artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Ikusezina bistaratzeko geometria

Pablo Palazuelo artistaren 'Metodo geometrikoa' erakusketa zabaldu dute Nafarroako Unibertsitateko Museoan. 133 pieza daude ikusgai, erdiak baino gehiago aurretik erakutsi gabeak

ikusezina-bistaratzeko-geometria
Pablo Palazueloren Lagunar serieko bi pieza. À‚©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2023ko Apirilaren 14a

Obra bukatua bai, baina ez aurreko deus. Artelanak ontzeko prozesua erakusteko garaian zinez uzkur aritzea egotzi zitzaion sarri Pablo Palazuelo artistari (Madril, 1916-2007). Margolari eta eskultore abstraktuak nahiago izaten zuen alderdi hori ezkutuan gorde. Bizirik zen artean, inor gutxik izan zuen azken emaitzen aurrekoak ikusteko parada. Hain zuzen ere, orain gutxi zabaldu da aukera hori. Palazueloren obrari eta sormen prozesuei buruzko erakusketa ireki dute Iruñean, Nafarroako Unibertsitateko Museoan: Metodo geometrikoa. Irailaren 3ra arte izanen da ikusgai.

Museoaren lurpeko lehenbiziko solairu osoa hartzen du erakusketak. Guztira, 133 pieza bildu dituzte, marrazkiak, zirriborroak, pinturak, eskulturak eta beste aintzat hartuta. Gainera, Palazuelo fundazioko presidente Jose Rodriguez-Spiterik erakusketaren aurkezpenean jakinarazi duenez, pieza horien %60 aurrez inoiz erakutsi gabeak dira.

Bost taldetan sailkatu dituzte lanak, bost "familiatan". Palazuelok hitz hori baliatzen zuen piezak ordenatzeko eta gordetzeko. Sailkapen hori, baina, prozesu geometrikoei erreparatuz egiten zuen, eta ez ordena kronologikoari jarraikiz. Eta haren lan egiteko maneraren ezaugarri baten isla ere bada hori: askotan, obra bat abiatu, landu, bukatu gabe utzi, eta urteetara heltzen zion berriz ere. Hain zuzen horregatik, denbora salto bitxiak aurki daitezke obra batzuen inguruko datuetan.

Erakusketan, koadro handi eta koloretsuek nabarmen pizten dute arreta —bi metrotik gorakoak dira batzuek—. Aluminiozko eskulturek ere bai. Ikusgai diren beste pieza batzuen garrantzia goraipatu du bildumaren komisario Gonzalo Sotelo-Cavellok, ordea: paper zeharrargietan egindako marrazkiena.

Komisarioak azaldu duenez, Palazuelok arkatz lodiz marrazten zituen forma geometrikoak orri horietan; buelta ematen zien gero, marrazkiak kalkatzen zituen segidan, eta bata bestearen gainean jartzen zituen ondotik. "Gero, marrazkiok kimatu egiten zituen, behin erabakitakoan zirriborro horietako zer marra zen interesgarria", zehaztu du Sotelo-Cavellok. Sona handia erdietsi duten margolan mordoa ondu zuen horrela, eta ez hori bakarrik: eskulturak diseinatzeko zirriborro gisa ere baliatzen zituen orriok. "Origamia egiten zuen, nolabait". Horien laguntzaz egiten baitzuen salto hirugarren dimentsiora.

Askotan, Palazueloren eskulturen ondoan dago obra bakoitzari dagokion marrazkia. Lotura ez da begirada bakarrean antzemateko modukoa beti, baina asko laguntzen du artistaren lan egiteko manera ulertzen. "Ikusten da zer erabaki hartzen zuen pieza bakoitzarentzat, eta bistan gelditzen dira izan zituen duda asko ere".

Artelan bakoitzaren atzekoa agerian uzteko ez ezik, artistak urteetan izandako eboluzioa ikusarazteko ere balio du erakusketak. Palazueloren lehen margolanek ez dute ikustekorik 1940ko hamarkadaren hondarretik aurrera pintatutakoekin. Arte figuratiboa egiten zuen hasieran, baina, gerora aitortu zuenez, pieza horietan ezinezko zitzaion bere burua islatuta ikustea, komisarioaren arabera. "Hasieran, Palazueloren marrazkietako marren artean ez zegoen harreman geometrikorik. Bizi osoa eman zuen egituratzat balioko zion geometria baten bila, ordea, frenetikoki. Diseinuak txertatzeko sare bat aurkitu nahi zuen, jokoaren arauak zehazteko, xake taula baten parekoa".

