artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Gabriel Aresti omentzen arteak bateratuz

LAIDA ikerketa taldeak Bermeoko Arrantzaleen museoan abuztuaren 28 eta 29 antolatutako ikastaroan egingo duen hitzaldiaren sintesia da Arestiren ekarpen artistikoa nabarmentzea.

gabriel-aresti-omentzen-arteak-bateratuz
Agiriak 1978 eta Gabriel Aresti ereindakoak 1975-2025. ARG/ Susana Jodra

1 Septembre 2025 | Susana Jorda [ARGIA.eus]

Jakin badakigu Gabriel Arestiren idatziak eta poemak behin eta berriro argitaratuak izan direla, itzuliak izan direla, musika jarri zaiela eta inspirazio gisa erabili izan direla sorkuntza artistikoan, nazio eta nazioarte mailan. Bere garaiko sortzaile plastikoekin harreman hurbila izan zuen, Euskal Herriko jarduera kultural eta artistikoarekin hain zuzen ere. Artistak "aldaketa sozialerako" itxaropen bizia zirela uste zuen, bere Artistak, esperantza bizia poeman irakurri dezakegun bezala:

Rafael, ez Sanzio, Ruiz Balerdi / eta harekin / Oteitza Enbil, / Txillida Juantegi, / Ibarrola Goikoetxea, / Zumeta, / Mendiburu / Euzkadiko artistak / gure etorkizunaren esperantza bizia.

LAIDA ikerketa taldeak Bermeoko Arrantzaleen museoan abuztuaren 28 eta 29 antolatutako ikastaroan egingo dudan hitzaldiaren sintesia da Arestiren ekarpen artistikoa nabarmentzea. 1967an Euskal Harria gauzatu zuen Agustín Ibarrolaren kolaborazioarekin. Poetak eta artistak 1961ean elkar ezagutu zuten, biak Bizkaiko Elkarte Artistikotik kanporatu zituztenean. Izatez, 1960an, Ibarrolak Estampa Popular de Vizcaya taldea sortu zuen–dagoeneko estatuko hainbat probintzietan existitzen ziren halako taldeak – Maria Dapena eta Dionisio Blancorekin batera, Bizkaiko Elkarte Artistikoa bultzatu nahian. Talde hori margolariek eta hainbat poetek osatzen zuten, Sabina De la Cruz, Vidal de Nicolás eta Gabriel Arestik, besteak beste.

Bakearen alde borrokatzen zuten, eta gerraren eta faxismoaren aurka agertzen zen mugimendu humanistiko eta politiko batekin identifikatzen ziren. Argitalpenak zentsuratu eta egunero atxiloketak gertatzen ziren testuinguru politiko errepresibo batean, haietako bakoitzaren adorea goraipatu behar dugu, nork bere baliabideak edo hizkuntzak erabiliz ahotsa altxatu baitzuten: abesten, idazten, margotzen, zizelkatzen, marrazten…

Ordutik aurrera adiskidetasun handiak elkartu zituen hainbat proiektutan elkarrekin lan eginez, nabarmenena aipatutako Euskal Harria izan zen, Harriaren zikloko bigarren liburua. Bi sortzaileen arteko elkarrizketa bateratua dela esan genezake, non bi hizkuntzak, literarioa eta plastikoa, poemak eta xilografiak, elkartu zituzten. Liburua beltzez estanpaturiko 11 xilografiarekin hasten da eta Arestiren poemekin jarraitzen du; poemak bezala hauek gehiago izan behar ziren, baina zentsuratuak izan ziren, azalekoa barne. Kritika sozial eta politikoz beteriko irudi indartsu eta adierazgarriak dira. Olerki bisualak dira, eta gure ustez Gabriel Arestik berak horrela ikusten zituen, liburua horiekin hasi eta ondoren bere lan propioarekin bateratzean.

