artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Antonio de Guezalaren funts berria eskuratu du Arte Ederren Bilboko museoak

Artelanen corpus zabala da, Guezalaren ibilbideko jarrera kosmopolita eta diziplina anitzeko ikuspegia islatzen duten obra, dokumentu eta askotariko objektuek osatua. Funts berriaren oinarria museoak erosketa bidez eskuratutako lanek osatzen dute.

antonio-de-guezalaren-funts-berria-eskuratu-du-arte-ederren-bilboko-museoak
Antonio de Guezala sortetxean, Bilbotik hurbil, 1920. urte inguruan.

| 2024ko Urriaren 2a

Arte Ederren Bilboko Museoa erreferentziazko zentroa izango da Antonio de Guezala margolariaren (Bilbo, 1889-1956) obraren kontserbazioari eta ikerketari dagokienez. Izan ere, bere bildumara ekarri du, erosketa, dohaintza, eta gordailutze bidez, margolari horren familiak daukan funts artistiko eta dokumental baliotsuaren zati esanguratsu bat. Guezalak kontserbatu zuen –bere ibilbidean zehar beti merkatutik at egon zen–, eta haren bilobaren eta bi birbilobaren eskuetan egon da. Haiek, berriz, bere horretan jaso zuten margolariaren alaba Julia Guezala Guinearengandik (1922-2008).

Artelanen corpus zabala da, Guezalaren ibilbideko jarrera kosmopolita eta diziplina anitzeko ikuspegia islatzen duten obra, dokumentu eta askotariko objektuek osatua. Artista originala izan zen Guezala, eta, XX. mendearen hasierako joera plastiko berritzaileen ildotik, margolari, ilustratzaile, kartelgile, karikaturagile, eszenografo eta ex librisen sortzaile jardun zuen.

Funts berriaren oinarria museoak erosketa bidez eskuratutako lanek osatzen dute: artistaren 42 pintura eta paper gaineko obra, eta Sonia Delaunayren akuarela bat. Lan horiek 950.000 €-ko balioa dute, eta Museoaren Lagunen ekarpenari eta BBK Banku Fundazioaren lankidetzari esker eskuratu dira. Eragiketa horren ondorioz, 7.400 pieza iritsi dira dohaintza bidez – kontuan hartuta marrazkiak, kartelen diseinuak, inprimaki iragankorrak, bere eta beste artista batzuen ex librisen bilduma, argazkilaritzako, filateliako eta heraldikako albumak eta liburutegiaren parte bat–, bai eta Guezalaren sei obra eta beste egile batzuen lau obra ere gordailutze bidez –azken horien artean dira Luis Bagaría marrazkilaria eta Anselmo Guinea margolaria, Guezalaren lehen emazte Eloísaren aita–.

Funts berriko lanen sorta hautatu bat ikus daiteke, orain, "Ekitaldiartea" erakusketako 8-10 bitarteko aretoetan. Hain zuzen ere, Arte Modernoaren Bilboko Museoa irekita egon zen urteetan, 1924tik 1945era, Guezalak ezagututako testuinguru soziokulturala aztertzen du erakusketa horrek. Artista eta askotariko ekimenen babesle gisa, Bilboko bizitza kulturalaren sustatzaileetako bat izan zen Guezala, Euskal Artisten Elkartea sortzen parte hartu zuen 1911n eta, geroago, hiriko Arte Ederren eta Arte Modernoaren museoen patronatuetako batzordekidea izan zen.

Gogoratu beharra dago Antonio de Guezalari buruz orain arte egin den erakusketarik garrantzizkoena antolatu zuela Arte Ederren Bilboko Museoak 1991ko abendutik 1992ko urtarrilera. Pilar Mur historialaria izan zen erakusketa haren komisarioa, eta artistari buruzko ikerketa zehatza argitaratu zuen, gainera, museoak orduan plazaratutako monografian.

Artistarenganako interesaren erakusgarri da, halaber, bilduman kontserbatuta dagoen obra multzo bikaina, non nabarmentzen baita, kartelez, beste lan grafiko batzuez eta familiako argazkiez gainera, artistaren ekoizpeneko eta Gerra Zibilaz aurretiko espainiar arteko margolanik ikonikoena: Ate birakaria edo Begoña de la Sotaren erretratua (1927). Bilduman daude, era berean, Concha (1915), Artisten gaua Ibaiganen (1927) eta Eresoinka izenburuko bi mihiseak, 1939an datatuak.

