artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Topaketen dardara artistikoa iraunaraztea

Iazko Iruñeko Topaketetan plazaratutako gogoeta artistikoetan inspiratutako sei obra jarri dituzte ikusgai Baluarten, gune hori pentsamendurako eta sorkuntzarako "erresonantzia kaxa" bihurtzeko asmoz. Erakusketa azaroaren 29ra arte izanen da ikusgai.

topaketen-dardara-artistikoa-iraunaraztea
Maria Castellanos Vicenteren instalazioa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2025eko Azaroaren 16a

Ez da erraza gauzei bizialdi bat bakarra eman nahi izatea, efimero eta bakan izan daitezen saiatzea, eta, orobat, haien oihartzunak luze iraunaraztea. Baina egin daiteke. Edo, behintzat, badago saiatzea. Iruñeko Topaketen Memoria Artistikoa programa da horren adibide. 2022an estreinako aldi, eta 2024an bigarrenez, 1972an Iruñean izandako arte topaketetan inspiratutako programazioak izan ziren hirian, eta, antolatzaileen esanetan, nabarmen bete zutenhelburua: halako dardara bat sortu zuten, abangoardiako arteari buruzko gogoetak bultzatzeko. Azken alditik urtebete eskas iragan den honetan, ordea, alferrikakoa da bertan gertatutakoak Interneten ikusten edo aditzen ahalegintzea. Sarean apenas dagoen deus erregistratuta, eta hori programatzaileen hautu bat da bere horretan: "Hitzaldiak ez daude grabatuak, ez ditugu inon zabaldu. Egun horietan gertatutakoak ez ditugu ziberespazioan galarazi nahi; ez da hori etorkizunerako utzi nahi dugun arrastoa", argudiatu du Iruñeko Topaketen zuzendariorde Berta Aresek. Funtsean, topaketak oroitzeko manerei buruzkoa da aireratutako galdera. Baina erantzuna ere emana dute dagoeneko: artistek ekarriko dituzte orduko oihartzunak orainera. Baluarteko Harresi aretoan ikus daiteke: Topaketen Memoria Artistikoa programaren bidez garatutako sei proiektu artistiko bildu dituzte erakusketa kolektibo batean.

Artista edo talde hauen obrak daude erakusketan jasota, zehazki: Leire Ipas, Maria Castellano Vicente, Elisa Arteta, Marina Lameiro eta Tania Hernandez Velasco —elkarrekin jardun dira—, Dick Rekalde, eta Protocolectivo kolektiboa —Patxi Alda artista eta ikerlaria ere batu zaie proiektu honetarako—. Topaketen Memoria Artistikoa programaren iazko deialdiara aurkeztutako 48 hautagaien artean gailendu ondoan lortu dute lanak aurkeztea, zehazki. Nafarroako Gobernuak eta Baluartek bultzatutako deialdia da hori, eta proiektu bakoitzak 15.000 euro inguruko laguntza jaso du.

Aretoa aski ilun argiztatu dute erakusketarako. Proiektu batzuk elkarren ondoan daude paratuta. Beste kasu batzuetan, berriz, Harresi aretoaren egiturak berak funtzionatzen du obra bakoitzaren bilgarri gisara, gelaxka modukoak osatuta. Horien guztien batura honela definitu du Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari Rebeca Esnaolak: "Erresonantzia kaxa bat da, barne hartzen dituena pentsamendua eta sorkuntza, esperientzia konpartitua eta arte garaikidea".

"Erresonantzia kaxaren" hormetako bat Elisa ArtetarenTransiciones desde lo sensibleobrak hartua du orain. Ikus-entzunezko pieza bat dago bertan pantailaratua, eta besaulki batzuk jarri dituzte parean; haien gainean, aurikularrak, ikusleak hobeki aditu dezan bideoaren audioa, entzumena zorrotz. Izan ere, zentzumenen bidezko pertzepzioan jarri du arreta artistak, baina, haren esanetan, zentzumen fisikoetatik harago ailegatzea da asmoa, "izpirituak ere esku hartu dezan prozesuan". Otsagabi(Nafarroa) inguruko paisaiak bistaratu ditu bideoan, besteak beste, eta kamera etengabe da mugimenduan.

Laztanak, bibrazioak, jainkosak

Maria Castellanos Vicente ikerlariaren proiektuaren karietara, robotik ere bada Baluarten egunotan. Artetaren proiektuaren ondoan dira, preseski, Ecosistema biónico. Parentescos entre plantas, máquinas y humanos instalazioan, aurrera-atzera etengabe, geldo baina beti mugimenduan, lorategi moduko batean erdigunean. Izan ere,landareen, gizakien eta makinen arteko harremanak aztertzea du helburu obrak. Elektrofisiologian oinarritutako sentsore batzuek xehe erregistratzen dute landareen aktibitate elektrikoa —frogatua baitago halakorik badutela—, eta, bien bitartean, ikusleak begien bistanizanen ditu roboten eta landareen arteko hartu-emanak: irudipena da batzuk besteei laztanka ari direla, erakarmen indarren batek bultzatuta. Castellanos Vicenteren esanetan, iazko Iruñeko Topaketetan Stefano Mancuso artistak esandakoak pizgarri izan zaizkio proiektua trazatzeko.