Kosme de Barañanok El monólogo de Agustín Ibarrola contra el poder (1989) idatzian esaten zuen moduan, irudiak liburuaren prologoak dira, eta azken orrialdeetako aurkibidean edo "gertabidean" zerrendatuak azaltzen da xilografia bakoitza bere izenburua eta orrialdearekin. Azaleko irudia 1960ko xilografia baten zati bat zen, eta argitaratzeko moztu (zentsuratu) egin zen. Urte horretan hasi zen Ibarrola Paisajes de Euskadi seriearekin. Ibarrolaren hitzetan, paisaia erreala, geografikoa, politikoa, soziala, gizatiarra, nazio mailakoak eta euskal gizarte osoko eta bertako kulturako paisaiak biltzen dituzten paisaiak dira.

1978an Javier Angulok Ibarrola ¿un pintor maldito? (Arte Vasco de Posguerra. 1950-1977) argitaratutako liburuan Ibarrolaren hitzak bildu zituen eta honek zioenez Aresti ez zen isiltzen, sinisten zuen hura defendatzen zuen bihotz handiko tipo zintzoa zen, beti ere mundu guztiaren iritzia entzuteko prest zegoena. Oso gizon sentibera eta sutsua zen, bere herria eta bere lurra maite zituena. Horregatik, Euskadin ematen zen errepresio faxistak edo burgesia nazionalistaren jardun negatiboak izugarri sumintzen zuten. Komunismotik eta marxismotik gertu kokatu bazen ere, Ibarrolaren ustez militatu izan balu ezin izango zukeen garatu hizkuntza-ikerketan, poesian eta antzerkian egin zuen lana; baina susmo horrek "poeta madarikatua" bihurtu zuen.

Aipatzekoa da Imanol kantautoreak 1975ean, diktadura frankistaren azken heriotza-zigorrekin kointzidituz, Parisen grabatu eta argitaratu zuen diskoa: Herriak ez du barkatuko. Lan honen azaleko irudia Euskal Harria liburuko "La energía y el derecho/Indarra eta eskubidea" da (11. orr.); "gertabidean" izenburuak euskaraz azaltzen dira soilik.

Urte horretan Gabriel Aresti zendu zen. Azken agurra emateko Derioko hilerrian elkartu ziren adiskideek omenaldia egin behar zitzaiola erabaki zuten. Hasierako asmoa bere omenezko liburu bat osatzea eta orduan euskaraz idazten zuten poeta gazteen antologia bat eratzea izan zen. Proposamena luzatu eta jasotako erantzunak ikusirik, proiektua berbideratu zuten, eta zerbait handiagoa egiteko "edergarriak" behar zituztela ikusirik, artista plastikoei parte hartzea eskaini zitzaien.

Horretarako, garai hartan Euskaltzaindiako idazkaria zen Juan San Martinek eta Edorta Kortadik osatutako zerrendaz baliatu ziren, Rafael Ruiz Balerdi pintorearen laguntzarekin. Guztira, argitalpenean adierazten den bezala, "37 lan poetiko" eta "32 espresabide grafiko" bildu ziren, eta askatasun osoz egin zituzten ekarpenak artistek zein idazleek. Batzuk dagoeneko eginak zituzten lanak eskaini zituzten, beste batzuk omenaldirako lan propioak gauzatu zituzten, pertsona omenduz, bere lana omenduz… Hizkuntza anitz eta begirada anitz bildu zituzten. Liburua argitaratu ahal izateko Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren Probintzialaren diru laguntza izan zuten; izatez hitzarmena zuen Arestik erakunde horrekin Hiztegi arauemailea argitaratzeko. Aipatzekoa da nola sortzaileek egileen eskubideei uko egin zieten, Arestiren alargunari lagundu ahal izateko.