Erosketa

Museoak aukera izan du, Museoaren Lagunen ekarpenari eta BBK Banku Fundazioaren lankidetzari esker, beste obra bikain batzuk erosteko, zeinek aberastu baitute artistak bilduman duen presentzia: Guezalaren Eloísa Guinea de Guezala (1916) eta Tranbien arteko talka Areatzan (1922) margolanak, eta haren lagun Sonia Delaunay margolari eta diseinatzailearen Emakume dantzaria (1916) akuarela. Baita Guezalak Euskal Artisten Elkarteko lagunei egin zizkien karikatura zoragarriak, Euskadiko IV. Txirrindularitza Biraren kartelaren zirriborroa (1927) edo 1938 inguruan karta sorta baterako diseinatutako zirriborroak ere.

Dohaintza

Aldi berean, Guezalaren ordezkaritza nabarmen handitu da, familiak kontserbatuta zeukan eta museoari osorik dohaintzan eman dion paper gaineko obren katalogo garrantzitsuari esker. 7.350 bat objektu dira, horien artean ex librisak eta material filatelikoak eta diseinatzaile eta ilustratzaile gisa egindako lanaren corpus aparta: jatorrizko zirriborroak eta marrazkiak, grabatuak, kartelak eta liburu eta aldizkarien azalen diseinuak. Baita orotariko inprimaki iragankorrak ere, hala nola Francisco Durrio, Pío Baroja, Julián de Tellaeche, Juan de Echevarría eta Ignacio Zuloagaren omenaldietarako sortutako menuak eta gonbidapenak.

Lan horiek argi erakusten dute diseinatzaile grafiko gisa egin zuen lan esperimental zabala, askotariko teknikak eta euskarriak biltzen dituena. Adibidez, Autorretratua, Libro de autógrafos de Eloísa Guinea de Guezala liburua –artistaren lehen emaztea hil zelarik liburua erabiltzeari utzi zitzaion arren Autorretratu interesgarri bat baduena, 1916an datatua–, edo Pedro Mourlane Michelenaren karikatura (1916) eta Cakewalk dantzariaren irudia (1927), tankera oso fin eta nabarmenki abangoardistakoak.

Autorretratu aipagarriak ere badira multzo honetan, eta Euskal Artisten Elkarteak Madrilgo Retiroko jauregian egindako erakusketaren (1915) eta Manu de la Sotaren Kardin edo hiruretatik zein? balletaren (1931) karteletarako jatorrizko zirriborroak; Resurrección M. de Azkueren Ardi Galdua eleberrirako (1918) jatorrizko ilustrazio bat eta Arte Vasco aldizkariaren lehen zenbakiaren azalaren diseinua. Pieza aipagarriak dira, halaber, 1932ko zezenketetarako kartelaren zirriborroak eta Miliziarraren Umezurtzaren Etxea zenerako dekorazioarenak (1936).

Dohaintzak barne hartzen ditu, orobat, 2.089 ex libris, Guezalak berak egindako ia denak eta beste egile katalan, euskaldun eta europar bikain batzuenak. Bildumazale gisa, lau mila zigilu eta bestelako material filatelikoak ere bildu zituen; haiek izan zituen, hain zuzen ere, bere bizitzaren azken urteetako jardunaren oinarri.

Azkenik, dohaintzaren parte dira zirriborroen koadernoak, familiako argazkien albumak eta Guezalaren liburutegiko bostehun bat liburu, artistak liburu haiek gordetzeko diseinatutako jatorrizko altzariez gainera.

Gordailutzea

Azkenik, Guezalaren sei obra gordailutu dira –horien artean nagusia, bere lehen alaba "Elito"ren erretratua–, eta Anselmo Guinearen, Luis Bagaríaren eta José Benito Bikandiren lau.

Antonio de Guezala Ayrivié (Bilbo, 1889-1956)

Guezala Bilboko burgesia aberatseko familia batean jaio zen. Lentzeriaren eta haurrentzako arropen merkataritzan ziharduen familiak, arrakasta handiz, eta aitak Bordelera eta Manchesterrera bidali zuen 1902 eta 1907 artean, familiaren negozioaren ardura hartzeko prestatzera; baina Antoniok nerabezarotik erakutsi zuen artearenganako interes goiztiarra.

