"Irekiak Gallery Weekend"-en bosgarren edizioa aurkeztu dute
Irailaren 12tik 14ra, IREKIAK Gallery Weekend ekimenak erakusketetara bisita gidatuak, performanceak eta Kursaaleko fatxadan egingo diren proiekzioak eskainiko ditu DAGGEk, Tabakalerak eta Donostia Kulturak antolatuta, San Telmo Museoaren eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin.

| 2025eko Irailaren 4a
IREKIAK Gallery Weekend Donostiak hiriko hainbat gune artistikotan ikusgai egongo diren erakusketekin ekingo dio bere bosgarren edizioari. Irailaren 12tik 14ra Donostian ospatuko den ekitaldiak hasiera emango dio erakusketa-denboraldiari. Jaialdiaren helburua da galerien ahalmena instituzioekin bateratzea, arte garaikidearen bitartez kultur ehuna indartzeko.
Donostiako Arte Garaikideko Galerien Elkarteak (DAGGE) ateak irekiko ditu aurten ere, hiritarrak arterik berriena erakusten duten espazio horiek gertutik ezagutzera gonbidatzeko. DAGGEk, Donostia Kulturak eta Tabakalerak antolatu eta koordinatutako IREKIAK jaialdiak beste hiri batzuen ereduari jarraitzen dio, eta urteroko hitzordu artistikoa bilakatu da, Donostiako gizarte, turismo eta kultura arloetan giltzarria. Urtero, ezinbesteko bisita gidatuek zirkuitu inspiratzailea osatzen dute artea askotariko publikoarengana hurbiltzeko eta sortzaileek hainbat diziplinatatik egiten duten lanera gerturatzeko.
Esku-hartzeak eta performanceak, argazkigintza, eskultura, pintura, marrazketa, arte digitala, proiekzioak… artezaleen gozamenerako aukera ugari izango dira IREKIAK 2025 edizio berri honetan, sei galeriatan banatuta: Cibrián, La Central Art Gallery eta Arteko, Grosen; Ekain arte lanak, Parte Zaharrean; Arteztu, Antigua auzoan; eta Sakana, Egian.
Kutsu berezia izango du aurten jaialdiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren 10. urteurrenarekin bat egingo baitu. Tabakalerak bere bi erakusketa sartu ditu jaialdiaren programan: Pálmason eta Arcoíris 82, eta Kursaaleko fatxadan proiekzio bat ere egingo da, ate irekien lau egunak osatzeko.
GALLERY WEEKEND
IREKIAK irailaren 12tik (osteguna) 14ra (igandea) egingo da, ordutegi jarraituan.
Ekitaldiak bisita gidatuak eskainiko ditu, ostiraletik igandera arte ateak zabalik izango dituzten erakusketetan zehar; Hlynur Pálmason zinemagile eta artistaren Pálmason eta Irati Gorostidi Agirretxe zinemagilearen Arcoíris 82 erakusketak Tabakaleran, eta Tabakaleraren eta Kursaalen arteko lankidetzaren ondoriozko formatu handiko ikus-entzunezko instalazioak proiektatuko dira irailaren 12tik 15era, 20:30etik aurrera. Galeriek, beren aldetik, ekitaldiak antolatuko dituzte, hala nola, kontzertuak, performanceak, solasaldiak, instalazioak…
Aurreko edizioetan bezala, San Telmo Museoaren eta Kutxa Fundazioaren bildumek babestutako artelanen sarirako deialdia egingo da.
AGENDA
OSTIRALA, IRAILAK 12
- 17:00-21:00 Galerietako erakusketen inaugurazioa
- 20.30: Proiekzioa Kursaalen
LARUNBATA, IRAILAK 13
- 11.00: ELENA SETIEN artistaren hitzaldia La CENTRAL Art Gallery-n "Sormen prozesutik esku-hartze artistikora", bertaratutako ikusleekin egindako lan parte-hartzailea
- 11.30: bi bisita gidatu. Euskaraz: La CENTRAL eta SAKANA galeriak // Gaztelaniaz: ARTEZTU eta EKAIN galeriak
- 17.00: bi bisita gidatu. Euskaraz: ARTEZTU eta EKAIN galeriak // Gaztelaniaz: ARTEKO eta CIBRIÁN galeriak
- 20.30: Proiekzioa Kursaalen
IGANDEA, IRAILAK 14
- 11.30: Bisita gidatuak. Euskaraz: ARTEKO eta CIBRIÁN galeriak // Gaztelaniaz: La CENTRAL eta SAKANA galeriak
- 20.30: Proiekzioa Kursaalen
ASTELEHENA, IRAILAK 15
- 20.30: Proiekzioa Kursaalen
ORDUTEGIAK
GALERIAK: Ostirala, irailak 12: inaugurazioa 17:00 - 20:00. Larunbata, irailak 13, 11:00 - 20:00. Igandea, irailak 14, 11:00 - 14:00.
