artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Artistek hitzez esateko dutena

Jone Alaitz Uriartek eta Mikel Onandiak euskal testuinguruko bost artistari egindako elkarrizketak bildu dituzte 'Desmuntatzeak eta ornamentuak' liburuan.

artistek-hitzez-esateko-dutena
Jone Alaitz Uriarte eta Mikel Onandia, Bilboko Anti liburu dendan, Desmuntatzeak eta ornamentuak liburua aurkezten. JONE ALAITZ URIARTE

2023ko Maiatzaren 12a | Itziar Ugarte Irizar [BERRIA.eus]

Sahatsa Jauregi, Oier Iruretagoiena, Damaris Pan, Daniel Llaria eta Nora Aurrekoetxea. Euskal testuinguruko bost artista, 1980ko hamarkadan jaioak bostak; Bilboko Arte Ederren Fakultatetik igarotakoak, atzerrira irtendakoak, eta artea ulertzeko eta egiteko begirada bat komun dutenak, ñabardurak ñabardura, partikulartasunak partikulartasun. Jone Alaitz Uriarterentzat eta Mikel Onandiarentzat agerikoa zen aspalditxotik haien eta beste zenbait artista garaikideren arteko kidetasuna, baina sumatzen zuten, nabarmen, euren lana eta arte ikuskera jasoko zuen idatzizko materialaren falta ere. Hutsune horrek bultzatuta joan ziren grabagailuarekin bost artistongana iazko udan, eta Desmuntatzeak eta ornamentuak liburuan bildu dute emaitza orain, ele bitan —gaztelaniaz eta euskaraz—.

Gure Artea sarietako epaimahaian ezagutu zuten elkar Uriartek eta Onandiak —Tabakalerako Arte Garaikideko departamentuko kidea, kultur programatzailea eta komisarioa da lehena; EHUko irakaslea, arte historialaria eta komisarioa bigarrena—, eta, Uriartek kontatu duenez, berehala etorri ziren bat testu kritikoen faltaren gaineko iritzian: "Biok idazten dugu arteaz komunikabideetan, eta askotan ditugu zailtasunak gure inguruko artisten erreferentziak topatzeko. Ikusten genuen behar bat zegoela gure belaunaldian edo gure testuinguruan aktiboan dauden artisten nolabaiteko idatzizko hurbilketa bat egiteko".

Uriarteren esanetan, bost artistek "gogo handiarekin" hartu zuten proposamena, gainera, eta euren lanaren ingurukoak idatziz jasotzeko beharraren berrespen modura jaso dute jarrera hori liburuaren egileek. Elkarrizketen aurretik, sarrera bat idatzi dute argitalpenean, eta, besteak beste, argitu dute liburuaren asmoa ez dela "garai baten azterketa" egitea, ezta aukeratutako artistak "belaunaldi edo testuinguru baten ordezkari gisa" aurkeztea ere, ezpada haien ahotsaren bitartez testuinguru bereko artista gehiago ere biltzea.

Liburua, baina, bost artista jakin hauen lanarekiko "erakarpenagatik" ere sortu dela aitortu dute egileek, eta haien momentuari egin diote azpimarra. Uriarte: "Bostak daude diskurtsiboki oso momentu interesgarrian. Uste dut elkarrizketa hauek duela bost urte egin izan bagenitu, erantzunak zabalagoak eta edukian antzuagoak izango zirela. Hemen, aldiz, zintzotasuna eta benetako artikulazio diskurtsibo bat dago, badakitelako zer egin duten eta norantz jo nahi duten. Bakoitza oso singularra izan arren, badago norabide komun bat ere. Eurek ere esan digute islatuta ikusi direla bata bestearen esanetan".

Bide beretik hitz egin du Onandiak ere: "Uste dut bostak daudela puntu batean non euren lanak kalitatea duen eta eurek esateko asko daukaten. Lortu dute mintzaira propio bat, ziur aski aldatuko dena, eta lortu dute artean eta bizitzan egoteko modu bat. Merkatuan egon edo ez, denek dute konpromiso bat".

35 urteren bueltan dabiltza, gutxi-asko, bost artistak, eta hor hasten dira eteten, hain justu, aurreko urteetan ugariak diren beka eta bestelako laguntza programak. Hor sortzen den "inbutuaz" hitz egiten du, esaterako, Panek liburuan, eta hala azaldu du Uriartek ere: "Gaztetasun batean mugitzea nahiko erraza da gurean, formatzen jarraitzeko eta ekoizpenerako laguntza pila bat daudelako, baina gero obrak erakusteko espazioak murrizten hasten dira".

