artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

"Inposatu" nahi duten "makroproiektua" geldiarazteko exijitu dute Gernikan

Guggenheim Urdaibai Stop plataformak deituta, manifestazio zaratatsua eta jendetsua egin dute. Eskualdearen etorkizuna "guztion artean eraikitzeko" deia egin dute, eta aldarrikatu Urdaibai ez dagoela "salgai".

inposatu-nahi-duten-makroproiektua-geldiarazteko-exijitu-dute-gernikan
Jende andana bildu zen Gernika-Lumon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Olatz Silva Rodrigo [BERRIA.eus]
| 2024ko Urriaren 22a

"Ez eta ez esaten diogu Urdaibaiko Guggenheimen proiektuari", argi utzi du Urdaibai Guggenheim Stop plataformak, baita haren deialdiarekin bat egin eta Gernika-Lumon (Bizkaia) bildu diren herritarrek ere. Guggenheim fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Urdaibain eraiki asmo duten museoaren proiektuaren aurkako manifestazio zaratatsu eta jendetsua egin dute herrian, eta "inposatu" nahi dieten "makroproiektu" hori salatu dute. "Stop eta stop esaten diogu gure eskualdean inposatu nahi duten proiektu horri", aldarrikatu dute amaieran irakurritako adierazpenean.

Protesta hasi aurretik, Eider Gotxi plataformako kideak eta Joxerra Diez eskualdeko herritarrak salatu dute informazio falta dutela: "Behin eta berriro esaten dute proiektua ez dagoela zehaztuta; ezkutatzeko esaten dute hori, eta herritarroi informazioa ez emateko". Hortaz, proiektua "mahai gainean jartzeko edo mahaitik kentzeko" exijitu dute. Are: "Gugatik, kendu dezatela eta, bestela, jokatu dezatela jokatu behar den moduan. Ez daitezela ezkutatu informazio ezaren atzean".

Gernikako pasealekutik abiatu dute manifestazioa, Guggenheim Urdaibai Stop, Busturialdearen etorkizunaren defentsan lelopean. Iaz bezala, jende andana bildu dela nabarmendu du plataformak: "Bigarren urtez, ozen esan dezakegu asko eta asko garela inposaketen aurrean makurtzeko prest ez gaudenok". Eta erantsi dute: "Hemen dago herria, ikusi eta entzun nahi duenarentzat".

Kamiseta urdin ilunak gailendu dira Gernikan: arrain handi eta urdin bat ageri da bertan, arrain txiki eta berde bat jateko prest. Guggenheim, Urdaibai jateko prest. Hori gerta ez dadin, herritarrek hamaika tresna eraman dituzte Gernikara, ahalik eta zarata gehien egiteko. Oihu artean ere egin dute ibilbidea: "Urdaibai ez dago salgai" eta "Ez, ez, ez, Guggenheimik ez" oihukatuz. Izan ere, gaur banatu dituzten pegatinek kamisetaren kontrakoa adierazi dute: arrain berde txiki asko, batera, arrain handi bat irudikatuz, arrain urdina jateko prest. Herritarrak, batera, Guggenheim gelditzeko prest.

Gernika gurutzatu ostean, pasealekuan amaitu dute berriro protesta. Adar eta txalaparta doinuekin egin diete ongietorria manifestariei, eta Janire Arrizabalaga eta Koldo Gezuraga bertsolariak igo dira oholtzara: "Hemen herri bat dago batuta/ hasiko dena ozen oihuka./ Gure aldarrien formak/ bota ditzan hango hormak". Maitane Azurmendik marrazki bat egin du adierazpena irakurri bitartean. Eta Xabier Amurizak ere hartu du parte ekitaldian, baita Malen Zobaran, Elena Ojanguren eta Txoriburu Produkzions musikariek ere.

Plataformaren izenean irakurritako adierazpenean, salatu dute proiektuaren helburua bakarra dela "fundazio pribatu baten gurariak asetzea", herritarrak "prekaritatera" bultzatu bitartean. Izan ere, ohartarazi dute eskualdea "etengabeko gainbehera ekonomikoan" dagoela. "Horri buelta emateko, zer eta turismo masifikatua bultzatuko duen makroproiektu bat inposatu nahi digute; non eta hemen, Urdaibaiko paduretan, biosfera erreserba baten erdi-erdian", kritikatu dute. Are gehiago: "Onartezina da diru publikoa gutxi batzuen probetxurako erabiltzea, eta onartezina da diru publikoa ingurumena suntsitzeko baliatzea".

