artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Acconciren eta Pregoren arteko lankidetza eta adiskidetasuna

Bilboko Guggenheim museoak elkarrekin aurkeztu ditu Vito Acconciren eta Sergio Prego artisten performance lanak, ‘You' erakusketan. Sei urtez lankide izan ziren bi sortzaileak, eta gorputzari eta arkitekturari buruzko jarrerak batzen ditu bien jardunak.

acconciren-eta-pregoren-arteko-lankidetza-eta-adiskidetasuna
Sergio Prego artista, Bilboko Guggenheim museoan, Vito Acconciren lanekin batera antolatutako erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2025eko Apirilaren 14a

Orria agortu zitzaion lehen-lehenik. "Gustatzen zitzaizkidan idazten nituen poema batzuk, baina pentsatu nuen soilik paperean zeudela. Idaztean, ezkerraldetik eskuinaldera pasatzen zara, lerro batetik hurrengora, orri batetik hurrengora...Eta pentsatu nuen agian egin behar nukeela ekintza motaren batekin lotura handiagoa zeukan zerbait. Eta hala hasi nintzen akzioekin". Urrats horri esker, performancearen eta bideogintzaren izen esanguratsuetako bat bilakatu zen Vito Acconci artista (New York, 1940- New York, 2017) 1970eko hamarkadan, baina, 2014an BERRIA egunkariari eskainitako elkarrizketan onartu zuenez, agortu egin zitzaion bide hori ere —"gorputza akitu nuen"—, eta arkitektura espekulatiboari eskainitako estudio bat gidatzen eman zituen bere azken urteak. Eta, hain zuzen ere, fase horretan ezagutu zuten elkar Acconcik eta Sergio Prego artistak (Donostia, 1969). New Yorkera joan berri zen Prego, eta, lagun baten bidez, Acconciren estudioaren parte bihurtu zen, "istripu moduko bati esker". 1996tik 2002ra aritu ziren elkarrekin han, eta lankidetza eta adiskidantza horren lekukotza ematen du orain Bilboko Guggenheim museoak antolatutako You erakusketak. Film & Video aretoan jarri dute, eta artista bakoitzaren lau pieza ikusi daitezke bertan. Irailaren 7ra arte egongo da zabalik.

Acconciren estudioak sinatutako hogei lanetan baino gehiagotan ageri da Pregoren izena, kolaboratzaile garrantzitsuenen zerrendan. Hartu-eman bizia izan zutela gogoratu du artistak Bilboko erakusketa aurkezteko prentsaurrekoan. Acconciren interes bakarra "lan egitea" zela ere esan du. "Topaketa horrek nigan jadanik bazeuden hainbat gauza piztu zituen, nahiz eta ni lanean ari nintzen une hartan ez nintzen horretaz hainbeste konturatu".

1969koa da erakusketan topa daitekeen piezarik zaharrena: Running Tape. Urte hartan egindako ekintza baten lekukotza biltzen duen soinu lan bat da obra. Acconcik New Yorkeko Central Parken egindako korrikaldi bat da artelanaren muina. Korrika egin bitartean, pauso bakoitza kontatzen joan zen artista, eta zenbaketa hori da Bilboko museoan orain entzun daitekeena, arnasestu eta nekeak eragindako etenaldi eta guzti. Acconciren beste hiru bideo pieza ere biltzen ditu erakusketako areto nagusiak. 1970eko Hiru egokitzapen-estudio, 1971ko Zentroak, eta 1974ko Piztu, hain zuzen ere.

Erresistentzia ekintza bat da Zentroak, esaterako. Bertan, artistak, besoa zuzen-zuzen jarri, eta, ahalik eta luzeen eusten dio hatz erakusleari, eta, hogei minutu baino gehiago ematen ditu, zuzen-zuzen, kameraren objektiboaren erdialdea seinalatzen, isilean. Eta bere aurpegiaren lehen-lehen plano bat da Piztu lanaren muina. Ikusleari desafio egiten dirudi horretan Acconcik. Tarteka garondoa erakutsiz eta ahapeka kantuan arituz, eta tarteka kamerari zuzen begiratuz, artea egiteko indarrik eta motiborik gabe geratu dela murmurikatzen baitio, gero eta era bortitzagoan. "Ez dut ezer nire baitan. […] Joan zaitezen zain nago, zeren eta hemen ez baitago ezer!". Eta buelta berriz, eta berriz ere ahapeka hasten da kantuan. Eta buelta berriz gero marmarrera.

