artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Denise Scott Brown arkitektoaren figura erreskatatu du Bilboko Arte Ederren museoak

XX. mendeko bigarren erdialdeko arkitektorik garrantzitsuenetako bat da Scott Brown, baina senar eta lankide izandako Robert Venturiren itzalean geratu da haren figura. Brownen jarduna erakusten duten jatorrizko 120 pieza bildu dituzte.

denise-scott-brown-arkitektoaren-figura-erreskatatu-du-bilboko-arte-ederren-museoak
Bilboko Arte Ederren museoak Denise Scott Brown arkitektoari eskainitako erakusketa. ARITZ LOIOLA / FOKU

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Otsailaren 11a

Ikuspegi eraldatzailea izan zuenDenise Scott Brown arkitektoak(Nkana, Zambia, 1931), eta senar eta lankide izan zuen Robert Venturi arkitektoarekin eta Steven Izenourrekin batera egindako Learning from Las Vegaslana da asmo horren adierazgarririk argiena. Lau urte eman zituzten AEBetako hiri hori aztertzen, Yale Unibertsitateko ikasleekin batera, eta 1972an eman zuten argitara azterketa hori biltzen zuen liburua. Antzinako arkitektoen bidaia liburuen airea zuen lanak, eta paisaia urbanoak, jendearen mugimendua, autoen nondik norakoak eta hiriaren esperientzia osatzen zuten marketin zein dekorazio elementuak ere hartu zituzten kontuan. Adituen hitzetan, liburu horrek "apurtu" egin zuen ordura arte erabili ohi zen lanbidearen lengoaia, eta aldatu egin zituen arkitekto garaikideek erabilitako analisi metodoak eta kodeak. Arkitektura postmodernoaren manifestu moduko bat da. Mugarri bat. Eta, hala ere, XX. mendeko bigarren erdialdeko arkitektorik garrantzitsuenetakotzat duten arren, eta lanak elkarrekin sinatu zituzten arren, senarraren itzalak irentsi izan du Scott Brownen figura. Eta, hain zuzen ere, haren ekarpena erreskatatu nahi izan du orain Bilboko Arte Ederren museoak Denise Scott Brown. Hiria. Kalea. Etxea erakusketaren bidez. Maria Pia Fontana eta Miguel Mayorga arkitektoek egin dituzte komisario lanak, eta maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik.

Scott Brownen 120lan inguru bildu dituzte guztira, eta hiru areto nagusitan antolatu dute ibilbidea. Hiria deitu dute lehena, eta Filadelfiarako (AEB) egindako hirigintza azterketak dira nagusi bertan. Las Vegasi buruz egindako azterketak hartzen du bigarren aretoa, Kaleaizenekoa. Eta, azkenik, etxegintzari eskainitako lanak batu dituzte azken gunean, Etxeaizenburupean. Baina arkitektoak egindako lanaren emaitzak erakusteaz gainera, emaitza horietara iristeko baliatutako tresneria ere jarri nahi izan dute ikusgai komisarioek, eta, horregatik, bisitariak ohar, azterketa, maketa eta plano asko topatuko ditu ibilbidean.

Bakarkako lehena

Johannesburgen (Hegoafrika) graduatu ostean, Londresen eta Erroman jarraitu zituen ikasketak, eta 1958an joan zen Filadelfiara bizitzera, Robert Venturirekin batera. Elkarrekin aritu ziren geroztik, eta elkarrekin sinatu zituzten egindako lanetako asko. Hala eta guztiz ere, Venturiri bakarrik eman zioten Pritzker sari entzutetsua 1991n. Eta atzealde historiko horren kontra egiten du Bilboko Arte Ederren museoaren erakusketak.

Lehen lerroko museo batek arkitektoari egiten dion lehen bakarkako atzerabegirakoa da Bilbokoa. Baina ez da Bilboko Arte Ederren museoak Scott Brownen lanak erakusten dituen lehen aldia. Correspondenciasizeneko erakusketa kolektiboa antolatu zuten 1983an, eta bost arkitektoren eta bost eskultoreren lanak erakutsi zituzten. Emilio Ambasz, Peter Eisenman, Frank O. Gehry, Leon Krier, eta Venturi, Rauch & Scott Brown estudioaren lanak ez ezik, Eduardo Txillida, Mario Merz, Richard Serra, Joel Shapiro eta Charles Simonds eskultoreen piezak jarri zituzten ikusgai. Lankideekin batera azaldu zuten orduan Scott Brownen lana, eta hari bakarrik erreparatu diote oraingoan.