Eskualdearen etorkizuna "guztion artean eraikitzeko" deia egin du Guggenheim Urdaibai Stop-ek, "elkarrekin hausnartuz, baldintza barik". Hain justu, kontrakoa egin nahi dute erakundeek; proiektua "inposatu" nahi dute: "Onartezina da horrelako proiektu batean pentsatzen hastea herritarron parte hartze erreala bermatu barik, eskualdeko biztanleon nahi eta beharrak kontuan hartu barik eta ingurumen azterketarik egin barik". Plataformaren arabera, erakundeek sinetsarazi nahi dute "herritarrengan" pentsatutako proiektua dela, eta hori dela eskualdeak duen irtenbide bakarra. "Baina hori ez da egia", argi utzi dute.

Egoera horren aurrean, "gobernantza eredu demokratikoa" aldarrikatu du plataformak, "etorkizun bidezko eta atsegin" bat eraikitzeko, "pertsonen bizitza eta natura erdigunean" jarriko dituena. "Dena ez da dirua, Urdaibai ez dago salgai!", argi utzi dute.

"Bihar bertan" gelditu

Beste "eskaera zuzen eta zehatz" bat egin diete erakunde publikoei eta agintari politikoei: "Gelditu bihar bertan proiektu hau bideragarri bihurtzeko egiten zabiltzaten urrats administratibo eta ekonomikoak; ez alferrik erabili diru gehiago etorkizunik ez duen proiektu bat bideragarri egiteko". Izan ere, plataformak jakinarazi izan duenez, egungo legedia errespetatuz gero, "bideraezina" da museoaren proiektua Urdaibaiko biosfera erreserban. Gaur berretsi dute proiektua ez dela "sekula bat etorriko herritarren eta naturaren beharrizanekin".

Erakundeekin harremanetan ari da plataforma. Manifestazioaren amaieran gogorarazi dutenez, azken asteotan bilera sorta egin dute Eusko Legebiltzarreko eta aldundiko ordezkariekin, eta "harrigarriak eta argigarriak" izan dira agintariek egindako adierazpenak. Alde batetik, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura sailburuaren hitzak ekarri dituzte gogora: "Sailburuak dio proiektu honek kultura eta artea lortuko dituela; eta, hala ere, programa kulturalik gabeko kultura proiektu bat da". Bestetik, jakinarazi dute PSE-EEk ez omen duela proiektua ezagutzen eta, halere, "Jaurlaritzaren parte izateko nahiak bultzatuta", proiektua jasotzen duen gobernu akordioa sinatu zuela.

Aldundiarentzat, berriz, eraiki asmo duten museoa "nazio proiektua" da, nahiz eta aitortu duten "oraindik definitu" barik dagoela. Are gehiago, "alboratu ezintzat" jo dute. "Eta, zelan ez, lehentasunezko proiektua da Eusko Jaurlaritza berriarentzat", gehitu dute. Plataformaren iritziz, erakunde guztiek bat egin dute kontu batean: "Proiektu estrategiko bat da Guggenheim fundazioarentzat. Eta, hala ere, fundazioko kideek ez dute erabaki oraindik proiektuarekin aurrera egin nahi duten ala ez".


mitologiak

Mitologiak

Bonnat Museoa (Baiona, Lapurdi)

2026ko Uztailaren 08tik
2026ko Azaroaren 09ra

amaia-molinet

Amaia Molinet

Barriek zikloa

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Ekainaren 23tik
2026ko Irailaren 06ra

xabier-morras

Xabier Morrás

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Urriaren 23tik
2027ko Otsailaren 07ra

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

testigantza-liburu-bat-oteizaz-oteizarengatik-eta-oteizari

Testigantza liburu bat Oteizaz, Oteizarengatik eta Oteizari

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 27a

Jorge Oteiza "ezagutzeko" liburu bat ondu du Jose Julian Bakedanok, Pamielarekin. Eskultorearekin izandako "harremana" inportantetzat daukaten 36 lagunen ahotsak jaso ditu, Atxagarena eta Moneorena tartean, eta dozenaka argazkirekin osatu du lana.

roberto-chartamek-geometria-mundu-naturalera-darama-cristina-enean

Roberto Chartamek geometria mundu naturalera darama Cristina Enean

| 2026ko Ekainaren 26a

Cristina Enea Fundazioak uda honetarako egin duen erakusketa-proposamenak, Ura Besterik Ez, herritarrak gonbidatzen ditu mugarik ezagutzen ez duten espazioak eta bolumenak okupatzen dituzten geometrietan murgiltzera. Horren karietara, Roberto Chartamek naturaren hizkuntza berarekin lan egiten du. Bere erreminta airean eta aluminioan tenkatutako hariak dira, eta horiekin Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxeko hiru aretoak marrazki bizigarri handi bihurtzen ditu.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.