artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Ondare, arnasgune eta pizgarri

Euskara, natura eta memoria ardatz hartuta, sormenerako espazio irekia da Ozetako Garaion Sorgingunea. Artistentzako egonaldiak antolatzen dituzte, eta aholkularitza eskaintzen diete programatzaile eta instituzioekiko harremanak bideratzeko.

ondare-arnasgune-eta-pizgarri
Alazne Goñi Muriel, Amaia Gabilondo Jauregi, Julia Lopez Fernandez eta Miren Beitia Arriola, zumez egindako sugearen ondoan, Garaion espazioan. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Edurne Begiristain [BERRIA.eus]
| 2025eko Agorrilaren 19a

Eguraldia beti da aldakor Ozeta aldean (Araba). Elgeako mendikateak bi klima mota bereizten ditu zona hartan: Atlantikoa alde batean, Mediterraneoa bestean. Haritza, pagoa eta garoa hazten dira batean; ametza (haritz txikia), erromeroa eta ezkaia bestean. Eta klima ezberdinen talkak naturan eragiten duen ekosistema aberatsak nola, sormenak bor-bor egiten du Ozetako Garaion Sorgingunea espazioan. "Hemen Gorbeiako haizeak oso zakar jotzen du askotan, eta, noski, sortzeko espazio bati haizeak nondik jotzen dion, sormena ere aldatu egiten da". Amaia Gabilondo Jauregi Garaion espazioaren sortzaileetako baten hitzak dira horiek. 2008tik da han lanean, sorkuntzari, hizkuntzari, naturari eta kulturari emana.

Barrundia udalerrian dago Garaion espazioa, garai batean herri izandako Kotaza auzoan, naturak inguratua. Arbasoek utzitako ondaretik eraiki zuten gunea, eta oraindik ere historia bizi da bertan. Duela 60 urte baino gehiago urtegiko urak estali arte Garaio herriraino iristeko igaro behar zen bidean, XVI. mendeko dorretxe bat ageri da. Nafarroako erreginaren alde borrokatu ziren eskualdean, eta, gerraren bortizkeriaren ondorioz, goiko solairua falta du dorretxeak: "Moztu egin ziguten, baina burua altxatzen ari gara berriro, poliki-poliki".

Gabilondoren metaforak ongi laburbiltzen du zein den han sortutako espazioaren filosofia: euskarazko sorkuntza artistikoa sustatzea dute helburu nagusi, baina, horrekin batera, naturarekiko harremana sendotu, euskara bultzatu eta ondare soziala balioetsi nahi dute —bereziki lanbide zaharrak gaur egunera ekarrita—. "Lazarragak hemen idazten zuen. Guretzat, hizkuntza, sorkuntza eta memoria elkarrekin doaz, eta hona etorri gara hori dena gogoraraztera, ahaztua izan ez dadin".

Auzolana oinarri, erabat utzita zeuden behitegia, etxaldea eta dorretxea berreraiki, eta kulturgune bilakatu zuten 2008an. Hori baino lehen, 1994an, Mondragon Korporazioko Erkoop kooperatibak espazioa erabiltzeko aukera eman zion Arrasateko (Gipuzkoa) Txatxilipurdi elkarteari; trukean, sormen jardueren bidez gazteen artean euskara sustatzeko ardura izango zuen proiektuak. 2006an hasi zen gaur egun duen tankera hartzen, Gabilondoren eta beste lagun batzuen lanari esker. "Argi genuen euskal kulturak behar zituela sortzeko espazioak eta euskaraz bizitzeko guneak, eta hori dena pizteko etorri ginen".

Gabilondorekin batera, Miren Beitia Arriola, Julia Lopez Fernandez eta Alazne Goñi Muriel dira Garaion espazioaren arduradunak. Artistei lan egiteko eta bizitzeko espazioa eskaintzen diete, eta hasi berri diren gazteen proiektuak gertutik jarraitzen dituzte, ekoizpen, komunikazio, banaketa eta finantzaketa arloetan aholkularitza emanez.

