artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Bilbo Arteren aurtengo leherketa

Erakundeak erakusketa antolatu du iaz bere tailerretan lanean aritzeko beka izan zuten hamalau artistaren lanekin. Erakundearen funtsen parte bilakatu dira bilduma osatzen duten 30 piezak.

bilbo-arteren-aurtengo-leherketa
Hodei Herreros Rodriguez artistaren piezak, Bilbao Arteko erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

2025eko Agorrilaren 29a | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Zerbait lehertzean hura osatzen duten elementuek har ditzakeen hamaika norabideen erregistro moduko bat da erakusketa. 2024tik 2025erako tartean, Bilbo Arteren estudioetan lanean aritu diren hamalau artistaren lanak bildu ditu erakundeak Uribitarte kalean duen aretoan. Eta, horregatik, erakusten diren lan guztiak kokapen bertsuan sortu diren arren, arte sorkuntzak har ditzakeen norabide, joera eta testura guztien erakusgarri da erakusketa. 30 artelan inguru dira guztira, eta guztiak izango dira aurrerantzean Bilbo Arte bildumaren parte. Besteak beste, M. Benito Piriz, Ana Busto, Miren Doiz, Hodei Herreros, Marc Vives, Pablo Marte eta Yon Mataukoren lanak daude tartean. Irailaren 7ra arte egongo da zabalik.

Esate baterako, Gabriele Muguruza artistaren lanak ikus daitezke erakusketa hasieran; hain justu, Muguruzak Ertibil lehiaketako bigarren saria jaso du aurten. Haren bi eskultura dira bisitariak aurrez aurre topatuko dituen lehen lanetako bi. Baina sortzaile gazteagoekin batera ibilbide luzeko artisten lanak ere badaude erakusketan. Marc Vives da haietako bat. Bartzelonan jaio zen, baina urteak daramatza Euskal Herrian lan egiten, eta, besteak beste, Tractora arte kooperatibaren sortzaileetako bat ere izan zen Vicente Vazquez, Ainara Elgoibar eta Usue Arrietarekin batera.

Performancearen, eskulturaren eta arte kontzeptualaren artean koka daiteke Vivesen lana, esaterako. Ahotsaren materialtasuna izan ohi du lehengai, eta, hain zuzen, ahotsa da Bilbo Arten osatu duen instalazioaren muina ere. Beste hainbat artelanekin batera, aretoko entxufe bati lotutako eskuko telefono bat topatuko du bisitariak. Bazter batean dago sakelakoa, baina areto osora zabaltzen da haren hotsa. Bideo bat ikus daiteke bertan. Itsaso barrutik grabatuta daude irudiak, eta artistaren ahotsa ere zabaltzen du bozgorailuak, marmarka, zezelka, erdi kantuan, zarata erritmikoak eginez, eta, horrekin batera, bisitariak lurrean zabalduta topatuko ditu gizakiak sor ditzakeen hainbat zarata klaseren erregistro moduko bat biltzen duten fitxak.

Ana Bustoren lanak ere ikus daitezke erakusketan. Igorren (Bizkaia) jaio zen, baina New Yorken bizi da 1980ko hamarkadaz geroztik, eta, dioenez, memoria bisuala lantzeko ariketa bat dira erakusketan jarri dituen lanak. Emakume baten gorputza erakusten duen serigrafia bat jarri du horman, esaterako, eta eskultura bat ere badago ikusgai. Boxeoa 3D-n du izena pieza horrek, eta, hain zuzen ere, 3D inprimagailu bat baliatuz sortu du. Baina elementu sintetiko horiek egur errez osatutako egitura batekin uztartu ditu artistak. Aretoko testuan irakur daitekeenez, 2005ean Mexiko Berrian erretako mendi bat ikusi zuenetik, maiz baliatu du material hori ere.

Kalean topatutako materialak baliatu ditu Miren Doiz artistak Bilbo Arteko piezak sortzeko. Collage moduko batzuk dira emaitzak. Arte sorkuntza bizitzeko duen moduari buruzko gogoeta batzuk ere aipatu ditu erakusketarako prestatutako testuan. "Paradoxa da praktika artistikoa eta hori egiteko baldintza materialak izatea nire arazo gehienen jatorria eta, aldi berean, naizen lekua, nire gela propioa. Izan ere, nire ziurtasun bakarrenetako bat da sorkuntza dela nire autonomia eremu bakarra gero eta oldarkorragoa den inguru batean". Eta, hain zuzen ere, haren hitzetan, munduaren nondik norakoen berri ematen dute artelanetan darabiltzan materialek. Dioenez, etxebizitzen espekulazioaz, diru goseaz, etxegabetzeez eta erreformez mintzo baitira birziklatutako errealitate puska horiek.

Hamaika marrazki biltzen dituen areto beltz batek ixten du erakusketa. Pablo Marte artista espainiarrak ibilbide luzea du arte sorkuntzan, eta harena da azken instalazio hori. Hormak beltzez margotu, eta orri beltzen gainean egindako hamaika marrazki koloretsu pilatu ditu bata bestearen gainean.