Pregoren lau lan ere badaude erakusketan. Bideoak dira guztiak, eta guztiak 2000. urte ingurukoak. 2003koa da Cowboya inertziaz arrastaka lana, esaterako. Hiru minutu eta 47 segundo irauten du lanak, eta, stop motion teknika baliatuta, hiriko hormigoizko hesi edo hormigoizko hesietan eta lurreko kosketan irrist eginez ziztuan doala dirudien pertsona bat ikusiko du bisitariak. Airean lebitatzen 2005ean sortutako Sunoise bideoko emakumeak, eta, hankaz gora jarrita, burua euskarri bakar duela, gela huts baten ertzean 45 graduko inklinazio perfektuan okertuta ikus daiteke gizon baten gorputza 2008ko Erdikaria lanean.

Artisten lanez gainera, Julia Lopezek sortutako Acconciren lanari buruzko dokumentala ere ikusi ahalko du bisitariak ibilbideko lehen aretoan. Artistaren ahotsa eta haren arkitektura lanen irudiak tartekatzen ditu lanak.

Manuel Cirauquik egin ditu erakusketako komisario lanak, eta Acconciren lanak utzitako arrastoa izan du gogoan aurkezpenean. "Nabarmena da bere garaiko arkitekto erradikalen artean izan zuen eragina, bai eta, esate baterako, garai hartan arkitekto erradikal bat zen [Frank] Gehryrengan ere". Pregoren eta Acconciren lanen artean dauden loturak ere aipatu ditu. Besteak beste, gorputzari eta arkitekturari jartzen dieten arretak lotzen baititu bien jardunak. Erakusketa "triangulazio" bat dela esan du horregatik. "Kolaborazio bat". "Jarraipen bat".

Hain zuzen ere, Pregok diseinatutako eszenografian proiektatuta ikus daitezke Acconciren bideoak.

Ezagun ezezaguna

Bereziki sonatua da Acconciren Seedbed performancea. 1972koa. Eta BERRIAri 2014an eskainitako elkarrizketan artistak berak onartu zuenez, lan hark itzal egin zien gainerako lanei. "Batzuetan pentsatzen dut hobe litzatekeela pieza hori sekula egin izan ez banu". Galeria batean eraikitako harmaila batean azpian ezkutatu, eta, jendea harmaila gainera heldu bitartean, artista masturbatu egiten zen haren azpian, mikrofono bati ezpain artean lizunkeriak esan bitartean. "Uko egiten zion lan horri", gogoratu du Pregok ere, Bilboko aurkezpenean. "Ikaragarrizko ibilbidea duen artista bat da, eta, ezaguna den arren, uste dut oraindik ere haren lanaren osotasuna oso ezezaguna dela".

Egun, oraindik ere, New Yorken bizi da Prego, eta, hil ostean ere, laguna maiz gogoratzen duela aitortu du. "Vitorik gabe, New Yorki zerbait falta zaiola iruditzen zait".

you

You

Vito Acconci, Sergio Prego

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

2025eko Apirilaren 03tik
2025eko Irailaren 07ra


essence

Essence

Erakusketa kolektiboa

Virginie Bario Galeria (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Irailaren 12tik
2026ko Azaroaren 04ra

gorputz-geometrikoak

Gorputz geometrikoak

Eduardo Txillida

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 25etik
2026ko Urriaren 26ra

kaosaren-diziplina

Kaosaren diziplina

Isabel Coixet

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Azaroaren 01era

fontana-n-3

Fontana nº 3

Susana Solanoa

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Urriaren 01etik
2026ko Urriaren 12ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.