Baina ez hori bakarrik: galtzear dauden ofizio zaharrak berreskuratu eta eguneratzeko lanean ari dira han— otarregintzan eta artilegintzan, kasurako—, eta, horri lotuta, haurrekin udalekuak, ikastaroak, tailerrak eta bestelako proiektuak ere garatzen dituzte. Hain zuzen ere, tailer horien bitartez zume biziarekin egin diren egitura eta eskulturengatik ere egin da ezagun Garaion. Ikusgarrienak, zalantzarik gabe, sarreran eraiki dituztenak dira: 250 metro dituen labirinto bat, Cuencatik (Espainia) ekarritako 10.000 zume bizirekin eraikia —Umetoki deitzen diote—, eta kiribildutako suge erraldoi bat.

Askotariko egonaldi artistikoak

Dorretxeak, lastategiak eta ondoko etxe batek osatzen dute Garaion espazioa. Urteen joan-etorriarekin —eta auzolanaren bitartez— berritu, atondu eta egokitu dituzte hiru guneak, sormenari lotutako proiektu zehatzak han garatu daitezen. Denera, 600 metro koadroko espazioa da, 5.000 metro koadroko naturgune eder batek inguratuta. Sortzaileentzako aterpe moduko bat da, eta haientzako "arnasgune" baten gisara funtzionatzen du, Beitiak azaldu duenez.

Lastategiak 250 metro koadro inguru eta sei metroko altuera ditu, eta gune handiena da. Zirkurako egokitua dago, eta antzoki baten funtzioa betetzen du; han egiten dituzte sorkuntza artistikoetarako egoitzak. Antzokiaren ondoan, 50 metro koadroko beste lau espazio dituzte, sortzeko, ikertzeko, biltzeko edo kozinatzeko. Urtero, 150-180 artista inguru igarotzen dira bertatik, eta, batez beste, 30-40 proiektu lantzen dituzte. Sormen eszenikoen inguruan antolatzen diren egonaldiak dira ohikoenak, baina zirkuak, arte plastikoek, literaturak eta elikadura jasangarriarekin lotutako proiektuek ere badute lekua.

Sormen prozesuak, gehienetan, kolektiboak izaten direla azaldu du Gabilondok: "Lehen, oro har, testua idatzita ekartzen zen, baina orain inprobisaziotik edo elkarlan batetik abiatzen dira lanak. Gorputza mugitu, inprobisatu, elkarrekin sortu... Hori da gero eta gehiago gertatzen dena". Gainera, han proiektu jakin bakoitzerako baliabideak eskaintzen dizkiete sortzaileei, eta haien behar eta eskaerei ahalik eta gehien egokitzen saiatzen dira.

Garaion ez da espazio itxi bat; ez da soilik artistentzako laborategi bat. Aitzitik, sormenari ateak beti zabalik dituen gune bat da, zentzurik zabalenean. Izan ere, sarritan gertuko herritarrek ere parte hartzen dute bertan sortzen diren proiektuetan, eta, hala, "komunitatearen" ideian sakontzen dute. 120 lagunentzako lekua du antzokiak, eta hara sortzera doazen artistek entsegu irekiak egiten dituztenean, publiko modura egoten dira herriko gaztetxoak, aitona-amonak eta beste asko, eta interakzio oso "aberasgarria" sortzen da bi aldeen artean, Gabilondoren arabera: "Sortzaileentzat askotan osagarria izaten da hemen entzuten dutena. Oso polita da".

Sorgingune deitzen diote sormen espazioari. "Okina ogia egiten duena bada, hona sortzera datorrena sorgina da". Eta sorgin gazte zein beteranoak joan ohi dira Garaionera euren sorkuntza prozesuak garatzera. Euskal Herrikoak izaten dira ia gehienak, eta arabarrak asko. Izan ere, Euskal Herrian nekez ikusarazten da Arabako sortzaileen lana, eta hura bistaratzea dute lehentasunen artean; batez ere, emakume sortzaileak ezagutaraztea, Gabilondok kontatu duenez. Horretarako, besteak beste, elkarlanean aritzen dira Gasteizko Baratzarekin eta Lasierrako (Araba) Azala espazioarekin, herrialdeko proiektuak aurrera ateratzeko.

