artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Paul Pfeiffer: "Artelanaren pertzepzioa bera da artelanaren material plastiko nagusia"

Gaur egungo ikus-entzunezkoetako artistarik esanguratsuenetako bat da Paul Pfeiffer hawaiiarra, eta haren 25 urte pasako ibilbidea biltzen duen erakusketa zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak.

paul-pfeiffer-artelanaren-pertzepzioa-bera-da-artelanaren-material-plastiko-nagusia

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2024ko Abenduaren 2a

Hedabideek etenik gabe eta masiboki jaurtitako iruditeria da Paul Pfeiffer artistaren lehengai nagusia (Honolulu, Hawaii, 1966). 25 urte daramatza jario emaritsu hori jaso, zehatz editatu eta berriz ere, bere artearen bidez eraldatu ostean, zirkulazioan jartzen. Argazkiak, eskulturak, instalazioak eta bideoak sortzen ditu, aitzindaria izan zen bideo artea lantzen, eta gaur egungo ikus-entzunezkoetako artistarik esanguratsuenen artean daukate adituek oraindik ere. Apokalipsiaren lau zaldunak izeneko argazki seriea izan daiteke haren jarduera azaltzeko adibide egoki bat. NBA saskibaloi ligakopartidetako benetako irudiak dira artelanaren oinarria, baina, digitalki,artistak banan-banan ezabatu ditupartidaren ia elementu guztiak, eta, beraz, baloirik ere gabe, saskirik ere gabe, markagailurik gabe, inolako logotiporik gabe, jendetzak betetako estadioaren erdiko zelaian, jokalari identifikaezin bat bakarrik utzi du eszenaren erdian, eta, hala, ezerezari heltzeko jauzi egiten, airean, lebitatzen ari den santu baten irudi garaikidea osatu. "Beti sortzen da galdera bera", azaltzen du sortzaileak: "Nork erabiltzen du nor? Irudiak egiten gaitu gu? Edo guk geuk egiten dugu irudia?".

Bilboko Guggenheim museoak haren ibilbide osoa hartzen duen 30 lan inguruko erakusketa zabala antolatu du orain. Artistak orain artean Europan izan duen erakusketarik handiena. Askatasunaren sorrerari buruzko kondairaren hitzaurrea deitu du bilduma, eta 2025eko martxoaren 16ra arte egongo da zabalik.

Clara KimLos Angelesko Arte Modernoko Museokoarte arduradun nagusia eta Paula Kroll harenlaguntzailea izan dira erakusketako komisarioak, baina Marta Blavia Bilboko Guggenheim museoko arte arduradunaren laguntza ere izan dute erakusketa Bilbon muntatzeko. Eta, hain zuzen ere, artistak entretenimenduaren industria hori guztia "disekzionatzeko" eta "bistaratzeko" duen gaitasuna nabarmendu du Blaviak. "Baina oso ikuspegi zorrotz eta aseptikotik egiten du hori".

Gurtza garaikidea

Erakusketako atea zabaldu eta, esate baterako, John 3:16 izeneko bi minutu eta zazpi segundoko bideoa ematen duen pantaila txikia topatuko du aurrez aurre bisitariak horman. NBA saskibaloi ligako hainbat partidaren irudiak biltzen ditu pelikulak, baina baloia da irudiko protagonista eztabaidaezina. Beti pantailaren erdi-erdianeta ia irudi osoa hartuz, objektu erabat xehe horren inguruan eraikitako guztia uzten du bistara. "Kapera moduko bat da eremu hau, non kultuzko objektu garaikide bat gurtzen ari garen", laburbildu du Blaviak. "Artistak erakutsi nahi digugisa honetako espektakuluek erlijioaren lekua hartu dutela XX. eta XXI. mendeetan. Eta horiek ere euren zeremoniak eta erritualak izaten dituzte".

Etengabekoa da elementu sakratu eta profanoen arteko tentsio hori erakusketako gainerako piezetan ere, eta Justin Bieber musikariaren gorputz biluzia irudikatzen duten taillak izan daitezke horren adibiderik argiena. "Ez nuke estereotiporik sustatu nahi", onartu dio artistak BERRIAri, "baina nik amerikar kulturarekin lotzen dut hori: joera sakratu eta espiritualaren eta profanotasunaren arteko nahaste hori".

Pfeiferrek 2018an hasi zuen Bieberren pieza, eta Haragiztatzeak deitu zuen. Hain zuzen ere, gurtzarako santuen irudiak sortzen dituzten taillaginei eskatu zien artistak musikariaren gorputzaren erreplika, eta zehaztasun osoz ikus daitezke erakusketan haren adarrak, soina eta burua ere. Filipinetako taillaginek egindakoak dira batzuk, Espainiakoekegindakoak beste batzuk, eta badira Mexikoko eskultoreek egindakoak ere.

Presoen telebistak

Nahiz eta egun New Yorken biziden eta Hawaiin jaio zen,artistak Filipinetan igaro zuen nerabezaroa, hain zuzen ere, eta etengabeko erreferentzia da herrialde hori haren lanetan ere. Masa kulturaren produktuak herrialde hartako errealitatearekin kontrastean jarriz, esaterako, haren piezek maiz uzten dituzte agerian kolonialismoaren makineria eta historia ere. Eta hala da Bieberren taillekin ere, arte komisarioek zehaztu dutenez, kolonialismoaren hedapenaren mapa bat ere osatzen baitute taillaginen jatorriek. Eskultura horiek egiteko teknikak lotura estua du erlijio jakin baten hedapenarekin ere.

