artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Bi norabideko erakusleiho bat

'Donostia, moda-eszena' erakusketak XX. mende hasierako jantziak eta aberats giroa ditu ardatzean. Kutxa Fundazioaren Fototekako 120 argazki jarri dituzte ikusgai Kubo aretoan

bi-norabideko-erakusleiho-bat
Miren Arzallus Loroño komisarioa. Arg/ Kubo Kutxa

Ainhoa Sarasola [BERRIA.eus]
| 2023ko Ekainaren 23a

XX. mendearen hasieran, udarik uda, burgesiaren eta aristokraziaren opor gune nagusietako bat bilakatu zen Donostia. Goi joskintzako piezarik berrienak eta dotoreenak soinean zituztela ibili ohi ziren jende haiek denak, eta, hala, Miarritzerekin (Lapurdi) batera, hiria modaren erdiguneetako bat ere bihurtu zen nazioartean. Kalean, hondartzan, kirol ikuskizunetan, dantzaldietan... edonon topatzen zuten aukera beren jantziak erakusteko. Baita besteenak ikusteko ere. Bi norabideko erakusleihoa zen, beraz, Donostia garai hartan. "Modak funtsezko rola jokatzen zuen harreman sozialetan, ikusteko eta ikusia izateko hiri modernoetako dinamika hartan", Miren Arzalluz Loroñoren hitzetan. Modak gizarte hartan izan zuen garrantzia aztertzeko, orduko janzkerak zein aberats giroa agertzen dituzten argazkiak bildu dituzte Donostia, moda-eszena erakusketan, Arzalluzen gidaritzapean. Urriaren 15era arte egongo dira ikusgai, Kubo-Kutxa aretoan; bitarte horretan, hainbat jarduera osagarri ere izango dira.

Kutxa Fundazioaren Fototekak 50 urte bete ditu, eta urteurrenaren harira osatu dute erakusketa. Bildumak dituen 1,5 milioi argazkietatik 120 hautatu dituzte. Hain zuzen, 1973an, Udal Aurrezki Kutxak, Photo Carte eta Foto Marin Donostiako argazki denden funtsak erosi zituen, eta bi bilduma horietakoak dira ikusgai jarri dituzten guztiak, orduko bizitzaren lekukotasuna ematen dutenak.

Komisario lanetan Arzalluz aritu da; historialaria, ikertzailea eta Cristobal Balentziaga jostunaren figuran aditu nagusietakoa, gaur egun Palais Galliera Parisko Modaren Museoa zuzentzen du. Erakusketa egiteko ideia 2016an sortu zitzaien antolatzaileei, Arzalluzek Donostian emandako hitzaldi baten harira. "Mirenek ondo ezagutzen zituen gure funtsak, bere ikerketetan jada erabili zituelako. Eta argi ikusi genuen erakusketa honen potentziala", adierazi du Ane Abaldek, Kutxa Fundazioko Arte eta Ondare zuzendariak.

Funts horietan berriz murgildu zen Arzalluz, eta "hustuketa lan bat" egin ostean, 1.600 irudi hautatu zituen lehenik, eta 120rekin geratu zen azkenean. Zein asmo izan duen argi azaldu du: "Hau ez da ez nostalgia ariketa bat, ez garai hartako modaren deskribapen bat. Saiatu gara esplikatzen testuinguru hartan zer neurrira arte izan zen moda izugarri inportantea, ezinbestekoa, bai euskal kostaldea eta Donostia nazioarteko aisialdi gune bat bilakatzeko bide horretan, bai hirian gertatzen ziren harreman sozialetan eta bizitza kultural eta ekonomikoan".

Eszena eta azpi-eszenak

Komisarioak azaldu duenez, bereziki Lehen Mundu Gerrako urteetan, beren bezeroei segika, Europako moda etxe askok aukeratu zuten euskal kostaldea beren dendak jarri eta modari lotutako jarduerak antolatzeko. Hala, hiriko bizilagun eta denda ugarik ere arlo horretan lan egitera jo zuten, emakumeek bereziki. Haiek dira protagonista aretoaren lehen gunean: Modistak eta sastreak. Ofizioa eta bikaintasuna izenburupean, andrazko sastreak, kapelagileak, probatzaileak, brodatzaileak, oihal ebakitzaileak eta beste ageri dira argazkietan.

Aretoan barneratu ahala, beste bost ataletan antolatu ditu komisarioak irudiak. Eszenatoki nagusi bateko azpi-eszenak balira bezala, hain zuzen. Hondartza-eszenak. Estilo eta askatasuna atalean, Kontxako irudiak dira nagusi, eta bainurako arropen bilakaeraren lekuko dira horietako asko. Izan ere, andreen bainujantzia asko aldatu zen 1914. urte inguruan, gizonek janzten zutenaren antzekoa zen maillota erabiltzen hasi baitziren hainbat emakume.

Hiri-eszenak. Ikustea eta ikusia izatea atalean, hiriko beste espazio publiko batzuk ikus litezke: hotelak, jatetxeak, dendak, kafetegiak, pasealekuak, antzokiak... Jendeak beren jantziak erakusteko agertoki zirenak. Baita zaldi lasterketak Lasarte-Oriako hipodromoan nahiz zezenketak Txofreko plazan ere, erakusketako beste atal batean ageri denez.

Ariketa fisikoa egiteko diseinatutako arropa ere modaren parte bihurtu zen urte haietan, Eliteko kirolak. Erosotasuna eta 'sport' moda izenburupean bildu dituzten argazkiek erakusten dutenez. Halaber, hiriko kultur programazioaren berri ematen dute Bizitza soziala. Luxua eta sofistikazioa ataleko irudiek, baita ekitaldi horietarako janzkeren berri ere.

Erakusketaren katalogo bat ere osatu dute, Arzalluzen testuekin.

donostia-moda-eszena

Donostia, Moda-eszena

Kutxa Fundazioaren argazki-funtsa

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

2023ko Ekainaren 22tik
2023ko Urriaren 15era


isiltasun-lurraldeak

Isiltasun lurraldeak

Evelyne Herisson

DIDAM (Baiona, Lapurdi)

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 22ra

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.