artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Boterearen arkitekturak, arkitekturaren botereak

PALAIS | Artista: Alex Reynolds. | Non: Artium museoan. | Noiz arte: Urtarrilaren 4ra arte.

boterearen-arkitekturak-arkitekturaren-botereak
Alex Reynoldsen bideo instalazioa Artiumen. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2025eko Azaroaren 14a

Eguerdiko ordu batean museoaren ateak zeharkatzen ditut. Atea irekitzen da, haize bolada bat sartzen da nirekin batera, eta beirazko ehunka ontziz konposatutako pieza erraldoia mugiarazten du. Batak bestearen kontra egiten du talka: klin, klin, klin… horren azpian erakusketa espazioranzko eskailerak daude. Hala, behera egiten dudan heinean kristalezko objektuen arteko talka horiek nire desplazamenduaren soinu banda bilakatzen dira.

Erakusketa espazioan sartu baino lehen motxila armairutxo batean sartu, eta koadernoa eskuan, orduan bai, Alex ReynoldsenPalais pieza audiobisuala biltzen duen espaziorantz noa. Bertaratzen naizen bitartean, sumatzen dut museoa erdi hutsik dagoela, eta hala erakusketa espazioarekin kontaktuan pertsona bakarra naiz. Hor gaude, eraikina eta ni. Neutraltasunaren defentsan bere identitatea eraldatzen duen espazioa, aurretik bildutako istorioen zantzuak ezabatuz.

Mostra bi espaziotan sailkatzen da. Lehenengoa erdi hutsik dago, bertan ikus dezakedan diptikoagatik izango ez balitz. Murruan eskegitako bi pinturetarantz gerturatzen naiz, urrunetik horma bezain zuria den paper bat ikusi dezakedalako soilik. Hots, gerturatzen naizen heinean zuritasun hori hazkatzen duten ingeradak identifikatzen ditut.

Dirudienez, Alex Reynoldsek Palais bideoan egindako desplazamenduen mapa da. Artista 2020an Bruselako Justizia Jauregian murgildu zen momentuan, haren barrenak arakatu zitueneko arrastoen grafikoa, alegia. Desplazamendua deszifratzeko saiakera egiten dut, eta arkatzez egindako marrek espazio ezezagun horri buruzko pistak ematen dizkidate. Dena den, hurrengo gelan sartu arte ez dut bere neurri monumentala benetan harrapatzen.

Bruselako Justizia Jauregia 1866. eta 1883. urteen artean eraiki zuten, Leopoldo II.aren erregealdian. Eraikinak 26.000 metro koadro ditu, eta egun ere munduko eraikin handienetako bat da. Bada, eraikinaren beraren monumentalitateak haren karga sinbolikoarekin bat egiten du: alde batetik, estatuaren boterearen ikur sinboliko eta praktikoa da; bestetik, jauregia Marolles auzoaren gainean eraiki izanak —auzo osoa suntsitu eta milaka pertsona beren etxeetatik kanporatu zituztela kontuan izanik— batzuen boterea besteenari gainjartzen zaiela adierazten du. Halatan, justiziaren, ordenaren eta legearen izenean eraikia izan arren, jauregiak burokrazia, kontrol instituzionala eta zapalkuntza espaziala ere irudikatzen ditu.

Hurrengo espaziora lekualdatzen naizenean, iluntasunean banku bat identifikatu eta bertan esertzen naiz. Orain hasten da bideoa. Reynoldsen presentzia sumatzen dut, baina ez dut bere gorputza identifikatzen. Izan ere, bere begiek ikusten dutena guk ikusiko bagenu bezala erabiltzen du kamera artistak. Hala, jauregian zehar mugitzen den bitartean bere pausoak, mugimenduak… entzuten ditugu, eta nolabait, desplazamendu horren parte bihurtzen gara.

Pasabide bat, eskailerak, abandonatutako espazioak, material ezezagunez betetako tokiak… agertzen dira batzuetan. Eraikinaren historiaren atzean ezkutuan dauden elementuak, hain zuzen. Eta, beste batzuetan, eszenak aldatu eta eraikinaren kupuletan, marmoletan, erliebeetan… jartzen du fokua Reynoldsek. Kamera horietan gelditu eta figura horien argazki pausatu baten aurrean kokatzen gaitu, haien testurak, formak eta koloreak dastatu ditzagun.

Halaber, bideoak eraikinaren immanentziaz ere ohartarazten gaitu, eraikinaren eraldatze prozesuaren fase ezberdinak erakusten dituen heinean: obrak, espazio ahaztuak, ur isuriak... Hots, ikusten dugunaz beste, espazioaren azalaren azpian gordetzen diren memoriak, kontakizunak eta bizipenak irudikatzera eramaten gaitu artistaren kamerak; eta haren atzean kokatzen garen neurrian, gu geu ere eraikin horri lotutako memoriaren eraikuntzaren parte bihurtzen gara.

Baina ez hori bakarrik: Reynoldsek agerian uzten du espazio horrek igor dezakeen dimentsio sinbolikoa eraikinaren beraren dimentsio fisikoan islatzen dela. Horrela, erakusten denaren eta ezkutuan geratzen denaren arteko tentsioa urratzen du, apaindurarik gabe eraikinaren barrenak arakatzen dituen heinean. Boterearen handitasunaren adierazpenak gure gorputzaren txikitasunarekin talka egiten duen modu berean, artistak espazioaren eta boterearen arteko harreman horren hauskortasuna bistaratzen du.


irekitze-grafikoa

Irekitze grafikoa

Virage (Biarritz, Lapurdi)

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 02ra

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

diferituan-bizitzea

Diferituan bizitzea

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

Japonian lanean nagoenez, tenplu bateko udazkeneko ekinokzioaren inguruko ospakizun batera hurbildu nintzen aurrekoan. Ez nintzen plan hura egiten bakarra: tenplu txiki samarra zen, eta, iritsi nintzenerako, jendez gainezka zegoen; anitz turistak, ni bezala.

korapiloek-dakitena

Korapiloek dakitena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

'Gerezi Hori' | Artista: Maider Aldasoro. | Non: Rekalde aretoa, Bilbo. | Noiz arte: Azaroaren 22ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.