artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Max Ernst artista surrealista aitzindariaren lanak jarri ditu ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoak

Museoak artistaren 54 lan jaso ditu gordailuan, bost urteko epe baterako. Haien erdiak jarri ditu orain ikusgai, eta maiatzetik aurrera gehituko ditu besteak bildumara. Sortzailearen 1922 eta 1928 bitarteko esperimentazioaren erakusgarri dira piezak.

max-ernst-artista-surrealista-aitzindariaren-lanak-jarri-ditu-ikusgai-bilboko-arte-ederren-museoak
Max Ernst artistaren margolanak ez ezik, 'Txori-burua' eskultura ere biltzen du erakusketak. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2025eko Otsailaren 19a

"Erakusketa txikia da berez, baina XX. mendeko artean gertatuko dena biltzen du". Dadaismoaren bueltan hasi arren, Max Ernst artista alemaniarra surrealismoan murgiltzen hasia zen jada 1926an, Aram Mouradian eta Leonard van Leer galeristek Parisko Seine kaleko 41.ean zuten aretoan bakarkako erakusketa bat eskaini ziotenerako, eta, adituek gogoratu dutenez, arreta piztu zuen berehala. Ordura arte inor gutxik bezala harramazkatu, igurtzi eta erakusten zituen pinturak Ernstek. Besteak beste, bera jotzen da frottage, grattage eta dekalkomania tekniken asmatzailetzat, eta joera aitzindari horiei esker izan zen surrealistek taldean onartu zuten lehen pintorea, Rene Magritte, Salvador Dali, Leonora Carrington, Dorothe Tanning eta beste hamaika margolariren aurretik. Haren 25 lan inguru bildu ditu orain Bilboko Arte Ederren Museoak, eta guztiek erakusten duten esperimentazio grinagatik dio Gilermo Zuaznabar Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzaile buruak, nolabait ere, bilduma txikia izan arren, hurrengo hamarkadetan pinturak hartuko zituen zeharbideak kondentsatzen dituela haren erakusketak. Prentsatuta gordetzen dute etorkizuna Ernsten artelanek.

Guztira, Ernsten 54 lan jaso ditu museoak, gordailuan, bost urteko epe baterako, eta Obra gonbidatua izeneko programaren barruan antolatu du erakusketa. Batez ere 1922eta 1928bitartekoak dira artelanak, sortzailearen garairik esperimentalenetako batekoak, hain zuzen ere, eta Aram Mouradian galeristaren bildumakoak dira gehientsuenak. Ekainaren 30era arte egongo da irekita erakusketa, eta, maiatzetik aurrera, orain zabaldutako hiru aretoak ez ezik, laugarren areto bat ere hartuko du erakusketak. Oraintxe Madrilen ikusgai diren Ernsten Histoire naturelle izeneko serieko hainbat margolan gehituko dizkiote bildumari orduan.

"Ganbarako erakusketa bat dela esan daiteke". Bilduma txikia dela onartu arren, ikusgai dauden artelanen multzoaren kalitatea nabarmendu du Miriam Alzuri arte moderno eta garaikidearen kontserbatzaileak. "Ikusgarria da".

Azaldu duenez, giltzarria izan zen Ernsten lana bere garaiko eraldaketa artistikoan, eta haren lanek inguruko zein ondorengo artistengan izandako eragina ere nabarmendu du. Euskal Herrian, esaterako, Nikolas Lekuona aipatu du haren lanaren jarraitzaileen artean. Kasu horretan, Ernsten fotomuntatzeek izandako garrantzia azpimarratu du Alzurik, baina, gehitu duenez, "asmatzailea" ere izan zen Ernst, eta gogorarazi du gerora zabalduz joan diren frottage, grattage eta dekalkomania teknikak hark sortutakoak direla.

Autodidakta izan zen Ernst, baina artea ez ezik, filosofia, psikologia eta beste hainbat alor ikastera bultzatu zuen jakin-minak. Lehen Mundu Gerran parte hartu zuen, eta 1921ean egin zuen bere lehen erakusketetako bat, Parisen, Andre Bretonen babespean. 1922an joan zen hara bizitzera, eta gero heldu zen Mouradianen galeriako erakusketa. Avignonera (Okzitania) joan zen handik, eta Bigarren Mundu Gerra hasterako AEBetara joana zen, harik eta 1953an, berriz ere, Parisera itzuli zen arte.

Pintura hedakorra

1924ko Bi neskato pose ederrean artelanarekin abiatzen da erakusketa. Aurrez aurre topatuko du margolana bisitariak lehen aretoan, eta artelan "proto-surrealista" dela zehaztu du Alzurik. Collage teknikarekin aurrez egindako esperimentuak pinturara itzultzeko saiakera bat ikusten du bertan arte adituak. Askoz ere neurri txikiagoko Loreak-ezkatak margolana ere topatuko du bisitariak obra horren alboan, eta artistaren hainbat marrazki nahiz 1934eta 1935bitartean sortutako Txori-burua izeneko brontzezko eskultura ere jarri dituzte hurrengo aretoetan.

Margolanak ez ezik, esanguratsuak dira haiek erakusteko artistak sortutako markoak ere. Hori da, esaterako, 1924ko Kaiola eta txoriak lanaren kasua. Ernstek kaiola itxura duen marko baten barruan txertatzen du barrote artean irudikatutako txorien margolana, eta badira, markoan txertatutako kristal laukizuzenekin, ia-ia instalazio baten airea hartzen duten artelanak ere. Albotik begiratuta, esaterako, ia eskultura baten bolumena hartzen duen Dantzaria zeru azpian (Gautxoria) izeneko 1922ko margolanaren markoak ere. Kasu horretan, gainera, oihalaz gainera, markoaren puska bat ere baliatu zuen artistak koadroa osatzeko. Pintura hedatu bat balitz bezala.

Museoko arduradunez gainera, Georges Sebbag ere izan da erakusketaren aurkezpenean. Filosofian doktorea da Sebbag, eta, besteak beste, surrealismoari buruz idatzitako liburu eta ikerketengatik da ezaguna. Ernsten eta Mouradian galeristaren arteko harremana aztertu du berak, nagusiki, eta horri buruzko testu bat ere idatzi du museoak erakusketaren harira argitaratutako liburuxkarako. Haren hitzetan, artistaren ibilbidean erabakigarriak izan baitziren Mouradianek Parisen eskainitako lehen bi erakusketak. 1926koa lehenik, bai eta 1927koa ere ondoren. Eta bi gizonen arteko laguntasunaren ikurtzat du adituak, Ernst AEBetatik itzulitakoan, 1956an, Mouradianek artistari Parisen eskainitako hirugarrena ere.


ura-besterik-ez

Ura besterik ez

Roberto Chartam

Cristina Enea fundazioa (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 26tik
2026ko Irailaren 13ra

espazioaren-hustura

Espazioaren Hustura

Jorge Oteiza

Durangoko Arte eta Historia Museoa (Durango, Bizkaia)

2026ko Maiatzaren 07tik
2026ko Agorrilaren 30era

mitologiak

Mitologiak

Bonnat Museoa (Baiona, Lapurdi)

2026ko Uztailaren 08tik
2026ko Azaroaren 09ra

hirugarren-paisaia

Hirugarren paisaia

Maria Azkarate

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Maiatzaren 15etik
2027ko Apirilaren 04ra

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 15a

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 2026ko Uztailaren 13a

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.