Artista liburuak

Artelanekin batera, artista bakoitzak sortutako artista liburu bana ere topatuko du bisitariak erakusketan. Ez da espresuki ezarritako baldintza izan, baina ezta kasualitate hutsa ere. Roberto Agirrezabala artistarekin gaiari buruzko tailerra egin dute sortzaileek Bilbo Arten, eta, haren laguntzarekin, bakoitzak bere moldera egokitu du formatua. Horregatik, liburu itxura klasikoagoa duten piezak ez ezik, erakusketan badira bestelako lan batzuk ere.

Tutu batean bildutako argazki bilduma bat da Ana Bustorena, esaterako, baina erakusketan, sabaitik zintzilikatu, eta, beraz, lurreraino isurtzen da argazki sorta. Artxibategietan erabiltzen den kutxa bat baliatu du Yon Mataukok bere artista liburua sortzeko, baina, bisitariak zabaltzen duenean, ez du paperik topatuko bertan. Bozgorailu txiki bat aktibatzen da inork kutxa irekitzen duen aldiro, eta behin eta berriz errepikatzen den mandarinezko esaldi bat entzungo du bertatik.

Aurreko aldietan, erakusketa amaieran jarri izan dituzte artisten liburuak, baina oraingoan, gainerako artelanen parean jarri dituzte.

Erakusketa ikusteko bisita gidatuak ere antolatu dituzte, eta katalogo bat ere eman dute argitara. Aurten erakusketako artisten lanak biltzen ditu argitalpenak, bai eta Bilbo Artek denboraldi honetan antolatu dituen ekintzak ere.

Hemendik aurrera bekek izango duten aldaketa bat ere aipatzen da bertan. Alde batetik, handitu egingo dira laguntzak —5.000 eurokoak ziren handienak orain artean, eta 14.300 eurokoak izango dira aurrerantzean—. Baina, horrez gainera, beka jasotzen duten sortzaileek Gizarte Segurantzan kotizatuko dute aurrerantzean. Artisten profesionalizazioa laguntzeko asmoz egin dute aldaketa. Eta, horretaz gainera, azpiegituretan hainbat hobekuntza ere egin dituzte.

ARTISTAK

M. Benito Piriz (Durango, Bizkaia, 1992) | Leo Burge (Londres, 1991) | Ana Busto (Igorre, Bizkaia, 1952) |Almudena Crespo (Madril, 1957) | Miren Doiz (Iruñea, 1980) | Hodei Herreros (Gasteiz, 1997) | Marta Lorenzana (Asturias, Espainia, 1987) | Pablo Marte (Cadiz, Espainia, 1975) |Yon Matauko (Gasteiz, 1987) | Gabriele Muguruza (Donostia, 1992) | Joey Ordoñez (El Puerto de Santa Maria, Espainia, 1985) | Javier R. Perez-Curiel (Oviedo, Espainia, 1978) | Marc Vives (Bartzelona, 1978) | Judith Voet (Belgika, 1993).


gai-grisa

Gai Grisa

Erakusketa kolektiboa

Portalea Kultur Etxea (Eibar, Gipuzkoa)

2026ko Otsailaren 20etik
2026ko Martxoaren 22ra

urdinaren-formak

Urdinaren formak

Joël Dagès

Sakana (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 21etik
2026ko Maiatzaren 31era

burdina-eta-azal

Burdina eta azal

Mar. 12 | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

Silver Ships | Artista: Karlos Martinez Bordoy. | Non: Montehermoso kulturgunean, Gasteizen. | Noiz arte: apirilaren 6ra arte.

klientelismoa

Klientelismoa

Mar. 12 | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Otsailaren 12an Eusko Legebiltzarrean kulturgileen egoera eztabaidatu zuen jardunaz aritu zen Ismael Manterola aurreko astean. Luze jotzen ari da bilkura horren oihartzuna, eta ez da harritzekoa: astero bada Garikoitz Mendizabalek esan zituenak ezbaian jartzen dituen beste adibide bat.

euskal-eskulturak-ez-dezan-gizon-izena-bakarrik-izan

Euskal eskulturak ez dezan gizon izena bakarrik izan

Mar. 06 | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

E3 Euskal Emakume Eskultoreak elkartea osatzen duten hemeretzi artisten lanak bildu dituzte 'Eskultoreak hemen orain' erakusketan. Bizkaiako Batzar Nagusietan dago bilduma ikusgai, Bilbon.

ezjakintasuna

Ezjakintasuna

Mar. 05 | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Eztabaida Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduko legebiltzarkideak sortzaileak prekaritatetik ateratzeko edo babesteko lege proposamenak eskatu ditu. Lanartea elkarteak eta Siadecok sektorean egindako ikerketaren arabera, "ezegonkortasuna" eta "diru sarrera apalak" dira nagusi.

muga-bigunen-testurak

Muga bigunen testurak

Mar. 05 | Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]

DEAR DEER. | Artista: Maider Garaio. | Non: Iruñeko Ziudadelako Bolborategian. | Noiz arte: apirilaren 12ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.