artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Lorategi bertikalak

HIRUGARREN PAISAIA | Artista: Maria Azkarate. | Non: Nafarroako Museoan, Iruñean. | Noiz arte: 2027ko apirilaren 4ra arte.

lorategi-bertikalak
Maria Azkarateren 'Hirugarren paisaia' erakusketako pieza batzuk, Nafarroako Museoan. IDOIA ZABALETA / FOKU

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 25a

Nafarroako Museoaren kaperan kokatzen den erakusketa berriak Hirugarren Paisaia du izena, eta Maria Azkarate artistak egindako hainbat lan biltzen ditu. Hirugarren paisaia terminoak ohiko arreta zirkuituetatik kanpo dauden espazioei egiten die erreferentzia, funtzio jakin bat betetzen ez duten horiei, plangintza nabarmenik ez dutenei; nolabait gune natural eta urbanizatuen arteko trantsizioan ahanzten ditugun horiei. Lurraldea antolatzeko logika merkantilisten aurrean, espazio horiek nolabaiteko pitzadura irekitzen dute; zuzenean begiratzen dieguneanare nabarmenago bihurtzen den pitzadura bat. Azkarateren proposamenak haiengana zabaltzen du ikuseremua, bertan azaleratzen diren naturaren zantzuei erreferentzia zuzena eginez.

Mostrak artistaren bi argazki-serie biltzen ditu, Herbarioa eta Tokiak, duela gutxi Nafarroako Museoak bere bildumarako eskuratuak. Guztira hamasei piezak osatzen dute multzo hori. Hala ere, erakusketaren benetako ardatza urtean zehar egindako tailerretan ehundutako instalazio kolaboratiboa da, proposamen osoari batasuna eta gorputza ematen diona. Elkarren artean harremanetan dauden hiru piezak osatzen dute: Lorategi esekia, Lorategi minimoa eta David Serranok eta Borja Alkatek sortutako Herbario soinuduna.

Kaperan izanik, espazioak bere dimentsio espirituala gordetzen du neurri batean. Sarreratik bertatik, albo banatan kokatutako argazki-serieek bisitaria gidatzen dute; haien artean mugituz, erakusketaren erdigunea den instalaziorantz hurbiltzen da. Mugimendu horrek erromesaldi txiki baten antza hartzen du. Baina oraingoan erretaulak eta absidea ez dira begiradaren helmuga: ilunpetan desagertzen dira, eta lorez osatutako instalazioak hartzen du espazioa, bere presentzia organikoarekin kaperaren hierarkiak irauliz.

Erakusketaren lehen zatian aurkezten den Herbarioa sailak behaketa-metodo ia taxonomiko baten aztarna erakusten du. Paisaiaren ikuspegi orokorra bazterrean utzita, Azkaratek hura osatzen duten elementu txikienetara hurbiltzen du begirada. Horrek ikuslearen ohiko ikus-erregimena hausten du: irudiek denbora eskatzen dute, arreta, eta normalean bazterrean geratzen diren xehetasunen aurrean gelditzea. Horrela, ia ikusezina dena ikusgarri bihurtzen da, eta arrunta denak presentzia berria hartzen du.

Aurrera egin ahala, ordea, arreta landare horiek okupatzen dituzten espazioetarantz desplazatzen da Tokiak seriearen bidez. Hasieran landare bakoitzaren ezaugarri fisikoak nagusi baziren ere, pixkanaka garrantzi handiagoa hartzen du horiek hazten diren espazioak. Hala, serie horrek iradokitzen digu bizimodu bakar bat ere ezin dela modu isolatuan ulertu.

Ikuspuntu hura indartu egitenda begiak serie horretatik altxatu eta aurrean dugun instalazioa aztertzeari ekiten diogunean, bizitza-forma bakoitzak besteekin duen harremanean aurkitzen duelako bere zentzua.

Kaperaren erdialdean dagoen lorez eta landarez osatutako egiturak harengana gerturatzeko eskaria egiten digu. Urrunetik begiratuta, organismo bakar baten gisara agertzen da; hurbildu ahala, haren barruan ezkutatzen diren formen, koloreen eta testuren aniztasuna agerian geratzen da. Eta, orduan, haiekaztertzeari ekiten diogu, makurtzen dugu gorputza, inguratzen dugu egitura...Mugimendu horretan guztian, soinuak espazioa zeharkatzen du, gure keinuekin bat eginez. Soinuak gorputza ere inplikatzen du, eta entzuketa hautemate fisikoaren parte bihurtzen da.

Modu horretan, normalean begirada pausatzen ez dugun lekuetan gelditzera gonbidatzen gaitu artistak. Erakusketak ingurunearekin bestelako harreman-moduak pentsatzeko espazio bihurtzen ditu bazterrak, eta, aldi berean, gure begiradaren hierarkiak auzitan jartzen ditu. Arreta merezi duenaren eta bazterrean geratzen denaren arteko muga lausotu egiten da, ikusgarriaren eta ikusezinaren arteko banaketa bera zalantzan jarriz.

hirugarren-paisaia

Hirugarren paisaia

Maria Azkarate

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Maiatzaren 15etik
2027ko Apirilaren 04ra


get-me-a-stone

Get me a stone

Rosalind Nashashibi

Artium (Gasteiz, Araba)

2026ko Ekainaren 12tik
2026ko Azaroaren 01era

fantasia-eta-arrazoia

Fantasia eta arrazoia

Goya

Arabako Arte Ederren Museoa (Gasteiz, Araba)

2026ko Maiatzaren 18tik
2027ko Otsailaren 28ra

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

diferituan-bizitzea

Diferituan bizitzea

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

Japonian lanean nagoenez, tenplu bateko udazkeneko ekinokzioaren inguruko ospakizun batera hurbildu nintzen aurrekoan. Ez nintzen plan hura egiten bakarra: tenplu txiki samarra zen, eta, iritsi nintzenerako, jendez gainezka zegoen; anitz turistak, ni bezala.

korapiloek-dakitena

Korapiloek dakitena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

'Gerezi Hori' | Artista: Maider Aldasoro. | Non: Rekalde aretoa, Bilbo. | Noiz arte: Azaroaren 22ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.