artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Maddi Barber San Telmoren Museo Bikoitza programan artituko da

Museo Bikoitza programaren ezaugarrietako bat da edizio bateko artistak hurrengo ediziokoa gonbidatzen duela proiektuan parte hartzera. Hala, Hinrich Sachs artistak hautatu du Maddi Barber hurrengo urtebetean Museo Bikoitza proiektuan lanean aritzeko.

maddi-barber-san-telmoren-museo-bikoitza-programan-artituko-da

| 2023ko Uztailaren 25a

San Telmo Museoak iragarri du Museo Bikoitza esku-hartze programaren hurrengo artista gonbidatua Maddi Barber dela, Hinrich Sachs-ek hala hautatuta.

Honela azaltzen du Sachek bere aukeraketa:

"Azken urte honetan, San Telmo Museoaren bilduma sakon ezagutu dudanez geroztik -atzerrian bizi izan naiz normalean-, museoak hirirako eta Euskadirako duen garrantzia nabarmendu baino ezin dut egin.

Zehazki, Museo Bikoitzako proiektuek aukera ematen diete bisitariei gizartearen egungo autoirudiak, berari buruzko irudiak, nola azaleratzen diren bertatik bertara esperimentatzeko. Irudi horiek jatorrizko lanen, narrazioen, gertakarien, diagramen eta beste irudikapen batzuen kondentsazioa dira, guk orientatzeko eta berresteko kontsultatutakoak. San Telmoko erakusketek argi erakusten duten bezala: artea, artisautza eta politika elkar gurutzatzen dira.

San Telmoko esparruan lan zehatz bezain aparta sortuko duela agintzen duen artista bat izendatzea arreta eskatzen duen zeregina da. Beraz, kontu handiz aztertu ondoren, atsegin handiz proposatzen dut Maddi Barber zinemagile eta artista rol hau hartzeko!

2018an egin zituen lehen urrats nazionalak eta nazioartekoak, eta, geroztik, Barberrek aitorpena irabazi du zinema-komunitatearen eta bideoarteko adituen artean. Baina bere narrazio zinematografikoek hasieratik eduki dituzte audientzia handiek ikusteko moduko istorio pertsonal, enpatiko eta liluragarri baten osagai guztiak.

Bere lehen lanetako batean, museo britainiar bateko biltegi baten sakonean sartzen da. Hala ere, San Telmo Museoaren bilduma esploratzeko aldez aurretik prestatzen duena ez da hori, baizik eta bere kamera, muntaia eta soinua oinarrizko harremanekiko sentsibilitate berezia erakusteko erabiltzen dituen modua. Bereziki denbora luzeegian zaindu ez direnak: ingurumenarekiko, paisaiarekiko, lurrarekiko harremanetatik hasi eta larruazalpearen sakoneraraino. 592 metroz goiti, Urpean Lurra eta Gorria filmetan agertzen den interkonexioak Donna Harawayren "ezagutza kokatuaren" kontzeptua eta lurraren "arazoarekin jarraitzeko" egin berri duen deia gogorarazten ditu. Barberren lanak oroimen-irudiak sortzen ditu sentikortasunetik.

Ziur nago, testuinguruari jartzen dion arreta berezia medio, altxor ezkutuak eta puntu itsuak aurkituko dituela San Telmo Museoan. Bere proiektua 2024an ezagutzeko irrikaz egongo gara".

Maddi Barber

Maddi Barber (Artzibar, Nafarroa, 1988). Bere lan zinematografiko berrienak (Paraiso, Gorria, Urpean Lurra, 592 metroz goiti) jaio zen Pirinio aurreko lurraldeari estu lotuta daude. Etnografia esperimentalaren ikuspegitik, bere filmek interesa erakusten dute oroimenaren, lurraldearen, azpiegituraren, ekologiaren eta gizakien eta naturaren arteko zaintza-etikaren arteko harremanean. Maddik ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta ikusizko antropologiako master bat egin zuen Manchesterreko Unibertsitatean. Iruñea eta Baiona artean bizi eta lan egiten du, ESAPBko (École Supérieure d 'Art Pays Basque) irakaslea delarik.

Bere lana jaialdi hauetan erakutsi da, besteak beste: Visions du Réel (Nyon), Donostia (Zabaltegi), Curtocircuito (Santiago), FidMarseille (Marseille), Open City (Londres), Reykjavik Film Festival (Reykjavik), Documenta Madrid (Madril), Black Canvas (Mexiko Hiria), FIDOCS (Santiago de Chile), Ji.hlava (Jihlava), Porto Post Doc (Porto) eta Festival de Las Palmas (Las Palmas).

