artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Antonio de Guezalaren funts berria eskuratu du Arte Ederren Bilboko museoak

Artelanen corpus zabala da, Guezalaren ibilbideko jarrera kosmopolita eta diziplina anitzeko ikuspegia islatzen duten obra, dokumentu eta askotariko objektuek osatua. Funts berriaren oinarria museoak erosketa bidez eskuratutako lanek osatzen dute.

antonio-de-guezalaren-funts-berria-eskuratu-du-arte-ederren-bilboko-museoak
Antonio de Guezala sortetxean, Bilbotik hurbil, 1920. urte inguruan.

| 2 Octobre 2024

Arte Ederren Bilboko Museoa erreferentziazko zentroa izango da Antonio de Guezala margolariaren (Bilbo, 1889-1956) obraren kontserbazioari eta ikerketari dagokienez. Izan ere, bere bildumara ekarri du, erosketa, dohaintza, eta gordailutze bidez, margolari horren familiak daukan funts artistiko eta dokumental baliotsuaren zati esanguratsu bat. Guezalak kontserbatu zuen –bere ibilbidean zehar beti merkatutik at egon zen–, eta haren bilobaren eta bi birbilobaren eskuetan egon da. Haiek, berriz, bere horretan jaso zuten margolariaren alaba Julia Guezala Guinearengandik (1922-2008).

Artelanen corpus zabala da, Guezalaren ibilbideko jarrera kosmopolita eta diziplina anitzeko ikuspegia islatzen duten obra, dokumentu eta askotariko objektuek osatua. Artista originala izan zen Guezala, eta, XX. mendearen hasierako joera plastiko berritzaileen ildotik, margolari, ilustratzaile, kartelgile, karikaturagile, eszenografo eta ex librisen sortzaile jardun zuen.

Funts berriaren oinarria museoak erosketa bidez eskuratutako lanek osatzen dute: artistaren 42 pintura eta paper gaineko obra, eta Sonia Delaunayren akuarela bat. Lan horiek 950.000 €-ko balioa dute, eta Museoaren Lagunen ekarpenari eta BBK Banku Fundazioaren lankidetzari esker eskuratu dira. Eragiketa horren ondorioz, 7.400 pieza iritsi dira dohaintza bidez – kontuan hartuta marrazkiak, kartelen diseinuak, inprimaki iragankorrak, bere eta beste artista batzuen ex librisen bilduma, argazkilaritzako, filateliako eta heraldikako albumak eta liburutegiaren parte bat–, bai eta Guezalaren sei obra eta beste egile batzuen lau obra ere gordailutze bidez –azken horien artean dira Luis Bagaría marrazkilaria eta Anselmo Guinea margolaria, Guezalaren lehen emazte Eloísaren aita–.

Funts berriko lanen sorta hautatu bat ikus daiteke, orain, "Ekitaldiartea" erakusketako 8-10 bitarteko aretoetan. Hain zuzen ere, Arte Modernoaren Bilboko Museoa irekita egon zen urteetan, 1924tik 1945era, Guezalak ezagututako testuinguru soziokulturala aztertzen du erakusketa horrek. Artista eta askotariko ekimenen babesle gisa, Bilboko bizitza kulturalaren sustatzaileetako bat izan zen Guezala, Euskal Artisten Elkartea sortzen parte hartu zuen 1911n eta, geroago, hiriko Arte Ederren eta Arte Modernoaren museoen patronatuetako batzordekidea izan zen.

Gogoratu beharra dago Antonio de Guezalari buruz orain arte egin den erakusketarik garrantzizkoena antolatu zuela Arte Ederren Bilboko Museoak 1991ko abendutik 1992ko urtarrilera. Pilar Mur historialaria izan zen erakusketa haren komisarioa, eta artistari buruzko ikerketa zehatza argitaratu zuen, gainera, museoak orduan plazaratutako monografian.

Artistarenganako interesaren erakusgarri da, halaber, bilduman kontserbatuta dagoen obra multzo bikaina, non nabarmentzen baita, kartelez, beste lan grafiko batzuez eta familiako argazkiez gainera, artistaren ekoizpeneko eta Gerra Zibilaz aurretiko espainiar arteko margolanik ikonikoena: Ate birakaria edo Begoña de la Sotaren erretratua (1927). Bilduman daude, era berean, Concha (1915), Artisten gaua Ibaiganen (1927) eta Eresoinka izenburuko bi mihiseak, 1939an datatuak.

Erosketa

Museoak aukera izan du, Museoaren Lagunen ekarpenari eta BBK Banku Fundazioaren lankidetzari esker, beste obra bikain batzuk erosteko, zeinek aberastu baitute artistak bilduman duen presentzia: Guezalaren Eloísa Guinea de Guezala (1916) eta Tranbien arteko talka Areatzan (1922) margolanak, eta haren lagun Sonia Delaunay margolari eta diseinatzailearen Emakume dantzaria (1916) akuarela. Baita Guezalak Euskal Artisten Elkarteko lagunei egin zizkien karikatura zoragarriak, Euskadiko IV. Txirrindularitza Biraren kartelaren zirriborroa (1927) edo 1938 inguruan karta sorta baterako diseinatutako zirriborroak ere.

