artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Miro finkatu zuten lanak

Joan Miro artistak 1920 eta 1945 bitartean sortutako obren sorta bildu du Bilboko Guggenheim museoak 'Joan Miro. Errealitate absolutua' erakusketan. Gaur hasi, eta maiatzaren 28ra arte egongo da ikusgai.

miro-finkatu-zuten-lanak
Bisitari bat Miroren autorretratuari argazkia ateratzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Olatz Enzunza Mallona [BERRIA.eus]
| 14 Février 2023

Miroren obraren aldi loriatsuena. Funtsean, horixe erakutsiko du Bilboko Guggenheim museoak Joan Miro artistari (Bartzelona, 1893-Palma, Herrialde Katalanak, 1983) eskaini dion erakusketak: Joan Miro. Errealitate absolutua. Paris, 1920-1945. Museoaren urteko lehenengo erakusketa izango da, eta haren ibilbide osoaren errepasoa egin ordez, "funtsezko aldi bat" erakutsi nahi izan du Enrique Juncosa komisarioak: 1920tik 1945era bitartekoa, hain zuzen ere. Parisera egindako lehenengo bidaiarekin abiatuko da, eta, Konstelazioak egin ondoren urte batzuk margotu gabe eman eta gero, artistak hondo zuri baten gainean margotutako obra sail handi batekin amaituko da. "Lan horiek finkatu zuten Miroren lengoaia", nabarmendu du komisarioak. Gaur hasi eta maiatzaren 28ra bitarte, artistaren 82 artelan egongo dira erakusgai museoaren 105. aretoan.

Kronologikoki antolatuta dago erakusketa. Juncosaren hitzetan, "ez da batere erraza izan" erakusgai dauden obra guztiak biltzea, baina pozik geratu da azken emaitzarekin. Artistak izandako bilakaera hobeto ulertzeko, aretoaren hasieran ikusgai daude artistak 1917tik 1919ra egindako zenbait obra. "Parisera joan ondoren, erabat aldatu zuen estiloa Mirok, eta hori begi bistakoa da", kontatu du komisarioak. Detailezaleak deitu izan dituzten obrak margotu zituen garai horretan: "Arreta handia eskatzen duten lanak dira: errealitatea zehaztasunez erakutsi beharrean, paisaiek eragiten dizkioten emozioak margotzen ditu". Sasoi horretakoa da Autorretratua obra: "Irudi garden bat da Miro, eta bere begiek eta alkandorako botoi zuloek forma astralak edo kosmikoak erakusten dituzte", azaldu du Juncosak.

Hala ere, 1920tik aurrera etorri zen benetako aldaketa. "Lortu dut naturatik behin betiko askatzea, eta paisaiek jada ez dute inolako zerikusirik kanpoko errealitatearekin", esan zuen margolariak. Baserritarra obra da bi garaien arteko "trantsizio koadroa". Izenburuak adierazten duen bezala, baserritar bat ageri da koadroan, baina haren oin erraldoiek ematen dute margolaneko arretarik handiena. "Mirok agerian utzi nahi du errealitatea itxuraldatzen duen energia oro datorrela lurretik". Handik aurrera, kanpoko errealitatearekin loturarik ez duten paisaiak margotu zituen, eta "egitura narratibo logiko oro" suntsitu zuen: "Badirudi gainazaletatik sakabanatuta ageri diren elementuak inprobisazioaren emaitza direla, baina haiek prestatzeko zirriborroek kontrakoa frogatzen dute".

Mirok edozein egia "egia absolutu" bihurtzen zuela esaten zuen Margit Rowell artistaren lana aztertu zuen ikerlariak, eta, hain zuzen, hortik dator erakusketaren izenburua ere. "Mugimendu surrealistaren liderra izan zen Andre Breton poeta, eta haren esaldi bati egiten dio erreferentzia izenburuak: benetako errealitatearen eta ametsen arteko mugan zebilen Miro, eta bien arteko nahasketari deitzen zion errealitate absolutua", azpimarratu du komisarioak. Mirok berak ere horixe defendatzen zuen: "Gauzen zentzu magikoa aurkitzen saiatzen ez bagara, jendeak degradazio kausa berriak gehitu besterik ez du egingo".

