artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Irudimenaren askapenerako oharrak

Asteon ehun urte bete dira Andre Bretonek 'Manifestu surrealista' argitaratu zuenetik. Testu horretan, "logikaren eta moralaren diktadura deuseztatzeko" bide gisara definitu zuen surrealismoa, eta literaturari loturiko ideia iraultzaile mordoa jaso.

irudimenaren-askapenerako-oharrak
Andre Breton idazlea, 1960ko irudi batean. HENRI CARTIER-BRESSON

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2024ko Urriaren 24a

"Hainbesteko fedea zaio bizitzari, bizitzari bere aspektu prekarioenean, bizitza errealari, ezen fedea desagertu egiten baita azkenerako". Beste esplikaziorik ezean, atsekabe airea antzeman liteke Andre Bretonek (Tinchebray, Frantzia, 1896 – Paris, 1966) Lehenbizikomanifestu surrealista-n idatzitako lehenbiziko hitzetan. Testuaren hasierako paragrafoetan, Breton mintzo baita "daukan bizitzarekin zoriontsu ez den gizonaz", "lanari emana" bizitzea onartu duen horretaz, haurtzaroko "garai ederrak" oroitu beste erremediorik ez duenaz. Ordea, irakurtzen segitu baizik ez dago ohartzeko Breton ez zela ari bihozminaz bere horretan, ezpada, besteak beste, "irudimenaren galeraz". Eta hori guztia esplikatzen du, eta zera argitzen segidan: surrealismoa dela "logikaren eta moralaren diktaduratik" libratzeko modua, "subkontzientearen askapena" lortzeko bidea. Asteon mende bat bete da Bretonek manifestua eman zuenetik. 1924ko urriaren 15ean argitaratu zen aurrenekoz.

Andre Breton 1896an jaio zen, antzinako Tinchebray komunan, Normandian (Frantzia). Gero, egungo Seine-Saint-Denis-en bizi izan zen zenbait urtez, harik eta Parisera joan zen arte, familiarekin. Medikuntza ikasi zuen, eta Lehenbiziko Mundu Gerran ospitale psikiatrikoetan lan egin zuen; Naoneden, kasurako. "Zoro" gisara deskribatu zituen zenbait paziente, eta esan "beren imajinazioaren biktima" zirela neurri handi batean, eta argitu zuen miretsi egiten zituela horregatik. "Zoro bihurtzeko beldurrak ez dit jaitsaraziko imajinazioaren bandera".

Ordurako, dadaismoan murgildua zegoen Breton, eta, gainera, guda garaian sutsuki ekin zion Sigmund Freuden obra aztertzeari; Freudek eritasun mentalei, logikari, ametsei eta idazketa automatikoari buruz egindako lanek txoratu zuten batez ere, eta horrek nabarmen eragin zion surrealismoari loturiko ideiak garatzeko garaian. Hain zuzen, 1924ko manifestu surrealistan ere bada horren froga argirik; Bretonek propio eta behin baino gehiagotan egiten dio aitortza filosofoari.

Hitzaurre buruaskia

Berez, Poisson soluble (Arrain disolbagarria) eleberriaren hitzaurre gisara argitaratzeko egin zuen Lehenbiziko manifestu surrealista, baina bertan jasotakoek piztutako interesak eta eragindako erreakzioek ziztuan aitortu zioten garrantzi berezia idazkiari, aparteko testutzat hartzeraino finean. Hain zuzen, hamarkadak dira bereizita argitaratzen direla. Hala eta guztiz, hainbat adituk aldarrikatu dute manifestua eta nobela elkarrekin emateak daukan zentzua; izan ere, teoria surrealistaren eta batez ere idaztankera surrealistaren adibide bikaintzat jotzen da bigarrena.

Nobela hori prosan idatzitako olerkiz osatua dago, Bretonek idazketa automatikoa deritzon teknika jarraikiz sortu zituen batik bat, eta irudi surrealistaz josita daude. Bertan leitu daitezke, esaterako, "emakume ederren gisako gerria daukan liztorrak" esanak; oro har, eszena estrainioak. "Liztorra zuzen-zuzen aritu zitzaidan begira, harturiko sorpresa ironikoaren zantzuak erakutsi nahian, zalantzarik gabe. Ondotik, nigana hurbildu, eta belarrira esan zidan: ‘Itzuliko naiz'". Horrela bukatzen da nobelaren pasarteetako bat.

