artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Bizkaiaren espiritua, XIX eta XX. mendeen arteko nortasun sozial eta erlijiosoa irudikatuz

Bizkaiko espiritua izenburupean, Bizkaiko Eleiz Museoaren eta Arte Ederren Bilboko Museoaren arteko lankidetza berriak bidaia bat proposatzen du lurraldearen espiritualtasunean zehar, XIX. mendearen erdialdetik XX. mendearen lehen hamarkadetara.

bizkaiaren-espiritua-xix-eta-xx-mendeen-arteko-nortasun-sozial-eta-erlijiosoa-irudikatuz
Anselmo GUINEA, Pascua florida (1899), Arte Ederren Bilboko Museoa

| 16 Décembre 2025

Zazpi ataletan banatuta, erlijioak bizitza publiko eta pribatua markatzen zuen gizarte baten erretratu adierazgarria eskaintzen du ibilbideak. Horrela, artean islatuta dauden hainbat alderdi nabarmentzen ditu, besteak beste, espazio sakratuaren erabilera soziala jaietan eta jarduera komertzialetan edo/eta arkitektura erlijiosoaren eragin bisuala paisaian. "Eraldaketan sinetsi", "Sakratua modernizatu", "Aisia eta debozioa", "Merkataritza-arima", "Paisaia mistikoak", "Ikonografia femenino berriak" eta "Espazio sakratuak" atalek artikulatzen dituzte bildutako 62 lanak.

Bigarren Industria Iraultza (1870-1914), eraldaketa itzelek markatutako aldia, erlijioak kohesio sozialerako eta tradizioari eusteko elementu gisa zuen eginkizuna berretsi zuena, da erakusketaren abiapuntua. Ondoren, deboziozko irudi multzo bat dator, akademizismoaren estatuetatik hasi eta hileta-eskulturari lotutako proposamen berritzaileagoetara. Gero, erakusketa erlijiotasun herrikoian barneratzen da, eliza eta ermitetan agerikoa; bere zeregin espiritualaz harago, erromeria eta azoketako topagune, ospakizun eta merkataritza-gune bihurtzen dira elizak eta ermitak. Paisaiaren generoak ere protagonismo handia hartzen du euskal geografia osoan zehar banatutako tenplu, ermita eta santutegien berri ematen duten lanetan, argazkigintzaren aitzindariei eta margolariei interesatu baitzitzaizkien. Emakumearen irudia amatasun laiko edo erlijiosoaren arketipoetan adierazten da, baita euskal landa-munduaren idealizazioarekin lotutako "Eva berria"-ren arketipoetan ere. Ibilbidea amaitzeko, garai hartako garapen artistikorako Elizaren eta euskal burgesiaren enkarguek izan zuten garrantzia erakusten duten elizen eta panteoien planoak, argazkiak eta maketak daude.

Javier Novo González, Arte Ederren Bilboko Museoko Kontserbazio eta Ikerketa koordinatzailea, arduratu da bi museoetako obrak aukeratzeaz, partikularrengandik eta bilduma korporatiboetatik (Banco Santander Bilduma eta Kutxa Fundazioa Bilduma), museoetatik (Arte Ederren Arabako Museoa, Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiaren Museoa, Bilboko Euskal Museoa eta Durangoko Arte eta Historia Museoa), entitateetatik (Sociedad Bilbaína) eta artxiboetatik (Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoa eta Smith Arquitectos Bilbao Agiritegia) aldi baterako maileguan datozen beste batzuekin batera.

Erakusketako artisten zerrenda honako hau da: Jenaro Pérez Villaamil, Pablo Bausac, Francisco Bringas, Antonio María Lecuona, Alphonse Guiard, Bernabé Garamendi, Juan de Barroeta, Eduardo Zamacois, Severino Achúcarro, Roberto Laplaza, José Echenagusía, Vicente Cutanda, Antoni Gaudí, Eulalia Abaitua, Anselmo Guinea, Darío de Regoyos, Antonio de Guezala, Adolfo Guiard, Manuel Losada, Fernando de Amárica, Francisco Durrio, Álvaro Alcalá-Galiano, Nemesio Mogrobejo, Quintín de Torre, Ricardo Bastida, Valentín de Zubiaurre, Aurelio Arteta, Manuel María Smith, Juan José Rochelt, Felipe Manterola, José Arrue, Ricardo Arrue, Isidoro Guinea, Tomás de Acillona, Jenaro Urrutia, Asunción Asarta, Joaquín Lucarini, Alfonso W. Sena, Alonso Argazkilaria eta David Seymour "Chim".

