artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

San Telmo Museoak Baltzune eta P-003687 obrak aurkezten ditu

Tractora Koop. E.-ko kide diren Usue Arrieta Otaolaren Baltzune eta Ainara Elgoibarren P-003687 obrak 2026ko ekainaren 11tik aurrera urtebetez museoko dorreoian eta elizan ikusgai izango dira Museo Bikoitza programaren barruan.

san-telmo-museoak-baltzune-eta-p-003687-obrak-aurkezten-ditu
Usue Arrieta Otaola eta Ainara Elgoibar museoko arduradunen artean. Arg/ Iker Azurmendi, STM

| 2026ko Ekainaren 12a

Museo Bikoitza, Asier Mendizabal artistaren proposamena, 2018an jarri zen abian, Ibon Aranberrirekin. Ondorengo edizioetan Erlea Manerosek, Jose Mari Zabalak, Iratxe Jaio & Klaas van Gorkumek, Hinrich Sachsek eta Maddi Barberrek parte hartu dute. Orain, Tractora kooperatibako bazkide diren Usue Arrieta Otaolak eta Ainara Elgoibarrek zazpigarren edizioan egindako urtebeteko lanaren emaitza aurkezten dugu, Baltzune eta P-003687 obrak. Hurrengo urterako, aldiz, Ainara LeGardon artistak jaso du lekukoa.

Programaren planteamenduari jarraiki Maddi Barber artistak ondorengo parte hartzaile gisa aukeratu zituen Tractora kooperatibako Usue Arrieta Otaola eta Ainara Elgoibar. Artista biek bere lan prozesuak San Telmo Museoaren agiritegia eta bildumak aztertzen hasi zuten eta erakundearen beraren historiaz interesatu ziren. Abiapuntu beretik bakoitzak ikerketa eta lan bat garatu du. Usue Arrieta Otaolak Baltzune instalazioa sortu du eta Ainara Elgoibarrek P-003687 obra.

Bi piezekin batera, egileen lan prozesuak jarraitzeko artistek erabilgarri izan daitezkeen eskuorriak prestatu dituzte, irudiak eta testuak uztartuz. FFraca (design office)-k diseinatu ditu eta lanak bere osotasunean atzemateko lagungarri dira.

Baltzune

Baltzuneren kasuan, Usue Arrieta Otaolak museoaren historiaren bi une hartu ditu ardatz gisa bere lanerako:

  • 1960ean José Miguel Barandiaranek San Telmo Museorako proposatu zuen proiektua.
  • 1917an San Telmo Museoko lehen zuzendaria izan zen Pedro Soralucek egindako saiakera antropologia hitza euskaraz adierazteko.

Barandiaranek museo etnografikorako aurkeztutako proiektuan soinuak txertatu nahi zituen erakusketan zehar (abestiak, pertsonen lekukotze grabazioak...). Era berean, urte batzuk lehenago, 1952-53 urteetan, Alan Lomax estatubatuarrak eta bere lantaldeak euskarazko kantuak, bizitzak, ohiturak eta abar dokumentatu zituen bobina irekiko grabadora magnetiko baten bitartez. Beraz, Barandiaran soinu horiek txertatzeaz hitz egiten ari zenean, ziurrenik Lomaxen proiektuaren berri bazuen, eta museoan garaiko teknologia berriak erabiltzeko asmoa zuen.

1917an Pedro Soraluce zen San Telmo Museoko zuzendaria, instituzioak izan zuen lehenengoa, eta museoaren euskal etnografia eta antropologia atala sortzerakoan konturatu zen antropologia hitzak ez zuela euskarazko ordainik. Hori dela eta garaiko hainbat ikerlari, akademiko, idazle eta historialariri eskatu zien antropologia euskaraz esateko zein hitz erabiliko luketen proposatzeko. Hauek dira proposaturiko batzuk: gizaizti, gizatzazkunde, euskal gizatitun zatia, gizaerako izkuntza....

Bi ardatz horiek kontuan hartuta Usue Arrieta Otaolak proposatzen digun lanak hitz horiek eta beste hainbat hitz, esaldi eta ahots entzuteko aukera emango digu magnetofono baten bitartez, museoko dorreoian jarritako soinu instalazioan.

P-003687

Ainara Elgoibarren lanean ere, bildumako bi elementu dira erreferenteak. Lehenik, San Telmo Museoko elizan dagoen pieza eskultoriko bat, hain zuzen ere, bere lanari izena ematen diona (pieza horren inbentario zenbakia da): P-003687. Eskultura hau San Telmoren eraikinaren babesleena da, Gracia de Olazabal eta Alonso de Idiaquezena, XVI. mendean eraikina eginarazi zutenen zenotafioa, eta San Telmoko elizaren historiaren eta museoaren arteko elkargunea markatzen duena. Elgoibarren interesa bi irudiak banatzen dituen ebaketan oinarritzen da. Pitzadura edo hutsune hori, nahiz eta une honetan bi pertsonaiak elkarrekin egon, nabarmena da eta hori da Elgoibarren proposamenaren jatorria: nolabait museoaren (bere historiaren parte da), bildumaren (bildumaren parte da) eta eraikinaren (eraikinaren sorreratik dago) historiak bat egiten duten arrakala hori. Pitzadura edo hutsune horren molde positibatua sortu du artistak brontze urtuan, eta elizan izango da ikusgai, jatorrian eskultura multzo hau zegoen tokian.