Kariatidea artelanak irribarrea pizten du. Stanley kopa, hau da,NHL izotz gaineko hockey txapelketako garaikur nagusiaairean bere kasa flotatzen ikusten da, hari eusten dioten jokalari guztiak ezabatu ostean. "Sortu nuenean,asmoa ez zenbarregarria izatea", azaldu du artistak, "baina gustatzen zait ikustea barregarria ere izan daitekeela. Arrarotze moduko horrek aurrez ezarri gabeko modu batean pizten ditu zentzumenak, eta ikusten den horren plastikotasuna aktibatu".

Eta esanguratsua da artistak artelanak erakusteko hautatutako modua ere. Esate baterako, AEBetako kartzeletan presoentzat prestatutako tapaki gardeneko telebistetan ikus daitezke Kariatidea (Maywather) eta Kariatidea (Pacquaio) bideoak. 2015ean Floyd Mayweather eta Manny Pacquiao boxeolarien artean izandako borrokaldia erakusten dute bi lanek. Borrokaldi bera, baina ikuspegi kontrajarrietatik. Artistak arerioa ezabatu baitio borrokalarietako bakoitzari, eta, hortaz, ezerezari ukabilka eta ezerezaren ukabilkadak jasotzen ikus daitezke boxeolariak. Mayweather batean, eta Pacquiao bestean.

Irudien eraikuntza da artistaren beste kezka iturrietako bat, eta 2008ko Cross Hall instalazioa izan daiteke horren adibide. AEBetako presidenteek hitzaldiak egiteko erabili ohi duten Cross Hall izeneko aretoaren irudi erraldoi baten proiekzioa da obraren elementu nagusia. Mikrofonoak lehen planoan, eta pasillo luze eta dotore bat atzean. Proiekzio erraldoia hartzen duen horman zulo bat topatuko du bisitariak, ordea. Behatxulo batetik bezala begiratu ahalko du zulotik, eta areto hori ikusten duelako sentsazioa izango du. Baina proiekzioa hartzen duen hormaren atzealdera pasatuz gero, berehala ohartuko da behatxulotik ikusitakoa maketa bat baino ez dela.

Aurkitutako irudiak

Pfeifferren lanean ohikoak dira halako eskala aldaketak, ezabatzeak eta erreplikak ere. Beste norbaitek sortutako materiala baliatzen du horretarako, gehienetan, eta topatutako objektuekin sortutako artearekin uztartzen dubere jarduna, artistaren hitzetan. "Pinturaren kasuarekin kontrajarriz gero, bereziki anbiguoak dira hala aurkitutako objektuak nola aurkitutako metrajeak, ez dagoelako argi eguneroko objektuak edo objektu estetikoak ote diren".

Baina, dioenez, hain zuzen ere, espazio hori zaioemankorren. Izan ere, objektu horiek artelan gisa kontsidera daitezen, testuinguruak ere baduzer esana. "Testuinguru aldaketa bat baino ez da, baina horrek berak erakusten du testuinguruak nola aldatzen duen dena. Eta nik uste dut halakoetanpertzepzioa bera edo testuingurua bera bilakatzen dela lanaren material plastiko nagusia. Niretzat, lanerako esparru ezin interesgarriagoa da hori".


ekoiztu-2025-ii

Ekoiztu 2025.II

Uharte Zentroa (Uharte, Nafarroa)

2026ko Apirilaren 17tik
2026ko Ekainaren 26ra

mirari-bat-egunean

Mirari bat egunean

Nagore Txibite

Sario (NUP) (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Apirilaren 30etik
2026ko Ekainaren 13ra

mixed-feelings

Mixed feelings

Ruoxi Jin

Cibrían (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Maiatzaren 29tik
2026ko Uztailaren 11era

inurri-bideak

Inurri bideak

Andrea Canepa

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 26tik
2026ko Uztailaren 19ra

denbora-besarkatzeko-ahalegin-bat

Denbora besarkatzeko ahalegin bat

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 10a

'MIRARI BAT EGUNEAN' | Artista: Nagore Txibite. | Non: NUPeko Sario eraikinean, Iruñean. | Noiz arte: ekainaren 13ra arte.

uharte-zentroak-9-proiektu-hautatu-ditu-2026ko-laguntza-programarako

Uharte Zentroak 9 proiektu hautatu ditu 2026ko Laguntza Programarako

| 2026ko Ekainaren 9a

Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntza Programak arte plastikoen eta Ikusizkoetarako arloan ikerketa artistikoko proiektu argitaragabeak egiten laguntzea du helburu. Egitasmoak bi modalitatetan banatuta daude: ekoizpenekoak alde batetik eta argitalpenekoak bestetik.

artea-mugitzearen-artea

Artea mugitzearen artea

Amaia Igartua Aristondo [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 8a

Artelanak erakusteaz ez ezik, haiek lekualdatzeaz ere arduratzen dira museoak: adibidez, maileguan uzten dituztenean. Zaharberritzaile batek gainbegiratzen du prozesua pieza biltzen dutenetik helmugan ipintzen duten arte, eta aseguratuta joaten dira.

elkarri-eutsiz

Elkarri eutsiz

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 4a

MAR DE DIOS | Non: Rekalde aretoan, Bilbon. | Noiz arte: Ekainaren 21era arte.

utopiaz-mozorrotutako-distopia

Utopiaz mozorrotutako distopia

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 4a

Orain dela egun batzuk gurutzaontzietan bizi den bikote bati buruzko berri bat irakurri nuen. Ontzi batean ezagutu zuten elkar; ordurako emakumeak bere etxebizitza saldua zuen eta jasotako diruarekin gurutzaontziz gurutzaontzi zebilen.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.