artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Artea eta natura

Eusko Jaurlaritzaren gobernu berriak ez du denborarik galdu argi uzteko: Urdaibain Guggenheim museoa eraikiko da. Berdin dio herritarrek zer uste duten, ez du garrantzirik haien artean ezinegona handia bada; erabakia hartua dago eta zuzen esan digute.

artea-eta-natura

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2024ko Uztailaren 20a

Hori adierazteko modua aipagarria izan da. Lehendakariorde berriak, Kultura kontseilari ere baden horrek, azaldu du Busturialdearen oinarriak bi zirela lehen, industria eta natura; eta orain beste paradigma batera pasatu nahi dutela, artea eta naturarena.

Esaldi gisa polit geratzen da, baina zentzuari kasu eginez gero, kontraesan, absentzia eta zehaztasun falta nabari dira. Alegia, industria eta natura zirenean hitz gakoak, biek markatzen zuten zonaren identitatea, baina funtzio desberdinekin. Industria sostengu ekonomikoa zen, herritarren kopuru handiari jana eta etxea ordaintzen ziena. Natura, aldiz, zaindu beharreko zerbait zen, udatiar batzuk erakar zitzakeena, eta horrekin diru iturri txiki batzuk; baina, batez ere, bertakoen identitatea eta ongizatea bermatzea zen bere ezaugarri nagusia.

Orain, arteak industriari lekua hartuko omen dion bikote berrian, hitz bakoitzaren funtzioa ez da hain argi geratzen. Arteak ba al du zona oso bat bultzatzeko ahalmen ekonomikoa? Museo baten forman, argi dago ezetz. Lanpostu batzuk sortuko ditu, baina ez Busturialdearen ekonomia aldatzeko modukoak. Ekarpen ekonomikoa ez al da beste elementu baten eskutik iritsiko, turismotik alegia?

Industria arteak ordezkatuko duela esan beharrean, turismoa da ahoskatu beharko zuten hitza. Eta agian gogorarazi beharko genuke maitekor gisa aurkeztutako bikote horien arteko harremana maiz izan dela gatazkatsua. Natura izan ohi da tirabiran galtzaile atera dena. Ezin dugu ahaztu industriak ekarritako kontaminazioa (Muruetako ontziolako zorua deskontaminatzeko daude oraindik); baina, ezer ikasi izan ez bagenu bezala, ez dira aipatu ere egiten turismoak oreka ekologikoari egin diezazkiokeen kalteak.

Beraz, hitz egin dezagun garbi. Artea eta natura bikote eder horren atzean turismo proiektu ez hain ederra ezkutatzen da. Beste bikote bat aproposagoa litzateke plan hori deskribatzeko: ostalaritza eta etxebizitzaren espekulazioa. Ostalaritza, bera delako turismoaren munduan jaun eta jabe (Donostiako edo Bilboko Alde Zaharrak adibide); erabat normalizatu da lehengaien denda bat ixtea prezio puztuak dituen pintxo taberna bat irekitzeko, edo okerrago, Starbucks bat. Aldi berean, zenbakiek diote gero eta jende gutxiagok egin nahi duela lan ostalaritzan, ordutegi txar eta ordainsari baxuen ondorioz. Hori da Busturialdeak espero dezakeen etorkizunerako plan ekonomiko zoragarria?

Eta turismoak etxebizitzaren espekulazioarekin duen loturaz zer esan: etxeen jabeek onura handiagoa ateratzen dute sasoian pisuak prezio handitan alokatuz urte osoan familia, zahar edo gazte bati prezio jasangarrian utziz baino (ikusi al dituzue Balear eta Kanariar uharteetako azken manifak? Eta Malagakoak, Guggenheim efektuaren kopiarik "arrakastatsuena" kontsideratu dena? Atera kontuak, Gernika). Bestalde, turismoarentzat ostatu gutxi duen zona batean, eskariari aurre egiteko bi aukera daude soilik: eraikitzea edo Airbnb motako alokairuei askatasun osoa ematea. Penintsula iparraldeko espekulatzaileak oso aktibo dauden unean iristen da proiektua, gainera: aldaketa klimatikoak areagotutako beroak madrildarrak iparraldera bideratu ditu. Asturiasen jada ari dira ondorioak ikusten, eta bertakoentzat ez dira bereziki pozgarriak izaten ari.

Jaurlaritza berriak Busturialdearentzat duen planik onena museo pribatu baten eraikuntzan diru publiko ikaragarria uztea bada, horrekin espekulazioa eta ostalaritza sustatzeko, esan dezatela behintzat argi, eta utz diezaiotela artea eta natura hitz ederren atzean ezkutatzeari.


ipar-baltza

Ipar Baltza

Erlea Maneros Zabala

CarrerasMugica (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Azaroaren 08ra

donostiako-paisaiak

Donostiako Paisaiak

Tomás Hernández

Ekain (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 10etik
2026ko Azaroaren 07ra

hirugarren-paisaia

Hirugarren paisaia

Maria Azkarate

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Maiatzaren 15etik
2027ko Apirilaren 04ra

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.