Horrela, 1978an argitaratu zen AGIRIAK, Euskal poetak eta artistak G. ARESTI-ren omenez. Liburuaren lehen orrialdeko aurkezpenean irakurri dezakegu: "Delako omenaldia Gabriel Arestiren pertsonalitateak bi ikuspegitik bereziki merezi du: Alde batetik bada garaia bere bizitza osoa Euskal Kultur Autoktonoaren zerbitzuan eman duela aitortzeko, eta beste aldetik ere, poesia berri bat gure Herrian sortu arazi duenaren oroimenez, bere sendiak Herri horren gorespena jasotzeko ordua da."

Juan San Martinek hitzaurrea honela bukatzen du: "Lastima izan zen holako poeta eta holako langile bizkorra hain gazterik hiltzea. Bere heriotzarekin, euskal-literaturak, gure gizaldiko idazlerik hoberenetako bat galdu zuen. Omenezko liburu honen bidez, ongi merezia zuenez, euskal poetak eta artistak bere izena goretsi nahi dute eta hemen dituzu AGIRIAK."

Bertan, 33 artista plastikoen lanen irudiak bildu ziren eta 47 poeten ekarpenekin tartekatu ziren. Zuri-beltzezko erreprodukzioen kalitatea oso ona ez izan arren, bildutako artelanak askotarikoak izan ziren: marrazkiak, pinturak, grabatuak, collageak, frottageak, eskulturen argazkiak eta baita kontraste handiko argazkien bitartez eratutako poema kontzeptualak Edorta Kortadiren eskutik. Bertan daude Agustín Ibarrola, Vicente Larrea, José Gabriel Aguirre, Juan Jose Aquerreta, Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea, Javier Arocena, Jose Luis Zumeta, Eduardo Chillida, Félix Beristain, Juan Mieg, Remigio Mendiburu… Rafael Ruiz Balerdi eta Dionisio Blancoren kasuetan, bakoitzak bere hizkuntza plastikoa erabiliz Arestiren erretratu ezagungarria aurkeztu zuten. Omenaldi horretan ez zuen emakume sortzaile batek ere parte hartu, ez poesia bilduman ez irudiekin.

Aurreko eredua jarraituz, aurten Gabriel Aresti zendu zenaren 50. urteurrena omentzeko liburu berri bat argitaratu da. Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal ikasketen Gabriel Aresti Katedrak, Patxi Juarestiren koordinaziopean, Gabriel Arestik ereindakoak 1975-2025 izenburupean. Bertan idatzien bitartez ekarpenak egin dira, poesian edo prosan, ikerketa akademikoak, saiakerak, ipuinak… eta sorkuntza plastikoaren aldetik gure ikerketa lana iruditan gauzatu da. Kasu honetan, guztiak dira originalak, eta berariaz liburu honentzat gauzatu ziren 2024ean.

Irudien bildumaren koordinatzaile naizen aldetik, azpimarratu nahi nuke, hauek ez direla idatzietara egokitutako ilustrazioak, Arte Ederren Fakultateko Irudigintza Saileko 17 artista-ikerlari-irakasleek egindako ikerketatik eta hausnarketa pertsonaletatik eratorritako lan propioak baizik. Sortzaileak ditugu Alfonso Berroya, Myriam Gesalaga, Cristina Miranda de Almeida, Tania Quindós, Mikel Garate, Amparo Lozano, Lourdes de la Villa, Jose Carlos Torre, Borja Gómez, Eneritz Amondarain, Oihane Sánchez, Julen Agirre, Nerea Legarreta, Asier Aguayo, Unai Requejo, José Antonio Morlesín eta ni neu, Susana Jodra. Idatzien kasuan bezala baliabide desberdinak erabili ditugu: arkatzez egindako marrazkiak edo frottageak, Collagea, Letteringa, marrazkiak eta muntaia digitalak, argazkia, grabatua, komikia… Aniztasun aberasgarri horren baitan badirudi metafora bisual bat errepikatzen dela, HARRIA.

