artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Prekaritate kolektiboak eta alderantziz

Pause titulupean, Uharte zentroak eta haren ekosistemak izandako garapenaren inguruan hausnartzeko saiakera egin nahi du zentroko Habitación espazioan egituratzen ari den azkenengo proiektuak. Zentroaren zuzendaritza berriaren esperoan, orain arte egindakoaren atzera begirakoa zein egungo testuinguruan izan duen eragina aztertzen du. Iñigo Villafranca artista da, zentroarekin elkarlanean, hausnarketaren ehulea.

prekaritate-kolektiboak-eta-alderantziz
Iñigo Villafrancaren obra bat, Pause erakusketan, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan. IDOIA ZABALETA / FOKU

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2022ko Ekainaren 21a

  • Artista: Iñigo Villafranca.
  • Non: Uharteko zentroan (Nafarroa).
  • Noiz arte: Uztailaren 3ra arte.

Prozesu horretan, hausnarketa orokor eta lausoa proposatu beharrean, Nafarroako testuinguru artistikoaren parte den agente espezifiko baten kasua ikusarazten da, zeinak, inguruko agente artistikoen testuinguruak bildurik, ondorio anitz atera dituen. Testigantzen artean beti errepikatzen da egoera homogeneo bat: prekaritatea. Noiz hasten eta amaitzen dira lanaldiak? Beste zerbaitetan aritu behar al dira bizirauteko? Ba al dago lana eta bizitza banatzeko aukerarik?

Hortik abiaturik, hein batean dikotomikoak diren bi espazio eraiki ditu artistak: logela eta bulegoa. Lehenik, espazio ilun, gris eta zurrunak eginen digu harrera; bulegoak. Bada, gristasun hori urratzen duen proiekzio bat sumatzen da alboan, espazioaren kutsu hieratikoa zeharkatu, eta gristasun hori kolore morearekin argitzen duena.

Kontrastea sorrarazten du espazioak, artistaren lantokia eta artisten tailerraren iruditeria desegiten baitu. Mahai bat, aulkiak, ordenagailua... Alabaina, gerturatu eta materialak irakurri ahala, espazio estatiko eta neutro horren irakurketa ironikoaz ohartuko gara. Burua mahaian dauden objektuak aztertzeko makurtzen dugun unean, eskuorrian hurrengoa irakur baitezakegu: "Zailtasunik al duzu zure lanaldia noiz hasten eta noiz amaitzen den zehazteko? Nik ere bai, ez daukat konponbiderik, baina entzun dezaket".

Orduan, begirada altxatu eta albora zuzentzen dugun momentuan, testu bera mantentzen duten eskuorriek lurra zipriztintzen dutela ikusiko dugu, ordena deseginez, eta hitzak aldarrikapen bilakatuz. Desegite hori progresiboki handitzen da, eta txikitutako paper zati anitzek murrua inguratzen dutela sumatzen dugu. Instituzioek artisten lanekin duten harreman garratzaren kritika ikusarazten du modu horretan artistak. Askoren sustengua deialdietara aurkeztutako proiektuak dira; alabaina, bakarra da diru laguntza lortzen duena. Aukeratuak ez direnak espazioan aurkezten zaizkigun paper zati bihurtzen dira: txikituak, zatikatuak, deseginak...

Proiektuka lan egiteak eragiten duen deskonexio faltarekiko loturak eta tranpak igorririk, hurrengo espazioan logela dugu. Aurreko gunearekin kontrastean, espazioan zuritasuna da nagusi, artistaren bizipen propioekin lotutako iruditerien bitartez bizitasuna eta erritmoak sortzen dituena.

Deigarriena erdialdeko ohea da, katedun alfonbra baten gainean kokatua dagoena: hausnarketekin jarraitzeko espazioa, deskantsatzeko gunea, ezinegonak azaleratzen dituen atmosfera?

Espazioak, arrotza izan beharrean, alegiazko ipuin baten estetika eta iruditeria goxoak errepikatzen ditu, eta ikusleokin zuzen-zuzenean konektatzen du.

Artista baten egoera espezifikotik abiatuta, egoera hedatzen dela ikustarazten du. Nolabait ere, bertaratzen garenon egoera pertsonalekin bat egiten baitute ezaugarriek, istorioek eta irudiek.

Egoera indibidual hori kolektiboa dela ikusarazten da. Bi espazioek sorrarazten dituzten kontrako egoerek zeharkatuko gaituzte, erosoa eta deserosoa, intimitatea eta esposizioa... Eta, hein handi batean, espazioak aztertu eta okupatu ahala, ondorioztatuko dugu hain kontrakoak diruditen horien ezberdintzea ez dela hain bortitza. Koloreek, ezaugarriek, irudien istorioek eta artxiboek ikusaraziko digute kontrakoa den horrek alderantzizkoa blaitzen duela, eta alderantziz.


kliskada-bat

Kliskada bat

Ivan Gomez

Montehermoso Kulturunea (Gasteiz, Araba)

2026ko Uztailaren 10etik
2026ko Irailaren 02ra

farocki-efektua

Farocki efektua

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 19tik
2026ko Irailaren 27ra

josturak

Josturak

Arrese Elena

Torre Luzea (Zarautz, Gipuzkoa)

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 15a

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 2026ko Uztailaren 13a

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.