Semearen bokazio hura oso begi onez hartu ez arren, aitak amore eman zuen, baldintza gisa jarrita ez zitzala bere obrak salgai jar bertako merkatu artistiko eskasean eta familiaren ekonomian lagundu zezala. Horrek bultzatuta, negozio-bidaiak egin zituen Paris, Londres, Viena eta Bruselara, eta aukera izan zuen Europako berrikuntza artistikoak ezagutzeko, hala nola Arts and Crafts ingeles mugimendua eta Vienako Secession delakoa, zeinek aldarrikatzen baitzuten arkitekturaren, diseinuaren eta arte grafikoen garrantzia.

1907an, Bilbora itzuli zenean, Arte eta Lanbideen Eskolan ikasi zuen; han, José Arrue eta Anselmo Guinea margolariak ezagutu zituen, eta, geroago, Euskal Artisten Elkartean topo egin zuen berriro haiekin. Jakin-min intelektual handiko gizona izanik, lan zabala eta diziplina anitzekoa landu zuen, bere sormena nagusiki marrazkira bideratu bazuen ere: olio pinturak eta orotariko adierazpen grafikoek –grabatuak, karikaturak, kartelgintzak, ex librisek eta antzerkirako eszenografiak, besteak beste– bat egin zuten bestelako interesekin –zurgintzarekin, filateliarekin edo heraldikarekin, esaterako–, betiere modernizazioaren bidetik, eta, horri guztiari esker, ezohiko pertsonaia izan zen XX. mendearen lehen erdiko Espainiako artean.

Gainera, oso gaztetatik Bilboko giro kultural eta artistiko oparoaren bultzatzaile izan zen, eta, besteak beste, Euskal Artisten Elkartea sortzen parte hartu zuen 1911n. Haren lehendakari ere izan zen, 1917 eta 1920 artean. 1919an, Elkarteak Pintura eta Eskulturako Nazioarteko Erakusketa antolatu zuen, Guezala lehendakari zela; lehen edizio hura biziki garrantzizkoa izan zen, eta Robert eta Sonia Delaunayk beren pintura orfista Bilbon erakuts zezaten lortu zuen. 1920an, Arte Ederren Museoko Patronatuko Batzordearen kide izendatu zuten, eta 1924an, Arte Modernoaren Museoaren Antolaketa Batzordeko kide; gainera, haren Patronatuko Batzordearen lehendakariordea izan zen, sortu zenetik. Gainera, Hermes (1917-1922) eta Arte Vasco (1920) aldizkarien lankide izan zen, baita Eusko Ikaskuntzarena ere (1918an sortua). Halaber, Artista Iberiarren erakusketa handian parte hartu zuen (1925).

Gerra Zibilaren garaian, ondare artistikoa gordetzen lagundu zuen 1937ra arte; une hartan, Manu de la Sotak deituta, erbestera alde egin zuen, eta Europako zenbait hiriburutan euskal kulturaren enbaxadore gisa agertu zen Eresoinka taldearen dantza eta musika emanaldietako eszenografoa izan zen.

Antonio de Guezala 1941ean itzuli zen Bilbora, eta filateliako bildumari emanik bizi izan zen hil arte.

irudi galeria

zuloagaren-karikatura-1920
autoretratoa-1916
cake-walk-dantzari-figurina
pedro-mourlane-mitxelenaren-karikatura-1916

in-situ

in situ

Refik Anadol

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

2025eko Martxoaren 07tik
2025eko Urriaren 19ra

alegiak

Alegiak

Félix María de Samaniego, Daniel Tamayo

Bilboko Arte Ederren Museoa (Bilbo, Bizkaia)

2025eko Otsailaren 18tik
2025eko Ekainaren 15era

okupazio-hedakor-bat

Okupazio hedakor bat

Amaia Gracia Azqueta

Uribitarte40 (Bilbo, Bizkaia)

2025eko Apirilaren 11etik
2025eko Ekainaren 01era

familia-loturak

Familia-loturak

Tina Barney

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

2025eko Uztailaren 18tik
2025eko Azaroaren 02ra

from-light-to-darkness

From Light to Darkness

Ismael Iglesias Serrano

Montehermoso Kulturunea (Gasteiz, Araba)