Antzerki eta dantza konpainiak, zirkulariak, idazleak, musikariak, artista plastikoak... Luzea eta askotarikoa da Garaionen egonaldi artistikoak egin dituztenen zerrenda. Arte eszenikoei dagokienez, adibidez, Miñan antzezlanaren entsegu batzuk egin zituzten han Artedrama kolektibokoek, Ivanka obra landu zuten Piszifaktoria konpainiakoek, Zeozertan dabil baina ez dakit zertan lana garatu Metrokoadroka taldekoek,eta Ondoko gelan antzezlana sortu zuten Les Bobe Bobes konpainiakoek. Idazleen artean, besteak beste Maddi Goikoetxeak eta Danele Sarriugartek hainbat lan idazteko aukeratu dute Ozetako espazioa; musikan, Skabidean-ek eta Ines Osinagak baliatu dituzte bertako guneak kantak sortzeko; eta arte plastikoetan, Elena Solatxi artistak buztinezko buru erraldoi bat egin du bertako jolas parkean. Horietako asko eta asko proiektu berriak garatzeko asmoz bueltatuko dira urte amaieran Garaionera.

"Artistei harrera egin eta etxean bezala sentiarazten saiatzen gara", esplikatu du Gabilondok, aterpe gisa erabiltzen den Erdi Aroko dorretxearen egongela, komunak eta egongelak erakusten dituen bitartean. "Euren lanak ongi egin ahal izateko baliabideak eskura jartzen dizkiegu, eta programatzaileekin eta instituzioekin landu beharreko harremanak bideratzen saiatzen gara", jarraitu du azaltzen. Halaber, Barrundiako biztanleekin, bertako eskola txikiko hezkuntza komunitatearekin edota jatorri atzerritarreko herritarrekiko elkarbizitza eta elkarren ezagutza bultatzeko jarduerak ere egiten dituzte.

Artisten ziurgabetasuna kezka

Komunitate, sare eta asmo kolektibo baten isla da Garaion, baina oraindik ere erronka franko ditu. Euskaraz sortzen duten artista guztien antzera, "ziurgabetasunetik ateratzea" dute helburu nagusi. "Betidanik bizi gara horrela, urtea amaituko ote dugun jakin gabe. Ohitu egin gara, baina ez genuke ohitu behar", kexu da Gabilondo. Kultur sektorean eta, bereziki, euskarazko sorkuntzan, egoera horrek "zaurgarri" uzten ditu eragileak, bere ustez.

Laguntzak badaude, baina euskal sortzaileak "prekaritatetik" ateratzeko ez da aski babes, Gabilondoren iritziz. Eta espaziorik gabe, sortzeko aukerarik ez dago. Ziurgabetasun horrek kezkatzen du Garaion espazioko arduraduna: "Euskal kulturaren alde hitz egiten dugu, baina sortzaileei ez zaie lan baldintza duinik eskaintzen. Nola nahi dugu gure artistak egotea? Baliabiderik gabe? Eskubiderik gabe? Lan baldintza duinik gabe? Noiz arte egon behar dute horrela gure sortzaileek?".

Garaionera doanak "arnasgune" bat topatuko du, baita bizitza eta gizarte eredu bat birpentsatzeko gune bat ere. "Gaur egungo gaitzik handiena da dena azkar eta korrika egin nahi dugula. Baina zertarako?", gogoeta egin du Gabilondok. Bizitzari beste erritmo batekin heltzeko gonbita ere bada espazioa: sentimendutik, pentsamendutik eta esperimentaziotik abiatuta beste bizimodu bat posible dela sinisten dutelako. "Bihotza jartzen bada, beste mundu bat sor daiteke. Eta hori lortzea gure esku dago".

irudi galeria

aretoa
latsategia

nicolas-deshayes

Nicolas Deshayes

Champ Lacombe galeria (Biarritz, Lapurdi)

2026ko Uztailaren 18tik
2026ko Irailaren 05era

tutti-frutti

Tutti Frutti

Erakusketa kolektiboa

Georges Pompidou galeria (Angelu, Lapurdi)

2026ko Ekainaren 13tik
2026ko Irailaren 19ra

azkenean-hondartza

Azkenean hondartza!

Claude Nori

L'Angle (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Ekainaren 12tik
2026ko Uztailaren 19ra

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 15a

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 2026ko Uztailaren 13a

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.