Bizkaiko espiritua bi museoek 2021etik aurrera Bizkaiko ondare artistiko erlijiosoa ezagutzen eta hedatzen laguntzeko duten lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da. Lehenengo proiektu partekatua Luis Paret Bilbon izan zen, 2021ean erakutsia eta bi museoetan artikulatuta. 2023an, Joaquín Sorollaren heriotzaren mendeurrenarekin bat eginez, Sorolla eta erlikiak aurkeztu zen Eleiz Museoan, gurtzeko objektuekin eta artelanekin osatua, horien artean margolari valentziarraren Eskari-mahaia (c. 1892) eta Erlikiari musu ematen (1893) apartak, Arte Ederren Museoak kontserbatuak.

Eraldaketan sinistu

Bigarren Industria Iraultzan (1870-1914), Bizkaiko gizarteak eraldaketa sakona bizi izan zuen, eta fedeak zeregin nagusia izan zuen horretan, ez bakarrik espirituari zegokionez, baita politikari, hezkuntzari eta kulturari zegokienez ere. Erakunde erlijiosoek beren presentzia publikoa indartu zuten eta gizarte-kohesioari eutsi zioten, parrokia, kofradia eta ordena kolektiboen bidez. Bizkaian, landa, hiri, itsaso eta langile eremuak eguneroko bizitza antolatzen zuen erlijiotasunean blaituta zeuden. Testuinguru hori artean islatu zen, bai erlijioari buruzko eszena kostunbristen eraketan, bai lurraldearen benetako espiritualtasunaren zabalkundean. Hartara, arte-praktikak bat egiten zuen Europak herrien berezitasunarekiko eta haien tradizioekiko zuen interesarekin, aldaketa sozial eta ideologikoen aurrean ordena moralaren berme zirenez gero.

Sakratua modernizatzea

Nazioarteko panoraman gertatzen zen bezala, XIX. mendearen amaieran Bizkaiko arteak akademizismoaren eta sortzen ari zen modernitatearen arteko dualtasun estetikoa islatu zuen. Lehenak gai historiko, literario eta erlijiosoei leial iraun zuen, zuzentasun formalean eta erromatar herentzia artistikoan oinarrituta; bigarrenak, berriz, errealitate garaikidea irudikatu nahi zuen, Paristik etorritako abangoardiako ereduei jarraiki. Kristoren, santutegiaren edo Ama Birjinaren irudiak, nagusiki, erlijio- edo debozio-enkarguei lotu zitzaizkien, Garamendiren eskulturak, adibidez, edo historia-pinturaren tradizio akademikoari eutsi zioten, Echenagusíaren Kalbariora iristen ospetsuan, adibidez.

Kontrastean, hainbat artista gaztek, Francisco Durrio, Quintín de Torre, Ricardo Arrue edo Nemesio Mogrobejo horien artean, ikonografia erlijiosoa berrinterpretatu zuten material berritzaileekin eta sentsibilitate modernoarekin, hizkuntza berritzeraino.

Aisia eta debozioa

XIX. mendeko eta XX. mende hasierako Bizkaiko gizarteak debozioa eta aisia osotasun banaezin gisa ulertzen zituen. Baselizetarako erromeriek, zaindari santuen omenezko jaiek eta tenpluen ondoko dantzaldiek edo aurreskuek kolektiboki bizitako erlijiotasuna erakusten zuten, musikan, alaitasunean eta elkarbizitzan adierazia. Ekintza ludiko horiek hainbat herritako bizilagunak biltzen zituzten, komunitate-loturak eta kide izatearen zentzua sendotuz. Eliza, beraz, herri-bizitzaren agertoki nagusi bihurtzen zen, non fedea eta ohitura harmonian baitzeuden. Mendiak, gune idealizatu gisa, espiritualtasun sakona gogorarazten zuen, eta eraikin erlijiosoak gune moral eta sozial bihurtzen ziren hiriko eta fabriketako zalapartaren aurrean.

Merkataritza-arima

Bere lan espiritualarekin batera, tenplua eta bere ingurua soziabilitatea eta merkataritza dinamizatzeko espazio bihurtu ziren. Elizetako plaza eta arkupeetan azokak, feriak eta topaketak antolatzen ziren, eskualde osoko jendea erakarriz, truke material eta gizatiarreko giroan. Meza edo prozesioen ondoren, fededunak elkartu egiten ziren erosteko, saltzeko edo, besterik gabe, elkarrizketa lasaietan auzotarren konpainiaz gozatzeko. Horrela, eliza, bere debozio-funtzioa gaindituta, bizitza publikoaren bihotz bihurtzen zen, herriaren harreman ekonomiko, sozial eta kulturalak artikulatzen ziren lekua. Fedearen, bizikidetzaren eta merkataritzaren arteko batasun horrek sendotu egin zuen mende-aldaketan Bizkaiko gizartearen funtsezko ardatz gisa izan zuen zeregina.

