuntzan eginiko "ekarpen erabakigarria" nabarmendu du epaimahaiak, bai eta haren obrak nazioartean erdietsitako proiekzioan azpimarra egin ere. Uztailean emanen diote garaikurra.

veneziako-biurtekoa-giro-gatazkatsuan-ireki-da

Veneziako Biurtekoa giro gatazkatsuan ireki da

| 2026ko Maiatzaren 19a

Veneziako 61. Biurtekoaren maiatzaren 6ko aurre-irekieraren egunetik hasita, protesta eta ekintza ugari egin dira Arsenalen eta Giardinian, Errusiaren eta Israelen parte-hartzea salatzeko.

arantzazuko-argiztatzailea

Arantzazuko argiztatzailea

Enekoitz Telleria Sarriegi [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 18a

Xavier Alvarez de Eulatek Arantzazuko santutegian jarritako beirateek 70 urte izango dituzte aurten. Urteurrena kari, erakusketa bat jarri dute frantziskotarren komentuan: ‘Lux Vitae'. Argi egin diote fraide artistaren ibilbideari.

erronkariko-borlen-arrastoak

Erronkariko borlen arrastoak

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 15a

'Muskoko' | Artista: Leyre Arraiza. | Non: Iruñeko Ziudadelan. | Noiz arte: Maiatzaren 24ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.