"Post-Artelekukoak"

Elkarrizketatuek askotariko diziplinak lantzen badituzte ere —batik bat, pintura Panek eta eskultura beste laurek—, lan egiteko modu batek hurbiltzen ditu, liburuko egileen ustez: azken emaitzari baino gehiago, prozesuari asko erreparatzen dion lan moldeak. Izenburura eramandako bi kontzeptuetan ere jaso nahi izan dute haien begiradaren parte bat; desmuntatzeak, prozesu fisiko zein postmodernitatearen zutabe modura; eta ornamentuak, eskulturaren tradizio maskulino-materikoenetik urruntzen den ikuspegi baten aldeko hautua.

Komunean ikusten diete, halaber, "post-Arteleku" belaunaldikoak izatea —"beste erreferentzia batzuk izan dituzte, kanpora atera dira, eta ez New Yorkera ezinbestean, merkatua aldatu da..."—, eta bosten lanei ukitu "poetiko bat" sumatzen diela ere esango luke Onandiak: "Egon dira garai batzuk non piezaren alderdi kontzeptuala edo diskurtsiboa izan den nagusi, baina hauentzat elementu plastikoa, formala, inportantea da oraindik".

Liburuan bildutako artistek erakusketak izan dituzten arren, argitalpenak, oro har, gero eta gutxiago direla adierazi du Onandiak ere, eta horrek obraren inguruan uzten duen hutsuneaz ohartarazi du. "Interesgarriena beti da artelana eta haren aurreko esperientzia, baina obrak nolabaiteko sostengu teoriko kritiko bat ere behar du. Elkarrizketa hauek hurbilketa bat dira horretara".


ur-handiak

Ur Handiak

Pablo Ugartetxea

Cristina Enea fundazioa (Donostia, Gipuzkoa)

2025eko Abenduaren 19tik
2026ko Martxoaren 15era

artea-helmuga-infinitua

Artea, helmuga infinitua

Erakusketa kolektiboa

Arteko Gallery (Donostia, Gipuzkoa)

2025eko Azaroaren 21etik
2026ko Otsailaren 27ra

arte-galeriek-atea-itxiko-diote-21eko-bezari

Arte galeriek atea itxiko diote %21eko BEZari

Ots. 02 | Amaia Jimenez Larrea [BERRIA.eus]

Gaurtik larunbatera bitarte, Hego Euskal Herriko hainbat arte galeria itxi egingo dituzte, Espainiako Gobernuak artelanen salmentarako ezarritako %21eko BEZaren aurka protesta egiteko. Aspalditik dator zerga jaisteko eskaria; 2012an igo zuten.

strong-back-soft-front-egunerokotasunaren-behaketari-buruzko-hausnarketa-artistikoa

Strong Back, Soft Front" egunerokotasunaren behaketari buruzko hausnarketa artistikoa

| 2026ko Urtarrilaren 30a

Maite González Martínez artistaren bakarkako erakusketak, Iñigo Villafranca Apesteguia komisario duela, gelditzeko eta ingurunea begirada lasai eta hurbiletik behatzeko proposamena egiten du. Erakusketa Tabakalerako komisariotza egonaldi deialdiaren emaitza da; bertako komisario eta artistei laguntzea du helburu.

poesiarik-ez-behintzat

Poesiarik ez behintzat

Urt. 29 | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

Moon poem | Artista: Oscar Tuazon. | Lekua: Cibrian galeria (Donostia). | Noiz arte: urtarrilaren 31ra arte.

elkarketa-ala-murrizketa

Elkarketa ala murrizketa

Urt. 29 | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Iazko abenduaren 15ean, Bilbo Arte eta Azkuna zentroa elkartzeko erabakia hartu zuen Bilboko Udalak. Abenduaren erdiko bi asteak eztabaida publikorik gabe hartutako erabakiak oihartzun gutxirekin pasatzeko erabiltzen dira...

estetizidioa

Estetizidioa

Urt. 22 | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Estetizidio hitza idatzita ikusteak larritu nau. Ez nuen terminoaren berri, eta lehendabiziko aldiz artearen kontrako bortxakeria aproposak hain gordin adierazita irakurtzeak harritu nau.

ideologien-beldurrik-bai

Ideologien beldurrik bai?

Urt. 22 | Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]

Lurrak ez du jaberik izango | Artista: Marwa Arsanios. | Tokia: Artiumen, Gasteizen. | Noiz arte: apirilaren 12ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.