Paisaia mistikoak

XIX. mendearen erdialdetik aurrera, euskal artista asko erakarri zituen pintura plenairistak, argi naturala eta paisaiaren berehalakotasuna jasotzeko nahiak bultzatuta. Parisko inpresionismoak eraginda, Euskal Herria enklabe nabarmena bihurtu zen praktika horretarako. Adolfo Guiard, Darío de Regoyos, Anselmo Guinea, Manuel Losada edo Juan José Rochelt bezalako figurak, Juan de Barroetaren akuarelista lanarekin batera, izan ziren berrikuntza piktoriko honen buru. Testuinguru horretan, paisaia erlijiosoak leku nabarmena hartu zuen: tenpluak, ermitak eta aurriak izadian integratzen ziren, espiritualtasunaren eta iraunkortasunaren sinbolo gisa. Ideia hori bera izan zuten inspirazio-iturri Alphonse Guiard, Eulalia Abaitua edo Felipe Manterola bezalako argazkilariek ere, beren kameren objektiboen bidez euskal paisaia sakratuaren atmosfera mistikoa esploratu baitzuten.

Ikonografia femenino berriak

XIX. mendearen amaieran gertatu ziren eraldaketa sozial eta ideologiko sakonen baitan, bi ikonografia lerro indartsu sortu ziren bizkaitar pinturan: Eva berria eta Ama Birjina Maria laikoa. Baserriko neskaren errugabetasunaren –Aurelio Artetaren Arratiako Eva– eta bere rol sozialaz eta kultur eraginerako gaitasunaz jabetutako emakume hiritar eta burujabearen modernitatearen artean zebilen errepresentazio bihurtu zuen lehenengoak Evaren irudia. Aldi berean, Ama Birjinak izaera profanoa eta aldi berean sinbolikoa hartu zuen, amatasunaren eta garbitasunaren irudi gisa, euskal herriaren espiritualtasuna eta balioak haragitzen zituena. Horrela, Artetak, bere Mariarekin (Mirentxu), eta Joaquín Lucarini, Isidoro Guinea edo Jenaro Urrutia bezalako beste artista batzuek tradizio erlijiosoa, identitatea eta sentsibilitate estetikoa uztartu zituzten euren lanetan.

Espazio sakratuak

XIX. mendean, Bizkaiak bultzada arkitektoniko nabarmena bizi izan zuen, espiritualtasunak eta berrikuntzak markatua. Oparotasun ekonomikoari esker, arkitekto ospetsuek eraikin enblematikoak zaharberritu zituzten, hala nola Bilboko Santiago eliza eta Begoñako Andra Mari. Aldi berean, hazkunde demografiko nabarmenak oin berriko tenplu moderno eta funtzionalen eraikuntza sustatu zuen Bizkaiko udalerri askotan. Hiriburuko adibiderik nabarmenenak Jesusen Bihotzaren eta Asisko San Frantziskoren elizak dira. Gorakada horrek, industria arloan aurrera egin arren, elizan bere erreferentziazko espazioa izaten jarraitzen zuen komunitate bat islatu zuen. Aldi berean, hilobi-arkitekturak, Francisco Durrioren Echevarrieta panteoia bezalako lanekin, fedea, artea eta modernitatea maisuki integratu zituen eremu pribatuan.


gorputz-geometrikoak

Gorputz geometrikoak

Eduardo Txillida

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

Du 25 Juin 2026
Au 26 Octobre 2026

ipar-baltza

Ipar Baltza

Erlea Maneros Zabala

CarrerasMugica (Bilbo, Bizkaia)

Du 11 Septembre 2026
Au 08 Novembre 2026

mitologiak

Mitologiak

Bonnat Museoa (Baiona, Lapurdi)

Du 08 Juillet 2026
Au 09 Novembre 2026

portrait-intime

Portrait intime

Pilar Belzunce

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

Du 05 Juin 2025
Au 26 Décembre 2026

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 8 Octobre 2026

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 8 Octobre 2026

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 6 Octobre 2026

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 6 Octobre 2026

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

diferituan-bizitzea

Diferituan bizitzea

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 30 Septembre 2026

Japonian lanean nagoenez, tenplu bateko udazkeneko ekinokzioaren inguruko ospakizun batera hurbildu nintzen aurrekoan. Ez nintzen plan hura egiten bakarra: tenplu txiki samarra zen, eta, iritsi nintzenerako, jendez gainezka zegoen; anitz turistak, ni bezala.

korapiloek-dakitena

Korapiloek dakitena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 30 Septembre 2026

'Gerezi Hori' | Artista: Maider Aldasoro. | Non: Rekalde aretoa, Bilbo. | Noiz arte: Azaroaren 22ra arte.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).