artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Iberdrola bildumako 138 artelan jarri ditu ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoak

Museoko hiru solairu hartzen ditu erakusketak, eta Euskal Herriko zein nazioarteko lehen lerroko sortzaileen lanak biltzen ditu. Iberdrola dorreko atarian dauden lanek ere osatzen dute ibilbidea, eta larunbatetan bisitatu ahalko dira.

iberdrola-bildumako-138-artelan-jarri-ditu-ikusgai-bilboko-arte-ederren-museoak
Bilboko Arte Ederren Museoak Iberdrolaren arte bildumako lanekin osatutako erakusketako irudi bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Apirilaren 30a

"2016ko abenduaren 9a". Pintura beltzez eta argi idatzita dator data hori Antonio Lopez pintore madrildarrak Bilboko paisaiari eskainitako bi margolanetako baten eskuineko behealdeko erpinean. Garai haren bueltan aritu zen sortzailea Bilboko Iberdrola dorreko 22. solairuan hiriaren bi margolanak lantzen, eta, bitxia da, baina hiri inguruko mendien eta hiriko eraikinen formak eta siluetak oraindik ere zirriborro hutsa diren arren, margolariak aspaldi utzi zuen zehaztasun osoz betikotuta hiria apenas segundo bakar batez gobernatuzuen hodei zuri monumental baten forma. Eta, hain zuzen ere, oraindik ere bukatu gabe dauden Bilbori eskainitako bi lan horien promesak egiten dio harrera bisitariari Bilboko Arte Ederren Museoak Iberdrola enpresaren arte bildumarekin antolatutako Paraleloak eta meridianoak. Iberdrola bilduma erakusketan. Abuztuaren 30era arte egongo da zabalik, amaitu gabeko hiri bat zaintzen dirudien hodei perfektua ere tartean dela.

Guztira, 400 artelan baino gehiago dauzka Iberdrolaren bildumak, etahaietako 138 jarri dituzte orain ikusgai. Bi gune izango ditu ibilbideak, gainera. Alde batetik, handitze lanen ondorioz, gaur-gaurkoz zabalik dagoen museoaren ataleko solairu guztiak hartzen ditu bildumak, baina horrez gainera, Bilboko Iberdrola dorrean ere ikus daiteke erakusketaren parte den beste artelan bilduma bat ere. Museoaren ohiko ordutegietan bisitatu ahalko da zati nagusia, eta larunbatetan antolatuko dituzten bisita gidatuetan eman beharko da izena dorrearen atarian dauden piezak ikusi ahal izateko.

Luzea eta esanguratsua da erakusketa osatzen duten artisten zerrenda. Zenbait kontinentetara zabaltzen den esparru geografikoa hartzen du kontuan, eta XIX. mende amaieratik hasi eta gaur egunera arte luzatzen da haren tarte kronologikoa. Hor dira, besteak beste, Jorge Oteiza, Anish Kapoor, Elena Asins, Erlea Maneros, Esther Ferrer, Robert Motherwell, Antonio Saura, Anselm Kiefer, Antonio Guezala, Marina Abramovic, Eduardo Zamacois, Antoni Tapies, Mona Hatoum, Eduardo Txillida, David Hockney, Aurelio Arteta, Maria Luisa Fernandez, Ai Wei Wei, Andy Warhol, Angel Bados, Cy Twonbly, Itziar Okariz, Bill Viola, Alexander Calder, Gustavo de Maeztu, Dario de Regoyos, Joseph Kosuth, Dan Flavin, Agustin Ibarrola, Equipo 57, June Crespo, Donald Judd, Pello Irazu, eta Ixone Sadaba. Horiek, besteak beste.

Bakarlari handiak

Bilboko Arte Ederren Museoaren patronatuko kide da Iberdrola duela 25 urtez geroztik, baina duela lau urte hasi ziren erakusketa osatzeko aukera lantzen. Efemeride batek eman die azkenik horretarako aitzakia. Rafael Orbegozo Iberdrolako Lehendakaritzako aholkularia eta arte bildumaren arduradunak gogoratu duenez, 150 urte beteko dira aurten enpresak Bilbon lehenengoz ateak ireki zituenetik, eta, nolabait ere, enpresaren ibilbide hori irudikatzen du haren arte bildumak ere.

Guillermo Zuaznabarrek egin ditu komisario lanak. Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbadore burua da bera, eta oraingoan berak hartu du erakusketaantolatzeko ardura. Iberdrolaren bilduma "artista bakanak" bilduz osatuta dagoela esan du, eta ez taldeen edota mugimendu artistikoen arabera. "Bakarlari handiak" dituela esan du horregatik, eta, hain zuzen ere, bakarlari horiek elkarrekin "kakofoniarik sortu gabe" jartzea izan da haren egitekoa.

Gaika antolatu du ibilbidea, horregatik. Naturari eskainitako gune bat antolatu du, esaterako, bai eta gorputzari, lanari, argiari zein loreei eskainitakoakere. Edonola ere, zirkularra da ibilbidea. Lopezen Bilboko bi margolanekin hasten baita erakusketa museoko harreran, eta hiriari eta portuari eskainitako areto batekin amaitu.

Dorreko artelanak

Iberdrola dorrean jarraitzen du erakusketak. Propio eraikin horretarako sortutako lau artelan topatuko ditu bisitariak bertan, eraikineko atarian. Dario Urzairen bi pieza ikusiko ditu sartu eta berehala, etaJesus Mari Lazkanoren natur paisaia erraldoi bat, Cristina Iglesiasen zelosia bat, eta Javier Perezen erretxinazko olibondo baten erreplika ere topatuko ditu barrurago. Espresuki dorrerako pentsatutako lanak dira laurak, baina horietaz gainera, badira, besteak beste, Txomin Badiolaren pieza bat, Asier Mendizabalen bat eta Kenneth Nolanden beste pieza bat ere.

Iberdrolako ordezkariak adierazi duenez, euren bildumako pieza solteak maiz egoten dira ikusgai mundu osoko museoetan, eta, oraintxe bertan, esaterako, Bilboko Guggenheim museoan daude haietako hiru. Alde batetik, bilduma "ezaguna" bilakatzen du horrek, Orbegozoren hitzetan, baina, era berean, osotasunean "oso ezezaguna" ere badela gehitu du. Izan ere, oso-oso gutxitan egoten baitira lan horiek elkarrekin ikusteko aukerak. Bildumari eskainitako bigarren erakusketa baino ez da Bilbokoa, adibidez, eta, Orbegozok gogoratu duenez, duela hamahiru urte egin zuten lehenengoa.

paraleloak-eta-meridianoak

Paraleloak eta meridianoak

Iberdrola bilduma

Arte Ederren Bilboko Museoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Apirilaren 29tik
2026ko Agorrilaren 30era


esentzia

Esentzia

Erakusketa kolektiboa

Virginie Bario Galeria (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Irailaren 12tik
2026ko Azaroaren 04ra

get-me-a-stone

Get me a stone

Rosalind Nashashibi

Artium (Gasteiz, Araba)

2026ko Ekainaren 12tik
2026ko Azaroaren 01era

donostiako-paisaiak

Donostiako Paisaiak

Tomás Hernández

Ekain (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 10etik
2026ko Azaroaren 07ra

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.