2025eko Apirilaren 04tik
2025eko Ekainaren 01era

gure-arte-koloniala

Gure arte koloniala

Api. 18 | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Aste honetan Azpeitiko Soreasu elizan dagoen Bakardadearen kaperaren inguruan udalak eta Aranzadik 2019an argitaratu zuten liburuxka bat irakurri dut. Nicolas Saez de Elola kapitainaren hil-kapera da hori, Gipuzkoako Errenazimentuko eredu bikaina.

birika-bezain-elastikoa-erakusketa-ludikoa-ireki-dute-tabakaleran

'Birika bezain elastikoa' erakusketa ludikoa ireki dute Tabakaleran

Api. 17 | Itziar Ugarte Irizar [BERRIA.eus]

Anna Irina Russell artistak sortu du, prozesua haurrekin eta familia talde batekin egin ostean. Askotariko egitura puzgarriz bete dute aretoa, eta esplorazio ariketa kolektibo batera gonbidatu publikoa. 'Situ-akzioak' proiektuaren barruan aurkeztu dute.

helen-frankenthaler-araurik-gabeko-sei-hamarkada

Helen Frankenthaler: araurik gabeko sei hamarkada

Api. 16 | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Artistak lorratza utzi zuen espresionismo abstraktuan. Haren 30 margolan eta hainbat eskultura biltzen dituen erakusketa zabaldu dute Guggenheim museoan. Frankenthalerren lanez gain, haren lagun izandako zenbait artistaren artelanak jarri dituzte ikusgai.

gernika-estalita

'Gernika', estalita?

Api. 15 | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

2003ko otsailean, Nazio Batuen Erakundean gordetzen den Gernika koadroaren bertsioa oihal urdin baten bidez estali zuten, garai hartako AEBetako idazkari Colin Powellek Iraken kontrako gerraren hasiera iragartzeko. Lotsagabe aritu baziren ere, estalketak errudun konplexua adierazten zuen.

zazpi-atedun-tebas-hura-nork-eraiki-zuen

Zazpi atedun Tebas hura nork eraiki zuen?

Api. 15 | Enara Herranz [BERRIA.eus]

'Ardatza neurtuz' | Artistak: Ainara Elgoibar, Ainhoa Resano, Bego Anton, Estibaliz Sadaba Murgia, Eva G. Herrero, Isa Fernandez Reviriego, Leire Muñoz, Mafalda Salgueiro, Matilde Viegas, Nuria Cubas, Sandra Cuesta Aizkorbe, Susana Blasco. | Non: Orconera gunean, Barakaldon. | Noiz arte: ekainaren 29ra arte.

acconciren-eta-pregoren-arteko-lankidetza-eta-adiskidetasuna

Acconciren eta Pregoren arteko lankidetza eta adiskidetasuna

Api. 14 | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Bilboko Guggenheim museoak elkarrekin aurkeztu ditu Vito Acconciren eta Sergio Prego artisten performance lanak, ‘You' erakusketan. Sei urtez lankide izan ziren bi sortzaileak, eta gorputzari eta arkitekturari buruzko jarrerak batzen ditu bien jardunak.

arabako-aldundiak-azkenean-ez-du-itxiko-amarika-aretoa

Arabako Aldundiak azkenean ez du itxiko Amarika aretoa

Api. 13 | Edurne Begiristain [BERRIA.eus]

Arabako Aldundiak atzera egin du, eta ez du eraikiko ekintzailetza eta berrikuntza zentrorik Amarika erakusketa aretoa dagoen tokian. Amarica elkarteak erabakia txalotu du, eta kultur eragileen presioari esker izan dela azpimarratu.

euriari-begira

Euriari begira

Api. 12 | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

INES MEDINA. Ikerketa analitiko-plastikoa (1978-1995) | Artista. Ines Medina. | Non. Artium museoan, Gasteizen. | Noiz arte. Ekainaren 1era arte.

gudaz-gaindiko-erroma

Gudaz gaindiko Erroma

Api. 11 | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Erromatar inperioa modan dago. Orain dela hilabete batzuk, galdetegi batek erakutsi zuen gizonen kopuru handi batek maiz pentsatzen duela erromatar inperioan, batzuek egunero. Handik gutxira, Elon Muskek eztabaida piztu zuen Trumpen izendapenean, naziaren antz handiegia zuen agurra egin ostean, "agur erromatarra" zela adierazi zuenean. Interneten bilaketa txiki bat egin ostean, ez da zaila Vox alderdiko kideak erromatar armada gisa irudikatzen dituzten irudiak topatzea.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.