Transformazio fase horretan, nabarmentzekoa da margolariak historiaurreko artearekiko izan zuen lotura. Zehazki, bere ohar koadernoetan baieztatu zuen hori: "Artearen hastapenetara itzultzea eta bere jatorrizko zentzu espirituala berreskuratzea zen Miroren nahietako bat, besteak beste". Horren erakusle dira bere margolanetan ageri diren askotariko erreferentziak.

Bere aurreneko bidaia horretan, Parisko arte garaikidearen mugimenduak gertutik ezagutzeko aukera izan zuen margolariak: "Kataluniako hiri kontserbadorea atzean utzi, eta nolabaiteko askatasun artistikoa ezagutzeko irrikaz joan zen Parisera". Baita lortu ere. "Pintura akabatu nahiko nuke", esan zion, esate baterako, J.F. Rafolsi 1923an. Erakusketak biltzen ditu 25 urteko ibilbidean etengabe landu zituen ideia berriak: errealismo magikotik abiatu zen, eta konstelazio itxuran ageri diren zeinuz osatutako lengoaiarekin amaitu zuen.

Etengabeko bilakaeran

1926ra arte Parisko Blomet kalean egon eta gero, estudioz eta estiloz aldatu zuen margolariak: Tourlaque kalera lekualdatu zen, 1929ra arte. Formatu handiko paisaia horizontalen sail bat egin zuen sasoi hartan, eta horietan elementu antzemangarri batzuk agertzen hasi ziren: kolore biziko hondoak, espazio zabalak, itzalak, bolumenak... "Margotzeko modu tradizionalak desagertuz doaz horietan".

1930. urtean, berriz, espresionismoa lantzen hasi zen margolaria. Horren erakusgarri dira, kasurako, Pertsonaia taldea basoan eta Pintura basatiak lanak. Besteak beste, ezaugarri jakin batengatik bereizten dira sasoi hartako pinturak: "Irudi itsusiak ageri dira espazio kezkagarrietan". Komisarioak azaldu duenez, 1936ko gerrak eragindako arduraren eta antsietatearen ondorio dira horiek.

Bigarren Mundu Gerra hastearekin batera, Normandiara alde egin behar izan zuen Mirok. Bost paisaia txiki margotu zituen, eta, komisarioaren hitzetan, horiek izan ziren Konstelazioak lan sortaren nolabaiteko aurrekariak. "Margotu ondoren, agoarrasetan bustitzen nituen pintzelak, eta paperezko orri zurien gainean lehortzen nituen, aurrez pentsatutako ideiei jarraitu gabe. Zikindutako azalera hark gogoa pizten zidan, eta askotariko formak, giza irudiak, animaliak, izarrak, zerua, eguzkia eta ilargia sortzera eramaten ninduen. Denbora asko behar izaten nuen", kontatu zuen margolariak.

23 konstelazioak 1940ko urtarril eta 1941eko irail artean egin zituen, eta, haren ondotik, denbora tarte bat eman zuen margotu gabe. 1945ean ekin zion lanari berriro: formatu handiko pintura sail bat egin zuen, hondo zuriaren gainean. "Obra horietako gehienek gau hitza dute izenburuan, baina hondo zurikoak eta argitsuak dira denak. Bitxia da", gaineratu du Juncosak. 1944az geroztik, zeramikan interesatu zen Miro. Horietako hainbat ikus daitezke 105. aretoan.

Erakusketa baino gehiago

Erakusketarekin batera, artistari eskainitako monografiko bat ere argitaratu dute. Juncosak idatzi du testu nagusia, baina bestelako esku hartze batzuk ere badaude. Tartean, Mirok Paris hiriarekin izan zuen harremana hartu du hizketa gai Remi Labrussek; eta William Jeffetenek, berriz, margolariak 1945etik aurrera margotu zituen hondo zuriaren gaineko pinturak aztertu ditu.