Horregatik, erakusketaren bitartez, Scott Brownen lanei "hautsa kendu" zaiela esan du Shilpa Mehta arkitektoak. Baita literalki ere. Mehta 2014az geroztik aritu da Scott Brownekin batera lanean, eta, dioenez, erakusketan bertan ikus daitezkeen bi lanek argi erakusten dute zenbateraino ahaztua egon den haren obra. Learning from Las Vegaslanerako prestatutako panel bat da bata, 1968koa, eta Learning from Levittownikerketa laguntzeko 1970eansortutakoa da beste panela. Kasinoz kasinoko ikerketa ikonografiko bat eskaintzen du lehenak, eta aukera ematen du begi kolpe bakar batean haietako bakoitzak dituen iturriak, logotipoak zein aurrealdeak konparatzeko. Eta antzekoa da proposamena Levittown (AEB) hiriari eskainitako panelean ere, baina lan horretan, kartelak diru sarreren arabera antolatzen ditu hiriko etxeen tipologiak, eta haietako bakoitzak zer aurrealde, hesi edota garaje duen erakusten du.

Mehtak nabarmendu duenez, ordea, bi paneletan agerikoak dira hezetasunak eragindako kalteak. Izan ere, bi pieza horiek hainbat urte eman dituzte Scott Brownen eta Venturiren etxeko sotoan. "Bildu zituztenez geroztik, orain jarri dituzte ikusgai lehenengoz".

Alde biografikoa

Scott Brownek etxean zuen Alan Feltus artistaren margolan bat topatuko du bisitariak lehen aretora bidean, eta haren ondoan aurkituko ditu gero arkitektoaren bizitza erakusten duten hainbat argazki. Bertan da Johannesburgoko haren sortetxe modernistaren irudia, esaterako, eta artistaren hainbat erretratu ere ikus daitezke. Batean, lehen senarrarekin batera dago Venezian, Robert Scott Brownekin, eta bigarren senar eta lankide izandako Venturirekin ere ikus daiteke beste hainbatetan.

Biografikoa da erakusketaren itxiera ere. Pablo Garciak eta Manuel Asinsek erakusketarako propio sortutako dokumental bat dago ibilbidearen amaieran, azken aretoan. 2024an egin zioten elkarrizketa, eta, besteak beste, Brownen lehen urteei eta haren lanbideari buruzko hamaika gogoeta bildu dituzte ordu erdiko lan horretan. Bilboko Arte Ederren museoak ekoitzi du, Petronorren babesarekin, eta museoaren Youtubeko kanalean ere ikus daiteke osorik. Hasi eta buka, gaztelerazko etaeuskarazko azpidatziekin itzuli dute arkitektoak esandakoa. Hirigintza ekintza moral bat dela dio, esaterako. "Tolesgabetasuna barkaezina izan daiteke. Hirien plangintza modu tolesgabean egiten baduzu, beste gauza batzuk jokoan daudelako, kalte handia egin dezakezu. Moralitate kontu bat ere bada. Hiri plangintzak pobreen kaltetan egiten baditugu, gure tolesgabetasuna immorala da".

Horrez gainera, eta haren lanekin batera, Scott Brownen etxetik jasotako hainbat altzari eta artelan ere ikus daitezke erakusketan. Feltusen margolana da horietako lehena, baina Roy Lichtensteinen zein Andy Warholen artelanak ere badira tartean. Scott Brownen lanari eskainitako katalogoa ere kaleratu dute, ingelesezko, gaztelerazko eta euskarazko testu eta guzti, eta haren lanari buruzko hitzaldi ziklo bat ere antolatu dute.

hiria-kalea-etxea

Hiria. Kalea. Etxea.

Denise Scott Brown

Arte Ederren Bilboko Museoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Otsailaren 11etik
2026ko Maiatzaren 31era


barreiatutako-paisaiak

Barreiatutako paisaiak

Gerardo D'Abraira

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 10etik
2026ko Irailaren 06ra

forma-egin-eta-pentsatu

Forma egin eta pentsatu

Izaskun Alonso Saratxaga

ZAS kultur aretoa (Gasteiz, Araba)

2026ko Uztailaren 09tik
2026ko Urriaren 03ra

behin-eta-berriz-hasi

Behin eta Berriz hasi

Oaia Peruarena

Ekain (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Uztailaren 09tik
2026ko Irailaren 05era

josturak

Josturak

Arrese Elena

Torre Luzea (Zarautz, Gipuzkoa)

tutti-frutti

Tutti Frutti

Erakusketa kolektiboa

Georges Pompidou galeria (Angelu, Lapurdi)

2026ko Ekainaren 13tik
2026ko Irailaren 19ra

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 15a

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 2026ko Uztailaren 13a

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.