TABAKALERA: Ostegunetik iganera: 11:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara
KURSAALEKO PROIEKZIOAK: Ostiraletik astelehenera: 20:30
ERAKUSKETAK
EKAIN ARTE LANAK
>> BARNE BEGIRADA. MIKEL DÍEZ ALABA + MARTA MARUGAN
Ekain Arte Lanak galerian, Donostiako IREKIAK Gallery Weekend jaialdiaren 5. edizioan, BARNE_BEGIRADA izenburupean, bi euskal artisten lanak aurkeztuko ditugu.
Erakusketa Aretoan Mikel Díez Alaba (Bilbo, 1947) artista bizkaitarrak margotutako koadroen aukeraketa bat aurkeztuko dugu eta Artista Gonbidatuaren gunean Marta Maruganek (Donostia, 1964) margotutako hainbat koadro erakutsiko ditugu.
Mikel Díez Alabak Valentziako San Carlos eta Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Eskoletan ikasi zuen 1968 eta 1973 artean. 1972an Juan March Fundazioaren beka lortu zuen Parisen ikasteko. 1981az geroztik Menorcan bizi da, eta abstrakzioari lotutako estiloaren bidez sendotu du bere ibilbide artistikoa.
Marta Marugan Donostian jaio zen 1964an. Arte Ederretako ikasketak Bartzelonako BBAA San Jordi Unibertsitatean eta Bilboko UPV/EHU Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean egin zituen. Parisen bizi izan da 1992tik 2002ra arte, eta etengabe aritzen da tailerrean margotzen eta Frantziako hiriburuko hainbat erakusketatan aurkeztu ditu bere lanak. Handik Bartzelonara joan zen, eta bertan bizi da gaur egun.
ARTEKO GALLERY
>> ZATIXAK. JOXAN IZA
Artekok Joxan Iza artista bergararraren lana aurkeztuko du IREKIAK GALLERY WEEKEND 2025 edizioan. Erakusketa honen bidez, Arteko galeriak Gros auzoko Dunas 1 kalean espazio berri bat inauguratuko du, 29 urteko ibilbide artistikoaren ondoren bertan jarraitzeko.
Zatixak erakusketak Arteko galeriaren hirugarren zikloari emango dio hasiera, arteari buruzko bizi-proposamen baten bidez; pinturak galderak dira, collageak ezezagunak, eta objektuak eraikuntza nostalgikoak. Sentipen baten zatiak dira.
Joxan Izak (Bergara 1961) bere unibertsoaren intimitatea aurkezten du, espresionismo punk, komiki eta graffitiaren eragina duen lengoaia artistiko oso pertsonal baten bidez. Bere lana zatietan banatzen da, margoetan txertatutako koloretako mosaikoak, paperak, collageak eta piezak konbinatzen dituzten tramankuluak, zerbait desberdina sortzeko. Istorio bat kontatzeko batzen, gainjartzen eta eraikitzen doan ideiak, emozioak eta esperientziak irudikatzen dituzten pasarteak dira.
Patchwork, irudien transferentzia eta materialen manipulazioa bezalako teknika desberdinen esploratzaile, Izak bere mundu-ikuskera bereziaren bidez emango dio hasiera Arteko galeriaren ibilbide berriari. 1996an Secundino Esnaolan hasi, Iparragirren (2006-2024) jarraitu, eta orain Dunas 1era etorri da artearen bidez egindako bidaia zirraragarria. Beti Grosen, abentura artistiko bizia igaro duen Donostiako auzoan.
Artistak, bere laugarren bakarkako lanean, kolore anitzeko pinturak erakusten ditu, sare eta tramankulu teknologikoetan bildutako beltzen orban solteekin. Izak entretenitzeko plazeraz gozatzera gonbidatzen gaitu, fraktal baten antzera errepikatzen diren hamaika egituren bidez planteatzen dizkigun zirrikitu emozionalei erreparatuta.
Joxan Izaren margolanak gure munduaren eta gure gizartearen erradiografiak dira, ezinean ehuntzen eta desegiten direnak. Bere pinturekin batera, artistak eskultura konstruktibistak egiten ditu; eraikuntzak, puzzleak eta brikolajeak, gizatasunaren eta teknologiaren artean. Mix piezak, brikolajea, hiri berriak iradokitzen dituztenak. Hiri horietan, robotek eta zuntz berriek harreman eta prozesu berrien sarea sortzen dute, eta artea bertan murgiltzen da.