Dohaintza

Aldi berean, Guezalaren ordezkaritza nabarmen handitu da, familiak kontserbatuta zeukan eta museoari osorik dohaintzan eman dion paper gaineko obren katalogo garrantzitsuari esker. 7.350 bat objektu dira, horien artean ex librisak eta material filatelikoak eta diseinatzaile eta ilustratzaile gisa egindako lanaren corpus aparta: jatorrizko zirriborroak eta marrazkiak, grabatuak, kartelak eta liburu eta aldizkarien azalen diseinuak. Baita orotariko inprimaki iragankorrak ere, hala nola Francisco Durrio, Pío Baroja, Julián de Tellaeche, Juan de Echevarría eta Ignacio Zuloagaren omenaldietarako sortutako menuak eta gonbidapenak.

Lan horiek argi erakusten dute diseinatzaile grafiko gisa egin zuen lan esperimental zabala, askotariko teknikak eta euskarriak biltzen dituena. Adibidez, Autorretratua, Libro de autógrafos de Eloísa Guinea de Guezala liburua –artistaren lehen emaztea hil zelarik liburua erabiltzeari utzi zitzaion arren Autorretratu interesgarri bat baduena, 1916an datatua–, edo Pedro Mourlane Michelenaren karikatura (1916) eta Cakewalk dantzariaren irudia (1927), tankera oso fin eta nabarmenki abangoardistakoak.

Autorretratu aipagarriak ere badira multzo honetan, eta Euskal Artisten Elkarteak Madrilgo Retiroko jauregian egindako erakusketaren (1915) eta Manu de la Sotaren Kardin edo hiruretatik zein? balletaren (1931) karteletarako jatorrizko zirriborroak; Resurrección M. de Azkueren Ardi Galdua eleberrirako (1918) jatorrizko ilustrazio bat eta Arte Vasco aldizkariaren lehen zenbakiaren azalaren diseinua. Pieza aipagarriak dira, halaber, 1932ko zezenketetarako kartelaren zirriborroak eta Miliziarraren Umezurtzaren Etxea zenerako dekorazioarenak (1936).

Dohaintzak barne hartzen ditu, orobat, 2.089 ex libris, Guezalak berak egindako ia denak eta beste egile katalan, euskaldun eta europar bikain batzuenak. Bildumazale gisa, lau mila zigilu eta bestelako material filatelikoak ere bildu zituen; haiek izan zituen, hain zuzen ere, bere bizitzaren azken urteetako jardunaren oinarri.

Azkenik, dohaintzaren parte dira zirriborroen koadernoak, familiako argazkien albumak eta Guezalaren liburutegiko bostehun bat liburu, artistak liburu haiek gordetzeko diseinatutako jatorrizko altzariez gainera.

Gordailutzea

Azkenik, Guezalaren sei obra gordailutu dira –horien artean nagusia, bere lehen alaba "Elito"ren erretratua–, eta Anselmo Guinearen, Luis Bagaríaren eta José Benito Bikandiren lau.

Antonio de Guezala Ayrivié (Bilbo, 1889-1956)

Guezala Bilboko burgesia aberatseko familia batean jaio zen. Lentzeriaren eta haurrentzako arropen merkataritzan ziharduen familiak, arrakasta handiz, eta aitak Bordelera eta Manchesterrera bidali zuen 1902 eta 1907 artean, familiaren negozioaren ardura hartzeko prestatzera; baina Antoniok nerabezarotik erakutsi zuen artearenganako interes goiztiarra.

Semearen bokazio hura oso begi onez hartu ez arren, aitak amore eman zuen, baldintza gisa jarrita ez zitzala bere obrak salgai jar bertako merkatu artistiko eskasean eta familiaren ekonomian lagundu zezala. Horrek bultzatuta, negozio-bidaiak egin zituen Paris, Londres, Viena eta Bruselara, eta aukera izan zuen Europako berrikuntza artistikoak ezagutzeko, hala nola Arts and Crafts ingeles mugimendua eta Vienako Secession delakoa, zeinek aldarrikatzen baitzuten arkitekturaren, diseinuaren eta arte grafikoen garrantzia.

1907an, Bilbora itzuli zenean, Arte eta Lanbideen Eskolan ikasi zuen; han, José Arrue eta Anselmo Guinea margolariak ezagutu zituen, eta, geroago, Euskal Artisten Elkartean topo egin zuen berriro haiekin. Jakin-min intelektual handiko gizona izanik, lan zabala eta diziplina anitzekoa landu zuen, bere sormena nagusiki marrazkira bideratu bazuen ere: olio pinturak eta orotariko adierazpen grafikoek –grabatuak, karikaturak, kartelgintzak, ex librisek eta antzerkirako eszenografiak, besteak beste– bat egin zuten bestelako interesekin –zurgintzarekin, filateliarekin edo heraldikarekin, esaterako–, betiere modernizazioaren bidetik, eta, horri guztiari esker, ezohiko pertsonaia izan zen XX. mendearen lehen erdiko Espainiako artean.