2019an Pirenaika ekoiztetxea sortu zuen, eta haren hainbat film ekoitzi ditu, baita hurbileko artista eta zinemagileenak ere, hala nola Gerard Ortín, Ainhoa Gutiérrez eta Irati Gorostidi. Era berean, Pulpa artisten taldeko kide da, eta La zurda sorkuntza garaikideko eta pentsamendu kritikoko gune autogestionatua jarri du abian Iruñean. Une honetan Tabakalerako Ikusmira Berriak egoitzan parte hartzen ari da, Claros de Bosque fikziozko film luzea garatzen.

Museo Bikoitza programa

2018an jarri zuen martxan San Telmo Museoak Museo Bikoitza programa, Asier Mendizabalen ideia batetik abiatuta. Aldizkako esku-hartzeen programa bat da urtero gonbidatutako artista batek egiten duena, eta museoarekin lotuta lan egiten du artista horrek proiektu berri baten produkzioan. Lan horren emaitza denbora batez egoten da erakusketa programaren barruan, eta azkenik museoaren arte bildumari gehitzen zaio, egungo une bakoitza San Telmoko bildumaren ondarera eta kontakizunera gehitzeko premia adieraziz, premia hori ordeztu gabe, betiere.

Programa honen metodologiaren arabera, artista bakoitzak, gutxi gorabehera 6 hilabete ditu ikerketarako eta proposamena aurkezteko, eta beste horrenbeste proiektua gauzatzeko. Amaitutako proiektua museoan instalatzen da, egungo ibilbide museografikoaren barruan edo adostutako gune batean, eta proiektua jendaurrean erakusten den urtean, hurrengo edizioko artista hautatu eta lan koordinazioaren konpromisoak bere gain hartzen ditu gonbidatutako pertsonak. Proiektuaren erakustaldi publikoa amaitutakoan, museoaren bilduman txertatzen da produzitutako obra.

Asier Mendizabalek, proiektuaren ideiaren sortzaileak gonbidatu zuen lehen artista, Ibon Aranberri. Aranberrik lekukoa Erlea Maneros Zabalari eman zion eta honek Jose Mari Zabalari. Zabalaren ondoren Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum aritu ziren lanean Museo Bikoitza programan Hinrich Sachs izendatu zuten ondoren, azken urtean lanean aritu dena. Urriaren amaieran aurkeztuko dugu San Telmon lan honen emaitza.


irekitze-grafikoa

Irekitze grafikoa

Virage (Biarritz, Lapurdi)

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 02ra

hirugarren-paisaia

Hirugarren paisaia

Maria Azkarate

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Maiatzaren 15etik
2027ko Apirilaren 04ra

harri-erre-malpais

Harri erre, 'malpaís'

Izaskun Araluzea [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 21a

Malpaís | Artista: Borja Gomez. | Non: Naratan, Bilbon. | Noiz arte: Azaroaren 7ra arte.

bilboko-arte-ederren-museoa-zabaldu-dute

Bilboko Arte Ederren Museoa zabaldu dute

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 21a

Berritutako museoei buruzko artikulu sorta bukatzeko, Bilboko Arte Ederren Museoari tokatuko zaio gaur txanda. Komunikabideek behin eta berriz errepikatu duten moduan, urriaren 5ean zabaldu zen Bilboko museo berritua.

zer-memoria-dosi-behar-du-fikzioak

Zer memoria dosi behar du fikzioak?

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 18a

Iruñeko Topaketen gerizpean, Leire Lakuntza, Ainhoa Apeztegia eta Nagore Txibite artisten obrak hizketan eta galdezka jarri dituzte Ziudadelako Arma aretoan. Udalaren Arte Garaikideko Bildumako lanen hautaketa batekin ere osatu dute erakusketa.

kultura-ikertu-kultura-babestu

Kultura ikertu, kultura babestu

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 16a

Orain egun batzuk [EAEko] Kulturaren Euskal Behatokiaren email bat jaso nuen; azaroaren 5ean eta 6an egingo dituen jardunaldien egitaraua zekarren (gaztelerazko mezutik ireki behar izan nuen, euskarazko bi estekak ez zebiltzalako; benetan inork ez ditu halako gauzak gainbegiratzen kultura eta euskara sailean?).

gwangjuko-biurtekoa-aldaketarako-agindu-bat

Gwangjuko Biurtekoa, aldaketarako agindu bat

| 2026ko Urriaren 15a

Bere 16. edizioan, Hego Koreako arte garaikideko nazioarteko erakusketak esperientzia intimoak, kontakizun historikoak eta denboraren ikusmoldeak jartzen ditu elkarrizketan

osotasunaren-gezur-hauskorra

Osotasunaren gezur hauskorra

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 14a

Izar iheskorra eta bihotza | Artista: M. Benito Piriz. | Non: Bilbo Arten, Bilbon. | Noiz arte: azaroaren 8ra arte.

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.