Edonola ere, manifestua eta Poisson soluble argitaratu baino are lehenago eman zuen Bretonek gaur egun lehenbiziko literatur lan surrealistatzat jotzen den testua, Philippe Soupaultekin batera: Arlo magnetikoak, 1920an. Gerora, Bretonek xehe esplikatu zuen lagunarekin liburu hori idazteko eginiko ariketa. Aurrena, nork bere kabuz idazten zuen, nahieran, eta idazketa automatikoan oinarrituta —alegia, burura zetozkien esaldiak eta hitzak zuzenean idatziz, deus aldatu gabe—. Jarduten zuten egun bakoitzaren akaberan, elkarri irakurtzen zizkioten testuak, eta elkarrekin aztertu, baina —batik bat Soupaltek— uko egiten zioten orduan ere deus moldatzeari. Bretonen esanetan, halakoak irakurtzean, idatzi duenari berari ere "guztiz estrainio" zaio lana, bistara gelditzen da "absurdo berehalakoa", baina, hain zuzen ere horregatik, arretaz aztertzea da gakoa. "Orduan ikusten da gure munduan zenbat gauza ditugun onartu ezintzat eta zilegitasun gabekotzat, eta, laburbilduz, ikusten dugu nola, egiaz, gertaera horiek beste asko bezainbat diren gauzak".

Hain zuzen, Bretonek Soupaultekin batera erabaki zuen buruan zeukaten korronteari surrealismo deitzea. Lehenbiziko manifestuan jaso zuenez, orduan hil berria zen Guillaume Apollinaire pentsalariaren omenez egin zuten hautu hori, neurri handi batean —Breton: "Nahiz eta dei zitekeen supernaturalismo ere"—.

Surrealismoaren definizioa ere jaso zuen manifestuan Bretonek, "behingoz eta behin betiko": "Automatismo psikiko hutsa, pentsamenduaren benetako funtzionamendua adierazten saiatzen dena ahoz, idatziz edo beste zernahi modutan. Pentsamenduaren agindu bat da, arrazoiaren esku-hartze erregulatzailerik gabea, kezka moral edo moral orotatik apartekoa".

Abil eta lider

Manifestuan, surrealismoaren definizio zabala eta hainbat ideiatara ailegatzeko eginiko gogoetak ez ezik, gomendio gisako batzuk ere bildu zituen idazleak, Arte magikoaren sekretuak izeneko atalean. Idatzi zituen gomendioak, adibidez, "jendartean ez aspertzeko", "diskurtsoak egiteko", "heriotzaren kontra egiteko" eta "nobela faltsuak idazteko". Eta bilduak diren aholku gehien-gehienetan da agerikoa Bretonen tonu jostalari eta kasik umoretsua. Adibidez, hemen: pasarte batek Kaletik pasatzen ari den emakume batekin arrakasta izateko du izena, baina segidan ez dakar horretarako aholkurik batere; zuriune bat dago. Eten puntuak idatzi zituen Bretonek, ez besterik.

1924ko manifestua argitaratu eta bost urtera, Bigarren manifestu surrealista eman zuen Bretonek, eta hain zuzen ere horregatik hasi zitzaion "lehenbiziko" izenondoa eransten aurrenekoari, zehazteko.

Bigarren argitalpena nabarmen da aurrekoa baino politikoagoa: hartan, Bretonek propio adierazi zuen surrealismoak iraultza marxistaren bidelagun izan behar zuela —ordurako, mugimenduaren ildo nagusiak publikoki babesten zuen komunismoa—, eta gogor kritikatu zituen horrekin ados ez zirenak. Adierazpenok nabarmen gaiztotu zuten ordurako piztua zegoen polemika. Breton bera 1927az geroztik zegoen Alderdi Komunistan afiliatua, baita korrontekide eta idazle Louis Aragon eta Paul Eluard ere. 1935ean, baina, Bretonek alderdia utzi zuen, argudiatuta ezinezkoa zitzaiola "askatasun absolutuaren bilaketa errealismo sozialistarekin uztartzea".

Eta gaiari loturiko hirugarren argitalpen bat ere eman zuen Bretonek gero. Hirugarren manifestu surrealista izenekoa, nahiz eta beste izen batekin argitaratu zuten egiaz: Hirugarren manifestu baterako atarikoa, edo ez.

Surrealismoari buruzko manifestuez aparte, beste 50 liburutik gora ere idatzi zituen Bretonek; saiakera, eleberri zein poesia bildumak. Hauek dira famatuenetako batzuk: Nadja (1928) L'amour fou (1937) eta L'art magique (1957). Batera edo bestera, horietan guztietan egin zuen imajinazioa "esklabotzatik" aterarazteko aldarria, 1924an iragarri bezala. "Soilik imajinazioari esker jakin daiteke zer den izan daitekeena, eta hori aski zait hark sufritzen duen kondena izugarria arintzen saiatzeko; eta, orobat, aski da hark abandona nazan ere, engainuari beldurrik izan gabe (posible balitz bezala elkar are eta gehiago engainatzea)".


the-new-ink

The New Ink.

Matias Ofizialdegi (SMOF)

La Fabrica De Gomas (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Urriaren 25era

hirugarren-paisaia

Hirugarren paisaia

Maria Azkarate

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Maiatzaren 15etik
2027ko Apirilaren 04ra

sinbiotika

Sinbiotika

Txaro Marañon

Montehermoso Kulturunea (Gasteiz, Araba)

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 08ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.