Palazueloren ibilbide artistikoa ulertzeko, ezinbestekoa da sorterritik urrun eginiko bi aldi aintzat hartzea: Oxforden (Ingalaterra) emandako denbora —arkitektura ikasi zuen han, harik eta 1936ko gerrarengatik ikasketak uztea erabaki zuen arte— eta Pariskoa, han ezagutu baitzituen Eduardo Txillida, Joan Miro eta Alberto Giacometti, esaterako.

Parisen emandako aldian, Paul Klee margolari alemaniarraren obra ezagutu zuen Palazuelok. Liluraturik utzi zuen, eta, ordutik, frankotan nabarmendu zuen zenbat miresten zuen. "Haren obrak lilura oso sakona sentiarazi zidan. Akaso, hori da margotzen hasi nintzenetik inoiz sentitu dudan emoziorik biziena", aitortu zuen Palazuelok gerora, Geometria y visión. Una conversación con Kevin Power (Geometria eta ikuspuntua. Elkarrizketa bat Kevin Powerrekin) liburuan jasota dagoenez.

Ez hasierarik, ez bukaerarik

Rodriguez-Spiteriren esanetan, Kleek elikatu zuen Palazuelok izaniko "obsesio" bat, gainera: "Palazuelo sinetsita zegoen formek ez dutela ez hasierarik ez bukaerarik; kontua da ea deskubritzen diren edo ez".

Bestalde, Palazuelok artearen funtzioaz esandakoak oroitu ditu Sotelo-Cavallok: "Aldarrikatzen zuen artea ez dela ikus daitekeena erreproduzitzea, baizik eta berez ikusi ezin direnak ikusgai bihurtzea. Naturaren indarrak eta energiak, adibidez".

2007ko urriaren 3an zendu zen Pablo Palazuelo. Hurbilekoen esanetan, azkeneraino izan zuen lapitza eskuetan. Ordurako, aurkitua zuen etxea geometrian.

metodo-geometrikoa

Metodo geometrikoa

Pablo Palazuelo

Nafarroako Unibertsitateko Museoa (Iruñea, Nafarroa)

2023ko Martxoaren 29tik
2023ko Irailaren 03ra


66-urtez-ikasten

66 urtez ikasten

Javier Sueskun

Muñoz Sola (Tutera, Nafarroa)

2026ko Ekainaren 11etik
2026ko Irailaren 06ra

azkenean-hondartza

Azkenean hondartza!

Claude Nori

L'Angle (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Ekainaren 12tik
2026ko Uztailaren 19ra

inurri-bideak

Inurri bideak

Andrea Canepa

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 26tik
2026ko Uztailaren 19ra

natura-harmonia-poesia

Natura Harmonia Poesia

Mikel Lertxundi

Okendo Kultur Etxea (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 26tik
2026ko Agorrilaren 29ra

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

testigantza-liburu-bat-oteizaz-oteizarengatik-eta-oteizari

Testigantza liburu bat Oteizaz, Oteizarengatik eta Oteizari

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 27a

Jorge Oteiza "ezagutzeko" liburu bat ondu du Jose Julian Bakedanok, Pamielarekin. Eskultorearekin izandako "harremana" inportantetzat daukaten 36 lagunen ahotsak jaso ditu, Atxagarena eta Moneorena tartean, eta dozenaka argazkirekin osatu du lana.

roberto-chartamek-geometria-mundu-naturalera-darama-cristina-enean

Roberto Chartamek geometria mundu naturalera darama Cristina Enean

| 2026ko Ekainaren 26a

Cristina Enea Fundazioak uda honetarako egin duen erakusketa-proposamenak, Ura Besterik Ez, herritarrak gonbidatzen ditu mugarik ezagutzen ez duten espazioak eta bolumenak okupatzen dituzten geometrietan murgiltzera. Horren karietara, Roberto Chartamek naturaren hizkuntza berarekin lan egiten du. Bere erreminta airean eta aluminioan tenkatutako hariak dira, eta horiekin Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxeko hiru aretoak marrazki bizigarri handi bihurtzen ditu.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.