Iruñeko Topaketek artistei eragindako gogoeten ondorio da Marina Lameiro eta Tania Hernandez Velascoren Izena duen guztia da ikus-entzunezko lana ere. Beka eskuratu berritan bertan azaldu zuten, esaterako,Blanca Solares, Gilles Lipovetsky, Marta Segarra, Sara Ahmed eta Apichatpong Weerasethakul artisten hitzek nabarmen inspiratu dutela orain Baluarten ikusgai jarritako obra. Elkarren ondoan jarritako bi pantailatan bideo bat eman dute artistek. 16 milimetroan eta hala Nafarroan nola Mexikon filmatutako irudiz osatu dute lana,baita artxiboko zenbait pasarte erantsita ere.Coatlicue jainkosa mexikarraren eta Mariren enkontrubat irudikatu asmo du lanak, "eskaintza" modura. "Errepresio patriarkal eta kolonialistaren aurkaerresistentzia egiten duen pultsuaren irudikapena ere bada", erantsi du Lameirok.

Protocolectivo kolektiboak Ahots bat landatzea izeneko instalazio bat egin du Patxi Alda artista eta ikerlariarekin elkarlanean. Mikrofono eta bozgorailu sistema baten bidez, zutik eta elkarri loturik paratutako ispilu batzuk dardararazidituzte horretan. "Erresonantzian" jarri nahi izan dute arreta, "kontaktuaren mugei buruz gogoetatzeko".

Eta mugei buruzkoa da Leire IpasenCeniza / Píxel proiektu artistikoa ere. Hausnarketa bestelakoa da, baina. 21 minutuko bideo instalazio baten bitartez, mugen desegiteaz eta existitzen den guztiaren bat egiteaz gogoetatu da artista, batez ere bi metafora baliatuta horretarako. Batetik, errautsa; errauts bihurturik dena baita antzekoa eta bereizi ezinezkoa. Bestetik, pixelak; irudiak unitate hain txikitan banatzen dituenez, kasik ezin bereizi baitaiteke zeren parte diren batzuk eta besteak.

Sorpresaz betea karrika

Dick Rekalde artistaren Heteropatías lana salbuespena da erakusketako gainerako guztien artean. Hainbat eskultura ondu ditu proiekturako, arrautza formakoak gehienak, baina bi baizik ezin dira ikusi Baluarten. Gainerakoak kalean dira: faroletan, zebrabideen ertzetan... Herritarren eta piezen arteko "ustekabeko enkontruak" sortzea zaio interesgarriena artistari, kolpez ulertzen ez diren gauzekin topo egindakoan jendeak izaten dituen erreakzioak aztertzeko.

Erakusketa azaroaren 29ra arte izanen da ikusgai Baluarten, ostegunetik igandera. Gainera, artistek jendaurreko hainbat ekintza eginen dituzte ordura bitartean. Ostiral honetan, esaterako, Protocolectivoko kideek eta Patxi Aldak solasaldi batean parte hartuko dute erakusketaren aretoan bertan, 19:00etan, eta, segidan, instalazioaren zuzeneko erakustaldi bat eginen dute. Azaroaren 20an, Elisa Artetak dantza koreografia baten bidez aurkeztuko du bere lana, 19:00etan.


kaosaren-diziplina

Kaosaren diziplina

Isabel Coixet

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Azaroaren 01era

argi-apur-bat

Argi apur bat

Dan Flavin

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Azaroaren 11etik
2027ko Apirilaren 04ra

uhinak

Uhinak

Ra Asensi

Bilboko Euskal Museoa - Kukula (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Uztailaren 08tik
2026ko Abenduaren 28ra

xabier-morras

Xabier Morrás

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Urriaren 23tik
2027ko Otsailaren 07ra

harri-erre-malpais

Harri erre, 'malpaís'

Izaskun Araluzea [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 21a

Malpaís | Artista: Borja Gomez. | Non: Naratan, Bilbon. | Noiz arte: Azaroaren 7ra arte.

bilboko-arte-ederren-museoa-zabaldu-dute

Bilboko Arte Ederren Museoa zabaldu dute

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 21a

Berritutako museoei buruzko artikulu sorta bukatzeko, Bilboko Arte Ederren Museoari tokatuko zaio gaur txanda. Komunikabideek behin eta berriz errepikatu duten moduan, urriaren 5ean zabaldu zen Bilboko museo berritua.

zer-memoria-dosi-behar-du-fikzioak

Zer memoria dosi behar du fikzioak?

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 18a

Iruñeko Topaketen gerizpean, Leire Lakuntza, Ainhoa Apeztegia eta Nagore Txibite artisten obrak hizketan eta galdezka jarri dituzte Ziudadelako Arma aretoan. Udalaren Arte Garaikideko Bildumako lanen hautaketa batekin ere osatu dute erakusketa.

kultura-ikertu-kultura-babestu

Kultura ikertu, kultura babestu

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 16a

Orain egun batzuk [EAEko] Kulturaren Euskal Behatokiaren email bat jaso nuen; azaroaren 5ean eta 6an egingo dituen jardunaldien egitaraua zekarren (gaztelerazko mezutik ireki behar izan nuen, euskarazko bi estekak ez zebiltzalako; benetan inork ez ditu halako gauzak gainbegiratzen kultura eta euskara sailean?).

gwangjuko-biurtekoa-aldaketarako-agindu-bat

Gwangjuko Biurtekoa, aldaketarako agindu bat

| 2026ko Urriaren 15a

Bere 16. edizioan, Hego Koreako arte garaikideko nazioarteko erakusketak esperientzia intimoak, kontakizun historikoak eta denboraren ikusmoldeak jartzen ditu elkarrizketan

osotasunaren-gezur-hauskorra

Osotasunaren gezur hauskorra

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 14a

Izar iheskorra eta bihotza | Artista: M. Benito Piriz. | Non: Bilbo Arten, Bilbon. | Noiz arte: azaroaren 8ra arte.

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.