LA CENTRAL Art Gallery
>> Basoan zehar. ELENA SETIEN
Elena Setien artista gipuzkoarraren erakusketa aurkeztuko du LaCENTRAL Art Galleryk. Azken urteotan egindako lana biltzen du, basoa eta gizakia bat eginda. Berarentzat Basoan barneratzea norberarengan ibiltzea da, esentzia propioa aurkitu arte.
Marra du protagonista, punta lehorra eta teknika gehigarriak konbinatzen dituen grabatu monumentalekin; eta formatu txikiko piezak, paperaren hiru dimentsioak material organikoekin lotuta.
Era berean, irailaren 13an egingo duen "Sormen prozesutik esku-hartze artistikora" hitzaldian, publikoarekin lan parte-hartzailea egitea proposatuko du. Sormen-prozesuari buruzko gogoeta abiapuntu, eta artistak hasitako marrazki bat oinarri hartuta, parte-hartzaileekin batera sortzea proposatuko du, denen artean baso bat sortzeko. Sormen-prozesuaren LOTURA eta ULERMENA.
Elena Setien (Donostia, 1969) Arte Ederretan lizentziatu zen San Carlos Unibertsitatean (Valentzia), eta grabatuan espezializatu zen. Artistarentzat, grabatua aztarna bat da, arima duen aztarna bat. Eremu aberats eta beroa… maila artistiko eta pertsonalean ibiltzeko modukoa.
ARTEZTU
>> ZU ATRAPATU ARTE (TRASHVERTISING). PAU FIGUERES ORTIZ
"Aingeru bat aingeru gaizto bihurtzen denean, badu aingerutik zerbait; hondakin hori du gainean deabruak". Agustín Fernández Mallo, Zaborraren teoria orokorra
Zu Atrapatu Arte (Trashvertising) proiektu multidiziplinarra da, eta eskulturaren eta pinturaren bitartez bi kontzeptu lantzen dira aldi berean: "markako" zaborra hondakin gisa eta marken hondakin "auratikoa". Proiektu honetatik ateratako lanak aurkitutako eta ausazko objektuetara hurbiltzearen, begirada kritikoaren eta prozesu paradoxikoaren emaitza dira. Prozesu paradoxiko horren helburua da detritua eraldatzea, diskurtso semiotikoa kenduta, baina, aldi berean, diskurtsoa duindu eta jatorrizko lekura itzulita.
Testuingurua: Trashvertising—ingelesezko trash (hondakina) eta advertising (publizitatea)— hondakin batek publizitatea nola egin dezakeen aztertzen saiatzen da, marka jakin baten komunikazio-gaitasuna eta -ahalmena direla eta.
Markek beren ahalmen semiotikoari eusten diote, nahiz eta bilgarri bat jatorrizko testuingurutik kanpo xahutzea besterik ez den.
Agustín Fernández Malloren Zaborraren teoria orokorraren arabera: "Haur batek lixiba-botila huts bat hartzen duenean, segurtasunaren kultura histerikoa eta material toxikoen arriskua profanatuta hura futboleko baloi bihurtzeko, halako baloi inprobisatuak botila-egoera toxikoaren zati bat gordetzen du —izan ere, balizko lixiba-tantek prakak zikindu edo itsu utz diezaiokete".
Marka bat profanatu eta artearen testuingurura eramatean, horrek bere promozio- eta publizitate-egoera "toxikoari" eusten dio, eta haren esentzia semiotikoa neutralizatu edo, gutxienez, estali egin daiteke manipulazioko eta nahasketako prozesu artistikoen bidez. Hori da proiektu honen asmoa: gaiztakeriaz betetako tresnak birziklatu eta materia artistiko bihurtzea, haien sustapen-funtsetik urrunduta.
CIBRIÁN
The Giants of the Circle & with The Birds of Circus, The Hawk Looks out with The Golden Eagle, Adult & Juvenile. SUSAN CIANCIOLO
Cibrián galerian The Giants of the Circle & with The Birds of Circus, The Hawk Looks out with The Golden Eagle, Adult & Juvenile lana aurkeztuko da, Susan Ciancioloren bakarkako bigarren erakusketa.
Euskal Herrian egin berri duen egonaldi batean inspiratuta —erraldoi eta buruhandien desfile tradizional bat ikusi zuen, tokiko folklorean sakon errotua—, artistak figura handi horientzat aldagelak sortu ditu. Jantzi horiek bizia hartuko dute irekiera-gauko performancean.
Azken hilabeteotan, Cianciolok berarekin eraman ditu joan den leku bakoitzera. Orain, ibilbideko markak daramatzate, egin berri dituzten bidaien isla. Performancearen gidoia Lilac-ek —Ciancioloren alaba eta haren kolaboratzailea— idatzi du, eta memoria, mugimendua eta mitologia uztartzen ditu.