Bestalde, didaktika proiektu bat ere jarri du martxan museoak, erakusketaren osagarri gisa: In Focus: Joan Miro. Besteak beste, Paloma Chamorro kazetariak telebistako Trazos programan margolariari egindako elkarrizketako hiru atal proiektatuko dituzte museoko Entzungelan. Horrez gainera, Inesa Markava dantzariak eta hezitzaileak Miroren obran inspiratuta sortu duen performance bat erakutsiko du: Joan Miroren unibertsoa.


xabier-morras

Xabier Morrás

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

Du 23 Octobre 2026
Au 07 Février 2027

muskoko

Muskoko

Leyre Arraiza

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

Du 01 Avril 2026
Au 28 Juin 2026

hiri-ikuspegiak

Hiri ikuspegiak

San Martin, Sesma, Cassany

La Fabrica De Gomas (Iruñea, Nafarroa)

Du 16 Avril 2026
Au 28 Juin 2026

bilboko-arte-ederren-museoak-bihotz-berria-du

Bilboko Arte Ederren Museoak bihotz berria du

Mikel Garcia Martikorena [BERRIA.eus]
| 23 Juin 2026

Museoaren handitze planaren barruan egindako ataria aurkeztu dute: Arriaga ataria. Egungo bi eraikinak lotzen ditu, eta haren gainean egongo da hirugarrena. Etzi egingo dituzte ate irekiak.

zeharkako-estetikak-2026-egonaldia-abian-da-dagoeneko

Zeharkako Estetikak 2026 egonaldia abian da dagoeneko

| 22 Juin 2026

Idensitat-en hilabetez lanean aritu ondoren, hautatutako proiektuak, AzkonaTolazaren 'Ibaiko irakurketa kluba' eta Raquel Meyers-en 'Munstroen garaia', Uharte Zentrora iritsi dira bertako testuingurutik ekainean zehar euren garapenarekin jarraitzeko.

marrazkia-san-telmo-museoko-erakusketa-berriaren-protagonista

Marrazkia, San Telmo Museoko erakusketa berriaren protagonista

| 19 Juin 2026

San Telmo Museoak eta Fundación Mapfre-k Modernitatea marraztu (1864-1968). Marrazkiak Fundación Mapfre eta San Telmo Museoaren bildumetan erakusketa aurkezten dute, Leyre Bozal Chamorrok komisariatua. 160 artelan inguru biltzen ditu eta aurretik beste egoitza batzuetan aurkeztu zen La mano con lápiz erakusketaren egokitzapena da, San Telmo bildumako piezak gehituz. 2026ko ekainaren 20tik irailaren 27ra bisita daiteke.

guggenheim-bilbao-museoak-florence-ostende-izendatu-du-programa-eta-eduki-artistikoen-zuzendari

Guggenheim Bilbao Museoak Florence Ostende izendatu du Programa eta Eduki Artistikoen Zuzendari

| 19 Juin 2026

Nazioarteko hautaketa-prozesua amaitu ondoren, Florence Ostende artearen historialari eta komisarioa Museoko lantaldeari batuko zaio erakundearen ikuspegi artistikoa eta edukien garapen estrategikoa indartzeko xedez. Aurrerantzean Ostende izango da Erakusketak eta Kontserbazioa, Arte-ardura, eta Hezkuntza eta Interpretazio sailen arduradun eta buru, eta Zuzendaritza Batzordeko kide ere izango da.

gudak-gelditu-ez-duena

Gudak gelditu ez duena

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 18 Juin 2026

Orain dela egun batzuk Yasmine Nachabe Taan-en mezu bat jaso nuen, komisariatu duen azken erakusketarako gonbidapenarekin.

monumentuen-gramatika-hedatua

Monumentuen gramatika hedatua

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 18 Juin 2026

'GRAMATIKA' | Artista: Mawa Orduñez. | Non: Montehermoso kulturunean, Gasteizen. | Noiz arte: ekainaren 21era arte.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).