artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Mañariako grisa

1970eko hamarkada hasieran, Robert Smithson artistak bogan zegoen arte minimalista auzitan jarri eta artea paisaian eta naturan bertan egin zitekeelaren ideia zabaldu zuen. Hartara, sortze-ideia horri segika, lursailean prestakuntzak egiten hasi zen hainbat artista, beren proiektuak lekualdatzen, galerietatik, museoetatik eta hirietatik atera eta basamortuetara, arroiletara eta harrobietara eramanda. Horien artean zeuden Richard Long, Walter de Maria, Christo edo Michael Heizer.

manariako-grisa
Tanadori Yamaguchiren eskultura. Arg/ Joxe Amantegi

Jone Alaitz Uriarte [ARGIA.eus]
| 2023ko Irailaren 21a

Paisaian edo naturan bertan egiten den esku hartze artistikoa land art gisa ezagutzen da artearen historian, obra iragankorrak dira, eta izugarriak dimentsio eta baliabideei dagokienez. Mañariako harrobi abandonatu batean, mugimendu horren ideiekin lerrokatzen den proiektua aurkitu dugu, Angurreta Arte Espazioa.

Azkenaldian askotan gertatzen zaidanez, Instagram bidez jakin dut Mañariako harrobi batean Tanadori Yamaguchi (Nagoya, 1970) artista japoniarraren esku hartze artistikoa inauguratu berri dutela. Aitzakia probestu eta goiz euritsu batean abiatu gara Bizkaiko txoko horretara. Oinez heldu gara, baso heze eta hostotsu bat igaro ondoren, Angurreta harrobia izan zen horretara. Gizonen lanak eta makinen haginkadek naturari berezkoa zaion haragia jan diete hamarkada luzetan:lehen mendia zen horretan, hutsuneak sortuta; lehen osoa eta betea zegoen horretan, barnehutsak eta ausentziak bistaratuz. Gure inguruko bazterretan asko dira mendiari egin zaizkion ustiaketak, bai iraganean bai egun ere, garai modernoek dakartzaten zalantzazko azpiegitura izugarriei bide emateko. Erauzte horien aztarna dira, adibidez, gure paisaian aurki daitezkeen aurrealde bertikal terrazatuak, plataforma horizontalak, kanoi artifizialak, hondakindegiak, karobiak eta horien alboetan sortzen diren eraikin txikiak.

Mañariako Aldebaraieta auzoan dagoen Angurreta harrobitik, zehazki, gris mañaria edo Mañariako grisa izenez ezagutzen den harria ustiatzen zen, tonalitate arre-beltz-beltza eta zain zuriak zituen marmolezko kareharria. Antza, orain gutxi arte, material hori asko erabiltzen zen apaingarri gisa luxuzko etxebizitza eta jauregiak atontzeko, besteak beste, zokaloak eta zutabeak egiteko. 1970eko hamarkada arte egon zen aktibo harrobia eta behin ustiaketa-lanak bukatuta, meatzaritzako erauzketa-gune hori ahanzturan geratu zen, Victor Arrizabalaga eskultoreak bizi berria eman zion arte. Durangon bizi eta lan egiten duen artistak eta Yamaguchik orain hamabost urte ezagutu zuten elkar Leonen (Gaztela eta Leon) antolatu zen talde-erakusketa batean, eta ordutik mantendu duten etengabeko elkarrizketaren emaitza da gaur Denboraren aztarna izenburua daraman proiektuan batu dutena.

Tanadori Yamaguchi eskultoreak Kyotoko unibertsitatean arte ikasketak egin zituen eta 1998. urteaz geroztik Asturiasen bizi da. Hainbat galeria eta unibertsitaterekin harremanetan dago eta bere sorkuntzak han eta hemen erakutsi ditu. Harriari aplikatutako arteetan da aditua, harria da bere eskultura askoren lehengaia, eta horregatik jaso zuen harrobi batean esku hartze artistikoa egiteko gonbidapena. Angurreta harrobirako, site specific edo leku horretarako apropos egin duen lau eskulturez osatutako sorkuntza aurkeztu du. Harrobiko paisaia gris eta geometrikoan, aluminiozko forma poliedrikoak sortu ditu, eskala handiko arroken artean fusionatu eta berezko paisaian txertatzen direnak. Eskulturak, altzairuzko barne-egitura eta aluminiozko azala dutenak, Arrizabalagaren tailerrean egin ditu eta ondoren arroka blokeen artean kokatu ditu; harrobiko pareta bertikal eta zuzenetatik ihes egiten duten forma bihurriak dira.