Nire aldetik liburu azalaren izatea azaldu nahiko nuke, azken finean hori da liburua aurkezterakoan ikusten dugun lehen gauza. Argazkiak liburuen bildumaren bitartez sorkuntza oparoa iradokitzen du, garai desberdinetan berreditatutakoak barne. Izenbururik gabeko zutabe irregularra baina egonkorra. Goian Arestiren begiek bere betaurreko adierazgarriekin begiratzen gaituzte, goitik behera, 2003an argitaratutako Jon Kortazarren El poeta Gabriel Aresti (1933-1975) liburuaren azaleko zati txiki bat, baina nahikoa. Argazki hori ez zen bat batean azaldu; izan ere, asmatu, eraldatu eta probatutako hainbat ideia eta frogen ondorio bat eta bakarra da. Bere zuzentasunean iradokitzailea eta aldi berean isila, liburua den edukigailua eta horren edukia harremanetan jartzen duena.

Esaerak dio "inor ez dela profeta bere herrian", Arestik zioenez "inor da profeta bere garaian". Baina bere garaia igaro bada ere, bere hitzek mugak gaindituz iraun egiten dute. Poetaren jarduerak herri oso bateko jendearen aktibismoa bultzatu zuen, eta haren hitzek gaur egungo bidegabekerien eta gizarte-borroken adierazgarri izaten jarraitzen dute. Bere heriotza goiztiarrak, bere lanaren inpaktu sozial, kultural eta politikoak eta frankismoaren biktima gisa aitortu izanak, profeta ez ezik, martiri ere bihurtzen dute (zigortua eta seinalatua), eta horrek Santu Kultural gisa duen potentziala berresten du.

Marijan Dovic eta Jon Karl Helgason ikerlariek National Poets, cultural saints (2017) liburuan hiru parametro adierazi zituzten XIX. mendeko europar literaturgile eta artisten kanonizazio-gaitasuna ezartzeko: Vita, Cultus eta Effetus. Gure ustez Gabriel Aresti XX. mendeko Santu kulturala dugu. Bere lana eskoletan ikasi eta unibertsitate mailan ikertzen da (Gabriel Aresti Katedra, tesiak, liburuak…), Gabriel Aresti Kultur Elkarteak ibilbideak antolatzen ditu Bilbon zehar, bere bi olerkiak dauden bi monolitoak bisitatu egiten dira, bere lanaren irakurketa ekitaldiak antolatzen dira, bere jaiotze data urtero omentzen da.

Bere izena daramate Bilboko Euskaltegiak, ikastolek, institutuek, ipuin lehiaketek, baita Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat herri eta hirietako kale, etorbide eta enparantzek; gure mugetatik kanpo, Lyoneko Cervantes Institutuan dago Gabriel Aresti liburutegia, poetaren lanen fondo propioa duena; edo Habanako Gabriel Aresti zaharberritze tailer-eskola, 1992an bertako ondare historikoa zaintzeko sortua. Bere bizitza, pertsona eta lana omentzeko formatu desberdinetako liburuak argitaratu dira, baita komikian ere. Esan bezala, eremu guztietako sortzaileek inspirazio-iturri gisa erabili dute beren obra oparoa, edo zuzenean berrinterpretatu dituzte. Berari esker dugu euskara batua. Bere lana, bere idatziak gureak egin ditugu, eta zenbait kasutan, hau jakin gabe kantatzen ditugu.

Aurten asko izan dira Gabriel Arestiren omenez egin diren eta egingo diren ekitaldiak, baina nire uste apalean egin diezaiokegun omenaldirik zintzoena da egunero gure artean euskaraz mintzatzea, bere poemak irakurtzea, abestea, antzeztea... Irabazitako eskubideak galtzea oso erraza da globalizazioaren garai honetan, eta ezin dugu ahaztu Euskara (Harria) hizkuntza minorizatua dela oraindik ere.