SAKANA
>> Water & Sacred Shores. TAKI BIBELAS
Bi serie hizketan: ura eta ur-bazterra
Sakana Galleryk Sacred Shores aurkeztuko du, Taki Bibelasen erakusketa sentikor eta sendoa. Lehen aldiz, bi serie osagarri biltzen ditu, Water eta Sacred Shores, urarekin, gorputzarekin eta ur-bazterrekin dugun lotura instintiboaren esplorazio bateratu batean.
Sacred Shores seriean, argazkilariak harearen, ozeanoaren eta zeruaren arteko lotura leku transzendentaltzat hartzen du. Erakusketa bikoitzen eta eskala txundigarrien bidez, denboraren iragaitea, nostalgia eta unearen harridura ekartzen ditu gogora.
Isla gisa, Water seriea elementu likidoan barneratzen da, disoluzio eta oroimen sentsorialeko espazio gisa. Gorputzak flotatu egiten du, urtu egiten da, babestu egiten da, askatzearen eta desagertzearen artean. Materiaren, espirituaren eta abstrakzioaren bidez, serie honek zalantzan jartzen ditu identitatearen arintasuna eta iruditeriaren ahalmena.
Elkarrekin, lan hauek biziaren geografia intimoa marrazten dute, ura lengoaia eta babesleku, muga eta igarobide bihurtuta.
Taki Bibelas: Atenasen (Grezia) jaioa eta Kanadan hazia, Taki Bibelas Euskal Herrian, Parisen eta proiektu artistikoek eramaten duten lekuetan bizi da. Argazkilaria eta zinemagilea da, eta estetika zinematografikoa, narratiba bisuala eta esperimentazio teknikoa uztartzeagatik da ezaguna. Haren argazkiak honako hauetan argitaratu dira: Vogue Hommes International, Numero, Vanity Fair, Mixte, Italian Marie Claire eta L'Officiel. Nazioarteko hiru sari irabazi zituen The Still Point dokumentalagatik, eta 2014an aurkeztu zuen bere lehen film laburra Canneseko Zinemaldian (Short Film Corner). Argazkilaritza- eta zinema-eskolak ematen ditu aldizka École Gobelins-en (Paris).
TABAKALERA
Pálmason. Hlynur Pálmason
Erakusketa bat dator Tabakaleraren ildoarekin; artearen eta zinemaren arteko elkargunea aztertzen du Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan. Hala, lehen aldiz, Hlynur Pálmason artista islandiarraren bi alderdi sortzaileak biltzen ditu. Hiru proiektu aurkeztuko dira: Lament for a Horse, zaldi baten deskonposaketak dokumentatzen duena, artistaren Godland filmean agertzen zena; One Winter, Tabakalerak ekoitzita, filma eta instalazioa da, kotoizko oihalen gainean neguaren eraginpean dauden metalezko xaflak; eta The Beginning and the End, bizi-zikloak eta finkatu eta eraldatzearen arteko kontraesana ikertzen dituena.
Hlynur Pálmason (Hornafjörður, Islandia, 1984) artistak hiru pelikula egin ditu: Winter Brothers (Vinterbrødre), 2017an Locarnoko Zinemaldian debuta egin zuen filma, hainbat sari irabazi zituen, besteak beste, Danimarkako film onenari bi (Bodil Awards and Robert Prize); A White Day (Hvítur, Hvítur Dagur), 2019ko Canneseko Nazioarteko Zinema Kritikoan estreinatu zen; eta Godland (Vanskabte Land) 2022ko Canneseko Nazioarteko Zinemaldian estreinatu zen.
>> Arcoíris 82. Irati Gorostidi Agirretxe
Irati Gorostidi artista eta zinemagile nafarraren Arcoíris 82 erakusketak Aro berria (2025) bere fikziozko lehen film luzearen filmazioko material argitaragabea du abiapuntu, eta Donostia Zinemaldiko New Directors sailean proiektatuko da.
Irati Gorostidi Agirretxe zinemagilea eta ikertzailea da, 70eko hamarkadako Euskal Herriko langile mugimenduan eta esperientzia komunitarioetan espezializatutakoa. Bere lehen film luzea, Aro berria, Ikusmira Berriaken garatua eta Next Step edo Locarno Residency bezalako programetan aitortua, 2025eko Donostia Zinemaldiko New Directors sailean estreinatuko da. Gorostidiren Contadores film laburra Canneseko Semaine de la Critiquean estreinatu zen 2023an, eta San Simón 62 proiektuak X Films de Punto de Vista saria irabazi zuen 2021ean. Bilbon eta Bartzelonan trebatua, New Yorken Fulbright bekaduna izan zen.