Yamaguchiri lan hau egitea enkargatu ziotenean hiru baldintza jarri zizkioten: ezin zuen harri-blokerik mugitu; lanak harrobiaren historiarekin harremana izan beharko zuen; eta harrobiaren memoria bizirik mantendu beharko zuen. Hiru baldintza horiek beteta jaio zen Denboraren aztarna proiektua. Artistak harri blokeen testura zimurtsua aluminiozko xaflatara eraman du, eta horretarako Arrizabalagaren estudioan xaflak harri baten kontra zanpatu ditu, harriaren testura material distiratsuan inprima zedin. Harrobiko harri-bloke pisutsuekin gertatzen ez den bezala, eta eskulturek lehen begirada batean irudikatzen dutenaren aurka, eskulturak arinak dira, hutsik baitaude barrutik; haragirik ez, kasu honetan dena da hezurra eta azala. Yamaguchik Angurretako goi partean kokatu duen poliedro —hiru, lau eta bost aldekoak— luze eta malkartsuak, parean dugun Urkiolako mendilorretik bereizten den Eskubaratz mendiko siluetari jarraitzen dio, bi plano bereizi dituen margolan baten antzera.

Mañariako paisaia harritsu horrek badu, bere baitan eta harrizko bloke handien berezko disposizioari erreparatuz gero, edertasun propioa: espiral itxurako formak bistaratzen dira, konposaketa harmonikoak begiztatzen dira eta espazio hutsek erakarpen-ahalmen handia daukate. Badago honetan guztian nagusitzen den ordena-atmosfera bat, lorategi zen bat izan zatekeenaren xarma daukana. Harri blokeetara gerturatzean ikusten dugu erauzte-aktibitatearen ondorioak harri bloke handien azalean zanpatuta. Bloke batzuek marra horizontal perfektuak dituzte, altzairuzko hari helikoidalaz zerratzeaz sortu diren barrurantz doazen haginkadak dira. Harriaren haragia bistara geratzen da, gris argiagoa duen barru-azala, zaina, erditik irekita. Eskua pasatzen diogu gainetik, zauri horren mina arindu ahalko bagenu bezala.

Oro har, Yamaguchiren praktika artistikoak inguratzen duen naturarekin eta paisaiarekin lotura zuzena izan ohi du. Kasu honetan bezalaxe, zeina polita den ikustea nola eguzkiak, hezetasunak edota euriak, piezei zuzenean eragiten dien, ederra da ikustea nola doazen pieza hauek transformatzen eta naturaren aztarnak eskulturaren azalean markatuta geratzen diren. Iraganean espazio natural honetan gizonak eragindako markak, orain, naturak gizonak egindako sorkuntzan betiereko arrastoa utziko du. Halaber, instalazio hori denboraren joan-etorriaren lekuko ere izango da eta harrobiko terrazetara lotuta dauden forma poliedriko kateatuak, abandonatuta zegoen espazioaren irakurketa berria egiteko abagunea eskainiko digu, denboraren iragankortasuna agerian utzita.

Ibilbide interesgarria diseinatu dute harrobitik, harri bloke handiak eta Yamaguchiren eskulturak zeharkatuz, oinez, modu errazean egin daitekeen paseoa da. Naturan kokatuta dagoen instalazio horrek, gainera, Urkiolako parajeetako bista paregabeak eskaintzen ditu. Zalantzarik gabe, zoko-natural honekin gozatzeko aitzakia paregabea da.


circus

Circus

Alejandra Icaza

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 30etik
2027ko Otsailaren 28ra

hemen-ez-den-nonbait

Hemen ez den nonbait

Ainhoa Apezteguia, Leire Lacunza eta Nagore Chivite

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Urriaren 01etik
2027ko Urtarrilaren 24ra

macula-et-materia

Macula et Materia

Sally Mann

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Uztailaren 17tik
2026ko Urriaren 18ra

hirugarren-paisaia

Hirugarren paisaia

Maria Azkarate

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Maiatzaren 15etik
2027ko Apirilaren 04ra

fig-bilbao

FIG Bilbao

Paper Arte eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdia

Euskalduna Jauregia (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Azaroaren 26tik
2026ko Azaroaren 29ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.