Gainera, oso gaztetatik Bilboko giro kultural eta artistiko oparoaren bultzatzaile izan zen, eta, besteak beste, Euskal Artisten Elkartea sortzen parte hartu zuen 1911n. Haren lehendakari ere izan zen, 1917 eta 1920 artean. 1919an, Elkarteak Pintura eta Eskulturako Nazioarteko Erakusketa antolatu zuen, Guezala lehendakari zela; lehen edizio hura biziki garrantzizkoa izan zen, eta Robert eta Sonia Delaunayk beren pintura orfista Bilbon erakuts zezaten lortu zuen. 1920an, Arte Ederren Museoko Patronatuko Batzordearen kide izendatu zuten, eta 1924an, Arte Modernoaren Museoaren Antolaketa Batzordeko kide; gainera, haren Patronatuko Batzordearen lehendakariordea izan zen, sortu zenetik. Gainera, Hermes (1917-1922) eta Arte Vasco (1920) aldizkarien lankide izan zen, baita Eusko Ikaskuntzarena ere (1918an sortua). Halaber, Artista Iberiarren erakusketa handian parte hartu zuen (1925).

Gerra Zibilaren garaian, ondare artistikoa gordetzen lagundu zuen 1937ra arte; une hartan, Manu de la Sotak deituta, erbestera alde egin zuen, eta Europako zenbait hiriburutan euskal kulturaren enbaxadore gisa agertu zen Eresoinka taldearen dantza eta musika emanaldietako eszenografoa izan zen.

Antonio de Guezala 1941ean itzuli zen Bilbora, eta filateliako bildumari emanik bizi izan zen hil arte.

galerie d'images

zuloagaren-karikatura-1920
autoretratoa-1916
cake-walk-dantzari-figurina
pedro-mourlane-mitxelenaren-karikatura-1916

museoa-urtu

Museoa Urtu

Nader Koochaki

Maison du Patrimoine (Maule-Lextarre, Zuberoa)

Du 26 Janvier 2026
Au 06 Septembre 2026

gipuzkoa-begiragarria

Gipuzkoa begiragarria

Exposition collective

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

Du 21 Novembre 2025
Au 01 Mars 2026

ipar-hegora

Ipar-Hegora

Leo Burge

Uribitarte40 (Bilbo, Bizkaia)

Du 20 Février 2026
Au 06 Avril 2026

jose-antonio-azpilikuetaren-edward-hopperrak

Jose Antonio Azpilikuetaren Edward Hopperrak

04 Fév. | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Euskal artistak Hopperren lanetan oinarrituta sortutako hamabi grabatu bildu ditu Bilboko Arte Ederren Museoak ‘After Hopper' erakusketan. Jose Ignacio Olabe arte editoreak egindako enkargu baten emaitza da bilduma.

arte-galeriek-atea-itxiko-diote-21eko-bezari

Arte galeriek atea itxiko diote %21eko BEZari

02 Fév. | Amaia Jimenez Larrea [BERRIA.eus]

Gaurtik larunbatera bitarte, Hego Euskal Herriko hainbat arte galeria itxi egingo dituzte, Espainiako Gobernuak artelanen salmentarako ezarritako %21eko BEZaren aurka protesta egiteko. Aspalditik dator zerga jaisteko eskaria; 2012an igo zuten.

poesiarik-ez-behintzat

Poesiarik ez behintzat

29 Janv. | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

Moon poem | Artista: Oscar Tuazon. | Lekua: Cibrian galeria (Donostia). | Noiz arte: urtarrilaren 31ra arte.

elkarketa-ala-murrizketa

Elkarketa ala murrizketa

29 Janv. | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Iazko abenduaren 15ean, Bilbo Arte eta Azkuna zentroa elkartzeko erabakia hartu zuen Bilboko Udalak. Abenduaren erdiko bi asteak eztabaida publikorik gabe hartutako erabakiak oihartzun gutxirekin pasatzeko erabiltzen dira...

estetizidioa

Estetizidioa

22 Janv. | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Estetizidio hitza idatzita ikusteak larritu nau. Ez nuen terminoaren berri, eta lehendabiziko aldiz artearen kontrako bortxakeria aproposak hain gordin adierazita irakurtzeak harritu nau.

ideologien-beldurrik-bai

Ideologien beldurrik bai?

22 Janv. | Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]

Lurrak ez du jaberik izango | Artista: Marwa Arsanios. | Tokia: Artiumen, Gasteizen. | Noiz arte: apirilaren 12ra arte.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).