Brontzea da Leon Barrenecheak euskal herri kirolei eskainitako eskulturetan erabili zuen materiala. Eskultura horiek 30eko hamarkadan egin ziren, eta urteetan zehar museoko etnografia aretoetan lanabes eta objektuekin batera erakutsi ziren, bai kirol jarduerak bai horiek oinarri dituzten lanbideak irudikatzeko. Elgoibarren proposamenean garrantzia hartzen duen bildumako bigarren elementua Barrenechearen Idi-proba eskulturaren bi kopiak dira, zeinek artistak planteatzen duenez, hargintzako lanbidea ere ilustratzeko balio zezaketen, eliza horren erakusgarri izan zitekeelarik.

Bi artistei buruz

Usue Arrieta (Arrasate, 1979) 2002tik dabil ikusizko arteen eta zinemaren alorretan lanak sortu, ekoiztu eta plazaratzen. Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Arte ekoizpenean Masterra du Valentziako Unibertsitate Politeknikoan. Bere ikus-entzunezko lanak instituzio publiko zein pribatuetan erakutsi dira, Miró Fundazioa, Tàpies Fundazioa, Centro de Arte Dos de Mayo, MUSAC edo San Telmo Museoan, besteak beste. Zinema jaialdietan ere erakutsi dira nazioarte mailan.

Bere artelanak bilduma publiko zein pribatuetan daude estatu mailan, la Caixa Fundazioa, Centro Galego de Arte Contemporáneo eta BilbaoArten, besteak beste. 2013an X Films saria jaso zuen Punto de Vista Nazioarteko Dokumental Jaialdian.

2013an Tractora Koop. E. artisten kooperatibaren sortzaileetako bat izan zen, Bilbon. 2016ean New Yorkeko Anthology Film Archiven bere lanen atzerabegirako bat programatu zuten. Tractora ekoiztetxearen baitan lanean diharduela, 2018an landa lan eta edizio esperimentalean oinarritutako artisten liburuak plazaratzeko asmoz -zko argitaletxea sortu zuen Nader Koochaki eta Vicente Vázquezekin elkarlanean eta 2019an Ainara Elgoibarrekin batera Kinu Lantaldea eratu zuen, artisten zineman oinarria duen hiruhileko nazioarteko programazio eta autoformazio plataforma bat. 2020az geroztik Atoi izeneko arte espazioa zuzentzen du Ainara Elgoibarrekin batera.

Ainara Elgoibar (Mungia, 1975) artista da. LADEn lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean eta Arte Ederretan Bartzelonako Unibertsitatean; han ere doktoratu zen 2019an. Tractora artisten kooperatibaren bazkide sortzailea, Usue Arrietarekin batera zuzentzen eta kudeatzen du Atoi espazioa, Tractorak bultzatua, Bilbon. Bere lanean nabarmentzekoa da ikus-entzunezkoa. Bere filmak erakusketa testuinguruetan erakutsi dira (Tàpies Fundazioa, MACBA, Artium Museoa, La Capella eta Carreras Múgica, besteak beste) eta zinema jaialdietan (Zinebi, Punto de Vista, Curtocircuíto, Intersección eta Kasseler DokFest, besteak beste). Bere lanak Bilbao Museoko, Artium Museoko, Guasch-Coranty Fundazioko eta BilbaoArteko bildumetan daude.

irudi galeria

usue-arrieta-otaola-baltzune
ainara-elgoibar-p-003687

landabarrenako-dama

Landabarrenako Dama

Pilar De Zubiaurre

Durangoko Arte eta Historia Museoa (Durango, Bizkaia)

2026ko Irailaren 08tik
2026ko Azaroaren 29ra

itzalek-diotena

Itzalek diotena

Ihintza-Chole Hargous Aranburu

Posta aretoa (Urruña, Lapurdi)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Urriaren 16ra

fig-bilbao

FIG Bilbao

Paper Arte eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdia

Euskalduna Jauregia (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Azaroaren 26tik
2026ko Azaroaren 29ra

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

diferituan-bizitzea

Diferituan bizitzea

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

Japonian lanean nagoenez, tenplu bateko udazkeneko ekinokzioaren inguruko ospakizun batera hurbildu nintzen aurrekoan. Ez nintzen plan hura egiten bakarra: tenplu txiki samarra zen, eta, iritsi nintzenerako, jendez gainezka zegoen; anitz turistak, ni bezala.

korapiloek-dakitena

Korapiloek dakitena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

'Gerezi Hori' | Artista: Maider Aldasoro. | Non: Rekalde aretoa, Bilbo. | Noiz arte: Azaroaren 22ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.