| Susana Jodra, Arte Ederren Fakultatea, EHU - LAIDA, Literatura eta identitatea ikerketa taldeko kidea


korde-gabe

Korde gabe

Sky Hopinka

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

Du 18 Septembre 2025
Au 18 Janvier 2026

argizari-galdua

Argizari galdua

Exposition collective

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

Du 21 Novembre 2025
Au 25 Janvier 2026

puntu-itsua

Puntu itsua

Eremuak programa

Clara Campoamor zentro zibikoa (Barakaldo, Bizkaia)

Du 22 Novembre 2025
Au 07 Janvier 2026

espazioaren-anatomia

Espazioaren anatomia

Maria Helena Vieira da Silva

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

Du 16 Octobre 2025
Au 22 Février 2026

degasek-eginiko-eta-orain-arte-ezagutu-gabeko-margolan-bat-autentifikatua-izan-da

Degasek eginiko eta orain arte ezagutu gabeko margolan bat autentifikatua izan da

05 Déce. | JdAren artikulutik itzulia

Michel Schulman, XIX. eta XX. mendeetako margolanen adituak, Edgar Degas artistaren margolan berri bat autentifikatu duela jakinarazi du. Artistaren garai italiarrekoa litzateke, 1856 eta 1860 artekoa. Margolana, adituak sortutako Edgar Degasen katalogo arrrazoinatu digitalizatuan sartu da. Egiazko bertsioa bilduma partikular batean dago.

lehen-erdia

Lehen erdia

04 Déce. | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

MAIDER LOPEZ. UKITU | Non: Donostiako Tabakalera zentroan. | Noiz arte: 2026ko otsailaren 1era arte.

esanguratsu

Esanguratsu

04 Déce. | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Guggenheim museoan, Maria Helena Vieira da Silvaren margo eder baten aurrean nengoela, etorri zitzaidan galdera burura: zergatik ez du erakusketa honek berrireki Bilboko Arte Ederren Museoa, Georg Baselitzenak egin beharrean?

bonnat-helleu-museoa-berriz-ireki-dute-hamalau-urtez-hetsi-ondoan

Bonnat Helleu museoa berriz ireki dute, hamalau urtez hetsi ondoan

28 Nov. | Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]

Obren kalitate "paregabea" azpimarratu du museoko zuzendariak. XV. mendetik XIX. mendera bitarteko artisten obrak erakutsiko dituzte bertan. Herriko etxeko oposizioak irekiera kritikatu du, eta "gardentasuna" galdegin.

oroitzapen-zatikatuak

Oroitzapen zatikatuak

27 Nov. | Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]

Rut Olabarria. Trukatua eta inperfektua. | Non: Bilboko Rekalde aretoan. | Noiz arte: otsailaren 15era arte.

ondare-deserosoa

Ondare deserosoa

27 Nov. | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Iraganak utzitako ondarea, materiala edo immateriala izan, ez da beti ederra. Kontzeptua bera, azken urtetan asko erabiltzen eta entzuten bada ere, berri xamarra da, ez da beti hor egon eta aldatzen da toki batetik bestera.

euskal-paisaiak-erromantizismotik-gerraostera

Euskal paisaiak Erromantizismotik gerraostera

27 Nov. | Maddi Iturriotz Alkorta [BERRIA.eus]

1861etik 1996ra bitarte margotutako 50 artelan bildu dituzte Arabako Arte Ederren Museoan. Paisaia genero gisa hartu, eta euskal margolanetan nola garatu den aztertu dute. 'Hurbileko paisaiak' izena du erakusketak, eta apirilera arte izango da ikusgai.

cristobaldik-balenciagara

Cristobaldik Balenciagara

25 Nov. | Mikel Elkoroberezibar Beloki [BERRIA.eus]

ntziagak egindako jantziek ba al dute zerikusirik Balenciaga etxeak egun egiten dituenekin? Elkarrizketa bat badago, baina sotila, Balentziaga museoko erakusketa batean ikus daitekeenez. "Kontzeptualki lotura handiak daude", Igor Uriaren arabera.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).