artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Artearen ahalmen eraldatzailea

Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko, erakusketak, zinema zikloak eta bestelako ekitaldiak antolatu dituzte zenbait kultur erakundek eta instituziok.

artearen-ahalmen-eraldatzailea
MENDEURRENA. Nestor Basterretxearen mendeurrena ospatzeko egitaraua aurkeztu zuten, atzo, Gasteizko Artium museoan. Arg/ ENDIKA PORTILLO / FOKU

Maixa Utrera Puelles [ BERRIA.eus]
| 2024ko Urtarrilaren 30a

XX. mendeko euskal artista nabarmenetako bat izan zen. Diziplina ugaritan egin zuen lan, hala margolaritzan, nola eskulturan, zinemagintzan, ilustrazioan eta diseinuan. Aurten hamar urte egingo ditu Nestor Basterretxeahil zela (Bermeo, Bizkaia, 1924 - Hondarribia, Gipuzkoa, 2014), eta maiatzean beteko da artista jaio zeneko mendeurrena. Data hori ospatzeko bat egin dute Euskal Herriko hogei kultur erakundek eta instituziok baino gehiagok, eta egitarau zabala osatu dute elkarrekin. Erakusketak, zinema zikloak, ikus-entzunezkoen programak… askotarikoak izango dira jarduerak, eta batzuek oraindik ez dute data zehatzik, baina aurten eta datorren urtean egingo dituzte denak, Euskal Herri osoko hainbat udalerritan. Haien bidez, artistaren lana ezagutarazi, eta euskal kulturaren sustapenean egin zuen lanagatik omenduko dute. Egitarauaren berri atzo eman zuten, Gasteizko Artium museoan eginiko agerraldi batean.

Mendeurreneko ekitaldiak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak koordinatu ditu, artistaren seme Gorka Basterretxearekin elkarlanean. Elkarlanean jardun dute beste hainbat instituziok —besteak beste, Eusko Legebiltzarrak, Arabako Foru Aldundiak, eta Bermeoko, Hondarribiko, Irungo eta Gasteizko udalek—, zenbait museok —besteak beste, Artiumek, Bilboko Arte Ederren Museoak, Donostiako San Telmok eta Jorge Oteiza museoak—, eta beste hainbat kultur erakundek ere —Donostiako Zinemaldia eta Euskadiko Filmategia, tartean—.

Otsailaren 28an hasiko dira egitarauan bildu dituzten ekitaldiak, Bilboko Arte Ederren Museoan: Nestor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura erakusketa inauguratuko dute egun horretan. Peio Agirre, Pedro Feduchi eta Pedro Reula dira erakusketaren komisarioak, eta Basterretxeak 1950eko hamarkadatik aurrera egindako obrak ezagutaraztea hartu dute xedetzat. Apirilean, maiatzean eta ekainean beste hiru erakusketa egingo dituzte: bata Irunen (Gipuzkoa), eta beste biak Gasteizen. Eta udazkenetik aurrera, beste erakusketa bana eskainiko diote artistari Durangoko Arte eta Historia Museoak (Bizkaia) eta Donostiako San Telmo museoak. Datorren urteko udaberrian, berriz, Donostiako Museum Cemento Rezolak hartuko die lekukoa.

Erakusketekin batera, zinema zikloak eta bestelako jarduerak ere izango dira. Halaber, mendeurrenari eskainitako webgune bat ere abian jarriko dute. Atariarekin, testuen eta irudien bidez, artistaren ibilbidea ezagutaraztea da asmoa. Denbora lerro batek artistaren funtsezko mugarriak adieraziko ditu, eta mapa batek, berriz, haren obra publikoa geolokalizatzeko aukera emango du. Webguneak, gainera, Nestor Basterretxea Artxiborako sarbidea izango du, zeina Basterretxea familiak dohaintzan eman zion Artium museoko Dokumentazio Zentroari.


Basterretxearen "konpromisoa"

Agerraldian bildutako ordezkariek goraipatu egin dituzte Basterretxearen figura eta obra. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren ustez, "Euskal Herriaren historia ulertzeko, erabat beharrezkoa da Basterretxea eta haren obrak ulertzea". Bat etorri da harekin Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea ere; haren esanetan, Izaro —Eusko Legebiltzarraren ikurra— eta Gernikako Arbolari omenaldia obrak "herri subiranotasunaren" sinbolo dira.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ere "demokraziaren" sinbolo gisa irudikatu du Basterretxea. Azpimarratu du denen lana dela Basterretxea izan zena osatzea, eta Euskal Herriko gizartearekin izan zuen lotura nabarmendu du: "Euskaraz lotura ez da bakarrik batzen duenaren sinonimoa; konpromisoa ere esan nahi du. Eta hori zuen Basterretxeak euskal gizartearekin: konpromisoa".

Artistaren seme Gorka Basterretxeak eta alaba Monica Basterretxeak ere goraipatu egin dute beren aitak Euskal Herriari egindako ekarpena. Herriari eskaini zizkion "aniztasuna", "konpormisoa" eta "gertutasuna" nabarmendu ditu semeak. Alabak, berriz, bere aitaren bizitzaren zenbait gako aletu ditu: haurtzaroa, frankismo garaia, erbestea… Eta argitu du une horietan guztietan ikasitakoek egin zutela Nestor Basterretxearen arteak "ahalmen eraldatzailea" izatea.

ERAKUSKETAK

  • Otsailaren 28tik maiatzaren 26ra: Nestor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura.Bilboko Arte Ederren Museoan.
  • Apiriletik uztailera: Basterretxea Irunen (1957-1975). Irungo Menchu Gal aretoan.
  • Maiatzaren 10etik irailaren 22ra: Basterretxea artxiboan. Gasteizko Artium museoan.
  • Ekainaren 27an: Euskal serie kosmogonikoa. Gasteizko Oihaneder Kulturunean.
  • Azarotik urtarrilera: Nestor Basterretxea, diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea. Durangoko Arte eta Historia Museoan.
  • Azaroan: Nestor Basterretxea museoko bilduman. Donostiako San Telmo museoan.
  • 2025eko udaberritik udara: Basterretxea eta zementua. Donostiako Museum Cemento Rezolan.



generation-volta

Generation Volta

Sanlé Sory

Sakana (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Agorrilaren 01etik
2026ko Urriaren 01era

walker

Walker

Tsai Ming-Liang

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 18tik
2026ko Abenduaren 06ra

donostiako-paisaiak

Donostiako Paisaiak

Tomás Hernández

Ekain (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 10etik
2026ko Azaroaren 07ra

ever-is-over-all

Ever is Over All

Pipilotti Rist

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 01etik
2027ko Urtarrilaren 17ra

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.